eusber1x1200Euskaraz kantatu

Duela 24 urte, 2001eko abenduaren 6an, Euskarazko Wikipediaren lehen artikulua argitaratu zuten: Lurra. Ordutik, etengabe hazi da proiektua. Efemeride hau inprentara joan den unean, 468.901 artikulu daude euskaraz idatziak, eta erregistratuta dauden 174.500 partaideetatik, 495 ari dira era aktiboan parte hartzen. Eduki askeko Interneteko entziklopedia kolaboratiboa da Wikipedia, erabiltzaileen ezagutzaren partekatzea oinarri duena. Euskara bizi da, Wikipedian ere.

2007an, Wikipediaren sortzaileetako bat den Jimmy Walesek euskarazko Wikipedia hizkuntza gutxituen Wikipedien adibide arrakastatsutzat jo zuen.

(2026-02-22)

ARGIA ROJAVAN

eusber1x0222YPJko buruzagitzak euskal delegazioa hartu du bere egoitza nagusian. Rojavan emakumeez osatutako YPJ herri defentsako unitatearen buruzagitzak herrialdera etorritako euskal delegazioa hartu du beren base militarrean, nazioarteko beste delegazio batekin batera. ARGIAk elkarrizketa egin dio komandanteari. Ostegun arratsaldean euskal delegazio soziala eta nazioarteko beste delegazio bat hartu ditu YPJko komandante Rohilat Efrinek eta armadako buruzagitzak. Efrin lehen mailako pertsonalitatea da Rojavan eta Damaskon bake-akordioak negoziatzen ibili da Siriako Gobernuarekin.

YPJ Kurdistango emakumeek osatutako erakunde armatua da, 2012an sortua. Siglek kurdueraz Herriaren Babes Unitateak esan nahi dute eta mundu mailan sona handia lortu dute azken urteetan, batez ere 2015ean Estatu Islamikoaren aurka Kobane hiriko erresistentziaren eta garaipenaren ostean. ARGIAk elkarrizketa egin dio YPJko koronelari ondorengo gaiei buruz: gudaren eta Siriako Gobernuarekin dituzten elkarrizketen egoeraz, Kurdistango askapen mugimenduaren eskari nagusiez, marra gorriez, sexismoaz, emakumeen askapenaz eta gizartearen militarizazioaz, besteak beste. (argia-baskultur)

(2026-02-21)

ASTURIES 1937 – EUSKAL MEMORIA

eusber1x0221Asturiesen 1937an borrokatu zuten gudarien izenak berreskuratu ditzute, ikerketa baten bidez. Faxismoari aurre egiteko 1937an Asturiesen borrokatu zuten gudariei buruzko ikerketa egin du Arantzazu Rojok, bertan aritu zirenen izenak berreskuratu eta espedizioaren egunez eguneko kronologia egin dutelarik. Izenak ez dira publiko egingo familienganako errespetuarengatik. – 1937ko otsailan Eusko Gudarosteak Asturiesera bidali zuen espedizioaren inguruko ikerketa egin du Arantzazu Rojo ikerlariak Gorka Ortegaren zuzendaritzapean, bertan bigarren brigadan parte hartu zutenen izenak biltzea lortu dutelarik. Horrela nabarmendu du gaur Hondarribian Zumardikoak elkarteko kide honek, Gipuzkoako Aldundiko Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren zuzendari Ion Gambra eta Sabino Arana Fundazioko presidente Arantxa Tapiarekin egin duten aurkezpenean.

Dena den, izen horiek ez dituzte jakitera eman, familienganako errespetuarengatik, baina Rojok azpimarratu duenez Excel batean gordeta daude, zerrenda osoa eta zehatza delarik, etorkizunean ikerketa gehiagoren oinarria izan daitekeelakoan, desagerturik daudenen gorpuak topatzeko adibidez. Honekin batera, duela 89 urte eman zen espedizioaren egunez eguneko kronologia egitea lortu dute, Arecesen izan zen sarraskiari –bertan hll zen espedizioaren buru zen Kandido Saseta– arreta berezia eskainiz. Ikerketan ere Asturiesen hildako eta beren gorpuak non dauden ezagutzen ez den gudarien biografiak ere lortu dituzte.

KANDIDO SASETATIK ABIATURIK - 2017an hasitako ikerketa honen abiapuntua Kandido Saseta izan da. Rojok azaldu duenez, militarra izanik 1936ko gerra hasi zenean Gasteizen zegoen destinatua, baina ez zuen matxino faxistekin bat egin, “demokrazia eta askatasunaren aldeko hautua egin zuelarik”. Gauzak horrela, Donostiako Gobernu Zibilera jo zuen eta faxistei aurre egiteko eskaini zuen bere burua. Ondoren, Eusko Gudarostearen sorrerari ekin zion eta Gipuzkoaren defentsan aritu zen. 1937an, Bilbo setiaturik zela, Eusko Jaurlaritzak Asturiesera brigada bat bidali zuen faxisten mehatxua pairatzen zuen Uvieu askatzeko helburuarekin. 5.000 gudaritik gora joan ziren Asturiesera eta otsailean 963 baja izan zituzten. “Zifra hauek han aritu ziren baldintzak zein larriak izan ziren erakusten dute”, adierazi du Rojok.

ESFORTZU ITZELA – Bizkaian faxistei aurre egiteko beharrezkoak ziren gudariak, ezinbestekoa zen material militarrarekin batera, Asturiesera bidaltzeak Jose Antonio Agirre lehendakariaren “konpromisoa” erakusten duela esan du Rojok. Gobernu errepublikanoari emandako hitza errespetatu zuela adierazi du, erabaki honek Eusko Jaurlaritzan eta EAJn bertan desadostasunak eragin bazituen ere, indar horren lehentasuna Bizkaia defendatzea izan behar zuelakoan. Asturiesera bidalitakoaren kopurua handia izan zen, bai gudariei dagokienean, zein armak, munizioak eta osasungintzan aritzen zirenei dagokienean. “Ikuspegi militarretik gudariak Asturiesera bidaltzeak ez zuen logikarik. Izugarrizko gizakien galera izan zen. Eta emozionalki ere kolpe latza izan zen”, laburbildu du Rojok. Bi hilabeteren ondoren, Gernika eta Durangoko bonbardaketak izan ziren. Pixka bat beranduago, Bilbo erori zen.

Egoera larri honen adierazle da Rojok aurkezpenean erakutsi duen dokumentu bat: espedizioko batailoietako buruek Euskal Herrira itzultzeko eskatuz Eusko Jaurlaritzako Defentsa sailburuari igorritako eskaera. Gambrak eta Tapiak “demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zuten” gudarien memoria gordetzea eta zabaltzearen garrantzia nabarmendu dute. “Gogoratzea ez da zauriak berriz irekitzea, baizik eta egia eta aintzatespena eskaintzea zilegitasun demokratikoa eta denontzako Euskadi duina defendatu zutenentzat, egoera benetan zailetan egin baitzuten”, nabarmendu du Tapiak. Aurkezpen ekitaldia amaitzerakoan, omenaldia egin diote Sasetari Hondarribiko hilerrian. (naiz-baskultur)

(2026-02-20)

'EUSKALDUNON EGUNKARIA': ITXI DUELA 23 URTE

eusber1x0220Gaurko egunez itxi zuten 'Euskaldunon Egunkaria', duela 23 urte. Hamar lagun atxilotu zituzten, eta 2010ean absolbitu; handik lau urtera bukatu zen auzia. 'Egunero'-k hartu zuen lehenengo lekukoa, eta BERRIA sortu zuten ondotik. ('Euskaldunon Egunkaria'-ren aldeko elkarretaratze bat Durangon, 2009ko abenduaren 6an. luis jauregialtzo / foku). - Hamasei orrialde zeuzkaten egoeraren berri emateko. Ez zen inoiz izan aski. 2003ko otsailaren 26ko Egunero-ren azalak honako hau zuen titulua: Torturatu egin dituzte. Etxeko jendeaz ari zen, euskal herritarrez, Egunkaria-ko jendeaz. Martxelo Otamendi Soto del Realeko (Espainia) espetxeko atetik atera zenean «arratoiak bezala» tratatu zutela erran zuen: bi aldiz egin ziotela poltsa. Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaria zen Otamendi, eta bertze bederatzi lagunekin batera atxilotu zuten 2003ko otsailaren 20an: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia eta Inma Gomila. Bakoitzaren etxeraino joan zen Guardia Zibila, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak hala aginduta, eta banan-banan atxilotu zituzten, Euskaldunon Egunkaria-k ETArekin lotura zuela leporatuta. Egun beltz hartatik 23 urte bete dira gaur. Eta itxi izan ez balute, 36 urte beteko zituzkeen heldu den abenduaren 6an.

Ortzegun batez itxi zuten hedabidea, itxi betiko, baina irtenbide bat bilatu zuten langileek: Egunero egunkaria. Hurrengo egunerako lortu zuten hamasei orrialdeko sorta bat idaztea, eta Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren eta ondorengo kontuen gaineko informazioa ematen hasi ziren: atxiloketak, ebazpen judizialak, erreakzioak, mobilizazioak... Ez zen inoiz izan aski. Itxia, baina ez isildua, zioen lehen zenbakiko izenburuak. Eta horretan jarraitu zuten, harik eta 2003ko ekainaren 21ean, Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau hilabetera, BERRIA sortu zuten arte. Herri ekimenari esker jarri zuten abian, borondateagatik eta indarragatik.

2010eko apirilean itxi zuten behin betiko Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako lehendabiziko auzia. Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel Auzitegi Nazionaleko magistratuek absolbitu egin zituzten auzipetuak, ebatzita ez zegoela haien kontrako frogarik. Eta hurrengo hilean Jose Maria Vazquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epaileak erran zuen Donostiako Zigor Auzitegira igorriko zutela auzi ekonomikoaren epaiketa. Auzi nagusiko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi zuen auzian «delitu terroristaren» zantzurik ez zegoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela, «ohiko delitua». 2014ko urrian itxi zuten auzi ekonomikoa, preskribatutzat jota. Euskaldunon Egunkaria-ri buruzko lan ugari egin dira 23 urteotan, eta horietatik lau dokumental Interneten daude ikusgai. (berria-baskultur)

(2026-02-19)

IRAN ERASOTZEKO PREST

eusber1x0219Trumpen erabakiaren zain, AEBetako armada prest dago ondorengo egunetan Irani eraso egiteko. Etxe Zuriaren esanetan, Teheranen aurka egiteko argudio asko dituzte. Iranek eta Errusiak ariketa militar bateratuak egin dituzte Ormuzko itsasartean. Kremlinek ohartarazi du egoera «inoiz ez bezala» estutu dela Ekialde Hurbilean. Ondorengo egunetan Irani eraso egiteko prest dago Ameriketako Estatu Batuetako armada. Donald Trump AEBetako presidenteak hilabeteak daramatza Teherani mehatxu egiten, baina, bi herrialdeak Iranen programa nuklearrari buruz negoziatzen ari diren honetan, zalantzak ditu: bonbardatzeko agindu ala ez. Hori guztia kaleratu dute AEBetako bi hedabidek, CNN telebista kateak eta The New York Times egunkariak, Pentagonoko eta Etxe Zuriko iturriak aipatuz. Trumpek berak gaur esan du, Gazarako Bake Batzordeak Washingtonen egin zuen lehenbiziko bileran, «datozen hamar egunetan» ikusiko dutela akordiorik lortuko ote duten Iranekin, edo, bestela, «beste pausoren bat» eman beharko ote duten. Horren harira, Errusiak gaur ohartarazi du egoera «inoiz ez bezala» estutu dela Ekialde Hurbilean, eta Donald Tusk Poloniako lehen ministroak Iranen dauden poloniarrei eskatu die handik alde egiteko, iritzita gerra arriskua «bene-benetakoa» dela. (efe)

Bi hedabide horiek informazio hori kaleratu aurretik, Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak atzo iluntzean adierazi zuen AEBek «arrazoi eta argudio asko» dituztela Irani eraso egiteko —ez zuen azaldu zeintzuk diren arrazoi horiek—; esan zuen, hori bai, Trumpek diplomaziaren bidea ibiltzea lehenesten duela. Bi aldeek zeharka hitz egin zuten Genevan (Suitza), 24 ordu lehenago, eta, orain bi aste hasitako negoziazio sailaren bigarren bilera amaitu ondotik, plazaratu zuten aurrerapausoak eman zituztela, nahiz eta Etxe Zuriak zehaztu funtsezko zenbait puntutan elkarrengandik «urrun» zeudela oraindik. Teheranek nabarmendu zuen, bide batez, ez duela misilez negoziatuko. Izan ere, programa nuklearra mugatzea ez ezik misil balistikoenari ere mugak jartzea exijitzen diote AEBek eta Israelek.

Mehatxuak alboratzeko eskatu izan du Iranek. Washingtonek, ordea, Ekialde Hurbilean duen presentzia militarra handituz erantzun du. Abraham Lincoln gerraontzia Arabiako itsasoan dago jada, eta haren tamaina bertsuko beste gerraontzi bat, Gerald R. Ford izenekoa —AEBetako armadak duen handiena—, harantz doa; mugimendu militarretan espezializatutako hainbat iturrik duela bi egun jakinarazi zutenez, Gibraltarko itsasartea zeharkatu zuen, eta Mediterraneoan sartu. Gerraontzi horiek 90 aireontzi inguru hartzeko lekua dute, gerra hegazkinak tartean; eta plataforma horretatik misilak jaurti ditzakete.

ISRAEL ERE BAI: AEBak Ekialde Hurbilaren bueltan indar militarra metatzen ari diren honetan, Irango egoeraz hitz egiteko bildu ziren segurtasun nazionaleko goi funtzionario batzuk Etxe Zurian, herenegun. Hori argitaratu du CNNk. Gainera, Israel ere balizko gerra baterako prestatzen ari da. The New York Times-ek hango Defentsa Ministerioko bi iturri aipatuz kaleratu duenez, segurtasun kabinetea horri buruz hitz egiteko batzartuko da igandean. Hain zuzen, Israelek Irani eraso egin zion iazko ekainaren 13an, eta Iranek erantzun. Bi herrialdeen arteko gerra bat hasi zen. Pare bat aste iraun zuen, eta, tartean, AEBek ere eraso zioten Irani. Ekainaren 22an izan zen. Instalazio nuklearrak jo zituen, eta, Etxe Zuriaren esanetan, Iran arma nuklearrak egiteko ahalmenik gabe utzi. Teheranek beti esan izan du uranioa aberasten ari dela, baina erabilera zibilerako, hau da, ez arma nuklearrak garatzeko. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak iazko ekainean adierazi zuenez, ez dago nahikoa frogarik ziurtatzeko Iranek arma nuklearrak garatzea duela helburu.

Iranen zenbat urteko zigorra ezarri dioten bikote bati espioitzagatik. Erresuma Batuko bikote bati hamar urteko espetxe zigorra ezarri diote Iranen, espioitzan aritzea egotzita. Hori jakinarazi du haien senide batek gaur, Erresuma Batuko hedabide batean. Bikote hori iazko urtarrilean atxilotu zuten, Iranen bertan, bidaian zebilela. Teheranek ez du zigorraren berri eman. Horrekin guztiarekin lotuta, Iran bere instalazio nuklearren segurtasuna indartzen ari da. Hori argitaratu dute hainbat hedabidek azkeneko egunetan, satelite bidezko irudiek erakusten dutena oinarritzat hartuta. Irudi horietan ikusten da, adibidez, instalazio batzuen gainean hormigoizko ezkutu bat jarri dutela, eta inguruko tuneletako sarrerak indartu.

Eta Iran beste modu batean ere ari da prestatzen. Errusiarekin batera, maniobra militar bateratuak egin ditu gaur Ormuzko itsasartean —lankidetza estrategikorako itun bat sinatu zuten bi herrialdeek iazko urtarrilean—. Horren berri eman du IRNA Irango berri agentziak. Astelehenean eta asteartean, Teheranek eta Washingtonek Suitzan zeharka negoziatu zutenean, Iranek maniobrak egin zituen han, eta itsasartea partez itxi. Hain zuzen, presio neurri moduan, Iranek mehatxu egin izan du itsasartea itxiko zuela. Eta garrantzi handiko pasabidea da hura, handik igarotzen baita munduko petrolioaren ia herena, eta gasaren bostena ere bai. Errusiak, hain zuzen, bi aldeei eskatu die bide diplomatikoak ibiltzeko. «Moderaziora jotzeko eskatzen diegu», adierazi du gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Donald Tusk Poloniako lehen ministroak argi hitz egin die Iranen dauden poloniarrei: «Mesedez, ahalik eta azkarren alde egin, edo bertan behera utzi hara joateko bidaiak. Gatazka armatu bat pizten bada, inork ezingo dizue bermatu handik ateratzea». (berria-baskultur)

(2026-02-18)

ROJAVA - BISITA

eusber1x0218Siriaren menpeko kurduek nazioarteko komunitateari eginiko deiari erantzunez joan da Euskal Herriko delegazio soziala Rojavara. Bizi duten gerra giroa eta su-eten egoera hauskorra bertatik bertara ezagutu eta haren berri ematea da asmoa. ARGIA bertan da eta webgunean jarraipen berezia egingo diogu. – Urtea Venezuelara begira hasi bazuen munduak, urtarrilaren 6an Siriako gobernuaren ofentsiba hasi zen kurduen aurka. Rojava eskualdea bitan zatitzea lortu zuten eta batetik Kobane hiria geratu zen, setiaturik eta elektrizitaterik gabe, eta bestetik Rojavako gainerako lurraldeak. Urtarrilaren 31n, in extremis, su-eten akordioa sinatu zuten, baina bi aldeen artean konfiantza eza da nagusi.

Egun, Kobane hiria indar yihadistek inguraturik dago. Atzealdean, gainera, Turkiak eraikitako harresia dute; ihes egitea galarazita, beren aurkako sarraskia gertatzeko aukerak oso handiak dira, drusoekin eta alawi komunitateekin egin zuten bezala. Azken asteetan milaka pertsona iritsi dira bertara Alepo, Tabqa, Raqqa eta inguruko herrietatik, yihadisten sarraskietatik ihesi. Asko meskitetan, eskoletan edo beren autoetan ari dira lo egiten. Kobanek ez dauka nahikoa elikagairik egoera honi aurre egiteko. Elikagai eta ur faltari gehitu zaizkie bi astez pairatu duten elektrizitate mozketa. Kobanen elurra ari zuen bitartean, bertan pilatutako herritar eta desplazatuak berogailurik gabe izan dira. Kobanek mundu mailan arreta deitu zuen 2015ean, Estatu Islamikoa kanporatu zuelako armada kurduak. Protagonismo nabarmena izan zuten garaipen hartan emakumeen unitate armatuek. Ordutik, feminismoa, autonomia politikoa eta balio demokratikoak ardatz hartuta, proiektu politiko hau asko garatu da eta erreferente eztabaidaezina bilakatu da nazioartean. Gaur egun, erabat mehatxupean dago.

Rojavara sartu den delegazioa ondorengo lau pertsonek osatzen dute: Mikel Zuluaga Uriarte, "Mikelon", (Bilbo, 1955) Global Sumud Flotilla eta Artea Sareko militantea - migrazioak eta agroekologia. Garbiñe Elizegi Narbarte (Pomona-California, 1975), mugimendu feministako kidea eta erizaina. Jose Javier Oses Carrasco, “Jotas” (Unx-Nafarroa, 1980), Burujabetzaren Aldeko Mugimenduko, Irakasleok Palestinarekin eta GMG EH mugimenduetako kidea. Irakaslea. Lander Arbelaitz Mitxelena (Donostia, 1985), mugimendu euskaltzaleko kidea eta ARGIAko kazetaria. (argia-baskultur)

(2026-02-17)

KORRIKA - ABSOLUZIOA

eusber1x0217Korrikan etorkinak Lapurdira sartzen laguntzeagatik epaitutako lagunak, errugabetuak. 2025eko urrian auzia izan ondotik, gaur jakin dute zazpi auzipetuek errugabetuak izan direla. Korrikan etorkinak Lapurdira sartzen laguntzeagatik epaitu zituzten. Alta, auzitegian euskaraz egitea eragotzi diete. – Urriaren 7an zazpi herritar auzipetu zituzten Baionako auzitegian, pertsona migranteak Ipar Euskal Herrira sartzen laguntzea leporatuta. Bada, gaur arratsaldean zuten zazpiek hitzordua epaitegian, eta epaileak errugabetu egin ditu. Izan ere, 2024ko martxoaren 14an, 23. Korrikaren lehen egunean, herritar talde batek 36 etorkin Lapurdira sartzen lagundu zituen. Poliziaren kontrolak ohikoak diren zubian elkarturiko jendetza baliatu nahi izan zuten pertsona migranteak Irun eta Hendaia arteko gurutzatzen laguntzeko. Gauzak horrela, prokuradoreak 1.000 eta 1.500 euro arteko isunak eskatu zituen seirentzat, eta zazpigarrenarentzat ez zuen zigor galderarik egin.

Auzitegitik atera eta, balorazio positiboa egiten duela eta «pozik» dela, «nola ez!», nabarmendu die Maritxu Paulus Basurko abokatuak kazetariei. Zehaztu duenez, dosierrak ez zuela auzitegian bukatzeko «inongo elementurik» egiaztatu da gaur. Halaber, epaileak erabaki juridikoa izan dela erran duela oroitarazi du. Alta, abokatuak ez dela hala iradoki du. Eñaut Aramendi auzipetua ere pozik atera da, eta eskerrak emateko baliatu du: batetik, abokatuei, «juridikoki egindako lan guztiagatik»; eta bestetik, «azken bi urte hauetan mobilizatu diren milaka eta milaka pertsona» horiei. Bere ustez, mobilizazio eta borrokaren bidez «berri onak» eskuratzea posible dela agerian utzi dute gaurko errugabetzearekin. Dena dela, «denek eskubide berdinak izateko» lanean segitu beharra dagoela azpimarratu du: «Bidasoan gutxienez bederatzi pertsonek galdu dute bizia, eta hori ez berriz gertatzeko borrokatu beharko dugu».

Elkartasun dinamika

Hala ere, auzipetu batzuek epailearen aitzinean euskaraz agertu ahal izateko eskaera egin dute, baina galderari uko egin dio auzitegiak. Hil honetan Baionako epaileek euskararen erabilera eragotzi duten bigarren aldia izan da, otsailaren 5ean Euskal Herrian Euskarazeko lau militanteri ere galarazi baitzieten. Auzipetuak izanen zirela jakiterakoan J'accuse plataforma sortu zuten, eta 2024ko azarotik hona, auzipetuei elkartasunez, baina batez ere, migrazio politikak salatzeko, hamaika ekitaldi egin ditu eragileak. Erraterako, elkartasun dinamika autoinkulpazio kanpaina batekin abiatu zuen, eta iazko urtarrilaren 28rako —hasiera batean epaiketa egin behar zen datarako— 3.500 izenpedura lortu zituen.

Gainera, auzirako lehen datarako bi egun eskas zirela, urtarrilaren 26an, 2.500 pertsona elkartu zituen manifestazioa egin zuen plataformak, jatorrizko ekintzaren gune beretik, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubitik, iraganez. Beste behin ere, «Euskal Herria harrera herria» dela aldarrikatu eta «migrazio politika arrazistak» salatzeko baliatu zuten mobilizazioa. Azkenik, epaiketarako egun gutiren faltan, urriaren lehenean, Ipar nahiz Hego Euskal Herriko 19 auzapezek auzipetuen «errugabetzea» eta «migrazio politika humanista eta errealista» galdegiten zituen agiria helarazi zuten. Europar Batasuneko hautetsi batzuek ere erakutsi zuten elkartasuna, hain zuzen, Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak, beste 22 eurodiputaturekin batera, laguntza humanitarioaren kriminalizazioa salatzeko xedea zuen galdera aurkeztu baitzion Europako Batzordeari. (kazeta-baskultur)

(2026-02-14)

ESKUIN MUTURRAK HAZPARNEN

eusber1x0214Eskuin muturrak Zanpantzarren auzia bere alde manipulatuta. Badirudi lana ematen diotela faxistek Baionako prokuradoreari. Uztailean Ane Lindane artista transfeministaren EHZko emanaldiari buruzko ikerketa abiatu zuen eta aldi honetan Hazparneko ihauteetako Zanpantzarren auzia ikertzen hasi da, plazaren erdian erretako Zanpantzarrek Jordan Bardella RN Batasun Nazionaleko lehendakaria irudikatzen zuelakoan. – Badirudi Washingtondik Budapestera, oraingoan Hazparnetik pasata, jukutria bera errepikatzen dabilela eskuin muturra: eskandalua sortu dezakeen gertakizun isolatu bat atzeman, demokraziaren aurkari gisa zein munstro gisa aurkeztu eta sare sozialetan zabaldu, zabaldu, zabaldu, zabaldu, zabaldu... komunikabideetara eta goiko agintarien belarrietara iritsi arte.

Iazko uztaileko fenomeno bera errepikatu zaigu aste honetan Ipar Euskal Herrian: Hazparneko ihauteak iragan ziren larunbatean eta biharamunean bideotxo bat zintzilikatu zuen baten batek Facebooken. Tonua emana zuen: "Ihauteak herra zabaltzeko epaitegi bihurtuta. Adierazpen askatasun gisa asumituta dauka indarkeria ezker muturrak". Hor arte nahiko lasai zihoan guzia, baina aurreikusi zitekeena etorriko zen laster: batetik bestera punpaka, birala bihurtu da bideotxoa, Parisetik adierazpenak egin ditu RNak, komunikabideek gaia berenganatu dute eta helburua lortu da: eskuin muturra da biktima eta beste behin kokatu da tokiko aktualitatearen lehen lerroan. Atzo transfeminismoa jomugan zuten berberek ezker muturra jarri dute jomugan.

Kolono izaera ere hartu diet aste honetako iruzkinei. Ihauteak ez dira Carnaval-ak –edo izan zitezkeen, Frantziako Estatuko hirietako carnaval-ek oraindik ere tonu politikoa atxiki balute, baina, maleruski, mozorroak jarri eta mami politikorik gabeko desfileak bihurtu zaizkie hiri gehienei–. Euskaraz bideraturiko ohitura zaharra izanda ere Zanpantzarren auzia, frantses herritarraren begiradatik irakurri eta interpretatu dute Hazparneko plazan pasatakoa. Udaberri bezperako asteburuak ihautez, libertimenduz zein maskaradez josiak ditugun honetan sekulan baino gehiago sendi dugu gutasun hori. Guk bai, baina Zanpantzarren auzia "ezker muturraren" esku jarri duen horrek ez.

Bi egunetara desagertuko da buzz-a, bonbo-a. Hori ere ikasi genuen iragan uztailean. Baina anartean, aurre egin behar zaie eskuin muturraren erasoei –eta lehen lerroan direnek tarte luzeagoa beharko dute mina arintzeko eta bide judizialari aurre egiteko–. Guziari alde on bat atera behar zaionez, zera: besta herrikoi baten erdigunean mezu antifaxista jartzen duen herri gisa agertu dela Ipar Euskal Herria Frantziako Estatuko komunikazio kanaletan. Gaitz-erdi hori horrela izan balitz, baina ez: RN bozkazale hori hor zegoen, segur aski mozorrotuta eta desfilea itxaroten, lasai-lasai, hori bai, Zanpantzarren auzia hasi arte... Eta ez zen RN bozkazale bakarra izanen, jakinda 2024ko Frantziako Legebiltzarreko bozketen lehen itzulian bigarren indarra atera zela eskuin muturra Hazparnen, botoen %28,3 jasota. (argia-baskultur)

(2026-02-12)

ERTZAINTZAREN INPUNITATEA

eusber1x0212Bi urte dira gaur Ertzaintzaren pilotakada batek Xuhar Pazos billabonatarra larriki zauritu eta begi bateko ikusmena galarazi ziola, Tolosako inauterietan. Xuhar Herri Plataformak deituta elkarretaratzea egin dute zauritu zuten lekuan bertan eta “Ertzaintzren inpunitatearekin amaitzeko” eskatu dute. – Xuhar Herri Plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Tolosako Soldadu kalean, duela bi urte Ertzaintzaren foam pilotadaka batek Xuhar Pazos zauritu zuen tokian bertan. Horren ondorioz, eskuineko begiko ikusmena galdu du gazte billabonatarrak. Inauterietan gertatu zen hori, gaur bezala herria festa giroan murgilduta zegoela. Tolosako epaitegiak auzia bigarren aldiz artxibatzea erabaki zuen iragan abenduan eta Pazosen abokatuak errekurritu egin zuen erabakia.

Elkarretaratzean plataformako kideek nabarmendu dutenez, “bi urte dira Xuharren lagunentzat, familiarentzat eta Xuhar berarentzat inoiz pentsatu ezina zen infernu bat hasi zenetik. Festa giroan eta inauteriez gozatzen ari zen kale honetan, ustezko istilu batzuk disolbatu asmoz sartu zen Ertzaintza kalean; beraien esanetan gainera, bertan zeuden gazteek botilak bota zizkieten ertzainei”, gogoratu dute. Gogoratu dute orduko Segurtasun sailburu zen Josu Erkoreka gazte billabonatarra ere “botilak botatzen ari zenaren errelato gezurtia inposatzen” saiatu zela komunikabideetan, baina gerora irudietan “argi” ikusi ahal izan zela “Xuhar ez zegoela inondik ere istiluetan parte hartzen eta distantzia batera gertatzen ari zena ikusten besterik ez zela ari. Edonor izan gintezken Xuhar”. Plataformak dioenez, “lehenengo momentutik” saiatu dira “proportzionaltasuna ezbaian jarri eta bertan zeuden agenteak auzibidean jartzen”.

“Agerikoa da festa giroan eta jendez lepo dagoen kale batetan segurtasun neurriak errespetatu gabe tiroka hastea ez dela proportzionaltasuna mantentzea baina, argi geratu zaigu beste behin, Ertzaintzaren jokabidea neurtu eta epaitu behar duten sailburu eta epaileek asmo argiak dituztela auzi hau beste askoren moduan artxibatu eta beste behin Ertzaintzari eta bere jokabide biolentoei inpunitate osoa eskeintzeko”, hausnartu dute. Beraien ustez, “arazo larria da herritarron segurtasuna bermatu behar duten horiek gure osasuna eta ongizatea arriskuan jarri soilik ez eta herritarrak larriki zauritzea”. Xuhar ez dela “lehenengoa izan” eta “tamalez ezta azkena ere” deitoratu dute, eta Rosa Zarra, Iñigo Cabacas, Remi Ayestaran, Amaya Zabarte, Iker Arana eta Aritz Ibarra aipatu dituzte, “beste hainbaten artean”.

"Polizia eredua ezbaian jarri"

Horregatik, “Polizia eredua ezbaian jarri eta Ertzaintzak biolentzia erabiltzeko duen inpunitatearekin amaitzeko unea” dela deritzote, eta horixe bera eskatu diete arduradun politikoei. “Ertzaintza bera kontrolatzeko gaitasunik ez duen Segurtasun sailari, biolentzia katea zuritzeari utzi eta biktimekiko errespetua adieraztea eskatzen diogu egun sailburu den Bingen Zupiriari. Ertzaintzak ezin du modu anakronikoan herritarrak larriki zauritzen jarraitu. Kalte atzeraezinak utzi zizkion duela bi urte Ertzaintzak Xuharri eta egun oraindik oinazea sortzen jarraitzen dute zauri horiek Xuharrengan, zer esanik ez ikusmena erabat galdua duela eskuineko begitik”, nabarmendu dute. Bi urte hauetan babesa eskaini dietenei eskerrak eman dizkiete, eta iragarri dute lanean jarraituko dutela “Xuhar eta gainontzeko zaurituek horren beharrezkoa duten aitortza eta erreparazioa jaso ditzaten, auzibideak behar duen bidetik igaro arte, biolentzia polizialarekin amaitu arte. Ezin da eta gehiago luzatu”. (naiz-baskultur)

(2026-02-11) 

ROBERT IRIBARNE, EUSKAL PILOTOA

eusber1x0211Gaur bezalako egun batean, 1945eko otsailaren 11n, ekialdeko Prusian, Kaliningrado aldean borrokatzen ari zela, nazien artilleriak bere hegazkina bete-betean jo zuen eta lurrera erortzean, betiko desagertu zen Robert Iribarne. Robert Iribarnek Frantziako eta Sobietar Batasuneko ohorezko hil-domina jaso zuen II. Mundu Gerran erakutsitako balentriarengatik. Joseba Aurkenerenak berreskuratu zuen bere historia Zuzeu atariak iazko martxoan plazaraturiko artikuluan. Urruñako idazleak jaso zuenez, Robert Iribarne Baionan sortu zen 1918ko irailaren 27an. Uztaritzeko Apaizgaitegi Ttipiko eskolan egin zituen lehen ikasketak, eta gero Baionako Saint Bernard ikastetxean. Horien ondotik, ikasketa nagusiak Bordeleko Merkataritza Eskolan burutu zituen. Gazte-gaztetik pilotan eta tenisean ere aritu zen.

1938an, turismo hegazkinak pilotatzeko diploma eskuratu zuen Biarritzeko Parma aireportuan. Urte berean, zerbitzu militarra hegazkinerian egin zuen, eta hortxe aritu izan zen gerla-hegazkinak pilotatzen. Bigarren Gerla Handian, gerla pilotu gisa aritu zen Ipar Afrikako armadan, sarjentu graduazioaz, Frantziak errendizio-armistizioa izenpetu zuen arte. 1944an, ekialdeko frontera iritsi zen, eta han, 1945eko otsaierla arte, 'Irrintzina' izenaz bataiatu zuen yak-9 bat pilotatzen aritu zen nazien kontrako borrokaldietan. Gaur bezalako egun batean, 1945eko otsailaren 11n, Kaliningrado aldean bere hegazkina erasotua izan ondotik desagertu zen betiko. Hil zenean, hogeita zazpi urte zituen. Gerla bukatzean, Frantziako eta Sobietar Batasuneko ohorezko hil-dominak aitortu zizkioten, eta gaur egun, Itsasuko aerodromoak bere izena darama. (naiz-baskultur)

(2026-02-09)

IKURRINA DEBEKATZEKO EGITASMOA

eusber1x0209Idahon (AEB) ikurrina debekatzeko egitasmoa bultzatu dute Trumpen aldekoek. Euskal jatorrizko biztanle ugari jaso dituen Idahon ikurrina debekatzeko egitasmoa bultzatu du alderdi errepublikanoak. Estatu espainolean «legez kanpokoa» eta «iraultzailea» dela diote. Honekin batera, ez duela estatu bat ordezkatzen erabili dute debekuaren argudio bezala. (Argazkia: Ikurrina eta AEBko bandera iazko Boiseko Jaialdian / naiz)

AEBko Idaho estatuan euskal jatorriko biztanle ugari daude eta Boise hirian Jaialdia ospatzen dute diasporaren euskal nortasuna aldarrikatzeko. Horrelakoetan, noski, ikurrinak protagonismo handia dauka eta Boiseko udaletxean jartzeko ohitura dute. Orain, berriz, hori debekatzeko egitasmoa martxan jarri dute Idaho estatuko Ordezkarien Ganbaran. Aferaren jatorria ez da Donald Trump presidentearen alderdi errepublikanoak ikurrinari berezko gorrotorik dionik. Lauren McLean Boiseko alkate demokratak LGTBIQ+ bandera jarri zuen udaletxean. Trumpen aldekoak haserre bizian ziren eta eraikin ofizialetan zein bandera jarri ahalko diren adieraziko duen legea bultzatzeari ekin zioten. Gauzak horrela, LGTBIQ+ banderaren kontra ez ezik beste ikur batzuen kontra ere egin zuten trumpistek. Horien artean, ikurrinaren debekua eskatzen du Ted Hill hautetsi errepublikanoak bultzatzen duen egitasmoak.

Palestinakoa bezala - «Estatu bateko bandera ez denez, ez da egokia ikurrina eraikin ofizialetan paratzea. Palestinako bandera paratzea ere ez da zilegi», nabarmendu zuen Hillek egitasmoari buruzko eztabaida batean. «Ikurrina legez kanpokoa da Espainian», bota zuen Hillek. «Helburu nagusia bandera baten azpian batasuna lortzea da eta horretako AEBko bandera erabili behar da», defendatu zuen.

Demokratek, berriz, Anne Haws ordezkarien ahotik, Boiseko Jaialdian ikurrina normaltasunez erabili izan dela aspalditik eta Euskal Herritik joaten diren ordezkariak jasotzeko modua dela gogoratu zieten errepublikanoei. Honekin batera, Idahon bizi diren euskal jatorriko biztanleak omentzeko modu bat dela nabarmendu zuen Hawsek. Hautetsi demokratak, halaber, ikurrina bandera ofiziala dela gogoratu zuen, EAEkoa alegia. «Beste herrialde bateko bandera jartzen denean zer da desberdin?», galdetu zuen Hawsek.

Trumpen ildoa - Trumpen ildotik jarraituz, Hillek ederrak bota zituen, ikurrina «bandera iraultzailea» dela aldarrikatuz. «Euskal lurraldean izana naiz, denbora dezente eman nuen han. ETA zegoen bertan eta ikurrina zen eramaten zuten bandera», esan zuen. Nafarroako Sinboloen Legea gogora ekartzen duen Idahoko errepublikanoen egitasmoak ikurrina paratzea debekatzen du, Palestinakoarekin batera. Eraikin ofizialetan jarri ahalko diren bandera bakarrak AEBkoa, Idaho estatukoa, Armadaren ofizialak, onartutako jatorrizko herrien banderak, hirikoa eta konterrikoa dira.

Hasiera batean, Idahon euskal komunitateak duen garrantzia kontuan harturik, ikurrina ere baimendutako banderen artean jasotzea pentsatu zuten errepublikanoek, baina aukera hori baztertu eta debekuaren alde egin zuten. Ikurrina edo debekaturiko beste banderaren bat jartzen bada, eguneko 2.000 dolarreko isuna aurreikusten du errepublikanoen egitasmoak. (naiz-baskultur)

(2026-02-08) 

AGORTU DA START III ITUNA

Nuklearren ugaltzea bide egiten ari da AEBen eta Errusiaren artean. Washingtonen eta Moskuren arteko azken desarmatze-akordioa otsailaren 5ean bukatu da, luzatzeko aukerarik gabe, eta amaiera eman die elkarren arteko kontrol-mekanismoei. – START III ituna, START "berria" izenez ere ezaguna, gaur agortuko da. Amerikako Estatu Batuak eta Errusiako Federazioa muga juridikoki loteslerik gabe utziko ditu horrek, beren arma nuklear estrategikoei dagokienez. Akordioak hainbat muga ezartzen zizkien bi herrialdeei, buru nuklearren kopurua eta jaurtiketa-sistemak baldintzatuz, eta elkarri ikuskapenak egitea ahalbidetzen zuen. Itunaren amaierarekin batera, beraz, desagertu egingo da munduko armamentu atomikoaren %90 inguru biltzen duten bi potentzien arteko kontrol nuklearrerako aldebiko azken esparrua.

2010ean, Barack Obama eta Dmitri Medvedev presidenteek sinatu zuten hitzarmena, eta 2011tik dago indarrean. Itunak 1.550era mugatzen zituen hedatutako buru nuklearrak, eta 700 misil balistiko eta bonbardatzaile estrategiko baimentzen zituen, herrialde bakoitzeko. Era berean, tokian bertan ikuskapenak egiteko baimena ematera behartzen zituen. "Orain arte galga bat eta mugak baldin bazeuden, orain, bakoitzaren borondatearen aurrean geratzen da, bakoitzak noraino iritsi nahi duen ikusteko", azaldu du RTVEn Jesus Nuñez Villaverdek, Gatazkei eta Ekintza Humanitarioari buruzko Azterlanen Institutuko zuzendarikideak.

"Aldeek jada ez dute inolako betebeharrik"

Errusiako Atzerri Ministerioak atzo baieztatu zuenez, ituna amaitzearekin batera, aldeek "ez dute betebeharrik" izango. Moskuk deitoratu egin zuen, gainera, Estatu Batuek aldi baterako dauden mugak urtebetez luzatzeko proposamenari "nahita" erantzun ez izana. Kremlinak, hala ere, "arduraz eta zuhurtziaz" jokatuko duela ziurtatu du, eta etorkizuneko negoziazioetarako prest dagoela berretsiz, baina akordio berri bat prozesu "luzea eta zaila" izango litzatekeela ohartaraziz.

Txina, hirugarrena liskarrean

Washingtondik, Donald Trump presidenteak "ideia ontzat" hartu du Errusiak gaur egungo mugak "borondatez" errespetatzeko egindako proposamena, baina erantzun formalik eman gabe. Estatu Batuetako administrazioarentzat Txinaren parte-hartzeak baldintzatzen du edozein itun berri; izan ere, badirudi haren armategi nuklearra 300 ojiba ingurukoa izan zela 2020an, eta 600 ingurukoa 2025ean, Estatu Departamentuaren arabera. Pekinek negoziazioetan parte hartzeari uko egin dio, AEBen eta Errusiaren maila konparagarrietara iristen ez den bitartean. Adituen arabera, blokeo horrek nuklearrak mugarik gabe ugaritzen ari diren eta gero eta armamentu-lehia handiagoa dagoen egoera hau indartzen du. (gedar-argia-baskultur)

(2026-02-06)

HERRITARREN “GARAIPENA” OSPATZEKO EGUNA

eusber1x0206aGuggenheim Urdaibai Stopek, makroproiektuaren aurreko "garaipena ospatzeko", egun osoko egitaraudun jaialdia atondu du zapaturako [otsailak 7]. 300 lagun elkartuko dira herri bazkarian. Iluntzean, ekitaldia eta mosaiko erraldoia egingo dituzte. Garaipenak ospatu beharra dago. Eta Guggenheim Urdaibairi dagokiona garaipen handia izan da. Hiru urteko borrokaren eta konpromisoaren ondoren, herritarrek museo makroproiektua atzera botatzea lortu dute, eta balentria hori ospatuko eta omenduko dute zapatu honetan [otsailak 7], Gernika-Lumon. Agur, Guggenheim. Urdaibai martxan dau! lelopean, Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformak egun osoko ospakizun egitaraua prestatu du, “lortutakoaz hausnartzeko eta lana baloratzeko”, eskualdeko eragileekin elkarlanean.

Goizetik gauera bitartean, udalerriko txoko ezberdinetan egongo da egitekorik. Eskualdeko borrokan fokua ipinita ere, ingurukoak ez dituzte ahazten antolatzaileek, eta goizeko elkartasun azoka izango da horiei beraien espazioa emateko abagunea. Azaldu dutenez, Euskal Herriko talde edo elkarte ekologisten “kontzientziazio plaza” izango da Merkuriokoa eta, euria egingo balu, Merkatu plazakoa. “Gutxitan eduki ohi dugu inguruko borrokak biltzeko eta haiei ahotsa emateko aukera, eta azoka hori betetzera emana dago; egun aktiboki borrokan ari diren taldeak babesteko gunea izango da, borrokak merezi du eta”, azaldu dute plataformako kideek.

25 inguru izango dira postuetan egongo diren elkarteak, Euskal Herriaren luze-zabaletik bertaratuak: “Oskiako ekologistak Ipar Euskal Herritik etorriko dira, Aroztegikoak, Nafarroa Garaitik, eolikoen aurkakoak, Enkarterritik; subflubialaren kontrakoak, Nerbioi ibaiaren ingurutik; edota interkonexio elektrikoaren aurkakoak, Gatikatik”. Kontzientziaziorako baliatuko dute eremu hori: “Horrez gain, elkarteek beren produktuak saltzeko aukera izango dute, horixe baita autofinantzaketarako bidea; guk geuk ere posible izan dugun toki denetan ipini dugu geure postutxoa, eta orain guri dagokigu aldameneko kausen ordezkariak hartzea”. Izaera ekologistadun taldeez gain, “Korrika, Gure Esku edota Sahararen zein Senegalen aldekoak” ere egongo dira elkartasun azokan, besteak beste.

Eguerdi aldeko gailur nagusietako bat Elai Alai areto handian emango duten berbaldia izango da: Agur, Guggenheim! Trantsizio ekosoziala Urdaibain izenekoa; Martin Lallana (LAB trantsizio ekosoziala) eta Mirene Begiristain (EHUko irakasle eta Agroekologian aditua) izango dira hizlariak. Mehatxu “zuzena kenduta”, etorkizunari begira, “dena idazteko dagoela” bistaratzeko solasaldia izango dela argitu dute antolatzaileek: “Zer nolako Busturialdea gura dugun eta egungo beharrizanei zerk erantzuten dien galdegin behar diogu geure buruari; hori dena inor atzean utzi barik nola egin eztabaidatuko dugu hitzaldian. Busturialdeak bere ekonomia suspertzeko zein proiektu onartu ditzakeen eta zein baztertu beharko lukeen azalduko dute horretarako prestakuntza eta ezagutza maila itzela duten hizlariek”.

Herri bazkariari begira, 300 herritar bilduko dira Astran. Txartelen salmenta “ezin hobeto” joan da: “Eskualdeko salmenta puntuetako txartelak amaitu ditugu; zapatuan bertan, 30 sarrera inguru ipiniko ditugu salgai, 13:00etatik aurrera, Astran, batez ere kanpotik datozenei zuzenduak”. Bazkalostean, beste tontorretako bat harrapatuko du egitarauak: herritarren mosaiko erraldoia. “Pasealekuan, plataformaren logoa irudikatuko dugu, euritarako koloredun zirekin; Guggenheim Urdaibai agertuko da, baina, Stop berbaren ordez, agur hitza irudikatuko dugu”. Osteko ekitaldia Oihana Cabello gernika-lumotarrak eta Unai Narbarte arratzuarrak dinamizatuko dute, eta ordu erdi inguruko iraupena izango du. “Ekitaldi arina eta atsegina izateko, denetariko modalitateak txertatu gura izan ditugu”.

Txalaparta eta adar hotsez abiatuko dute aipatutako ekimena; jarraian, azken hiru urteotako borroka ibilbidearen “errepasoa” egiteko bideoa proiektatuko dute. Ostean, Aitor Etxebarriazarraga eta Janire Arrizabalaga bertsolari gernika-lumotarrak oholtzaratuko dira, saioari “umoretik ekingo diotenak”. Hiru ilustratzaile ere taularatuko dira: Asisko Urmeneta, Adur Larrea eta Amaia Carrere. Ekitaldiak iraun artean “jo eta su margotzen” ariko dira hirurak. Ondoren, “instituzioei nahiz oposizioei zuzendutako” komunikatua irakurriko dute, musikarekin amaitu orduko: “XSakarak, Marenek eta Iñigito Txapelpunkek bina abesti joko dituzte”. Ez dira oholtzara igoko diren musikari bakarrak izango. Iluntzean, Sua eta Lukiek taldeek ere kontzertuak emango dituzte Pasealekuan. Gainera, Iparragirre Rock Elkarteak “bat egingo du” plataformagaz, eta, 22:00etan, Leihotikanek kontzertua emango du, beren estreinako albuma aurkeztuko duten Apokhalipsis gernika-lumotarrekin batera; hitzordu horretarako sarrerak agortuta daude. Antolakuntzak, bestalde, garraio publikoa erabiltzeko eskaria egin die herritarrei, “pilaketak edo istripuak ekiditeko”. (argia-baskultur)

(2026-02-05)

OIARTZUARRAK, LEHEN INTSUMISOAK

eusber1x0206Oiartzun XIX. mendearen hasieran, bertako konpainiaren matxinada ahalegina itzali eta urte batzuetara. – Irun, 1793ko ekainaren 29a. Joakin Egia Narrosko markesak eskutitz bat bidali zuen Errenterian bildutako Gipuzkoako Batzar Nagusietara: “Jose Ignacio Sorondo, Oiartzungo Konpainiako kapitainak jakinarazi didanez, bere konpainiako soldaduek dagoeneko armak eskutan dituzte eta, gaur bi hilabeteko zerbitzua bete izanaren aitzakiaz aztoratuta zeudenez, ahalegin guztiak egin dituen arren, ez du lortu soldaduak lasaitzea eta errespetuari eustea. Nire izenean bihar arte geldirik egon daitezen eskatzeko agindu diot, baina ez dakit lortuko ote zuen”.

Konbentzio Gerra betean (1793-1795), Frantziako armada oraindik Gipuzkoako lurretan sartu ez zen arren, Oiartzungo bailarak 100 soldaduko ekarpena egin zion foru ejertzitoari. Baina errekrutatzea ez zen erraza izan Hego Euskal Herrian, bereziki, mugatik gertuko Nafarroako eta Gipuzkoako herrietan. Izena eman zezaten diruz saritu behar izan zituzten gazteak; oiartzuarren kasuan, hiru erreal koarto jasoko zituzten egunean. Gainera, baldintza bat jarri zuten: beren jarduera probintziara mugatuko zen. Eta, hala ere, desertzioak gero eta ugariagoak ziren. Banan-banako desertzioak ohikoak ziren garaian, halako ahalegin kolektiborik ez zen ordurarte egin. Egoeraren larritasuna ederki islatu zuen Narrosko markesaren eskutitzak.

Baina Oiartzunen gertatutakoa haratago joan zen. Xose Estevez historialariak jaso zuen gertatutakoa Las matxinadas en Euskal Herria (s. XVI-XIX) (Matxinadak Euskal Herrian, XVI-XIX. mendeak) lanean, eta bertan dioenez, “gerra garaiko lehen intsumisio saiakera ezaguna” izan zen. Banan-banako desertzioak ohikoak ziren garaian, halako ahalegin kolektiborik ez zen ordurarte egin. Egoeraren larritasuna ederki islatu zuen Narrosko markesaren eskutitzak. Batzar Nagusiei eskatzen zien esateko zer jarrera hartu behar zuen matxinatuekin, “baita hemendik aurrera halako asmoak adieraziko dituzten gainerakoekin ere”. Garbi dago matxinada kutsatu eta zabalduko zen beldur zirela.

Batzar Nagusiek markesari eskatu zioten matxinada nortzuk piztu zuten jakitea eta zegokion bezala zigortzea. Baina azpimarratu zuten zuhurtziaz jokatzea ezinbestekoa zela, “bestelako ondorioak” saihesteko, hau da, matxinada ez hedatzeko. Ez dakigu Narrosko markesak zer neurri hartu zituen, baina pentsa liteke Batzar Nagusiek beren helburua lortu zutela, Oiartzungo konpainiaren matxinadaren berri ez baitzen gehiago jakin. Hala ere, Xose Estevezen esanetan, “egoeraren aurrean inkonformismo larbatuaren zantzuak antzematen dira” lehen oiartzuar intsumiso haien ahaleginean. (argia-baskultur)

(2026-02-02)

MINNEAPOLISEKO HERRITARREN GARAIPEN ANTIFAXISTATIK

Minnesota izan da Donald Trumpen estrategiari orain artean tinkoen kontra egin eta atzera eginarazi dion lehena. Aurretik Los Angelesen, Washingtonen eta Chicagon bertako agintari demokratek ahaleginak egin zituzten, auzitegietan adibidez, eta agerian geratu zen herritarrak antolatzearen beharra. Minnesotako eta bertako “hiri bikiak” (Minneapolis hiri nagusia eta Saint Paul hiriburua elkarren ondoan daude) orain arteko erresistentzia garaiezin bihurtu dira ICEko matoientzat. Basatiak eta gupidagabeak izan dira agenteak, etsaiaren lurraldean dabilela ondo dakien okupazio indar bati dagokion eran. / ICEren aurkako protesta bat, Minneapolisen. (Roberto SCHMIDT | AFP)

AEBko mapari erreparatuta, errepublikanoen gorria erabat gailentzen zaio urdin demokratari, salbuespen gutxi batzuekin: Pazifikoko kostaldea, Atlantiko iparra, eta hiruzpalau gune txiki barrualdean: mugalde latinoa, eta ia hiri guztiak. Arazoa da gorriaren eremu zabal horretan hiriak ordezkatzen dituzten puntuetan baino askoz jende gutxiago bizi dela. Eta Mississippi ibaiak herrialdea erdi-erditik zeharkatzen duen itsaso errepublikanoan, Minnesota aurrerakoia nabarmendu da historikoki. 1984an Ronald Reagan 49 estatutan gailendu zen: mapa gorri horretan, hain zuzen, Minnesota baino ez da ageri urdinez (Washington hiriburuarekin batera). Bost axola, Trumpek ohiko lotsagabekeriaz adierazi du Minnesotan bera nagusitu dela aurkeztu den hiru hauteskundeetan (hiruretan izan zen galtzaile).

Coen anaien “Fargo” filma eta gerora egindako telesailak ikusi dituenak badaki natura oso gogorra duen lurraldea dela. Ingeles jatorriko WASP (zuri anglo-saxoi protestantea) oso modu berezi batean ageri da: eskandinaviarrak izan ziren bertara joandako kolonoak, alemanekin batera, eta tradizio luterano progresistak erro luzeak ditu. Alderdi Demokratak beste izen bat daukan ia estatu bakarra da: Nekazari eta Langileen Alderdi Demokrata. Hala, hiri progresisten eta landa gune kontserbadoreen zatiketak kale egiten du sarritan Minnesotan.

Faxismoari neguan irabazten zaiola esan izan dute azken asteotan, trumpismoaren Stalingrad bihurtuko dela sinetsita. Duela urtebete Steve Bannonek izendatutako «uholde estrategiarekin» jo zuen Trumpek iparraldearen konkistara: orain artean bezala, etengabe astintzeak shockaren estrategia eta aurkariaren etsipena zekartzala sinetsita. Latinoen aurkako xenofobia garaitzerik ez zegoela uste zenean (bidenabar, “Trumpen aldeko latinoak” taldeko kubatarrak deportatzen ikusteak badauka karma kutsu bat; besteak zigortuz beren burua salbatu nahi izan dute eta berdin-berdin atxilotu eta kanporatu dituzte), somaliarren aurkako pogrom-ak sustatzen saiatu zen, dirulaguntzen iruzur bat aitzakia hartuta.

Kaliforniatik Washingtonera eta Chicagora, lezioak ikasita hartu zituzten minnesotarrek. Online antolatuta, milaka lagunek bat egin zuten kale izoztuetan ICEren jarduna zailtzeko asmoz: etengabe bozinak eta txistuak joz, auzokideei ohartaraziz senide edo auzoak bahitzera zetozen matoiak inguruan zebiltzala, jatetxeetan sartzen ez utziz, eta loa galaraziz sarri, hotelen inguruetan protesta eginez. Ahalik modu anonimoenean antolatu dira, Etxe Zuriaren mendeku goseaz jakitun. Erresistentzia inork berarentzat aldarrikatzea ere eragotziz, antolamendu erabat horizontalean, eta aldeko erakundeak -gobernadorea, alkatea, hiriko polizia eta Estatuko Guardia Nazionala- aliatu izan daitezkeela jakitun.

HERRITARREN ESKUBIDEAK

Josu Goikoetxearen “Lakioa” liburuko ipuinetako batean, George Floyden eta Iñigo Cabacasen hilketak aztertu nahi dituen ikasleari kasuak parekoak ote diren galdetzen dio unibertsitate irakasleak, «Parekoak ez. George Floyd hil zuen polizia kartzelan sartu zuten». AEBn, bere arazo eta miseria guztiekin, oso txertatuta dagoen eskubide batean erabat sinetsi dute: Konstituzioaren lehen zuzenketak elkarretaratzeko, protestarako eskubidea bermatzen du, baita adierazpen askatasuna ere. Greg Bovinok nazi itxura indartuz zapaltzen zituenean Minneapoliseko kale elurtuak, Kristi Noemek Renee Goodi «barne terrorista» deitzen zionean, Stephen Miller “lehen ministroak” atxiloketa eta egur gehiago ematea eskatu duenean, hortxe egon dira herritarrak, protesta eskubidea dutela jakitun, eta telefono mugikorra aldean. Bistan da Trumpen erretreta partziala beste nonbait kolpea emateko abiapuntua izan daitekeela. Baina horri zelan aurre egin ere nabarmen geratu da asteotan.

Ahalduntze ariketa masiboa izan da Minnesotan. Herritarrek adierazpenerako eta protestarako eskubidea daukatela jakitun. Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian delitutzat hartzen dira agenteei errespeturik ez izatea edo irain egitea. AEB oso urrun dago herrialde perfektua izatetik, baina «sasikume hiltzaile» deitzea ez da delitua. Ez dago mozal legerik demokrazia batean oinarrizkoa beharko lukeena eragozteko: boterea daukana fiskalizatzea. “The New York Times’-ek berehala gezurtatu zuen Gooden hilketaren bertsioa. Prettik pistola behin ere ez zuela hartu erakutsi zuten, herritarren bideoei esker, eta inolako motiborik gabe hamar tiro eman zizkiotela. Thomas Jeffersonen esaldi ezaguna da hau: «Egunkaririk gabeko Gobernuaren eta Gobernurik gabeko egunkarien artean, azken hori hautatzen dut». Minneapoliseko bataila herritarren erresistentziaren adibide da. Estatubatuarrek oso barneratuta daukate hori. Eta onenetakoak dira mitoak eraikitzen ere. Bruce Springsteenek egin du aurreko astean, eta uste baino lehen izango dugu pantailetan ere, egon ziur. (naiz-baskultur)

(2026-01-27)

FAXISMOAREN AURKA

eusber1x0127Urtarrilaren 31n mobilizatzera deitu dute faxismoari aurre egiteagatik errepresioa jasan duten dozenaka lagunek – Iruñean, Gasteizen, Donostian, Azpeitian edo Arrasaten faxismoaren kontra protesta egiteagatik zigortu dituzten 33 pertsona elkartu dira, faxismoari kalean aurre egitea beharrezkoa dela aldarrikatzeko. GKSk larunbatean Bilbon eta Iruñean egingo dituen manifestazioetan parte hartzera deitu dute. Euskal Herriko hainbat lekutan faxismoari aurre egiteagatik erreprimitu dituzten 33 lagun elkartu dira, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) larunbaterako antolatu dituen manifestazioetara batzera deitzeko. Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren kontra, Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa) mobilizatuko da GKS larunbat honetan, urtarrilaren 31n. 18:00etan hasiko da Bilboko mobilizazioa, Jesusen Bihotzetik, eta ordu erdi beranduago Iruñekoa, Erorien Monumentutik.

"Faxismoa indartsu hedatzen ari da Europa osoan zehar eta Euskal Herria ez da salbuespena. Gure kaleetan ere mezu arrazistak, matxistak, supremazistak edo euskararen aurkakoak zabaltzen ari dira, eta hemen gauden guztiok horiei aurre egiteagatik ari gara errepresioa jasaten", azaldu zuten agerraldian bildutako pertsonek. Iruñean, Azpeitian (Gipuzkoa) nahiz Arrasaten (Gipuzkoa) Voxek egindako zenbait ekimenetan protesta egiteagatik ikertuak izaten ari diren hainbat lagun daude tartean, baita Gasteizen (Araba) Falangearen aurka mobilizatzeagatik edo Donostian (Gipuzkoa) Frente Obrerok antolatutako ekimen faxista bati aurre egiteagatik ikerketapean dauden zenbait gazte ere.

"Faxismoa indartu ez dadin, kaleak hartzea eta errepresioaren aurrean elkartasuna antolatzea beharrezkoa da", azpimarratu zuten: "Argi gelditu da instituzioek ez dutela faxismoari aurre egiteko inolako borondaterik. Are gehiago, beraiek izan dira deialdi horiek guztiak babestu eta baimendu dituztenak, eta, aldi berean, horiei aurre egitera joandako antifaxistak gogotik kriminalizatu nahiz zigortu dituztenak". Horiek horrela, "faxismoa gure kaleetan normalizatu ez dadin, behar-beharrezkoa da horri aurre egitea eta kontzientzia antifaxista hedatzea", antifaxistek aldarrikatu dutenez. (gedar-baskultur)

(2026-01-26)

AHT, EUROPAREN MILITARIZAZIORAKO GAKO

eusber1x0126Europar Batzordeak Abiadura Handiko Trena tresna militar gisa erabiltzeko intentzioa du, tropak, tankeak eta bestelako material militarra garraiatzeko. Horretarako, «Mugikortasun militarra 2.0» ekintza-plana lantzen ari da 2022tik. Honezkero ez da beharrezkoa azaltzea tranbia bat kolonizaziorako tresna bat izan daitekeela, konkistatutako lurraldeak egituratzeko balio dezakeelako, sionistek Jerusalemgo ekialdearekin egitea erabaki duten bezala, besteak beste CAFen laguntzarekin. Ezberdintasunak ezberdintasun, juduek lehenago pairatua zuten Alemaniaren tren-sarearen eraginkortasun makabroa, naziek Polonian eraikitako anikilazio-esparruetara iristen zena.

Trena tresna militarra ere bilakatu daiteke, tropak, tankeak eta bestelako material militarra garraiatzeko erabil daitekeelako. Gaur egun ere, Europar Batzordeak, Ukrainako gerraren karietara, “Mugikortasun militarra 2.0” ekintza-plana lantzen ari da 2022tik. Planaren helburu nagusia europar trenbide-sareak soldadu eta armak ahalik eta azkarren garraiatzea da. Alegia, migrante txiroak Albaniako atxilotze-zentroetara deportatzen diren bitartean, barne mugarik gabeko “Schengen militar” bat indarrean jartzea.

Europaren militarizaziorako beste katebegi bat osatuko dute Euskal Y-ak eta Nafarroako korridore mistoek

Abiadura handiko Schengen militarra Ukrainara eta Moldaviara ere iristea nahi da. Halaxe onetsi da sare transeuroparraren 2024ko azken aldaketan: TEN-T sare berrian egiaztatu da, batetik, Nafarroako korridorearen eta Euskal Y-aren arteko lotura mailaz jaitsi dutela, jada ez delako oinarrizko sarearen parte, eta, bestetik, Batasuneko bederatzi korridore estrategikotik lau Ukrainaraino luzatu dituztela. Horietako bat, gainera, Donbasseko Mariupoleraino, ez kasualitatez.

Egungo trenek 40 bat ordu behar dituzte Gasteiz eta Kiev lotzeko. 2040rako 30 ordura jaistea da Europako Abiadura Handiko Trenaren sarearen helburua. Hau da, tropak eta tankeak Euskal Herriko base militar handiena den Arakaren ondoan dagoen Jundizko plataforma logistikoan trenera igotzea, zertarako eta 30 ordura Ukrainako hiriburuan beharrezkoa denerako prest egoteko. Europaren militarizaziorako beste katebegi bat osatuko dute Euskal Y-ak eta Nafarroako korridore mistoek.

Hemendik aurrera, AHTren erabilera mistoaz hitz egiten digutenean, kontuan izan ez direla soilik bidaiariak eta merkantziak aipatzen ari, baizik eta erabilera zibila eta militarra ere. Ez da txantxa: Europak 2028-2034 epean garraiobideetan inbertitu nahi dituen 51.515 mila milioi euroetatik, 17.510 mila milioi mugikortasun militarrera bideratuko dira, 2025eko abenduan Connecting Europe Facility mekanismo finantzarioan zehaztu bezala. Batasunaren garraio-inbertsio osoaren herena gerra prestatzeko izango da.

Finantzaketa hori eskuratzeko lehentasunezko trenbideen artean, gure herria zeharkatzen duen Bordele-Burgos linea dago, baina baita Ukrainako eta Moldaviako bost hiri ezberdinetan bukatzen diren lineak ere: Txernivtsi, Chop, Lviv, Kovel eta Chisinau hirietan amaitzen direnak, hain zuzen. Batasunetik kanpoko lurralde horietan, gainera, zabalera ez da Europako estandarra (Hego Euskal Herrian bezala) eta plataforma berriak egingo dira. Egiten ari dira: Europako zabalerarekin egindako lehen linea erabat ukrainarra, Uzhhorod-Chop, iaz eraiki zen, Batasunak finantzatuta. Eta aurten Lviverainoko linea egiten hasiko dira.

Europar Batasuna TEN-T garraio-sare transeuroparraren garapena erabiltzen ari da, Ukraina eta Moldavia Batasunean fisikoki txertatu ahal izateko. Sare horren funtsetako bat AHT da, orain arte jakinarazi ez badigute ere: Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea engranaje militar europarraren parte ere badira. Orain artean AHTren inguruko negozioa ingeniaritza eta eraikitzaileentzat izan da; aurrerantzean, Estatuaren defentsa-gastua BPGren %2ra igo delarik, armak ekoizten dituztenen pagotxa dator. Eta badira enpresa batzuk, noski, Getxon egoitza duen Senerren modukoak, aipatu bi alorrez profitatuko direnak.

Eusko Jaurlaritzaren antzera, AHTren hainbat tarteren eraikuntza zuzenean sustatzeaz gain, armagintzarako motorrak egiten dituen eta Zamudion egoitza duen ITP Aeroren %6 ere badaukala, armak ere egiten dituen Indrarekin batera. Arestian aipatutako CAF enpresaren %3 edukitzeaz gain: Pradalesek CAFi eskatutako hausnarketa etikoak etxetik hasi beharko luke. «Datorren lekutik datorrela, biolentzia mota oro gaitzesten dugu» ziotenak, ari dira jada gerrarako ere erabiliko den tren-sare bat eraikitzen. EAJko Kongresuko bozeramaileak haien jarrera belizista argi utzi berri du: «Edo Europak pilak jartzen ditu edo azkenean kolonizatua izango da». Inoiz baino arrazoi handiagoa dute «gerra hemen hasten da» diotenek. AHTren liberalizazioak ez duelako soilik ahalbidetuko Ouigo frantziarrak eta Iryo italiarrak Euskal Y-an operatzea: Zaragozako trenbide-erregimentuak ere erabili ahal izango du. (naiz-baskultur)

(2026-01-25)

SIRIAKO KURDUAK ARRISKUAN 

eusber1x0125ISISen aurkako abangoardia izatetik, genozidioaren menpe egotera. - Ez dira hainbeste urte igaro komunikabideek eta mendebaldeko agintariek herri kurduaren ausardia goratu zutenetik Estatu Islamikoaren aurkako borrokan, baina erakunde horiek beraiek gaur egun Sirian gertatzen dena estaltzen dute, non Al Qaidako militante eta ISISek militante ohi batek gobernuaren presidentetza eskuratu duen indarkeriaren eta gerraren bidez. Al Jolani jihadistak (orain munduko prentsak Al Shaara presidentetzat jotzen duena) denbora gutxi behar izan du komunitate alaui eta drusoaren aurkako krimenak egiteko, berak defendatzen duen muturreko islamean ez baitute sinisten. Urtarriletik aurrera herri kurduari txanda iritsi zaio eta Siriako komunitate kurduaren egungo egoera erabat etsigarria da.

Lehenik eta behin, Israelek eta Siriako gobernu islamistak Parisen sinatu zuten segurtasun akordioaren ondoren, indarkeriak gora egin du etengabe. Hasteko, Alepoko auzo kurduei eraso zieten, eta, ondoren, erasoaldi hori Siriako ekialdera zabaldu dute. Genozidioaren mehatxua eta indarkeria-igoera hori traizio ugarik eragin dute. Ameriketako Estatu Batuak buru dituen Nazioarteko Koalizioak modu pasiboan ikusten du Estatu Eslamikoko milaka eta milaka kide kartzeletatik eta atxilotze-eremuetatik askatzen ari direla. Siriako eta Turkiako Gobernuek eurek, ustezko bake-elkarrizketak erabili dituzte gerra etniko bat prestatzeko, non Mendebaldearen eta Israelen oniritzia baino ez zuten behar, petromonarkia arabiarrena lehendik ere bazutelako.

Siriako Indar Demokratikoek kontrolatutako eremuetan armada jihadistaren sarrera erraztu duten tribu arabiarrek ere traizionatuta, YPG eta YPJak genozidioaren aurkako erresistentzia egiten ari dira une honetan Kobanen (Daeshen aurkako borrokan dagoen hiri martiria) eta Hasakah eskualdean, hau da, gehiengo kurduko lurraldeetan. Raqqa bezalako hiri enblematikoak Siriako Gobernu islamistaren esku daude jadanik, eta indar jihadistek berehala eraitsi dute YPJetako borrokalariak omentzen zituzten estatuak eta niqab ak banatzeari ekin diote, emakumezkoak eta euren eskubideak Erdi Arora bidaltzeko.

Nazioarteko utzikeriaren eta traizioaren aurrean, herri kurduaren -eta ziurrenik asiriarra eta kristaua- genozidioaren aurka ahotsa altxatzeaz gain, internazionalista garen aldetik, herri honek Estatu Islamikoaren aurkako borrokari eman zion edukia aldarrikatzen dugu, hau da, emakumearen askapena eta komunitateen arteko bizikidetza. Balio horiek, Gazako sarraskiarekin hasitako Ekialde Hurbileko berrantolaketarekin, munduko potentzia guztiak gogaitzen dituztela dirudi. Genozidio kurduari ez! Biji Rojava. (ecuadoretxea-baskultur)

(2026-01-22)

CONFEBASKEK UKO EGIN DIO SINDIKATUEKIN NEGOZIATZEARI

Hiru alditan Confebask ez da agertu EAEn gutxieneko soldata ezartzeko negoziatzera ELA eta LAB sindikatuekin. EAEko Auzitegi Nagusian salaketa jarri zuten sindikatuek, eta epaiketa aurretik egin ohi den adiskidetze bilerara ere ez da agertu patronala. Sindikatuen ustetan “legeari muzin” egiten ari da, eta orain auzitegiak erabaki beharko du patronalak negoziatu behar duen ala ez. Bide beretik, kritiko agertu dira EAJ eta PSE-EE alderdiekin.

EAErako gutxieneko soldata ezarriko duen lanbidearteko akordioa negoziatze aldera, ELA eta LAB sindikatuak hiru alditan saiatu dira Confebaskekin elkartzen. Hiru alditan ez da negoziaketetara agertu patronala eta ez da aukerarik izan negoziazio mahaia osatzeko. Patronalak adierazi izan du eskumena Espainiako Gobernuari dagokiola eta enpresen “lehiakortasuna eta egonkortasuna arriskuan” ipini dezakeela. Saiakera horien guztien ondoren, asteartean sindikatuek patronalaren aurkako demanda jarri dute EAEko Auzitegi Nagusian. Epaiketa aurretik egin ohi den adiskidetze bilerari uko egin dio Confebaskek, hortaz, laugarren aldiz ukatu dio sindikatuekin negoziatzeari. Auzitegiak erabaki beharko du orain patronala behartzen duen negoziatzera ala ez.

Sindikatuek adierazi dute patronalak sistematikoki uko egiten diola EAEn hitzarmen berriak negoziatzeari, horrek aukera ematen diolako langileak “muturreraino esplotatzeko”. Gaineratu dute Confebaskek “legeari muzin” egiten diola eta ahaztu egin duela “demandatzaileek legitimitatea dutela autonomia-erkidegoko negoziazio kolektiboa eskatzeko”. Salaketan jaso dutenez, erkidegoetako lanbidearteko hitzarmen eta akordioek lehentasuna daukate estatukoen aldean, 84. artikuluan oinarrituta, eta ondorio horretara daramatza arauen interpretazio sistematiko eta teleologiko batek: “Negoziatzeko betebeharra egongo da baldin eta autonomia-esparruko akordio bat negoziatu nahi bada, eta, sinatuz gero, legeak aitortzen dion aplikazio-lehentasuna izango du”.

Sindikatuak, era berean, kritiko agertu dira EAJk eta PSE-EEk daukaten jarrerarekin. Eusko Legebiltzarrak uko egin zion eztabaidatzeari ia 140.000 sinadura lortu zituen Herri Ekimen Legegilea. Sindikatuen aburuz, patronalari ezin zaio eman soldaten egitura ezartzeko monopolioa eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko herrialdeen %90 baino gehiagok legez ezartzen dute gutxieneko soldata. Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiei aurpegiratzen diete Confebaski eman nahi izana monopolio hori, eta diote horregatik ez dutela gutxieneko soldata ezartzeko eskuduntzarik nahi. Laugarren aldiz patronalak negoziatzeari uko egin ondoren, sindikatuek martxoaren 17ko greba orokorra “ezinbestekotzat” jo dute. (argia-baskultur)

(2026-01-19)

TRUMPEN ASMOAK

eusber1x0119Nazioarteko sistema juridiko osoa hautsi egin da 2026ko urtarrilaren 3an. AEBk Venezuelaren aurka egindako esku hartze militarrak, Nicolas Maduro presidentearen eta Cilia Flores «lehenengo borrokalariaren» bahiketak eta Estatu Batuetatik zuzendutako gobernu bat ezartzeko iragarpenek kolonialismoaren eta indartsuenaren inperioaren garaira garamatzate. Trumpek baieztatu du Ameriketako Estatu Batuak aberastasunak dituzten lurraldeei eraso egiteko fase berri batean sartu direla; beraz, eskualdeko herri bakar bat ere ez da orientazio horretatik salbuetsita egongo. Washingtonek ez du ezkutatzen bere inperialismoaren alderdi ekonomikoa.

Iraken inbasioarekiko aldeak. 2003ko Irakeko Gerra petrolioagatik izan bazen ere, oraingo testuinguruarekin konparatuta desberdintasunak nabarmenak dira. «Ongiaren bandoan» zeudenak argudio moral eta juridikoekin ezkutatzen zuten George Bush juniorren fikzioa. Gauzak horrela, tokian armadak mantentzearen truke gobernu aliatuei harrapakina banatzea ziurtatu zien logika neoliberal bati erantzunez. Estrategia zera zen: Washington bermatzaile eta zaindari zuen globalizazioaren ordenan nabarmentzen ziren herrialdeak integratzea. Gerra horrek merkatuak irekiko zituen eta horrek mundu guztiari eman beharko ziokeen onura bat. Baina aipatutako operazioak kostu altuak eta etekin txikia zituen.

Ezaguna da Donald Trump horrelako esku hartze garestien kontra dagoela, beste logika batean mugitzen da: esku hartze militarrak (laburrak, basatiak eta selektiboak) kontrolatutako eremu baten sorrera bermatu behar du, eta Ameriketako Estatu Batuen interesei soilik erantzungo die. Inperialismo iparramerikarraren berregokitzea. Globalizazio neoliberalak Estatu Batuak ahuldu dituenez, estrategia aldaketa batean dago Trump: kapital nazionalean eta zuzeneko interesetan zentratu, merkatuen irekiera globalean eta demokraziaren hedapenean zentratu beharrean.

Ekintza militarra, berez, ikuspegi ekonomiko hutsetik lantzen da, hau da, kostu-onura erlazio ezin hobean: esku hartze murriztua, baina behar bezain indartsua, merkatu objektiboaren ateak kapital estatubatuarrari irekitzeko modukoa. Kasu honetan, helburua ez da munduari merkatu bat irekitzea aitzakia demokratiko baten pean, baizik eta mendean izango duen gobernu baten baliabideen kontrola ziurtatzea, hura beldurtuta dagoelako. Testuinguru horretan, irizpidea ez da erregimenaren izaera, Ameriketako Estatu Batuen interes ekonomikoa baizik. Esan behar da Donald Trumpek berak baieztatu zuela, Danimarka Groenlandian antzeko esku hartzearekin mehatxatuta.

Nicolas Maduroren bahiketak dardarka jarri du Danimarkako lehen ministro sozialdemokrata. Inperialismo trumpistak beste izaera bat dauka, Txinaren kontrako lehian AEBko presidenteak, bere kapitalak eta armadak behar dituzten baliabideak eta merkatuak ustiatzeko, hinterland kontrolatu bat eraiki nahi du. Norabide horretan, lehenengo zeregina Latinoamerikako feudoari beldurra sorraraztea da, hori baita Washington Pekinen aurrean indartsu izatea eragingo duena, Trumpen ustez.

Venezuelak munduko petrolio gordinaren erreserba frogaturik handienak ditu, 303.000 milioi upelekin. Hori frogatutako munduko erreserben %17 da, eta Saudi Arabian dagoena baino gehiago da. Beraz, Donald Trumpen erronka zen erreserba horiek ez uztea etsaien edo neutralen esku, izan ere, hori gauza bera da berarentzat. Harritzekoa ez bada ere, Josu Jon Imazen eta enparauen jarrera adierazgarria da: putreen modura, espoliazio bati etekina atera nahi diote. Euskal Herriko enpresak Palestinan zein Venezuelan inperialismo harrapakariaren konplize dira. Zer esan behar du Eusko Jaurlaritzak horren inguruan?

Helburu berriak. Kanpo politika berria estatuaren eta kapitalaren arteko harreman mota berri batean kokatzen da. Neoliberalismoan, estatu botere hegemonikoak munduko merkatuetarako sarbidea eskaintzen zion bere kapitalari. Multinazionalak ziren, hain zuzen, AEBren munduko ordenaren beso armatua, eta aldi berean kapital nazionalaren errentagarritasuna bermatzen zuten. Gero eta gehiago, Txinaren eta AEBren arteko lehia bi ereduren arteko lehia baten itxura hartzen ari da: elektrizitatearen eta energia berriztagarrien garapenean zentratutako kapitalismo berde bat, Txina buru duena (baina hidrokarburo asko kontsumitzen jarraitzen duena) eta petrolioan zentratutako kapitalismo arre bat, AEB buru duena. Bi eredu horiek elkar baztertzeko joera dute.

Orain, defentsiban, kapitala AEBko botere militarraren mende dago. AEBko estrategia inperiala, orduan, ekonomikoki menpeko den eremu baten sorrerarekin nahasten da –batez ere aurkari ekonomiko bat bada–, aurkari txinatarraren kontrako garaipenerako baldintzatzat hartzen baita. Testuinguru horretan, nazioarteko zuzenbidearen arau zaharrak edo NATO bezalako aliantza sistemak zaharkituta geratzen dira. Eta Nuuk Groenlandiako hiriburuaren aurkako balizko eraso bat gerta daiteke Caracasen gaineko esku kolpearen ondoren.

Erantzun eza. Egoera nahasi samarra da oraindik, baina oraingoz gauza batzuk esan daitezke. Dirudienez, estatubatuarrek EA-18G Growler sistema erabili zuten (pertsonei eta posizio fisikoei erasotzen ez dien hegazkina), arerioaren nerbio sistema, radarrak eta komunikazioak, aurkitzen, oztopatzen eta neutralizatzen espezializatua. Horrela, Venezuelako Armadaren defentsa sareak (errusiarrek eta txinatarrek antolatu berria) neutralizatu zituen. Dena den, harritzekoa da, behin lehen fasea igarota, Venezuelako Armadak defentsa sistema osoa mobilizatu ez izana.

Venezuelako Gobernuaren aldetik mezu kontraesankorrak ematen dira. Burujabetza irmoa eta, era berean, akordio batera heltzeko borondatea. Zer-nolako akordioa, Trumpen asmoa Venezuelan esku hartzea eta hango petrolioa berak ustiatzea bada? Dena den, zalantzak zalantza, gure aldetik ezinbestekoa dugu fronte zabal eta handi bat eratzea inperialismoaren aurka (batez ere AEBren kontra), Maduroren askatasuna eta Latinoamerikako beste herrialde batzuen aurkako mehatxuen amaiera exijituko dituena, bereziki Kuba eta Kolonbiaren aurkakoak. (naiz-baskultur)

(2026-01-18)

GOSE GREBALARIEN ALDEKO MOBILIZAZIOA

eusber1x0118Britainiako Gobernuak bertan behera utzi du Israelekin loturiko arma akordio bat, muturrean zen gose grebagatik. Erresuma Batuan atxilo dauden hiru aktibistak euren eskaera "giltzarrietako" bat lortu ostean utzi dute greba: gobernu britainiarrak ez dio 2.000 milioi liberako kontratua emango Elbit Systems UK Israelgo armagintza enpresaren filialari.

Gose greban 73, 66 eta 52 egun eman ostean protesta ekimena bertan behera utzi dute Heba Muraisi-k, Kamran Ahmed-ek eta Lewie Chiaramello-k. Erresuma Batuko gobernuak Israel babesten duela eta espetxean jasaten dituzten tratuak salatzeko jateari utzi zioten azaroan. Asteazkenean, baina, jakinarazi dute muturreko protestari amaiera eman diotela, eskaera "giltzarrietako" bat lortu ostean. Izan ere, aipatu duten txosten baten arabera, Erresuma Batuko Gobernuak 2.000 milioi liberako kontratua ukatu dio herrialdean egoitza duen Elbit Systems UK armagintza enpresa israeldar garrantzitsu baten filialari. Hain zuzen, enpresa horretan lapurreta egitea egotzita behin-behineko espetxealdian daude aktibistak, epaiketaren zain.

Gose greba hasi zutenez geroztik, grebalarien osasun egoera larriak alarma piztu du mediku, aktibista eta nazioarteko erakundeen artean, heriotza arriskuan egon direlako. Are, grebalariak eta euren senideak laguntzen dituen PFP Prisoners for Palestine taldean jarduten duten hainbat osasun espezialistek kezkaz adierazi dute gose greba amaituta ere, grebalariek "kalte sendagaitzak" pairatzen dituztela. Hala eta guztiz ere, pozarren agertu dira  PFPko kideak, eskaera nagusietako bat lortu dutelako: "Akordio honen ezeztapena garaipen biribila da gose grebalarientzat, beren gorputzak kartzelan zituztela aurre egin baitzioten Palestina kolonizatzeko eta okupatzeko Israelgo arma fabrikatzaile handiena den Elbit Systems-en papera salatzeko". Gaineratu dute "une historiko gisa" gogoratuko dela egindako gose greba, eta Britainia Handiko estatuarentzat "erabat lotsagarria" izan dela. (argia-baskultur)

(2026-01-16)

M3MORIA. ANTOLAKUNTZA. BORROKA

eusber1x011650 urte geroago Martxoaren 3ko aldarriek bizirik diraute - ELA, LAB, ESK, Steilas eta Martxoak 3 elkarteak aurtengo urteurrenaren leloa zein izango den iragarri dute ostiral honetan: ‘M3moria. Antolakuntza. Borroka’. Gainera, Zaramagan eraildako bost langileak gogoratzeko ekitaldi handi batean lanean ari direla esan dute. // Martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko iaz egindako manifestazioa. (Endika portillo | foku)

‘M3moria. Antolakuntza. Borroka’. Hauxe da ELA, LAB, ESK, Steilas eta Martxoak 3 elkarteak adostutako leloa Zaramagan duela 50 urte Poliziak eragindako sarraskia oroitzeko. «Lelo honekin iraganean borrokatu zuten pertsonak aitortu nahi ditugu, gaur egun antolatzen garen guztientzat oinarriak jarri zituztenak: gizarte hobe baten alde borrokatzeak elkartu egiten gaitu denboran zehar», azaldui dute ohar batean.

Gainera, urteurrenarekin bat datorren omenaldi berezi gisa balioko duen ekitaldi handi batean lanean ari direla iragarri dute. Horren zehaztapenak otsailaren 9an egingo duten agerraldian zabalduko dituzte. Era berean, 50. urteurrena ospatzeko kamisetak eta jertseak salgai egongo dira, eta sindikatuen egoitzetan eta denda birtualaren bidez erosi ahal izango dira. «Material honekin 2026ko martxoaren 3a gogoratzeko motorrak berotzen hasi nahi dugu. Herritar guztiak animatzen ditugu memoria kolektiboko ariketa honetan parte hartzera, elastiko eta jertse oroigarri hauekin», adierazi dute.

«Memoria hori bizirik mantentzeagatik egindako lana aitortzeak bultzatzen gaitu urtero Gasteizen Poliziak hildako bost langileak gogoratzera eta omentzera, baita Basaurin eta Tarragonan Poliziaren errepresioaren biktima izan ziren bi gazte solidarioak, eta une hartan zauritutako eta erreprimitutako pertsona guztiak ere. Hainbat belaunaldi markatu dituen borroka ere gogoratu nahi dugu», gaineratu dute. (argia-baskultur)

(2026-01-15)

VUELTAKO PROTESTENGATIK AUZIPETUTA

eusber1x0115Vueltako protestengatik auzipetuei elkartasuna adierazteko dozenaka lagun bildu dira Bilbon. Bilbon Vueltako helmugan Israel Premier-Tech taldearen parte hartzearen aurka egindako protesten harira, lau lagunek deklaratu dute Bilboko Justizia Jauregian. Auzipetuen absoluzioa eskatu dute Palestinarekin Elkartasuna eta Gernika-Palestina plataformetatik. Auziperatuek babesa jaso dute epaitegira sartu aurretik. 

Palestinaren aldeko elkartasun uholde batek hartu zituen errepideak iazko irailean, Vueltako etapak Euskal Herritik pasa zirenean. Israel Premier Tech txirrindularitza taldearen presentzia salatu zuten milaka herritarrek. Haatik, hainbat txokotan atxilotuak egon ziren, hala nola Bilbon, Larrabetzun eta Irunberrin. Asteazken goiz honetan, hiru lagun deklaratzera deitu dituzte Bilboko epaitegietara, ikertu gisa, Bizkaiko hiriburuan Vueltaren baitako protesten harira. NAIZek jakin duenez, azkenean, beste pertsona batek ere deklaratu du epailearen aurrean, beraz, guztira, lau dira auzipetuak. Epaileak autoritatearen aurkako atentatua eta desordena publikoak eragitea leporatzen die.

Pertsona hauei babesa adierazteko elkarretaratzera egin du Palestinarekin Elkartasuna plataformak goizeko 11.00etan. Aurretiaz, 10.30ean, Gernika-Palestina ere kontzentratu da epaitegiaren aurrean, Palestinaren aldeko aldarriekin. Plataforma biek auzia bertan behera gera dadin exijitu dute. «Absoluzioa eskatzeko hurbildu gara asteazken honetan Bilboko epaitegira, Palestinaren aldeko aldarria ez dezaten kriminalizatzen jarraitu. Oldarraldi handia ikusten ari gara elkartasun horren aurka Europan, aitzitik, ez da ikusten horrelako ahaleginik Israelen kontra», salatu du Luis Artola Palestinarekin Elkartasuneko kideak.

Jakinarazi dutenez, atxilotuak ez dira plataformako kideak, Israel Premier-Tech taldearen presentzia salatzeko eta Palestinar herriari elkartasuna adieraztera joan ziren herritarrak baizik. Halaber, salatu dute kalez jantzita zeuden ertzainek bortizki jipoitu zituztela manifestariak, hauek atxilotuz. Asteazken honetan aurkeztu dira, aurrenekoz, epailearen aurrean. Deklarazio azkarra izan da, baina, horren ostean, auzipetuek ez dute hedabideekin hitz egin. Aurrerantzean, epaileak erabakiko du prozedura judiziala ireki ala bertan behera geratuko den.

Elkartasun kanpaina martxan

Era berean, Palestinarekin Elkartasunak kanpaina bat abiatu du, «sionismoaren aurkako ekimenetan parte hartzeagatik hainbat ekintzailek jasaten duten errepresioaren harira». Bilboko auzipetuez gain, badira beste auzi ireki batzuk: Zinemaldian egindako ekimen batengatik, Vueltako hamargarren etapan Irunberrin egindako protesta batengatik eta Enekurin egindako errepide mozketagatik. «Ariman mina hartu zuten Aburtok, Pradalesek eta Zupiriak. Israelen aurrean isilik geratu zituztenak haserre jarri ziren, Bilboko irudia zikindu omen genuelako. Baina, konplizeen aurka altxatu zirenak ari dira epaitzen. Horregatik, hemen bildu gara elkartasuna adierazteko, ezin dugu onartu Israelen presentzia, ezta Israelekin harreman komertzialak mantentzea ere», salatu du Artolak. (naiz-baskultur)

(2026-01-12)

POTASAS DE NAVARRAKO MEATZARIAK GREBAN

eusber1x12Duela 51 urte, 1975eko urtarrilaren 7an, Itxialdia hasi zuten Potasas de Navarrako meatzariek. Hilabete lehenagoko greba orokorraren protestaldien oihartzuna oraindik ozen entzuten zen 1975eko urtarrilaren 7an. Egun horretan, Potasas de Navarrako enpresako nagusiek beste 2 hilabetez zigortu zituzten ehunka langile, soldatarik eta enplegurik gabe. Patronalaren jarrera intrantsigenteena erakutsi zuen enpresako zuzendaritzak langileekin. Ez zen harritzekoa, Gobernua bera baitzegoen atzean. Potasas Nafarroako enpresa handiena zen, ia 2.000 langile aritzen ziren bertan eta Estatua zen jabe, Instituto Nacional de Industriaren bidez.

Zigorra jaso bezain laster langile ugarik Undianoko mehatzeetara jo zuten zuzenean eta bi aldiz pentsatu gabe barrura sartu ziren, Euskal Herrian izan den itxialdi sonatuenetako bati hasiera emanez. ORT (Organización Revolucionaria de Trabajadores) alderdi maoistak egutegi moduko bat argitaratu zuen, itxialdiak iraun zuen 15 egunetan mehatze barruan bizitakoa langile batzordeetako kide baten ahotan jarriaz: “Sartu ditugu gurdietan ahal dugun janari guztia eta eskura ditugun lanparak; eta Guardia Zibila berriz pasatu denerako 47 meatzari boluntariook ibilbideari ekin diogu arranpan behera. Horrela hasi da gure itxialdia, kementsu. Sentsazioa daukagu sekulako garrantzia izango duela, ez gaude prest hain erraz amore emateko, patronalak nahiko lukeen bezala”.

Mehatze barrunbeetan langileek jasandako presioa izugarria izan zen, argi mozketak, guardia zibilen oihuak, gosea, hotza, sukarra... eta batez ere, kanpoan gertatzen ari zenaren berririk ez izatea: “Estutzen gaitu pentsatzeak agian kanpoan errutinara itzuli direla, hainbeste fabrika daude greban! Eta gurea beste bat baino ez da...”. Kanpoan baina, kristorena ari zen sortzen. Hilaren 15ean Nafarroa osoa gelditu zuen greba orokorra egin zen itxitako langileen elkartasunez. Iruñean protestaldiak izan ziren eta herritar ugari saiatu ziren mehatze-putzua zegoen tokira iristen. Ramon Agesta ELAko militante historikoak gordetzen zituen paperetan, sindikatuaren agiri bat dago gertaera haien berri emanez: “Zizurren bildu ginen atzo, urtarrilaren 14an, 8.000 langile, eta handik Undianoko mehatze aldera abiatu ginen. (...) Gure kontra eraso dute, metraileta-andana batzuk bota, negar-bonbak leherrarazi eta gomazko balak jaurti”.

Meatzariak hilaren 21ean atera ziren zulotik euren borondatez. Kaleratuak izan ziren, eta epaituak. Baina epaiketa hartan hausturazko defentsa egin zuten abokatuek, Potasas enpresa izan zen auzitan jarri zutena, eta hein batean Estatua bera ere.

Jose Luis Diaz Monreal gazterik hasi zen Potasasen lanean eta urte haietan jazotakoa ikertu du. UEUrentzako egindako elkarrizketa batean kontatu du berak bizitakoa: “1974tik aurrera sekulako lan-gatazka sortzen da Nafarroan, baina azken helburua zen erregimena bota eta askatasun demokratikoak lortzea. Meatzarien itxialdiak iraun zuen bitartean gutxienez 15.000 langile izaten ziren egunero kalean, mundu mailako egunkarietan azaldu ginen eta ministroen kontseiluetan Nafarroako kasuaz hitz egiten zuten denbora osoan. Elkartasun zedarria izan zen. (...) Gogoratzen dut 1968ko greba batean CCOOren panfleto batzuk azaldu zirela lehen aldiz ‘elkartasunera’ deituz; Potasasen ordubeteko paroa egin genuen. Hortik aurrera elkartasuna izugarri zabaldu zen: 1970ean Granadako eraikuntzako greban hildakoekiko, 1972ko Ferrolgoekiko eta baita 1976an Gasteizko gertaerak izan zirenean ere”. Datu batek laburbiltzen du Diazek arestian azaldutakoa: 1971n elkartasunezko 5 greba baino ez ziren izan Nafarroan, 1975ean berriz 125. / Iturria: Urko Apaolaza, 1975 urtea, hiltamuaren kronika, ARGIA, 2015eko apirileko Larrun. (argia-baskultur)

(2026-01-11)

TRUMPEN POLIZIA PRIBATUA, SA BEZALA

eusber1x0111Trumpen polizia pribatu bihurtu da ICE, Minneapolisen ikusi denez. “Not if, but when” esan ohi da ingelesez: kezka ez da zerbait gertatuko ote den, noiz izango den baizik. Zortzi auto gidariri egin diote tiro ICEko agenteek irailetik, eta horietako bat hil Chicagon. Haurra eskolan utzi berri zuen mexikarra zen Silverio Villegas Gonzalez. Bederatzigarrena, Renee Good 37 urteko emakume zuri estatubatuarra izan da, eta hilketaren irudiak daude. Jonathan Ross ICEko agenteak Renee Good hiru tiroz hil eta gutxira, Donald Trump Etxe Zurian zegoen “The New York Times”-eko kazetariekin. Venezuela, Groenlandia eta beste gai batzuk zekartzaten berriemaileek presidenteari galdetzeko. Harro (noski), energiaz beteta eta indartsu zirudien Trumpek, hilabete askoren ostean, Caracaseko kolpeak Jeffrey Epstein pederastarekin izandako harremanaren presioa arindu zion aspaldiko partez.

Beste gaiak galdetegian beherago jarrita, kazetariek Minneapolisen gertatu berri zen hilketarekin ekin zioten elkarrizketari. Gidoia ordurako idatzita zeukan Etxe Zuriak, Kristi Noem barne idazkariak zehatz adierazita: biktima ezker muturrak erradikalizatutako „terrorista“ zen, autoa arma bezala erabiltzen saiatu zen eta ICEko poliziak bere burua defendatzeko egin zuen tiro. Trumpen fantasian, Goodek agentea „bortizki, berariaz eta era basatian harrapatu“ zuen. „Sinestezina da bizirik irtetea, baina orain ospitalean errekuperatzen ari da“, gaineratu zuen ICEko pistolariari buruz; ordurako sare sozial eta telebista guztietan agertu zen arren Ross arazorik gabe oinez Good hil eta gero, aurpegiko estalkia are gorago igotzen.

BENETAKO NAGIA EMATEN DU BIDEOAN NABARMEN AGERI DENA AZALDU BEHARRAK

Trumpen eta bere lekaioen gezurrak eta narratibak baliogabetzeko, begi-bistakoa azaleratzeko. “The New York Times”-ek lau minutuko bideo argigarri baten jaso du asteazkenean Minneapolisen gertatutakoa. Hiru planotatik hartutako bideoen analisi horrek erakusten du biktima agentearengandik urruntzeko maniobra egiten zebilela, eta ez hura harrapatzeko asmoz. Agerian uzten du halaber Rossek pistola aurretiaz atera zuela, eta autoak ez zuela agentea behin ere ukitu, irudiaren lerro berean eta sakontasunik gabeko planoan hala dirudien arren.

“The New York Times”-eko kazetariek bideoa jarri zioten Trumpi, abiadura motelean, argi utziz bideoak „ez zuela erakusten ICEko agente bat harrapatu zutela“. Trumpek lasai jarraitu zuen, segundo batzuk lehenago nabarmen geratu zen gezurretik milimetrorik urrundu barik. „Bueno -esan zuen- Nik ikusten dudan moduan… eszena izugarria da, gorroto dut hori ikustea“. Kazetariek ez zuten etsi, ICE urrunegi joan ote zen galdetu zioten. Beste askotan bezala, gaitik irten eta Joe Bidenen Gobernuraino jo zuen, immigrazioaren egoera leporatzeko.

Irudiak argiak dira, baina gerra kulturalaren araberako marra ezarri du trumpismoak, aurrez aurre jarrita ere egia zer den eta gezurra zer den ebazterik ez balego bezala. Trumpek „nik ikusten dudan moduan“ esaten duenean, esan nahi duena da berak ikusi nahi duena ikusten duela, eta bide batez zer ikusi behar duten esaten die jarraitzaileei.

AEBko telebistetan polizia askotako agente, agente ohi eta hezitzaileak pasa dira egunotan. Denak datoz bat: mugimenduan dagoen auto bati ez zaio tiro egin behar („agentearen kontra doanean da salbuespena“, hortik Etxe Zuriaren tema bertsio horretan), ezta ihesi doanean ere, inguruan daudenentzako arrisku egoerak eragozteko. Matrikula idatzi eta beranduago atzeman daiteke gidaria.

ICE MUGAKO POLIZIA, BAINA, NEURRIGABE HAZI DEN INDAR BEREZI BIHURTU DA

... ezein trebakuntzarik gabe sarri, baina ondo armatuta eta buruan ideologia ultra erabat txertatuta. FBI, CIA eta beste agentziei baino askoz diru gehiago bideratu diote ICEri. Herritar askok hormetatik kendu arren, metro eta autobus geltokiak ICEn sartzeko lan eskaintzaz beteta daude. 2021eko urtarrilaren 6ko matoi faxisten lanerako aterabide bihurtu da, Trumpen polizia pribatu bihurtzeraino.

Asteazkeneko hilketa duela bost urte George Floyd hil zuten lekutik lauzpabost bloketara dago. Orduko protestetan, manifestariei tiro egiterik ote zegoen galdetu zuen Trumpek Etxe Zurian („besterik ezean, hanketara“). Orduan ezetz erantzun zioten. Orain, gustura erantzungo diote baietz. Renee Gooden kriminalizazioak argi utzi du, „barne terrorismoa“ da. Minnesotako agintari demokratek hilketa ikertu eta Ross pistolaria auzipetu nahiko lukete, baina orain eta hemen, akusatuen aulkian egoteko baino aukera gehiago du Etxe Zurian domina jasotzeko. JD Vancek ostegunean esandakoaren arabera, ICEk „erabateko immunitatea“ dauka. Ez da egia legeari lotuta, baina inpunitatea esan nahi zuen. (naiz-baskultur)

(2026-01-07)

LAU PRESO EGOERA LARRIAN

eusber1x0107Palestinarekin Elkartasunak azaldutakoaren arabera, Palestine Action taldeko lau preso politiko egoera larrian daude egiten ari diren gose-greba dela eta. Euren baldintzak eta Gobernu britainiarraren Israelekiko konplizitatea salatzeko ekin zioten protestari. / Argazkia: Palestine Action taldea ilegalizatu osteko atxiloketak. (chris j. ratcliffe | afp)

Kamran Ahmed, Heba Muraisi, Teuta Hoxha eta Lewie Chiaramello Palestine Action taldeko kideak egoera larrian daudela salatu du Palestinarekin Elkartasuna Plataformak. Preso daudela, euren espetxeratze baldintzak eta Gobernu britainiarrak Israelek Gazan burututako krimenetan duen konplizitatea salatzeko gose-greba abiatu zuten, eta horren ondorioz euren osasuna nabarmen kaltetu da. Greban zeuden beste lau presok protesta eten zuten ospitalizatuak izan ostean.

Ahmed, Muraisi eta Hoxha 2024ko azarotik daude preso Britainia Handiko espetxetan Elbit Systems enpresa israeldarraren Filtoneko egoitzaren aurkako sabotai ekintzak burutu izana leporatuta. Chiaramello, berriz, 2025ko uztailean kartzeleratu zuten Royal Air Forceren aurkako ekintza batean parte hartu izana leporatuta. 

Palestinarekin Elkartasunaren arabera, «gose grebalarien egoera oso larria da». Larriena 31 urteko Heba Muraisi da, 65 egun ezer jan gabe eman ostean hitz egiteko zailtasunak dituena. Adierazi du ez diola grebari amaierarik emango ez badute bere familia ingurura hurbiltzen. Izan ere, ehundaka kilometrotara giltzapetu dute, isolatzeko.

Teuta Hoxhak 59 egun daramatza jan gabe eta memoria arazoak izaten hasi da. Kamran Ahmed hirugarrenez ospitaleratu dute, eta 58 egun daramatza gose-greban. Lewie Chiaramello aldizkako barauladia egiten ari da, nahiz eta 1 motako diabetesa; zorabioak, nahasteak eta ahulezia sufritzen ditu, 44 egun gose-greban daramatzan honetan. Euren protestarekin eskatzen dute fidantzapean aske utziak izatea, epaiketa justu baterako eskubidea bermatzea, komunikazio pertsonalak zentsuratzeari uztea, Palestine Action taldearen despenalizazioa eta Elbit Systems ixtea.

1.600 atxilotu: Palestine Action 2020an sortutako taldea da, eta mundu mailan «Israelgo erregimen genozidari» ematen zaion babesa amaitzen laguntzeko xedea du. 2025eko uztailean, parlamentu britainiarrak ilegalizatzea erabaki zuen, talde terroristatzat joz. Hurrengo hiru hilabetetan, poliziak 1.600 pertsona baino gehiago atxilotu zituen taldearekiko elkartasuna adierazteagatik. Antolatu duten gose-greba mota honetako ekintza koordinaturik handiena da herrialdean, 1981eko Bobby Sands eta bere kideek gauzatu zutenaren ondotik. (naiz-baskultur)

(2026-01-04)

LEHEN EUSKALKIEN MAPA

eusber1x0104Duela 213 urte, 1813ko urtarrilaren 4an, Luis Luziano Bonaparte jaio zen Worcestershiren, Ingalaterran. Napoleon Bonaparteren iloba zen. Anton Abadia ezagutu zuen Londresen, eta haren eraginez euskarari buruz ikertzen hasi zen. Bost bidaia egin zituen Euskal Herrira, eta ezaguna da euskalkien lehen sailkapen zientifikoa egin zuelako. Besteren artean, Sarako elizan Axularri eskainitako oroitarri bat ipini zuen. / Bonaparteren euskalkien mapa. Iturria: Wikipedia - Luis Luziano Bonaparte.

Duela 89 urte, 1937ko urtarrilaren 4an, Bilbo bonbardatu zuten hegazkin alemaniarrek, bost hildako eraginez. Abiazio errepublikanoak hegazkin alemaniar bat eraistea lortu zuen, eta sei tripulatzailetatik bik lortu zuten paraxutaz salbatzea. Haietako bat langile auzo batean erori eta lintxatu egin zuten. Bonbardaketek haserrea eragin zuten, eta UGTko batailoiek gidatutako manifestazio jendetsuak preso frankistak zeuden kartzeletara abiatu ziren. 224 exekutatu zituzten. Euzko Jaurlaritzak matxinada hau zapaldu eta preso frankista gehiago hiltzea eragotzi zuen. Iturria: José Manuel Azcona Pastor eta Julen Lezamiz Lugarezaresti, “Los asaltos a las cárceles de Bilbao el día 4 de enero de 1937”(2012).

Duela 40 urte, 1986ko urtarrilaren 4an, Robert Caplanne elektrizista miarriztarra hil zen atentatu baten ondorioz. 11 egun lehenago, 1985eko abenduaren 24an, GAL talde parapolizialeko bi kidek lau tiro egin, horietatik hiruk jo eta larriki zauritu zuten Biarritzen, Lapurdin. Bera ez zen errefuxiatua, baina Enrique Errasti zelakoan egin zioten eraso. Caplanneren gurasoek La Croix taberna zuten Biarritzen, eta hara joan ohi zen errefuxiatu ugari. GAL Espainiako zerbitzu sekretuek gerra zikinerako 1975etik 1982ra erabili zuten izenetako bat da, eskuin muturreko kidez osatua. Talde hauek gutxienez 70 pertsona hil zituzten Euskadin tarte horretan. Iturria: Borroka armatua Euskadin (1967-2011) - Emilio Lopez Adan, Maiatz. (argia-baskultur)

(2026-01-01)

ARMAGINTZA INDUSTRIA

eusber1x0101Armagintza industriak laguntzak jaso ahal izango ditu EAEn, EAJk eta PSE-EEk legea aldatu ondoren. Eusko Legebiltzarrean asteartean onartutako 2026ko EAEko aurrekontuetan, EAJk eta PSE-EEk zuzenketa bat egin dute azken unean, entitate publikoek armak ekoizten dituzten enpresekin kolaboratu ahal izateko. Elkarte antimilitaristek salatu dute 325 milioi euro bideratuko direla armagintzara modu horretan, gastu sozialetara beharrean.

Gasteizen, parlamentuaren kanpoaldean dozenaka lagun bildu dira astearte honetan, barruan EAErako 2026ko aurrekontuak onartzen ari ziren bitartean. Emakumeok Gerraren Aurka, Gerrarik Ez Euskal Herria eta Euskadiko GGKEn Koordinakundeak deitu, eta berrogei elkarte antimilitarista baino gehiagok babestuta, protesta egin dute salatzeko EAJk eta PSEk “isilpeko eta azken orduko” zuzenketa bat sartu dutela aurrekontuen proiektuan, entitate publikoek armagintza industriarekin kolaboratu ahal izan dezaten hemendik aurrera.

Joan den urtean Eusko Legebiltzarrean onartu zen Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legeak, 10.4 artikuluaren bidez, sektore publikoko erakundeei debekatzen zien “erabilera militarreko armamentua edo teknologia ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen” duten enpresei laguntzea. Orain, baina, azaroaren 28an jarritako zuzenketa baten ondorioz “murrizketa legal” horiek kendu dituzte eta dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte.

Lege aldaketa bultzatu duten EAJ eta PSE-EEren esanetan, aldaketa “teknikoa” da eta, hori egin ezean, “arriskuan” legoke Europako funtsetatik 325 milioi euroko “industria-inbertsioa”, Europako Segurtasun Estrategia itunari loturikoa. Aitzitik, Euskadiko GGKEn Koordinakundeak eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteak diote dirutza hori guztia armagintzara bideratuko dela, gastu sozialera beharrean, eta EAEko kooperazio araudien printzipioekin talka egiten duela horrek.

Elkarretaratzean parte hartu duten eragileek manifestu batean salatu dute artikulua aldatzeak, legea bera “edukiz hustu” eta bere izaera antimilitarista eta bakezalea “desaktibatzen” duela: “Geure buruari galdetzen diogu hori ote den gobernu honek duen koherentziaren balioa bakearen eta elkartasunaren aldeko politikei dagokienez, hori ote den gerrek suntsitzen dituzten hainbeste bizitzen prezioa”, azaldu dute.

Legebiltzarraren barrualdean, Sumarrek EAJren eta PSE-EEren ekimena lotu du Europan izaten ari den eskalada belizistarekin eta ohartarazi du armetara bideratuko den “euro bakoitza”, etxebizitza politika, zaintza eta zerbitzu publikoetatik murriztuko dela. (argia-baskultur)

(2025-12-30)

24. KORRIKAKO KANTA

eusber1x1230Zetak-ek egin du 24. Korrikako kanta: ‘Xiberutikan Mendebaldera’. Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorenarekin batera, Pello Reparazek ahotsa jarri dio 2026ko Korrikako abestiari. Ostegunean aurkeztu dute Agoizko kultur etxean, eta bideoklipa ere ikusgai dago jada. Martxoaren 19tik 29ra izango da Korrika, Atharratzetik Bilbora.

Xiberutikan Mendebaldera, Atharratzetik Bilbora, Euskara gara lelopean ehunka mila euskaltzalek egingo duten bideari doinua jarri dio Zetak taldeak, eta Pello Reparazekin batera ahotsa jarri diote Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorenak. Bideoklipean ere hirurak dira protagonista, eta plano sekuentzia bat da; Reparazek berak zuzendu du. Aurtengo leloari erreferentzia eginez, honelaxe diote: “Zer gara euskara bera ez bagara / Maixux eta Erramunen herrian (...) Lauburu bat gâteau batean baino / Euskara gara”.

Hain zuzen, AEK-k 24. Korrikan aldarrikatuko du euskararen herria denontzako “aterpe irekia” dela, aurkezpenean berretsi bezala, eta euskararen bidez eraikiko dela zapalkuntza orotatik babestutako “komunitate berdinzale eta zabala”. Oraingoan Errigora omenduko du Korrikak, Nafarroa euskalduntzen egiten duen lanagatik, eta Xiberutikan Mendebaldera kantuan ere euren auzolanaren eredua goraipatu dute.

Ane Elordi Korrika arduradunak aurkezpenean azaldu du AEK osoak aukeratu duela kantuaren enkargua nori eman, aurrenekoz, prozesu demokratiko baten bitartez. Reparazek gehitu du ez dela “enkargu hutsa” izan, baizik eta bere ibilbide artistikoko “erantzukizun eta poz handienetako bat”: “Euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da”. Kantaren egileak berretsi du Euskara gara leloak pisu handia duela, eta hori islatu nahi izan du letran ere: “Bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara”. Reparazek azaldu duenez, kantari “mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea” ematen ahalegindu da, ez “ereserki zurrun” batena.

Bideoklipean azpitituluak hiru hizkuntzatan daude, euskaraz, gazteleraz eta katalanez (frantsesezkorik ez): “AEKren euskaltegietan izena ematera lehen urratsa emateko, alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko, edota Korrikan kilometro bat gehiago egitera sustatzeko balio badu, kantak bere funtsa beteko du”, ziurtatu du Reparazek. (argia-baskultur)

(2025-12-29)

MANU DE LA SOTA

eusber1x1229Xabier Irujo (Caracas, 1967) historialariak gertutik ezagutzen du zer den euskal diaspora. Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasketen Zentroko zuzendaria, genozidioari buruzko ikerketetan katedraduna -“La mecánica del exterminio” (Critica argitaletxea) kaleratu berri du-, Manu de la Sotaren “Viaje a Idaho” liburuaren hitzaurrea prestatu du ingelesezko bertsioarentzat.

Zer garrantzi du Manu de la Sotak gure historian eta kulturan eta, oso adierazgarria izanik gaur egungo begiradatik abiatuta, zergatik gelditu da bere figura lausotuta edo ia oharkabean pasatuta? Bere garrantzia gure historian eta kulturan ezin da ulertu euskal erbestearen testuingurutik kanpo. Bera izan zen XX. mendeko euskal kultura politiko eta kulturalaren giltzarrietako bat, bai Euskal Herrian, bai erbestean. Haren ibilbidea ez da idazle edo intelektual baten ibilbide hutsa, baizik eta antolatzaile, bitartekari, diplomazialari kultural eta sare sortzaile baten lana, eta horrek ematen dio bere benetako neurria. Sota euskal modernitate nazionalaren belaunaldikoa da. 1936ko Gerraren aurreko euskal kultur pizkundean parte hartu zuen, batez ere, kulturaren eta politikaren arteko lotura ulertu zuelako erresistentzia modu gisa. Abertzale, euskaltzale eta independentista amorratua, gerra etorri zenean, beste askok bezala, erbestea ez zen berarentzat ihes soila izan, jarraipenaren estrategia baizik. Erbesteko Jaurlaritzaren zerbitzura jarri zen berehala, eta Euzkadi selekzioaren mundu bira, Eresoinkaren sorrera eta AEBko ordezkaritzaren antolaketa bezalako ekimenak zuzendu zituen, kultura diplomazia bihurtuz.

Idahoko bidaia eta Boiseko Jaurlaritzako ordezkariordetzaren sorrera bereziki adierazgarriak dira. Sotak euskal diasporaren potentzial politiko eta kulturala oso goiz ikusi zuen, eta Jon Bilbao bezalako gazteak bultzatuz, epe luzeko proiektuak irudikatu zituen. Bestetik, 1949an Euskararen Eguna suspertu zutenen artean egon zen, eta politika arloan, Londresko Euskal Kontseilu Nazionalean Manuel Irujok eta Jose I. Lizasok abian jarri zuten ildo politikoari jarraiki, Euskal Herriko independentzia defendatu zuen New Yorken eman zituen urte horietan Iralarekin eta Jon Bilbaoren batera.

Ordezkariordetza hura 1941eko nazien okupazioak ixtera behartu bazuen ere, haren ondorioak iraunkorrak izan ziren: gaur egungo Boiseko Basque Block, Basque Center eta diaspora antolatuaren oinarriak ezin dira ulertu ekimen haiek gabe. Are gehiago, Pete Cenarrusa Idahoko politikari handiari zor diogu AEBn Euskal Herriaren independentziaren alde berretsi ziren lau legez besteko proposamenak. Aski ezagutzen zuen Cenarrusak Bilbaok eta Sotak egindako lana. Izan ere, arkitekto ia ikusgaitza izan zen Sota: egiturak sortu zituen, baina egitura horiek beste izen batzuekin geratu dira historian. Hala ere, ia oharkabean geratu da historiografian, nagusiki euskal erbestea bera gutxi ikertua izan delako. Gure historiaren kontakizunak luzaroan lurralde barruko kronologietan zentratu dira, eta erbestea “bitarte” edo “eten” gisa ulertu da, ez espazio sortzaile eta politiko gisa.

Bigarrenik, Sota ez zen lider karismatiko edo diskurtso handikoa. Lan isila, antolaketa, bitartekaritza eta zaintza izan ziren bere ekarpen nagusiak, eta horrelako profilak sarritan kanonetik kanpo geratzen dira. Azkenik, bere pentsamendu humanista eta demokratikoa ez da erraz kokatzen geroko polarizazio ideologikoetan, eta horrek ere bere figura lausotu du. Euskal erbestearen 90. urteurrena gogora ekarriko dugun urte honetan, Manu Sota bereziki adierazgarria da. Bere ibilbideak erakusten digu euskal historia ez dela soilik barne politika, baizik eta nazioarte mailan kultura, hizkuntza, sareak, erbestea eta gure nazioaren izaera politikoaren presentzia uztartzen dituen prozesu konplexua ere badela. Sotaren figura berreskuratzea ez da iraganari omenaldia egitea, gizaldi oso baten memoria berreskuratzea da, eta, aldi berean, haien erronka kultural eta politikoei begiratzeko modua: gaur ere, orduan bezala, Euskal Errepublika independentearen eta gure hizkuntzaren ofizialtasunaren alde borrokatzen jarraitu behar dugu. Historiak Sota, Irala, Bilbao eta beste asko ahaztu egin baditu, ez da izan euren lanaren txikitasunagatik, baizik eta oraindik ez diogulako behar bezala begiratu euskal erbestearen historiari.

Idahoko koaderno hauek garaiko euskal diasporaren erretratu bizia dira. Ia etnografikoak direla esango nuke, ezta? Bai, ados nago erabat baieztapenarekin. Koadernoek eguneroko bizitzaren maila xehea jasotzen dute, artzainen izaera isila, ostatuak, dantzaldiak, bilerak, diru bilketak, hizkuntza arazoak, mesfidantzak eta elkartasun keinuak. Harremanen, keinu txikien eta tentsio sotilen kronika da. Horregatik dira etnografikoak, komunitate baten barne logika erakusten dutelako, kanpotik epaitu gabe baina barrutik behatuz, artxibo ofizialek edo adierazpen politikoek inoiz jasotzen ez duten moduan. Era berean, balio handia dute diasporaren barne aniztasuna agerian uzten dutelako. Testuak ez du komunitate idealizatu edo homogeneo bat marrazten; aitzitik, axolagabetasuna, beldurra, nazionalismoarekiko distantzia eta interes pragmatikoak agertzen dira. Jon Bilbaoren gutunetan jasotzen den bezala, Basque mood-a neurtzeko ahaleginak huts egiten du hasieran, eta horrek erakusten du diaspora ez dela automatikoki politizatua edo kontzientziatua. Ikuspegi horrek balio historiko handia du, mitifikazioaren aurkako lekukotasuna delako.

Koadernoek sortze prozesu instituzionala barrutik erakusten dute, ordezkariordetza nola sortu zen, nola bilatu ziren aliatuak (amerikarrak barne), nola antolatu ziren komiteak, eta nola hautsi zen dena faktore geopolitikoengatik. Hau guztia mikrohistoriaren ikuspegitik emanda dago, eta horrek aparteko balioa ematen dio, egitura handien (1936ko Gerra, Bigarren Mundu Gerra, faxismoa) eragina pertsona zehatzen bizitzetan nola gauzatzen den ikusten baitugu. Azkenik, idazkiak balio etiko eta memoriala du. Porrota aitortzen da, etsipena ageri da, baina baita duintasun intelektuala eta jarraitzeko borondatea ere. (naiz-baskultur)

(2025-12-27)

LOURDES IRIONDO KANTAUTOREA

Lourdes Iriondo Mujika (Donostia, Gipuzkoa, 1937ko martxoaren 27a - Donostia, Gipuzkoa, 2005eko abenduaren 27a) euskal kantaria eta idazlea izan zen. Euskal kantagintzaren erreferente izan zen 1965etik 1978ra bitartean. Ez Dok Amairu taldeko kide sortzaileetakoa izan zen eta hasieran kudeatzailea, eta talde berean aritu zen ere senar izan zuen Xabier Lete. 2025ean, hura hil zela hogei urte betetzean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina eman zion; sari horren bidez, euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako ekarpena aitortu zaio.

Bizitza - Hamaika haurride ziren Iriondo-Mujikatarrak; horietatik Lourdes bigarrena zen. Zazpi urte zituela, familia osoak Urnietara egin zuen, eta han eman zituen haurtzaroa eta gaztaroa. Euskara lehen hizkuntza zuen, baina anai-ahizpengan gero eta handiagoa zen erdararako joera. Mojetan ikasi zuen, hasieran Urnietan, gerora Donostian. Mojak frantsesak ziren, eta frantsesez egin behar izaten zuten ikastetxean.

Iriondo gazteak behartsuak lagundu nahi zituen; hori zela eta, hemeretzi urterekin Gasteizko Misioneras Seculares elkartearen formakuntza etxean sartu zen, misiolari lanetarako prestatzeko asmoz. Ez zuen ametsa betetzeko aukerarik izan, handik urtebetera bihotzeko eritasun larria diagnostikatu baitzioten. Hortik aurrera, zorrotz zaindu behar izan zuen osasuna. Gaixotasunaren ondorioz, etxean egotera behartuta egon zen denboraldi luzez. Garai hori aprobetxatu zuen haurtzarotik gogoko zuen musikagintzan trebatzeko.

Musika arloko lehen urratsak - Izan ere, txikitatik izan zuen musikarako zaletasuna; ahots gozoa eta garbia zuen, eta familia giroan kanta zaharrak kantatzen zituzten askotan. Urnietako txistulari taldean ibili zen, eta Donostiako akademia batean zazpi urtez aritu zen opera eta kantua ikasten. 1964an, aitak oparitutako gitarrarekin hasi zen Cecilio Espada irakaslearekin eskolak hartzen. Aurretik hasia zen bere kantuak egiten; kutsu erlijiosokoak ziren horietako asko, bai eta euskara eta euskal kulturaren ingurukoak ere. Kanta gehienak lagunek (tartean, Joseba Zugasti Urnietako apaiza) moldatzen edo euskaratzen zizkioten, artean ez baitzen gai sentitzen euskaraz konposatzeko.

Jendaurreko lehen emanaldia 1964an egin zuen, Andoainen, ikastolaren alde egin zen kantaldi batean. Arrakasta handia lortuta, Tolosan eta Villabonan abestu zuen gero. 1965ean, Aizarnan, Gazteriaren Egunean kantatu zuen, eta hor ere arrakasta handia lortu. Berehala, Joxemari Iriondo kazetari eta lehengusuaren eskutik, Loiolako Herri Irratirako hainbat kantu grabatu zituen, eta horiek emititzen hasi ziren. Entzuleen hainbat kritika jaso zituen arren, besteak beste «espainiar gitarrarekin euskaraz abesterik ez zegoelako», oso ezagun egin ziren Lourdes Iriondoren ahots eta doinuak. Handik aurrera, Euskal Herriko txoko guztietan ibili zen kantari. 1965ean, berrogei kantaldi inguru eskaini zituen. 1967an, berriz, 170 inguru izan ziren. Garai hartan izan zituen lehen arazoak zentsurarekin. «Ez gaude konforme», «Askatasuna zertarako», «Nire erria» eta gisakoak kantaldietan kantatzeko baimena jaso behar zuen, eta hainbatetan moldaketak egin.

Ez Dok Amairu - Garai hartako Euskal Herrian ez zen batere ohikoa emakume bat oholtza gainean agertzea, gitarra eskuetan zuela. Luze gabe hasi ziren kantari berriarentzat goitizenak agertzen: Euskal Herriaren nobia, Euskal Herriko Joan Baez eta Ez Dok Amairuko musa deitu izan zioten. Jose Angel Irigarairen esanetan, «jendea ez da konturatzen zer zen Lourdes Iriondo 60ko hamarkadan. Agertokian transformatu egiten zen, ikaragarria zen, eta jendea liluratuta gelditzen zen».

Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, 1965ean; bileretan hasieratik hartu zuen parte. Dena den, gainerako partaide gehienak ez bezala, ordurako kantari ezaguna zen. Ez Dok Amairun idazkari lanak egin zituen, eta taldearekin batera kantaldi askotan hartu zuen parte. 1967an lehen bi disko txikiak argitaratu zituen, Belter diskoetxearekin. Aspaldiko kantak ziren: «Abesten dizut, jauna», «Loa», «Kitarratxoa ta euskera», «Ain urruti ta ain urbil». Nolanahi ere, urtetik urtera Lourdes Iriondoren kantagintza gero eta konprometituagoa ari zen bihurtzen. Honela azaldu zuen bilakaera: «Beharbada, lehenago kanta gauza polit bat bezela kontsideratzen zen. Esakizun haundirik gabeko gauza arin bat bezala. Gaur berriz, esakizun haundiak ditu herriari kantatzen zaion kantak. Beste kontzientzi batekin kantatzen da gaur. Herriaren problemak kantatzen dira...». 

1968an, diskoetxe beraren eskutik, beste disko txiki bat eman zuen argitara. Hor zeuden lau kantek argi erakusten zuten urnietarraren bilakaera: «Lin-Pan mendia», «Askatasuna zertarako», «Nire erria» eta, batez ere, garaiko ereserki bihurtu zena, «Ez gaude konforme». Ez zen 1968ko uzta bakarra izan. Disko luze bat argitaratu zuen, Kanta zaharrak (Belter, 1968), Resurreccion Maria Azkuek bildutako kantutegitik aukeratutako ale zaharrekin. Urte beran, gainera, Xabier Leterekin ezkondu zen. Hurrengo urtean, disko txiki bat argitaratu zuen bikoteak. 1969an, beste bi disko txiki eman zituen argitara Iriondok; horietako bat, haurrentzako abestiekin: Aur kantak.

Ez Dok Amairu bereizi ondoren - 1972an bereizi zen Ez Dok Amairu. Gero, Iriondo Xabier Leterekin eta Benito Lertxundirekin ibilbide laburreko beste proiektu batean hasi zen: Zazpiribai ikuskizunean. Horretan Ipar Euskal Herriko beste hainbat musikari ere aritu ziren: Pantxoa eta Peio, Ugutz Robles-Arangiz, Manex Pagola, Patxika Erramuspe. 1974an argitaratutako Lurdes Iriondo disko luzea (Artezi) eta 1976an Xabier Leterekin ateratako bilduma izan ziren grabatutako azken lanak. Haren heriotzaren ostean, Antologia bilduma argitaratu zuen Elkar diskoetxeak 2006an. 1978an Hernaniko Galarreta pilotalekuan Xabier Leterekin, Antton Valverderekin eta Pantxoa eta Peiorekin batera egindako kontzertua izan zen haren azken emanaldia. Garai hartan aldaketa handiak gertatzen ari ziren gizartean eta kulturgintzan, eta ez zen oso eroso sentitzen. Horrez gain, osasun makalegia zuen kontzertuz kontzertu ibiltzeko. Handik aurrera, literatura, ikastola eta parrokia izan zituen zeregin nagusiak. (wikipedia-baskultur)

(2025-12-26)

NAZIOARTEKO BRIGADAK 1936AN

Duela 89 urte, 1936ko abenduaren 26an, AEBetako 100 bat boluntario 1936ko Gerran faxismoaren aurka borrokatzeko itsasoratu ziren New Yorken. Horiek izan ziren lehenak eta orotara 2.800 borrokalari ipar-amerikar inguruk hartu zuten parte Brigada Internazionaletako XV. Batailoian: Abraham Lincoln Batailoia. Gehienak komunistak ziren, eta arraza-segregaziorik gabeko AEBko lehen batailoia izan zen. Brigada Internazionalak elkartasun internazionalistaren eredu izan ziren. 53 herrialdetatik 35.000 boluntario baino gehiago joan ziren Espainiako Estatura frankismoaren aurka borrokatzera eta zenbait kalkuluren arabera, 10.000 bat hil ziren. Nazioarteko Brigadak Espainiako Gerra Zibilean Espainiako Bigarren Errepublikaren alde borrokatu ziren boluntario atzerritarrak izan ziren. 54 herrialdetatik bertaratu ziren eta 1936ko hauteskundeetan sortu zen gobernuaren aurka egin zuten estatu kolpearen aldekoei aurre egin zieten.

Lincoln brigadak eta Andreu Castells historialariak AEBetan egindako ikerketen arabera, 59.380 brigadista atzerritarrek hartu zuten parte, eta horietatik 15.000 baino gehiago hil ziren. Gehienak frantsesak ziren, Paris ingurukoa batez ere, ia 10.000 gizon joan baitziren handik. Borrokalari gehienak ez ziren soldaduak, III. Internazionaleko alderdiek edo I. Mundu Gerrako beteranoak baizik.

Iturria: Iturria: Rémi Skoutelsky, Novedad en el frente. Las Brigadas Internacionales en la Guerra Civil (Temas de hoy) + William Loren Katz eta Marc Crawford, The Lincoln Brigade. A Picture History (Wipf & Stock). (argia-wikipedia-baskultur)

(2025-12-25)

eusber1x1225

I.MG: GABONETAKO SU-ETENA

Duela 111 urte, 1914ko abenduaren 25ean, I. Mundu Gerran, mendebaldeko fronteko milaka soldadu britainiar eta alemaniarrek, euren ofizialen aginduak desobedituz, inorena ez zen lur eremura jo eta soldadu etsaiekin Gabon gaua ospatu zuten Gabonetako Su-eten gisa ezagutzen den gertaera. Argazkia: Soldadu britainiarrak eta alemaniarrak berriketa alaian, su-eten espontaneoan.

Etsaitasun nazionalisten gainetik klase elkartasuna gailendu zen euren artean. Bezperan bakoitza bere lubakitik elkarri gabon kantak abesten aritu ziren. Inorenak ez ziren tarteko lurretan bat egin zuten gabon opariak trukatzeko: zigarretak, whiskia eta abar. Hurrengo urteetan ez zen halako desobedientzia orokorturik gertatu, gerra-propaganda gogortu eta armada bakoitzak aginduak gogortu baitzituen. Hala ere, gertaera ez da ahanzturan erori. Biblio-Archives / Library-Archives (argia-baskultur)

(2025-12-24)

IKATZA ALDERDI GEHIENENTZAT

eusber1x1224Gogoan dut duela hilabete batzuk Herri Ekimen Legegilea (HEL) ekarri nuela izenburura. Gutxieneko pentsioei buruzkoa izan zitekeen, edota gutxieneko soldatari buruzkoa. Bata edo bestea izan, amaiera berbera izan dute biek. Gobernuetan dauden alderdiek bideak itxi dizkiete milaka sinadura bildu zituzten ekimen legegileei. Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bultzatzeko sindikatuek 138.000 sinadura bildu zituzten. Nafarroan, txosten juridikoen aitzakia erabili zuten eztabaida atzera botatzeko. Eusko Legebiltzarrean, EAJ, PSE, PP eta VOX alderdiek eskutik helduta itxi diote bidea. Hortxe, oinarrizko bizi baldintzei buruz hitz egiterakoan alderdi politikoen ideologiaren ispilua.

Alderdi politikoak presionatzeko bidea, patronalei “nahikoa da!” esateko era, langileak antolatzeko eta kontzientziatzeko tresna, borroka egituratzeko modua, indibidualizazioa gainditu eta ahalduntze kolektiborako aukera. Horixe guztia delako greba orokorra, egun bakarreko mobilizazioa baino harago

Gutxieneko soldata lekuko errealitate sozioekonomikora egokitzeko saiakerak ez dira berriak. Zenbakia garrantzitsuena ez den arren, oraingoan 1.500 euroko langa jarri du euskal gehiengo sindikalak aldarri gisa. Ekimenak blokeatu dituztenen soldatetatik aski urrun dagoen zenbakia, ziur. Eta negoziazio mahaiak sortzeari uko egin dioten EAEko Confebask eta Nafarroako CEN patronaletako ordezkarienetatik are urrunago, jakina.

Mugimendu natural gisa hartu beharko genuke, beraz, sindikatuena (ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde dira, oraingoz, deitzaileak). Alderdi politikoak presionatzeko bidea, patronalei “nahikoa da!” esateko era, langileak antolatzeko eta kontzientziatzeko tresna, borroka egituratzeko modua, indibidualizazioa gainditu eta ahalduntze kolektiborako aukera. Horixe guztia delako greba orokorra, egun bakarreko mobilizazioa baino harago. Hurrengo hilabeteotan sindikatu eta eragile sozialek erronka ederra daukagu: ustez Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak eragiten ez dietela uste duten milaka langileak mobilizatu eta ideologizatzea. Olentzero etxe guztietara iristea ere badago jokoan. (argia-baskultur)

(2025-12-22)

SASKIBALOI HORI EZ

Maccabi eta Hapoel Tel Aviv taldeek Gasteizen jokatuko dituzten partidak bertan behera uztea exijitu du Palestinarekin Elkartasunak. 2026an Maccabi Tel Aviv eta Hapoel Tel Aviv saskibaloi talde israeldarrak Gasteizera etortzekoak dira Euroligako partidak jokatzera. Palestinarekin Elkartasuna plataformatik salatu dute partida hauek Israelgo Estatuaren aurpegia zuritzeko balio dutela eta partiduak bertan behera gelditzea exijitu dute. Palestinarekin Elkartasuna Plataformatik salatu nahi izan dute Israelek kirol ikuskizunak erabiltzen dituela "bere burua normalizatzeko eta estatu moderno gisa agertzeko". Guzti hau "su eten faltsuaren" testuinguruan kokatu dute plataformatik, eta zenbait mediok egiten duten "propagandak" gizartearen desmobilizazioan helburu duela azpimarratu dute.

Plataformatik jakinarazi nahi izan dute Israelek nazioarteko harremanak normalizatzeko erabiltzen dituela mota honetako jarduerak eta honekin "proiektu sionista gauzatzeko legitimitatea" lortzen duela. Maccabi Tel Aviv eta Hapoel Tel Haviv taldeetan ere jarri nahi izan dute arreta, beraien hitzetan, "bertako jokalariak eta zuzendaritzako kideak Israelgo estatu terroristaren enbaxadore dira, eta harreman estua dute okupazio armadarekin". Horren ondorioz Israelgo estatuarekin harremanak erabat eten behar direla aldarrikatu dute.

Arduradun bat baino gehiago - Partida hauek jokatu ahal izateko, adierazi dute, agente ugarik dauzkate ardurak. Batetik Euroliga bera, izan ere, bertako bazkideen esku dago nork parte hartzen duen eta nork ez erabakitzea. Beraz, Israelgo taldeen parte hartzea adostutako kontua da eta Palestinarekin Elkartasuna plataformaren iritziz, "Israel estatu aliatu gisa irudikatzeko erabakia" dago honen atzean. Eusko Jaurlaritzaren ardura ere aipatu dute, izan ere kirol ekimenak bertan behera uzteko eskumena du honek. Arabako Aldundiak ere badu bere ardura, gogoratu dutenez, Buesa Arenaren jabe den heinean, eta Gasteizko Udalak bere partetik, hiriko azpiegituren ardura du.

Bukatzeko Baskonia klubaren zuzendaritzaren ardura azpimarratu nahi izan dute, izan ere klubak erabaki dezake partidua jokatzeari uko egitea, nabarmendu dutenez. Palestinarekin Elkartasuna plataformatik adierazi dute badakitela "instituzioek ez dutela benetako interesik Israel ezegonkortzeko, Mendebaldeak eskualdean duen bazkide nagusia delako, mendebaldeko Asia kontrolatzeko ezinbestekoa".

Ekimenak eta boikoterako deia - Egoera honen aurrean, Palestinarekin Elkartasuna plataformatik zenbait ekimen abiatuko dituztela jakinarazi nahi izan dute "partidu hauek gelditzeko" eta herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera. Horrekin batera zaleei eskatu diete partiduak boikoteatzea eta sarrerarik ez erosteko deia luzatu dute. (argia-baskultur)

(2025-12-21)

BVEk HIL ZUEN ARGALA

eusber1x1221Jose Miguel Beñaran Ordeñana, Argala (Arrigorriaga, 1949 / Angelu, Lapurdi, 1978ko abenduaren 21a), ETAko kide eta buruzagi historikoa izan zen, erakundearen barruan leninistarik nabarienetarikoa. Bere autoaren azpian jarritako lehergailu batez hil zuten Espainiako zerbitzu sekretuek. Ekintza Batallon Vasco Español erakunde parapolizialak hartu zuen bere gain.

Bizitza: Arrigorriagan jaio zen. Ama euskalduna zuen, baina etxean gaztelaniaz soilik egiten zuen. Aita abertzalea zen, eta ez zekien euskaraz, guraso euskaldunak izan arren. Eskola frankistako giroaz gain etxean giro abertzalean hazi zen. Hirurogeiko hamarkadako erdialdeko grebek eta errepresioak eman zizkioten klase sistemaren ikuspegia. Teoria marxista ikasteari ekin zion gaztetatik. Euskal nazioaren kontzientziaren berpizkundea izan zen 1960ko hamarkada: ikastolak, jaialdiak, euskara ikastaroak... Giro horretan bete betean murgildu zen Jose Miguel Beñaran. 1968an ETAn sartu zen, lagun taldeko hainbatekin batera. Ingeniaritza ikasketak egiten aritu zen, baina ikasketa horiek utzi eta banketxean lanean hasita, giza zientziak ikasteari ekin zion. Une batez erakundea uztekotan izan zen: guraso biak gaixorik, lana, ikasketak, 1970ean aita hil zen... Baina 1970eko maiatzean bere izena atera zioten poliziek atxilotu bati, eta ihes egin behar izan zuen. 21 urte zituen Beñaranek.

Klandestinitatean: Hasiera batean Oñatin hartu zuen aterpe, bertako familia baten etxean. Bertan Iñaki ezizena ere hartu zuen. Urte batzuk egin zituen Oñatin eta beste leku batzuetan ezkutuan. 1969an Bilbon Artekale kalean eta Kantabrian, Mogrovejon (Camaleñon) ETAren zuzendaritza taldea ia osorik atxilotu ostean, eztabaida ugari piztu zen erakundearen barruan eta 1970eko abuztuan Itsasun egindako Seigarren Biltzarretik hiru talde sortuko ziren: ETA V, ETA VI eta Celulas Rojas. Garai horretan Argala Fronte Kulturalean egituratuta zegoen. Ez zen Itsasuko biltzarrean izan eta hasiera batean bere egituraren barruan jarraitu zuen, ETA VI.aren ildoan.

1970eko abenduan Burgosko prozesua egin zen. Abenduaren 2an ETA V.ak Behil kontsula bahitu zuen Donostian. Bere aldetik ETA VI.ak presoak espetxetik ateratzeko ekintza prestatu zuen: "Operación Botella". Argalak parte hartu zuen ekintza honetan: kanpotik zulo bat egin zuten kartzelaraino. Satorrak, oztopo ugari gainditu ondoren, kartzela barruraino sartu ziren baina azkenean ihesaldia burutu ezinik gelditu zen ihes egin behar zuten presoetara iristeko hormigoi murru bat zulatu ezinean.

ETAren adar desberdinen arteko jarrerak argitzen joan orduko Argala ETA V.ean sartu zen 1971ko urtarrilean. Argalak ikuspegi marxistatik teoria bat eraikitzeko ahalmena gehitu zien ETAren berrosatzean hainbat militanteri, hala nola Txomin Iturberi eta Eustakio Mendizabali. Argala antolaketa lanetan Parisen aritu ondoren, Bizkaira itzuli zen, herrialde horren Fronte Kulturalaren arduradun, bere bizilekua Eibar-Elgoibarren kokatuta. Fronte Kulturalean jarduteak baina, ez zuen esan nahi Fronte Militarrean aritzen ez zenik: 1971ko irailaren 30ean Bergarako Banco de Vizcayaren sukurtsalean egindako atrakuan parte hartu zuen Eustakio Mendizabal eta beste burkide batzuekin batera: 10 milioi pezeta eskuratu zuten.

1971n ETAk Madrilen babeslekuak sortzeari ekin zion, bertako ezkerreko taldeekin kontaktuak egiteko, erretagoardia anonimoago eta seguruago baten bila eta, beharbada, bertako erakunde armatu baten sorreran laguntzeko ideiarekin ere. Argala, beste militante batzuekin batera, joan-etorri ugari egingo zituen Madrilera urte honetan zehar, antolaketa lanen eta ekintza militarren artean. Eta bertako erakunde armatu bat sortzearen ideia berehala baztertu bazuten ere, bertan ekintzak egiteko aukera planteatu zen. Madrilen egun hauetan egin zituen Argalak lehen harremanak Alfonso Sastre eta Eva Forestekin ere (...) (wikipedia)

(2025-12-20)

ETAk CARRERO BLANCO HIL ZUEN

eusber1x1220Duela 52 urte, 1973ko abenduaren 20an, Carrero Blanco hil zuen Madrilen ETAren Txikia komandoak. Hil hurren zegoen Francoren ostean Estatuko figura politiko nagusia zen. Atentatua Ogro operazioa deituko zuten. Mezara bidean egunero autoarekin pasatzen zen kale baten azpian tunela zulatu zuten bost hilabetez. Gainetik pasatzean tunelean kokatutako lehergailuak zartarazi eta airean bota zuten autoa, frankismoari kolpe gogorra emanez.

ETAk Euskal Herritik kanpo egiten zuen lehen ekintza armatua izan zen eta ekintza armatuak egiten urte gutxi lehenago hasitako ETAri ospe handia eman zion nazioartean. ETAk prentsaurrekoa eman zuen Bordeleko Talacen, eta ondorioz, jabea atxilotua izan zen: Edur Agirre, Kataide, ETA Bosgarrena sortzeko agiria izenpetu zutenen Biltzar Ttipiko kidea. ETAren prentsaurrekoa atentatua bere gain hartu eta azalpenak emateko. Urte batzuk geroago, Eva Forestek "Operación Ogro" izeneko liburua egin zuen, eta atxilotu eta torturatu egin zuten. Iturria: Eva Forest. Operacion Ogro: Cómo y Por qué ejecutamos a Carrero Blanco (Hiru editoriala). (argia-baskultur)

 

(2025-12-19)

NATOREN AURKAKO MANIFA M14

eusber1x1219NATOren kontrako manifestazioa iragarri dute martxoaren 14rako Iruñean, Euskal Herriak erakunde honi erreferendumean ezetz esan zionetik 40 urte betetzen direnean. Inperialismoak herri eta langileak zapaltzeko erabiltzen duten tresna dela nabarmendu dute. / Iruñeko mobilizazioa aldarrikatzeko egin duten agerraldia. (foku) - Heldu den martxoaren 14ean manifestazio nazionala deitu dute talde internazionalista eta antiinperialistek «NATOri ezetz esango dion Euskal Herri antolatu bat» aldarrikatzeko. Izan ere, sasoi horretan Euskal Herriak NATOri ezetza eman zion erreferendumaren 40 urte betetzen dira. Ekimenaren berri emateko agerraldia egin dute ostiral honetan Iruñean eta bertan Askapena, Bardenas Ya, Bultza EH m-l, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Euskal Herria Bizirik, Indar Nafarroa, Jardun, OTAN Ez Plataforma eta Zabaldi taldeetako kideak izan dira.

«Ziurgabetasun, ezegonkortasun eta indarkeria testuinguruan gaude. Kapitalismo globala krisi sistemiko betean dago. Krisia kapitalismoari berezkoa bazaio ere, egungo hau arnas luzekoa ari da izaten, eta faktore anitzekoa da: ekonomikoa, ekologikoa, ... Eta zalantzarik gabe zaila egiten zaio irtenbidea bilatzea sistemaren egungo logikoen baitan», azaldu dute. Hori dela eta, «jotzen du industria, ekoizpena eta harreman sozial guztiak finantziarizatzera eta militarizatzera; gerra inbertsiorako bide nagusitzat ezarri da, irabaziak lortzeko eta baliabide gehiago kontrolatzeko bitartekotzat. Gerra bere zentzu zabalenean ulertu behar dugu. Garaiok presaz eskatzen dute Euskal Herri internazionalista eta antiinperialista; NATOri ezetza esango dion Euskal Herri antolatu bat», gaineratu dute. Inperialismoa bere hegemoniari eusteko borrokan «AEBeko burgesia buru dute eta Europar Batasuna eta NATO beso armatua aliatuak».

Herri eta langileen kontrako gerra

«Dakien eta posible duen modu bakarrean erantzuten du egoera honen aurrean: herrialde desobedienteei zein hango herri langileei gerra deklaratuz, erasoak eginez eta are gehiago esplotatuz. Ez hori bakarrik, eraso horien atzen, azken erreserba energetikoak eta hornidura kalteak kontrolatzeko eta hedatzeko nahia ere badago», azaldu dute.

Testuinguru honetan kokatu dituzte «NATOren eraso inperialista Errusiaren kontra», Txinaren aurkako jazarpen ekonomiko eta militarra, Israelekin ematen den lankidetza eta erresistentzia palestinarraren eta bere aldekoen aurka ematen diren erasoen babesa edo Venezuela eta Kolonbiaren aurka prestatzen ari diren erasoak. «NATOk eta inperialismoak funtsezko funtzioa dute esku hartze horietan, eta aipatu berri ditugunak interbentzioen zerrenda luze bateko adibide batzuk besterik ez dira», azpimarratu dute hauen inpersialismoaren kontra aritzen direnei elkartasun mezua luzatu dutelarik.

Kanpo interbentzioetatik harago

«Nolanahi ere, NATO ez da kanpo interbentzioetarako tresna soilik, harago doa. Izan ere, kapitalismoaren eta inpersialismoaren bermeetako bat da, munduko herri langileon kalterako sistema horien zutabeetako bat. Kapitalismoak, berrindartzeko, suntsitu egin behar du: lurraldeak eta ekosistemak suntsitzen ditu, hedatu dadin; lan indarra eta eskubide kolektiboak suntsitzen ditu, irabaziak pilatzen jarrai dezan; bizitzak, hizkuntzak, kultural eta identitateak suntsitzen ditu, bere hegemonia ezar dezan», salatu dute.

Gerra agertoki honi eusteko, «inperialismoak eta NATOk bere antolakunde kriminalak ageriko hainbat aldaketa eragin ditu esfera materialean: kapitalaren balioa handitzen saiatzen ari dira industria militarraren bidez, estatukideen BPGaren zati geroz eta handiagoa ari dira bideratzen NATO finantziatzera, Europan defentsarako industria politika diseinatzen ari dira, mugak are gehiago militarizatzen, eta migrazio mugimenduak mehatxutzat jotzen ‘lorategiaren’ segurtasunerako».

Autoritarismoaren indartzea

Eremu ideologiko eta materialean ere nabarmentzen da joera hau: «joera autoritarioa indartzen ari da». Zerbitzu militarraren berrezarpean, elkartasuna eta antifaxismoaren kriminalizatzea eta arrazismoa, bazterketa eta faxismoaren hedapena aipatu dituzte, besteak beste. Egoera global honek Euskal Herrian ere eragina duela nabarmendu dute. Izan ere, langile klasearen bizi baldintzak okerrera doaz, lan indarra debaluatuz eta etxebizitza bezalako oinarrizko beharrak lortzea gero eta zailago delarik. Aldi berean, Euskal Herriko burgesia estatu espainol eta frantseseko eta EBkoekin «zuzenki lerrokaturik dago». Horrela, industria militarra eta energia eta nekazaritzako makroproiektuak bultzatzen dituztela salatu dute.

Euskal Herrian ere

Honen isla, Bardeetako poligonoak bertan segitzen duela, Hego Euskal Herrian armagintzari loturiko enpresak hirukoiztu direla, Sener, IRP eta SAPA Europaren defentsaren proiektu estrategikoen programa militarren parte direla gogoratuz. Honekin batera, Sidenor, CAF eta Dassault Aviationek Israelek burutzen duen genozidiotik onura ekonomikoak eskuratzen dituztela salatu dute. «Gerra inperialistan oinarritutako eredu eta garapen ekonomiko bat ezartzen ari dira».

Egoera honen aurrean, «herria isilik, geldirik eta disziplinatua mantentzeko eskura dituzten tresna guztiak ari dira erabiltzen». Estatuek «altxatzen den edonoren aurka» errepresioa erabiltzen dutela; nazionalismo erreakzionario eta faxismoaren gorakada; eta herri langileen kulturak homogeneizatzen ari direla aipatu dute. «Eta lan horretan guztian rol garrantzitsua du sozialdemokraziak, materialki ezinezkoak diren promesak egiteaz arduratzen baitira otzan jarrai dezagun eta borrokak bare daitezen. Bake abstraktua aldarrikatzen dute: munduko beste herriak eta edozein elementu iraultzaile desagerrarazi gabe posible ez den gizarte baten eraikuntza. Finean, borrokak etengabe oztopatzen dituzte, kriminalizazio elikatzen dute, eta egungo ereduarekin konfrontazio oro saihesten eta desagerrarazten», salatu dute. (naiz-baskultur)

(2025-12-17)

GUGGENHEIM URDAIBAI BAZTERTUTA

eusber1x1217“Gizarte antolatua erakundeen eta agintarien burugabekeriei aurre egiteko gai” dela eta Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurkako borrokak fruituak eman dituela ospatzeko, otsailaren 7an Gernikan antolatu duten jaira gerturatzeko deia egin du Guggenheim Urdaibai Stop taldeak. Hiru urtez borrokan aritu diren guztiak eskertu nahi izan ditu taldeak, asteazken honetan emandako prentsaurrekoan. Izan ere, proiektua bertan behera geratzea herritarren lanari esker izan dela nabarmendu dute. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hasieran izan zuten “jarrera zurrun eta inposatzailea” kritikatu dute, museoa “bai ala bai egingo zela” esan zietela. Baina, gaineratu dute, agintari horiek berek orain erabaki hau hartu dute “zientziak, legeak eta gizarteak agerian utzitako errealitateari ihes egin ezinik”.

“Argudio merkeekin estali nahi dute beren hausnarketarik eza”, salatu dute. Burokrazia, auzi administratiboak, kutsadurarekin arazoak eta lurrak saltzeari ontziolak uko egin izana aipatu dituzte patronatutik, eta proiektuaren aurkarien iritziz, “argudio horiek seriotasun falta eta arduragabekeria baino ez dute erakusten”.

Erakundeei eskatu diete Busturialdeko egoera sozioekonomikoa hobetzeko "proiektu serio, bideragarri eta eragingarriak abian jartzea"

Museoa ez egiteko arrazoiak hasieratik garbi daudela gaineratu dute: kalte ekologiko larriak eragingo lituzke, Urdaibai Biosfera Erreserba babesten duten legeekin ez da bideragarria, eta “prekarietatera eta gure nortasuna galtzera kondenatuko” luke eskualdea. Gernikan, otsailean, “lorpen handi hau” ospatzeaz gain, Urdaibairen aldeko konpromisoa berresteko baliatuko dute jai-giroa. Erakundeei eskatu diete Busturialdeko egoera sozioekonomikoa hobetzeko “proiektu serio, bideragarri eta eragingarriak abian jartzea eta horretan inbertitzea, eskualdeko agente sozialen iritzia kontuan hartuta”. (argia-baskultur)

(2025-12-17)

BI GUARDIA ZIBIL HIL ARRASATEN

Duela 51 urte, 1974ko abenduaren 17an, bi guardia zibil hil zituen Arrasaten ETAk. Ostatu batetik ateratzen ari zirela metrailatu zituzten. Haietako bat, Chino ezizenez, torturatzaile ezaguna zen herrian. Honela dio Argituz taldeak bildutako testigantzetako batek: “Gogoan dut Txinue hil zutenekoa, horrela deitzen zioten Arrasaten. Kuarteletik pasatakoen artetik, beldurgarrienetako bat zen hura”. Frankismoaren amaiera hurbiltzen eta ETAren ekintza militarren eskalada hastear zegoen. Ordura arte polizia torturatzaile ezagunak eta ardura karguetakoak hiltzen zituen ETAk, eta ordutik aurrera, uniformea zeramaten guztien aurka jotzea erabaki zuten, errepresioan ardura zutela egotzita. Iturria: Emilio Lopez Adan, Borroka armatua Euskadin (1967-2011). Lehen liburukia 1967-1980 (argia-baskultur).

(2025-12-06)

eusber1x1206EUSKALDUNON EGUNKARIA: LEHEN ZENBAKIA

Duela 35 urte, 1990ko abenduaren 6an, Euskaldunon Egunkariaren lehen zenbakia argitaratu zuten. Euskara hutseko egunkari nazional bakarra zen, 2003an Olmo epaileak itxiera agindu zuen arte. Milaka euskaltzalek dirua jarrita akzioak eskuratuz bildu zuten proiektua abiatzeko dirua. Eusko Jaurlaritza aldi berean euskarazko beste egunkari “publiko” bat sortzen saiatu zen, Egunkaria-ren proiektua ahuldu asmoz. Gaian sakontzeko, irakurri ARGIAn argitaratutako Euskarazko egunkaria aldarrikatzetik egitera erreportajea, Lander Arbelaitzen eskutik. Handik hamahiru urtera Espainiako Guardia Zibilak bidegabeki itxi zuen eta atxilotuak torturatu. (argia-baskultur)

(2025-11-24)

ALARMA HILGARRI FALTSUA

Duela 113 urte, 1912ko azaroaren 24an, alarma faltsu baten ondorioz 44 haur eta bi heldu hil ziren itota Bilboko Teatro-Circo Ensanchen. Aretoa mukuru beterik zela, filme baten proiekzioaren erdian norbaitek oihu egin zuen sua zegoela. Jendea korrika saiatu zen ateratzen, bata bestearen gainetik, eta jende asko itota azpian geratu ziren. Ez zen inongo surik. Hileta elizkizunak oso jendetsuak izan ziren. Iturria: Julio Arrieta, Cuarenta y cuatro ataúdes blancos (El Correo, 2012ko azaroak 18). (argia-baskultur)

(2025-11-18)

FUTBOLARI ANTIFAXISTA JAIO ZEN

Duela 103 Urte, 1922ko azaroaren 18an, Agustín Gómez Pagola futbolaria jaio zen Errenterian. 1936ko Gerran SESBera bidali zuten umeetako bat izan zen. Moskuko Torpedo futbol-taldean nabarmendu zen, sobietar selekzioan jokatzera iritsiz. 1956ean Madrilgo Atleticok fitxatu zuen, eta erretiratzean, Euskal Herrira itzuli zenean, Euskadiko Alderdi Komunista berregituratzeko lanetan aritu zen. Polizia frankistak atxilotu eta torturatu egin zuten 1961ean. KGBko agentea ere izan zen garai hartan. 1975ean Moskun hil zen. Iturria: Wikipedia - Agustin Gomez Pagola. (argia-baskultur)

eusber1x1115(2025-11-15)

KORTATUEN LEHEN LAN LUZEA

Duela 40 urte, 1985eko azaroaren 15ean, Kortatuk bere lehen lan luzea kaleratu zuen Soñua diskoetxearekin. Begiak estalitako aizkolariaren azalean, berehala izan zuen arrakasta eta Euskal Herriko soinu banda jostalari eta kontrakulturala bilakatu zen. Kritika sozial eta politikoa uztartu zituen lanak eta euskarazko bi abesti zeuzkan: Zu atrapatu arte eta Sarri sarri. Kortatuk diskoz disko geroz eta abesti gehiago egin zituen euskaraz, estudioko azkena erabat euskaraz egitera iritsi arte. 1985eko irailaren 25ean Fermin Muguruza Baionako Monbar hotelean izan zen eta GALen atentatuaren lekuko izateak hurrengo diskoetan eragin handia izan zuen. Iturria: Roberto Herreros eta Isidro López, El estado de las cosas de Kortatu. Lucha, fiesta y guerra sucia (Lengua de trapo). (argia-baskultur)

(2025-11-14)

eusber1x1114ALTSASUKO ZORTZI GAZTE ATXILOTUA

Duela 9 urte, 2016ko azaroaren 14an, Guardia Zibilak Altsasuko zortzi gazte atxilotu zituen. COVITEren eskaera oinarri hartuta, hilabete lehenago taberna batean kalez jantzitako bi guardia zibil eta haien bikotekideekin izandako istilua “eraso terroristatzat” jo zuen Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak. Kasuaren justizia eza salatzeko, dozenaka milaka lagun mobilizatu zituen Altsasuko gazteen kausak, tamaina guztietako manifestazioetan. Kasua Espainiaren justizia ezaren sinboloetako bat bilakatu zen. Ondorengoa adierazi zuen ARGIAn Adur Ramírez de Alda gazte auzipetuak espetxetik irtetean: “Espainiako Estatuaren interes politikoei begira, gaizki atera zaie. Herriaren garaipena izan da”. (argia-baskultur)

(2025-11-12)

DOLORES IBARRURI PASIONARIA HIL ZEN

Duela 36 urte, 1989ko azaroaren 12an, Dolores Ibarruri Pasionaria hil zen, lider komunista bizkaitarra. Alderdi politiko baten buruzagitza hartzen lehen emakumea izan zen Espainiako Estatuan. 1895ean jaio zen Gallartako meatzari familia karlista batean, eta sozialista batekin ezkondu eta gero hasi zen erlijioa alboratu eta marxismoan sakontzen. Errusiako Iraultza garaian hasi zen politikan parte hartzen, eta Pasionaria izengoitiarekin sinatutako artikuluak argitaratu zituen langile mugimenduaren aldizkarietan. Espainiako Alderdi Komunistaren sorreran parte hartu zuen, eta berehala nabarmendu zen. Hizlari aparta zen, eta 1936eko Gerra piztu berritan bere “ez dira pasako!” leloak muga guztiak gainditu zituen. Atzerrian ere bere izena sona handikoa zen mugimendu antifaxistan. 1936ko Gerra galdu ostean Sobietar Batasunera erbesteratu zen, 1977ra arte. (Iturria: Alberto Barandiaran, Pasionaria. Elkarlanean Biografiak). (argia-baskultur)

IRUDIAK:

(*) Eguneko prentsa

(LEHEN ARGITALPENA BASKULTUR.INFO 2025-12-17)

Für den Betrieb unserer Webseite benutzen wir Cookies. Wenn Sie unsere Dienstleistungen in Anspruch nehmen, akzeptieren Sie unseren Einsatz von Cookies. Mehr Information