(*) Gaza (france24)
Gaza – Palestina

Hiru urte pasa dira Israelgo Gobernuak palestinarren desagerpena modu asumituan areagotu zuenetik Gazan, eta genozidioaren zantzuak metatzen ari dira orduz geroztik. Azken froga izan daiteke Naza filma, "sistema genozida bat barnetik ikusteko" helburuari tiraka egindakoa. Israelgo Gobernua sutu du pelikulak, nazioartea hunkitu... eta palestinarrak? Gurera ekarri dugu gutxiegi heltzen zaigun beraien gogoeta. Duela urte bat izenpetu zuten Trumpek onduriko "bake plana" Israelgo Gobernuak eta Hamasek.

Gaza: hiru urte genozidio baten frogak metatzen – Trumpen arabera: "bakean" – ‘Naza’, israeletik israelera

“Bake plana” ez zien bakerik ekarri eta aitzina doaz sionisten blokeo, okupazio eta hilketak. Israelek bake akordioaren lehen fasea ez du errespetatu, eta bigarrena abiatzekoa dute laster, zeinetan palestinarrak metatzekoak dituzten kanpamentu hetsi eta kontrolatu batzuetan. Hori guztia nazioartearen begiradapean.

Hiru urte pasa dira 2023ko urriaren 7az geroztik eta urte bat Donald Trumpek gidaturiko "bake planaz" geroztik. Iazko urriaren 10ean izenpeturiko su-etenaz geroztik 1.420 bat palestinar hil ditu Gazako zerrendan Israelgo armadak. Hiru urtez, orotara, 74.022 hildako eta 175.980 zauritu 365 kilometro koadroko lurralde hesitu horretan. "Bake planari" bizkarra erakutsita eta nazioartearen bedeinkazioarekin, Gazaren %70 kontrolatzen du Israelek eta ez du bertatik berehalakoan joateko asmorik. Okupazio eta hilketa horiekin bukatzeko eta Gaza berreraikitzeko esperantzan erabaki zuten bake-akordioa izenpetzea palestinarrek. Baina, finean, lurraldea berenganatzen segitu dute sionistek, eta geroztik batez beste egunero lau palestinarrek dute bizia galtzen israeldarren eraso batean. Google Mapsek satelite bidezko Gazako argazkiak gaurkotu zituen irailaren 27an eta espaziotik ikusi daiteke triskantzaren heina: eraikinen %80 deuseztatuta, 61 milioi tona hondakin metatuta... guztia gris.

Nazioartetik eta NBEtik ez da urrats ausartik eman genozidio horri bukaera emateko. Beste behin, irailaren 24ko NBEren biltzar nagusian ezin izan du parte hartu Palestinako delegazioak, AEBetara sartzen ez diotelako utzi. Bideodei bidez zabaldu du bere mezua Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmoud Abbasek: "Gazako zerrendan, herritarrek aurre egin behar diete Israelgo okupazio indarren hilketei, suntsiketei, goseteari, lekualdatzeko saiakerei eta gerra genozida bati; aurrekaririk gabeko tragedia humanitario bat eraginda". Zisjordanian eta Ekialdeko Jerusalemen pairaturiko gehiegikeriak ere gogoan ukan ditu, "plan kolonial maltzur" baten osagai direla argi utzirik, beti ere "palestinarrei bizitza beraien lurretan zailtzeko eta indarrez uztera bultzatzeko". Horren erakusleihoa da erreportaje hau idazterakoan Zisjordaniarako Israelgo Gobernuak harturiko neurria: checkpoint edo Israelek kontrolaturiko pasabide guztiak itxita dituzte aste oso batez, zirkulazio oro debekaturik. Sukkot festa juduaren estakurua eman dute erabakia aurkezterakoan. Orotara 900 bat checkpoint dira Zisjordania osoan barreiaturik.

Trumpen arabera: "bakean"

Akordioaren lehen fasea ez du errespetatu Israelek eta bigarren fasea abiarazteko frenoak ere jartzen dabil. Palestinako Prentsa Agentziak jakin ahal izan duenez, Rafah hiritik abiatuko lukete berreraikitzea, ondotik iparrerantz aitzina egiteko. Zehazki, Rafah ondoko Tel al-Sultán kanpamentu itxira bideratuko lituzkete bortxaz herritarrak. Bertan Hamasek ez luke presentziarik, herritarrak ez lirateke armatuak eta Nazioarteko Egonkortze Indarrak ukanen luke lekuaren kontrola. Sei sail handitan banaturiko 66 egitasmoz osatu dute plana: azpiegiturak, giza garapena, garapen ekonomikoa, transformazio numerikoa, afera juridikoak eta bakea eta segurtasuna. 2.450 milioi dolarreko aurrekontua aipatzen dute, baina diru kontuei dagokionez, gauzapen gutiko deklarazio handiak egin ohi ditu Trumpek eta aldi honetan ere ez da argitu nondik eta noizko lortuko duten dirutza. Horrela aurkeztu dute diru banaketa: 885 milioi dolar segurtasunerako, 400 milioi anarteko aterpetzeentzat, 300 milioi hezkuntza, arta eta osasunaren sektoreentzat, 275 milioi hondakinak eta zartatu gabeko tirogaiak kentzeko, 50 milioi ospitaleak berrabiarazteko, 30 milioi errepideak konpontzeko... Baina, kopuruz ez da nahikoa: beharren %5 estaliko luke horrek, berez 71.400 milioi dolarreko gastuak suposatzen dituelako Gazako zerrenda bizigarri jartzeak.

(*) Gaza (france24)

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa Gazatik kanporatzeko erabakia hartu dute “bake planaren” baitan. Gaur egun 11.000 langile palestinar ditu UNRWAk Gazan, eta osasun, hezkuntza, ur hornidura eta saneamendu zerbitzuetan ezinbesteko laguntza bideratzen dabiltza

"Bake planaz" informazio guti baldin bada ere, irailaren 25ean jakin zen Nazio Batuen Erakundearen UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa bertatik kanporatzeko erabakia. Gaur egun 11.000 langile palestinar ditu bulego horrek Gazako zerrendan, eta osasun, hezkuntza, ur hornidura eta saneamendu zerbitzuetan ezinbesteko laguntza bideratzen dabiltza. Azken hiru urteetan UNRWAko kasik 400 langile hil ditu Israelek –394. irailaren 26an–. Israelek ez du gustuko nazioarteko laguntza hori eta bere desagerpena du amets. Hortik irakurri behar da azken uneko aldaketa hori: "UNRWA baztertzea ez da erabaki administratibo neutrala; erabaki guztiz politikoa da", adierazi du Ahmed Najar Palestinako analista politikoak Al Jazeera-n.

‘Naza’, israeletik israelera

"Sistema genozida bat barrutik ikusteko" asmoz plazaratu dute Naza filma Yuval Abraham eta Rachel Szor film-zuzendari israeldarrek, eta nazioarteari inarrosaldi –emozionala, behintzat– ematen ari zaio. Oinarrian genozidioan aktiboki parte hartu duten 24 soldadu sionisten lekukotasunak daude. "Naza" hitza erabili ohi dute sionisten artean, eraso batek eragindako biktima zibilen estimazioa izendatzeko. Edozein telefono hackeatu, edozein elkarrizketa entzun, erabakiak Adimen Artifizialaren esku utzi... horrela dabil Tsahal armada, eta mahai baten bueltan elkarturiko familia bat pantaila bateko zenbaki eta eraso baten jomuga bihurtzen du, haur batek "aita etxera itzuli da" erratean eraikin bat leherrarazteko azpiegitura teknologikoak findurik.

Azarotik aitzina filma kitorik ikusteko aukera izanen dela jakinarazi dute egileek, pairatu beharreko presio eta zentsura-saiakera guztien gainetik pasaz –tartean, film-zuzendariei israeldar herritartasuna kentzeko prozedura irekita du Miki Zohar Israelgo Kultura ministroak–. Erabaki arduratsua eta ausarta, duda gabe.

Nazioartetik merezi dituen sariak eta txaloak jasotzen dituen honetan, genozidioa lehen pertsonatik bizi dutenek diotena entzutea bada interesgarria, eta +972 komunikabide independenteak plazaraturiko Ayat Abou Shmeiss poetaren Naza-k israeldarrak hausnartzera behartzen ditu. Baina palestinarrok ez gara zuen ispilu gogoeta bada ekarpen mamitsua, baita Mahmoud Mushtaha kazetariaren Giza-bizitza bat "albo-kalte" bihurtzen den unea ere. Hasteko, erran behar da nazioartearentzat gogorra dena beraientzat jasanezina zaiela. Finean, soldaduen adierazpenetako eta algoritmoetako zenbakiak betirako desagerturiko senide, lagun eta bizilagunak dituztelako. Shmeissek, demagun, ez du ikusi filma eta ez du ikustekoa, lehenik eta behin gogorregia zaiolako –eraso bakar batean 35 hurbileko hil zitzaizkion, eta horietan laurdena zuen familiakoa, 0 eta 23 urtekoak guztiak–. Filmaren arrakastari alde onak ikusten badizkiote ere, ez du kentzen etsigarria ere zaiela: "Ez dut sentitu filmak azkenean ahotsa eman didanik –banekielako lehendik ere banuela–. Esperientzia arraro eta nekagarria izan zait urteetan errepikatu izan dugunaren oihartzuna entzutea eta ohartzea zein heinetaraino ezberdin eragin dezakeen egia batek, aho batetik edo bestetik bidaiatzen duenean". Sentsazio hori osoki partekatzen du Shmeissek ere. Filmaren garrantzia batere gutxietsi gabe, bigarren arrazoi batengatik ez du ikusi Naza Shmeissek: ez duelako uste beretzat –palestinarrentzat– pentsaturiko filma denik. Ideia horri tiraka doa bere idatzia: "Israeldarrei buruzko filma da, israeldarrek egina eta Israelgo gizarteari buruzkoa lehenik eta behin. Bere helburua ez da palestinarrei ahotsa ematea, israeldarrek elkarri ispiluan begiratzea baizik. Horrek ez du ezer txarrik. Aitzitik, funtsezkoa da Israelgo gizarteak krimenei eta bere izenean egindako krimenei aurre egitea, eta galdetzea hori guztia nola izan daitekeen".

“Esperientzia arraro eta nekagarria izan zait urteetan errepikatutakoaren oihartzuna entzutea eta ohartzea zein heinetaraino ezberdin eragin dezakeen egia batek, aho batetik edo bestetik bidaiatzen duenean”. Mahmoud Mushtaka, kazetaria, ‘Naza’ filmaz mintzo.

Baina hori ez da nahikoa, eta Naza-k erreparaziorako bidea irekitzeko balio beharko lukeela dio poetak: "Delitu bati aurre egiteko ia prozesu guztietan egileak zuzenean begiratu behar dio egindakoari, eta biktima koadroaren parte da ezinbestean. Nola hitz egin dezakegu Gazan gertatutakoaz palestinarrik egon gabe? (...) Agian kontua ez da argazkian palestinarra agertzen den, baizik eta zer gertatzen den israeldarrak argazkia begiratu ondoren. Konponketarako mugimendua auto-hausnarketara mugatzen da? Edo israeldarrek erantzukizuna onartzea eta palestinarrei egin dieten bidegabekeria zuzentzea eskatzen du?". Ikusleak ikusitakotik –eta egindakotik, soldaduei dagokionez– ondorioak ateratzea eta aldaketak bideratzea, horra zer duen desio Shmeissek: "Hori izan daiteke auto-hausnarketaren eta erreparazioaren arteko aldea. Palestinarra kontenplazio-objektu gisa hartu eta zer egin zaien eta nola egin den galdetu dezakegu. Baina palestinarrak ere subjektu izan behar du: bere sufrimenduak gizarte israeldarra jardutera behartu behar du, bere ahotsak aldarrikapenak ditu eta erantzukizunez jokatu behar du gizarte israeldarrak". Aldaketa hori jendarteko esparru guztietan landu beharrekoa dela dio bere iritzi artikuluan: hezkuntzan, politikan, instituzioetan...

Munduak genozidio bat zuzenean eta eguneko 24 orduetan ikusgai duen honetan sentipen kirats hori ukatea ez da harrigarria. Erabat ulergarria ere da. Hiru urte pasa direlako 2023ko urriaren 7 hartaz geroztik, eta eguneko 24 orduetan gorputzetik bizi dutelako munduak bere kanapetik edo sofatik jarraitzen duen genozidioa. (*)

ITURRIA:

(*) “Gaza: hiru urte genozidio baten frogak metatzen“, Argia aldizkaria, 2026ko urriaren 7an, Jenofa Berhokoirigoin (LINK)
https://www.argia.eus/hemeroteka/argia/2980/gaza-hiru-urte-genozidio-baten-frogak-metatzen

IRUDIAK:

(*) Gaza (france24)

(ARGITALPENA ABSKUTLUR.INFO 2026-10-07)

Für den Betrieb unserer Webseite benutzen wir Cookies. Wenn Sie unsere Dienstleistungen in Anspruch nehmen, akzeptieren Sie unseren Einsatz von Cookies. Mehr Information