Lurraren Defentsa
Nafarroa hegoaldeko lurraren jabetzaren inguruko borrokak. Gora komunala eta behera lurjabeak! Antzinako Erregimenaren garaian, ekonomia kapitalista eta jabetza pribatua erabat orokortu aurretik, udalek beren jabetzako herri-lur ugari zituzten. Lur-sail horiei Nafarroa hegoaldean “el comunal” (komunala) esaten zitzaien. Baina XIX. mendetik aurrera, komunalen lurrak pribatizatzeko prozesu bizia gertatu zen Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko herri askotan. 1841 eta 1868 artean, komunalen ia %70 esku pribatuetara igaro zen.
Antzinako Erregimenaren garaian, ekonomia kapitalista eta jabetza pribatua erabat orokortu aurretik, udalek beren jabetzako herri-lur ugari zituzten. Lur-sail horiei Nafarroa hegoaldean “el comunal” (komunala) esaten zitzaien.
(2026-07-27)
TRUMPEN MEHATXUAK
Trumpek mehatxu egin du Irango instalazio nuklear bati “nahiko laster, eta arras gogor” eraso eginen diola. Iranek Bahraini, Kuwaiti eta Jordaniari egin die eraso, AEBen erasoen 11garren gauaren ondoren. Islamiar errepublika su etena adosteko ahalegin diplomatikoak egiten ari da Pakistanen, baina Trumpek erran du ez duela akordio batera iristeko interesik. AEBetako presidente Donald Trumpek asteartean adierazi du Irango gune nuklear “susmagarri” bati eraso egiteko asmoa duela, “nahiko laster, eta arras gogor”. Pickaxe Mountain izenez ezagutzen da, eta Irango aberastasun nuklearreko instalazio nagusi baten ondoan dagoen lurpeko instalazio gotortua da. Trumpen mehatxuei erantzunez, Teheranek adierazi du ekintza hori eskalada handitzat hartuko duela, eta eskualdean erasoak hedatuko dituela. AEBek eta Iranek erasoak areagotu egin dituzte, uztailaren 8an Trumpek su etena bertan behera utzi zuenetik. AEBek Jordanian eta Bahrainen dituzten instalazio militarren aurkako erasoak aldarrikatu ditu Teheranek asteazkenean; asteburuan, berriz, AEBek Jordanian duen aire baseari egin zioten eraso. AEBetako armadak adierazi du asteburuko erasoen ondorioz bi soldadu estatubatuar hil direla, eta hirugarren bat desagertuta dagoela. Larunbatean Iraken drone bat desaktibatzen ari zela bertze soldadu bat hil zela baieztatu du Washingtonek.
Guztira, AEBetako hamazazpi militar hil dira gerra hasi zenetik, eta azken asteetan ehun soldadu zauritu direla erran du Pentagonoak. Presidenteak sare sozialetan astelehenean idatzitako mezu batean ohartarazi du Iranek “anitzez ere garestiago” ordainduko duela soldadu bat hiltzen duen aldiro. AEBek 11garren gauez jarraian egin diote eraso Irani, eta armadak ohar bidez adierazi du "Irango operazio militarreko zentroak, itsas gaitasunak, hegazkinen hangarrak, droneak gordetzeko instalazioak eta logistika militarreko azpiegiturak” jarri dituztela jomugan. Negoziazioen egoeraz galdetuta, Trumpek astelehenean erran du Iranek “etsi-etsian bildu” nahi duela: “Baina modu esanguratsuan egiteko prest egon arte, guk ez dugu interesik horretan ere”. Irango Barne ministro Eskandar Momeni, berriz, Pakistanera joan da astelehenean bertako bere homologoak gonbidatuta. Pakistan bitartekari aritu da gatazkan, eta Teheranek eta Washingtonek akordio bat lortzeko elkarrizketak berreskura ditzaten ahaleginduko da.
37.500 MILIOI
AEB eta Iranen arteko gerra akitzetik urrun dagoela ikusita, AEBetako defentsa idazkari nagusi Pete Hegseth-ek defentsa departamentuarentzat diru gehiago eskatzeko agerraldia egin du astearte honetan Senatuan. Aitortu du Iraneko gerrak 37.500 milioi dolarreko kostua izan duela orain arte, eta defentsa departamentuak 61.100 milioi dolar gehiago beharko dituela “armadako kideei ordaintzeko, ekipamenduak eta munizioak azkar berritzeko, eta operazioei etenik gabe eusteko”. (argia-baskultur)
(2026-07-24)
BESTE TXOSNA NAHI DUGU
GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak txosna jarriko dute Gasteizko jaietan, “beto politikoa” salatzeko eta “jai borrokalariak” aldarrikatzeko. Azpimarratu dute "urte osoan lanean" aritu eta "babes zabala" jaso badute ere, Gasteizko Txosna Batzordeak ez diela erantzunik eman eta "beto politikoa" mantendu dietela. Ezker abertzaleari jarrera "aldatzeko" eskatu diote, datorren urterako "irtenbidea bilatzeko", txosnak "historikoki herri mugimenduaren adierazpen erreala" izan direlako. Txosnagune ofizialean ez bada ere, txosna jarriko dutela iragarri dute, eta hiru eguneko egitaraua aurkeztu dute.
Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu dute seigarren urtez jarraian Gasteizko Txosna Batzordeak "beto politikoa" mantendu diela eta ez dietela txosna jartzeko eskaerari erantzun. Kritiko agertu dira, mugimendu sozialistako bi eragile txosnetatik kanpoan utzi dituztelako "batzuen interes politikoengatik". Dena den, EHUko Arabako campuseko Letren fakultatean egin duten agerraldian iragarri dute txosna jarriko dutela eta hiru eguneko egitaraua prestatu dutela. Agerraldian azaldu dute "urte osoan lanean" aritu direla txosna aurrera ateratzeko, baina Txosna Batzordeak "ez diela erantzunik eman". Gogora ekarri dute 450 kulturgilek baino gehiagok manifestu batean eskatu zutela Mugimendu Sozialistari Bilboko eta Gasteizko txosnetan parte hartzen uzteko, "denontzako jaiak" aldarrikatuta, eta Gasteizko herri mugimenduetako hainbat kidek ere aldarrikatu dutela "parte hartzeko eskubidea". Ordea, azaldu dutenez, Gasteizko Txosna Batzordeak ez die erantzun.
Kritiko agertu dira eta salatu dute azken hilabeteetan "hainbat eragile politikok" egoera baliatu dutela beraien "interes alderdikoietarako", eta "benetako arazoa" zera dela, "batzuen interes politikoengatik, herri mugimenduaren txosnagune batean Mugimendu Sozialistako bi eragile kanpoan egotea". Aldarrikatu dute "historikoki" txosnak izan diren bezala izatea: "Herri mugimenduaren adierazpen erreala, zabala eta plurala". Hortaz, fakultatearen aurrean egin duten agerraldian Gasteizko Txosna Batzordeari eskatu diote, batez ere bertan parte hartzen duten ezker abertzaleko eragileei, "jarrera aldatzeko" eta "lanean hasteko", datorren urteari begira "irtenbidea bilatzeko".
TXOSNA BAT ETA HIRU EGUNEKO EGITARAUA
Txosnagune ofizialean ez bada ere, txosna jarriko dute Letren fakultatearen aurrean, "urtez urte jasaten ari diren beto politikoa" salatzeko eta "jai borrokalariak" aldarrikatzeko. Adierazi dute "zapalkuntza ororen aurkako aldarri askatzaileak plazaratzeko" gunea izango dela. Hiru egunetako egitaratua prestatu dute, abuztuaren 4tik 6ra, baina oraingoz artista batzuen izenak besterik ez dituzte eman, tartean, Ben Yart, Silitia eta Maixa eta Malakias. (argia-baskultur)
(2026-07-23)
ONGI ETORRI ABSOLUZIOA
«Ongi etorri» bat antolatzeagatik epaitutako 16 herritarrak absolbitu dituzte. Berangon, 2022an Ibai Aginaga presoari «ongi etorria» antolatu eta «terrorismoa goratzea» leporatuta espainiar Auzitegi Nazionalean epaitutako 16 euskal herritarrak absolbitu egin dituzte, sare sozialetan jakinarazi dutenez. Espainiar Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Ibai Aginaga presoari ongi etorria antolatzea leporatzen zieten 16 herritarrak. Hala baieztatu dute babes taldeak eta auziperatutakoek sare sozialetan. Fiskaltzak bi urte eta bi urte eta bederatzi hilabete arteko espetxe zigorrak eskatzen zituen, 2022ko martxoan egindako harreran «terrorismoa goratzea» leporatzen zieten 16 herritar hauei, zeintzuk ekainean izan ziren epaituak Auzitegi Nazionalean. (Maiatzaren 30ean mobilizazio jendetsua egin zuten Algortatik Berangora, epaiketaren atarian. / Mikel Martinez de Trespuentes | FOKU)
Epaiketan zehar, poliziek ekitaldia egin zen frontoira ez zirela sartu onartu arren, akusazioek baieztatu zuten «ongi etorritakoen parafernaliarekin egin zela», «ohorezko korridore batekin» hartu zutela, «loreak oparitu zizkiotela borrokagatik eskerrak emateko» eta «Gora ETA oihuak» egin zirela. Epaitutakoek, aldiz, ukatu zuten «terrorismoa goratzeko nahia» eta ekitaldia pribatua izan zela azpimarratu zuten. «Ez dut uste ekintza edo epaiketa honek terrorismoa goratzearekin zerikusirik duenik, baizik eta Euskal Herriak espainiar eta frantziar Estatuengandik mendeetan jasaten ari diren zapalkuntza nazional eta sozialarekin baizik», baieztatu zuen epaiketan haietako batek, epaileak hitza moztu baino lehen. (naiz-baskultur)
(2026-07-22)
QUEREJETA, GURE FLORENTINO?
Baskonia Alaves taldearen jabe nagusi Josean Querejetak eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek Baskonia Alaves taldearen urrats “estrategiko” berria iragarri zuten uztailaren 6an. Querejetak erosi egingo ditu Baskoniak partidak jokatzen dituen baina aldundiaren jabetza publikoa den Fernando Buesa Arena pabiloia, ondoko aparkaleku handia eta “bere jarduerari lotutako lursailak”. Salmentaren kopururik ez zuten eman, baina bai ekarriko dituen ustezko onuren hainbat baieztapen eta datu: Baskonia Alaves taldeak 153 milioi inbertituko ditu, 345 lanpostu berri sortuko, pabiloia “nazioarteko erreferentzia” bilakatuko dute saskibaloi partidez gain beste kirol eta aisialdi ekitaldiak antolatuta. Pagotxa: “Araba nazioarteko kirol, hezkuntza, osasun eta entretenimendu erreferentzia gisa sendotzea ahalbidetuko duen proiektua”. (Baskonia Alaves taldearen jabe nagusi Josean Querejetak eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez, uztailaren 6ko agerraldian)
“Kontua ez da aktibo batetik askatzea”, adierazi zuen diputatu nagusiak, arabarron jabetza publikoa pribatizatzeko erabakia argudiatuz, baizik eta, “bere potentzial guztia aktibatzea”. Batek galde lezake: azpiegiturak tamainako potentziala badu, zergatik ez du aldundiak berak zukutzen pribatizatu gabe eta denon onurarako? Baskonia Alaves taldeak 153 milioi inbertituko ditu, 345 lanpostu berri sortuko, pabiloia “nazioarteko erreferentzia” bilakatuko. EAJ, PSE eta PPk salmenta txalotu dute. EH Bilduk “lupaz” aztertuko duela adierazi du. Elkarrekin Arabak “pelotazoa” salatu du.
“Buesa Arenan ekosistema bat finkatu da, EUNEIZ, BAKH, Ondare Residencia eta Baskonia Alavés Academy enpresek osatua”, zioen aldundiaren prentsa oharrak. Ekosistema horren izaeraz apunte batzuk: 2009an Arabako Fiskaltzak administrazio publikoaren aurkako delitua leporatu zion Gasteizko Udaleko hirigintza zuzentzen duen 21 Zabalkundea sozietate publikoaren gerenteari (Alfredo Piris ahalguztiduna): 2003an Baskoniak udalaren hainbat lur erosi zituen BAKH eraikitzeko; 8 milioi eurotan... operazioaren aurretik, fiskaltzaren esanetan, 18 milioitan tasatu zituenean. 2010Ean epaileak salaketa artxibatu zuen. EUNEIZ unibertsitate pribatuaren sorrera EAJ, PSE, PP eta Vox alderdiek onartu zuten Eusko Legebiltzarrean. Gainontzeko alderdien, EHUren, sindikatu eta ikasle antolakuntza guztien kontrakotasunarekin, besteak beste bere graduek unibertsitate publikoari konpetentzia zuzena egiten dietelako. Uztailaren 6ko agerraldian azaldu zutenez, “urrats estrategiko” berriaren helburua EUNEIZen ikasle kopurua egungo 800etik 2.800era igotzea da.
BAKH Baskonia Alaves Kirol Hiriaren erreferentzia nagusietakoa izotz pista da, 2008an irekia. Urte berean itxi zuen Gasteizko Udalak 34 urtez zabalik egon zen izotz pista munizipala, publikoa. 2009an udal berak erabaki zuen Querejetari urtero kanon bat ordaintzea, gasteiztarrek izotz pista pribatua erabiltzeko aukera izan dezaten. Ordutik 7 milioi euro behintzat joan dira gure patrikatik Querejetarenera. 2018an Gorka Urtaran garaiko alkateak onartu zuen ordura arte BAKHaren izotz pistagatik ordaindutakoarekin “udal-instalazio berri bat finantzatu” zezakeela udalak. 2022an BAKHaren azken zabalkundeak polemika sortu zuen, Gasteizko eraztun berdeari eta Salburuako hezeguneari eragiten ziolako, eremu babestuak direnak. Talde ekologistek aurkakotasuna adierazi zuten, udalaren txosten batek “atzeraezineko” kalteak iragarri zituen, baina udalak baimena eman zuen. Uztailaren 6an jakin dugunez, zabalkunde berria dute aurreikusia.
“Saskibaloia eta futbola baino askoz gehiago: horrelakoa da Querejetaren enpresa multzoa Baskonia eta Alavesen gibelean” erreportaje mardula argitaratu zuten Iker Rioja eta Ruben Pereda kazetariek eldiario.es hedabidean 2026ko urtarrilean. Bertan irakurri daitezke taldearen “sozietate-mordoiloa” eta haien arteko loturak eta kredituak, Ukrainan dituen negozioak, Mendizorrotzako estadio eta Buesa Arena pabiloi publikoak modu pribatuan erabilita ateratako etekinak, Baskoniari edota Alavesi aldundiak barkatutako zorrak eta kontu ofizialak koadratu ditzaten baimentzen dien ingeniaritza fiskala... Ibilbide horretan guztian, Querejetak bere zerbitzura izan ditu Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala, berdin herrialdeko hedabide menpekoenak ere. Alaveseko akziodun txikien Gurea Da elkarteak gogor kritikatu du akordioaren azala –“opakua”–, zein mamia –“ez baikara ari kirolaz soilik, gizarte eredu batez ari gara”–. Lanpostuen sorrera iragartzeak ezin du aitzakia izan ondare publikoa pribatizatzeko eta “enpresa baten interesak herritar guztienen gainetik jartzeko”, salatu dute.
Aski onartua da Florentino Pérez Real Madrileko presidentea Espainiako pertsonarik boteretsuenetakoa dela, hainbat elementuren batuketari esker: kazetari eta politikari esanekoen sarea, negozio pribatu erraldoiak, erakundeen babes politiko eta ekonomikoa, masa kirolaren erabilera politikoa... Fonsi Loaizak aztertu du bere figura Florentino Pérez, el poder del palco (Florentino Pérez, palkoaren boterea) liburuan. Real Madrileko estadioaren palkoa izenburura eraman zuen, bertako VIP eremua omen delako egiazko boteredunen elkargunea eta (goi) klase pedigria ematen duena. “Fernando Buesa Arenaren hobekuntza proiektua pabiloian VIP palko eta eremuak gehitzean oinarritzen da”, salatu du Gurea Dak, “deriba geldiezina, tradizioz herrikoiak izan diren ikuskizunak kirats klasista duten proposamen bihurtzen dituena”. Nortzuk elkartuko dira bertan? Zer negozio berri egiteko? (argia-baskultur)
(2026-07-21)
ARGAZKI IKONIKOA
Duela 90 urte, 1936ko uztailaren 21ean, Marina Ginestà 17 urteko militante antifaxistari argazki hau atera zion Juan Guzmán argazkilariak. 1936ko Gerra hasi zenean PSUCeko gazterietan militatzen zuen, eta Mijaíl Koltsov SESBko Pravda egunkariaren korrespontsala lagundu zuen. Koltsovek emakumeen emantzipazioaren eredu gisa deskribatu zuen. 1939an, Gerra amaitutakoan, Marina Ginestà Alicanteko portuan aurkitu zuten, ihes egin nahian, eta frankistek kontzentrazio esparru batean sartu zuten arren, aste batzuen buruan askatu zuten, ez baitzegoen auzipetuen zerrendan. Ondoren, muga zeharkatu zuen eta han ezkutatu egin zen. Frantziarra zela esanez, Montpellier hirira heldu zen. Frantzia naziek okupatu zutenean, familiarekin ihes egin zuen, Mexikora lehenik eta Dominikar Errepublikara gero. Azken horretan geratu zen bizitzen eta bertan sortu zen bere semea, Manuel, 1940ean. 1946an, Trujilloren diktadurak errepublikanoen aurkako jazarpena areagotu zuenez, Dominikar Errepublikatik Venezuelara joan ziren. 1949an Frantziara itzuli zen; Paris ingurura. 1970eko hamarkadan, frankismoaren amaiera gertu zela, Bartzelonara joan izan zen bisitan, baina azken 50 urteak Paris eta Bruselan eman zituen. Azkenik, Parisen hil zen 2014ko urtarrilaren 6an, 94 urte zituela. (argia-baskultur)
(2026-07-19)
OFIZIALTASUNAREN ALDEKO MANIFESTALDIAK
Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarri ozena hainbat hiri eta herritan. Munduko Kopako finalaren atarian, milaka lagun mobilizatu dira Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan. Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu eta espainolismoaren aurkako mezua zabaldu dute. Espainiaren eta Argentinaren arteko Munduko Txapelketako finalaren atarian, mobilizazioak egin dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan, tartean Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. (Iruñeko mobilizazioan Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatu da. / Jagoba Manterola | foku)
Manifestazio gehienak 19.00etan abiatu dira, elastiko berdea, ikurrinak eta euskal taldeetako kamisetak protagonista izan direlarik. Mobilizazio bakoitzak bere lelo propioa izan badu ere, guztiek mezu bera partekatu dute: Euskal Herriak nazioarteko kirol lehiaketetan bere selekzio propioarekin aritzeko eskubidea aldarrikatzea eta espainolismoaren aurkako kritika plazaratzea. Deialdia 7ak Bat kolektiboak sustatu du, hainbat eragile sozial eta herri-ekimenekin elkarlanean. Mobilizazioek parte-hartze zabala izan dute Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan. Nafarroako hiriburuko mobilizazioa Nabarreria plazatik abiatu da «espainiar selekzioa kanpora» eta «hau ez da Espainia, Euskal Herria da» oihuekin batera. Aurrerago polizia nazionalaren kordoia zeukaten zain, mobilizazioa Gaztelu Plazan jarri dituzten pantailetara gerturatzen zen jendeaz banatzeko.
Abiadura azkarrean zeharkatu dituzte Iruñeko alde zaharreko kaleak. Taberna terrazetan eserita zegoen jendearentzat ez da oharkabean igaro, txaloak, aldarriak, bengalak eta banderak begi eta mugikorren arreta guztia eskuratzen zutelarik. Amaieran irakurketan argi utzi dute mundiala ez dela «kirol lehiaketa soil bat». Eta «Burgesiarentzako funtzio ekonomiko, politiko eta kultural argia» duela. «Espainiar Selekzioak Euskal Herria nazio gisa ukatzen du eta gure lurretan espainolismoaren eta erreakzioaren sinbolo gisa jokatzen du», gehitu dute antolatzaileek. Amaitzeko Euskal herriko hainbat txokotan partidua ikusteko pantaila erraldoiak jartzeko erabakia salatu dute «españolismoaren gorazarrerako guneak» izango direlakoan.
Donostian mobilizazioak aurreikuspenak gainditu ditu Bultzadak antolatutako mobilizazioak: 3.000 lagun inguru batu dira, paisaia Iruñekoaren oso berdina zelarik. Bulebarretik abiatu da manifestazioa eta kaitik pasa ondoren Parte Zaharrean barneratu da, alderik alde zeharkatuz. Horko kaleak gainezka utzi ditu. Espainiako elastiko gutxi, ia batere ez, ageri da ibilbidean; beharbada tabernen barrualdera sartu dira janzten zutenak. Uda gozatzera etorri diren turisten harridura aurpegia oso deigarria zen, gaurko finala Euskal Selekzioak jokatzen duela ematen zuelako, herri mobilizazio luzea ikusita. Konstituzio Plazara heltzean, liskar pare bat sortu da bertako terrazetan zeuden Espainiako bi zalerekin, toki ezberdinetan. Horietako batek ikur militarrak zeramatzan kamisetan, kolore gorri eta horiekin batera. Gauzak baretu dira gero. Bulebarrean amaitu da manifestazioa, ofizialtasunaren aldarria egiten zuen adierazpen baten bitartez. ‘Lepoan hartu eta segi aurrera’ abestu dute bildutakoek. Bitartean, Zurriola aldean beste jende multzo handi bat bildu da, ez hain handia baina ehunka lagunez osatua: Argentinako zaleak ziren, bertako banderekin, bengalekin, Maradona eta Messi agertzen zituzten pankarta handiekin... ‘Banderazo’ deitu diote ekimenari. (naiz-baskultur)
(2026-07-18)
NIKO ETXART, GETXON
Omenaldia baino, euskal rockaren aitzindari bati aitortza. 80. hamarkadan, «Zü eta ni / Biak goxoki / Dantzan dantzan rock&rolling» kantatu zuen Niko Etxartek. 46 urteren buruan, Getxoko Muxikebarri zentroak omenaldia antolatu dio eta berak, badaezpada, oraindino bizirik dagoela gogoratu nahi izan du. Hitzordua azaroaren 21ean, 20.00etan, izango da. Getxoko Udalak eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) elkarlanean antolatzen dute ‘Iparra galdu gabe’ kultur ekimena, Getxoko kulturako eta euskalgintzako eragile ugariren laguntzarekin, kulturaren eta euskararen bidez Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko loturak sendotzeko helburuz. Ekimenaren 25. urteurrena ospatzeko, Niko Etxart musikari historikoa omenduko dute azaroaren 21ean (20.00etan), Muxikebarrin. Zuberoako kantautorearekin batera, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako artistak igoko dira oholtzara. Kontzerturako sarrerak uztailaren 27tik aurrera egongo dira salgai Getxo Kulturaren ohiko saltokietan. Kontzertua ‘Iparra Galdu Gabe’ egitasmoaren 25. urteurrena ospatzeko antolatutako edizio bereziaren ekitaldi nagusia izango da, eta euskal musikaren erreferente handienetako bati egingo dio aitortza.
OHOLTZARA IGOKO DIRENAK
Niko Etxartek (Altzürükü, 1953), 1970eko hamarkadatik aurrera rocka euskaraz egiten aitzindari izan zenak, bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidean ekarpen erabakigarria egin dio euskal musikaren berrikuntzari eta euskal kulturaren zabalkundeari. Hala ere, hedabideen aurrean egin den aurkezpenean, argi utzi nahi izan du ez duela omenaldi klasiko bat izan nahi, baizik eta bere kantuak, lagunak eta urte luzez defendatu dituen estiloak oholtzara eramango dituen emanaldi bizia. «Omenaldi» hitzak duen kutsua ez du gustuko, argi utzi duenez. Bere kantu batzuk berreskuratuko ditu, hori bai, eta hainbat gonbidatu izango ditu oholtzan, omenaldia baino gehiago, transmisioa eta belaunaldien arteko lotura bultzatu nahi duelako. Oholtzan lagun izango ditu Hapa-Hapa taldea, 1980ko hamarkadaz geroztik bere ohiko taldea; Robert Larrandabürü eta Dominika Eiheraberri, Zuberoako kantu tradizionalaren adierazleak; Anje Duhalde, euskal folkaren eta rockaren izen handietako bat; Xabaltx kantautorea, euskarazko kultur eszenako erreferentea, eta Anne Bidalun, Aloze-Ziboze-Onizegaineko ultratrail korrikalaria eta abeslaria. Haiekin batera ariko dira Xabi Leon teklatu-jotzailea, Etxarten ohiko kolaboratzailea; Süne, Huntza taldeko abeslari izandakoa eta gaur egun bakarkako ibilbidean murgilduta dagoena; Pello Artabe, Eskean Kristö taldeko abeslaria; eta Getxoko ordezkari gisa, Irantzu Garamendi, folkari lotutako abeslari, flauta-jotzaile eta konpositorea, eta Ainhoa Aranburu, Bidean Erromeriako klarinete-jotzaile eta abeslaria.
Saioak Niko Etxarten ibilbideko kanta esanguratsuenetako batzuk eskainiko ditu, Zuberoako doinu tradizionalekin eta ekitaldirako propio prestatutako lankidetzekin uztartuta, euskal musikaren aberastasuna eta aniztasuna agerian utziko dituen proposamen artistiko batean. Gainera, Euskal Telebistak grabatuko du artista zuberotarrari egingo zaion omenaldia ETB ON plataforman ikusgai jartzeko eta horrela ‘Iparra Galdu Gabe’ ekimenaren 25. urteurrenaren ospakizuna publiko zabalago batengana iritsiko da. Halaber, Ipar Euskal Herriko publikoak beste zuzeneko emanaldi batez gozatzeko aukera izango du Donibane Lohitzuneko Tanka aretoan, azaroaren 28an. (naiz-baskultur)
(2026-07-16)
LURDES IRIONDORI BURUZKO PASTORALA
Igande honetan, 15:30ean, plazaratuko dute lehen aldikoz pastorala, eta beste bi emanaldiak uztailaren 24an eta 26an izanen dira. 80 bat lagunen artean oholtzaratuko dute Intza eta Leire Casamajou Elkegarai ahizpek idatzitako obra. Lurdes Iriondori buruzko pastorala idatzi dute Casamajou Elkegarai ahizpek. Argazkian, Lurdes Iriondoren kargua duen Lea Etchegoyhen. Prest, gogotsu eta estresatuta. Parte-hartzaileek horrela laburbildu dute pastoralaren lehen emanaldiaren aitzineko egunetako gorputzaldia. Igande honetan emanen dute lehen aldikoz, 15:30ean Sohütako (Zuberoa) Hoki auzoan, eta beste bi emanaldiak ondoko asteburuan izanen dira: uztailaren 24an, 20:30ean eta uztailaren 26an, 09:30ean. Sohütarren esku gelditu zen aurtengo pastorala eta Lurdes Iriondoren bizia izanen du ardatz. Lekuak salgai jarrita dituzte Helloasso gunean eta Ipar Euskal Herriko turismo bulegoetan.
Intza eta Leire Casamajou Elkegarai ahizpek idatzi dute pastorala. Ardura hartze horri dagokionez, Berria-ri eskainitako elkarrizketan ondokoa esan zuten iazko urrian: "Iragan urtean hasi ginen horri pentsatzen, pastorala heltzen ari zen gure herrian, Sohütan. Ari ginen, naturaltasun osoz, zer zatekeen gai interesgarri bat. Hastapenean ez zen idazteko batere. Egun batez, gure aita-amen bultzadarekin, pentsatu genuen zerendako ez genukeen guk idatziko". Lea Etchegoyhenek du Lurdes Iriondoren kargua eta antolatzaileen komunikazio kanaletan zera adierazi berri du: "Estresaturik, eta ber momentuan presio ona sentitzen dut, eszitazioa eta enbeia. Espero dut estresa ontsa kudeatuko dudala, ahal bezain ontsa partekatzeko emozioak publikoari". Urtarrilean elkartzen hasirik, otsailean banatu zituzten karguak 80 bat herritarren artean, eta orduz geroztik buru-belarri aritu dira prestaketa lanetan. Sei hilabeteko lanketaren emaitza argiratuko dute, beraz, ondoko bi asteburuetan. Oholtza gaineko 80 bat lagunez gain, lantalde zabalagoak bermatzen du ekitaldi kultural hori. Besteak beste, jantziak josten aritutako 50 urtetarik 92 urtetara arteko dozena bat emakumeak, oholtza eta harmailak instalatzen aritutakoak, makilak sortzen aritu den lantaldea, eta nola ez, egunean berean lanean ariko diren dozenaka laguntzaileak.
Berria-rei eskainitako elkarrizketan, Lurdes Iriondoren aukeraketa horrela azaldu zioten kazetariari Casamajou Elkegarai ahizpek: "Aspalditik interesa genuen Ez Dok Amairu kolektiboak egin zuen lanaz. Biek uste dugu kulturak ukaiten ahal duela rol politikoa, haiek baliatu zutena. Oraino haboro gure hizkuntzaren eta herriaren egoeraren kasuan, zapalduen egoeran. Hor kulturak bazuen indar politiko bat, eta, hasi ginelarik pentsatzen nori buruz interesgarri zatekeen idaztea, Lurdes Iriondo ebidentzia bezala agertu zen: mugimendu horren sortzaileetarik zen, aitzinetik ere kantatzen zuen besteak oro baino lehenago, nahiz orain besteak ditugun ohart atxiki. Sortzaile izan zen, eramaile. Ondotik ohartu ginen besterik ere egin zuela, arrunt ebidentzia bat izan zen hartaz zatekeela". Pastoralaz gain, ikastolak eskainitako bazkaria ere izanen da, baita ondotik animazioak ere: Utxaranga igande honetan, Kalume heldu den ostiralean eta Punttu Kakotx, azken emanaldiaren kari. (argia-baskultur)
(2026-07-15)
HIRU BEHIEN ZERGA
Hiru Behien Zergaren ituna berritu dute Izaban. Indarrean dagoen Europako mugaz gaindiko itun zaharrena berritu dute Ernazeko parajean Erronkari eta Baretous haranetako agintariek. Eguraldi bikaina lagun, 1375etik ospatzen den zeremonia burutu dute, inguruko janzkera tradizionala jantzita, eta gatazkei amaiera eman zien bake konpromisoa berrituz. Uztailaren 13a heldu da eta beste urte batez Hiru Behien Zergaren zeremonia ospatu dute Ernazeko parajean, Izaban, San Martingo harrian. Aurten 651 urte bete dira zeremonia lehen aldiz ospatu zenetik, 1375. urtetik, beraz, indarrean dagoen Europako mugaz gaindiko itunik zaharrena da, Maria Chivite Nafarroako lehendakariak bertan gogoratu duenez.
Akordio honi esker, amaiera eman zitzaien Erronkariko eta Baretous mugako haranen arteko gatazkei. Larreen aprobetxamendua medio izaten ziren liskarrak. Uztailaren 13an egiten da urtero zeremonia hau, eta Baretous haraneko abeltzainek Izaba, Garde, Urzainki eta Uztarrozeko bizilagunei beren larreak gozatzeko eskubideagatik ordaintzen diete, hiru behiko ordaina. Ordainketaren jatorri eta arrazoi zehatzak ezagutzen ez badira ere, mendeetan zehar ordainketa hori etengabe egin zen harik eta XVI. mendean egiteari utzi zitzaion arte, eta, ondorioz, liskar ugari sortu ziren. Kontingentzia horiengatik sortu zen Ansoko arbitraje-epaia deiturikoa, eta 1375. urteaz geroztik etenik gabe gauzatu da. Tratua egiteko alderdiek Pirinioetako Aragoiko udalerri horretan bitartekari bat bilatu zuten, eta baldintza zehatz batzuk ezarri: entregatzen diren abereek ‘sine macula’ (orbanik gabea) izan behar dute, baita astaje, ilaje eta dentaje berekoak ere.
Animaliak entregatu aurretik, Erronkari eta Baretous haranetako udal ordezkariek, inguruko janzkera tradizionala jantzita, gatazkei amaiera eman zien bake konpromisoa berritzen dute. Sinbolikoki zigilatuta geratzen da eskuak San Martin harriaren gainean jarriz eta guztiek batera errepikatzen duten ‘pax avant’ adierazpenaren bidez, adostasunaren eta lankidetzaren seinale gisa. 2011. urtean, Nafarroako Gobernuak Interes Kulturaleko Ondasun Immaterial eta Interes Turistikoko Festa izendatu zuen ekitaldia, eta aurten ere eguraldi bikaina lagun, ospatu dute. (naiz-baskultur)
(2026-07-14)
UZTAILAREN 14RAKO DEIALDI UGARI
Manifestazioa Ezpeletan, giza-katea Irun eta Hendaia artean, eta kalejira Iruñean. Ugari dira astearterako eginak dauden deialdiak, Euskal Herriaren burujabetza faltarekin eta asimilazioaren aurkako borrokarekin lotuta. Ezpeletan U14 kolektiboak “Asimilazioa borrokatu” lelopean eginen du manifestazioa; Iruñean kalejira deitu dute 17:00etan "hemen herri bat martxan dagoela aldarrikatzeko", eta Irun eta Hendaia artean giza katea egingo dute euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzeko. Asteartea jai egun arrotza da Ipar Euskal Herrian, Frantziako Egun nazionala izendatzen baitute uztailaren 14a.
U14 Kolektiboak Frantziako Estatuaren zapalkuntza salatuko du Ezpeletan, Frantziako besta nazionalaren egunean.“Asimilazioa borrokatu” lelopean eginen dute manifestazioa, eta 19:00etan abiatuko da martxa, herriko merkatu estalitik. Mobilizazioan parte hartzera deitzeko helburuarekin, ekintza bat gauzatu zuten pasa den astean: “France” jartzen zuen seinale handi bat eraitsi zuten, La Hainek jaso duenez.
Horrez gain, Espainiako eta Frantziako estatuen artean jokatuko da Munduko Futbol Kopako norgehiagoka 21:00etan. Azken orduan, biharko Iruñerriko hainbat kolektibok kalejira herrikoia antolatu dutela jakinarazi dute prentsara igorritako oharrean. "Espainolismo atzerakoiaren olatuaren aurrean, ez dira pasako!", diote. Orain egun batzuk, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko giza katea ere deitu dute, Irun eta Hendaia arteko Avenida Zubian. Antolatzaileak Zazpi Baietz, Gu ere Bai eta Gure Esku mugimenduak dira eta 17:00etan izango da. Jendarteari parte hartzeko deia luzatu diote, «euskal gizartearen gehiengoaren borondatea ikusarazteko». Horretarako, Euskal Selekzioaren ikur zein elastikoekin hurbiltzeko eskatu dute. (argia-baskultur)
(2026-07-13)
BIHAR: EUSKAL SELEKZIOA
Uztailaren 14an, frantziarren besta egun nazionalean, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko giza katea deitu dute Zazpi Baietz, Gu ere Bai eta Gure Esku mugimenduek. «Atxikimenduak batzeko eta oztopo, inposizio zein debekuen gainetik jauzi bat emateko garaia» dela deritzote, eta «hemen zazpi lurraldez osatutako herri bat dagoela, hizkuntza eta kultura propioa duena, bere buruaz harro dagoena» munduari adierazteko Euskal Selekzioaren ikur eta elastikoekin hurbiltzeko deia luzatu dute. Euskal Selekzioaren aldeko giza katea antolatu dute uztailaren 14an Irun eta Hendaia arteko Avenida Zubian. "Gure Herria, Gure Koloreak, Gure Selekzioa" lelopean, Munduko Futbol Txapelketaren testuinguruan Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko hainbat mobilizazio jendetsu antolatu dituzte asteotan Zazpi Baietz, Gu ere Bai eta Gure Esku mugimenduek Euskal Herriko txoko ezberdinetan.
Eta mugaldeko mobilizazioa ekimen horiei jarraipena emateko asmoz deitu dute, hain justu, uztailaren 14a frantziarren besta nazionala dela aprobetxatuta. Giza katea Avenida Zubian (oinezkoen zubian) luzatu dute 17:00etan, eta jendarteari parte hartzeko deia luzatu diote, «euskal gizartearen gehiengoaren borondatea ikusarazteko». Horretarako, Euskal Selekzioaren ikur zein elastikoekin hurbiltzeko eskatu dute. Deialdiarekin batera aditzera eman dutenez, helburu argi batekin mobilizatuko dira Bidasoa ibaiaren gainean: «mundu osora zabaltzea hemen, mugaz gaindi, zazpi lurraldez osatutako herri bat dagoela, hizkuntza eta kultura propioa duena, bere buruaz harro dagoena». Eragileek diotenez, «bada garaia euskal gizartearen gehiengo zabal baten nahia errespetatzeko, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde indarrak eta atxikimenduak batzeko eta oztopo, inposizio zein debekuen gainetik jauzi bat emateko». (argia-baskultur)
(2026-07-13)
KONTZIENTZIA LASAITZEN DUEN SUKARRA
Artistaren betebeharra garaiari egokitzea dela azpimarratu du Pello Reparazek Mitoaroa III ikuskizunean, Nina Simoneren hitzak eszenara ekarrita. Oraina nondik ikusi nahi dugun eztabaidatu beharko dugu, beraz. Musika-kontzertu soila izateari utzi dio Zetakek Mitoaroa ikuskizun sortarekin. Antzerkiaren, ikus-entzunezkoen zein instalazio eszenikoen eta teknologiaren erabileraren erdian kokatzen ditu bere kantuak, istorio zein emozio garbi batzuk islatzeko desirarekin. Zentzu horretan jauzi artistiko nabarmena egin du Reparazek, berrikuntza ekarrita euskal eszenara. Izan ere, horrek ekarri du Zetakenganako sukarra.
Esan bezala, istorio bat kontatu du ikuskariak. 2084. urtean kokatu gintuen. Abeslariak errealitatea txuri-beltza den munduan koloredun txip bat zeraman begi ertzean, digitalizazio extremoaren eta kontrolaren seinale. Diktadura batean baitago mundua: kamerak nonahi eta kontrol sozial zorrotza. Librea da muga batzuen baitan, eta onarpenaren eta erresistentziaren arteko gudan kokatzen da. Horrela bada, distopia klasiko baten osagaiak euskal sinbologia zaharberrituarekin konbinatu zituen: momotxorroak, joaldunak, txatxoak, Gernikako arbola zaintzen duten izakiak, ikurriña, piztia errebeldeak… Horiek guztiak erresistentziaren eta askatasunaren iruditeriaren baitara ekarriak. Horixe izan da, esango nuke, tenperatura are gehiago igo eta ikuslegoarengan sugarra sortzen duen puntu gorena, ikuslegoa emozionalki bolkatzen den unea. Dena den, etorkizunaz hitz egiten duen arren, iraganari begira eraikitzen du esperantza. Eta nostalgia ez da baliabide estetiko hutsa, proposamen politikoaren erdigunea baizik. Kontuz, baina, pentsamendu kritikoa emozio kolektiboarekin ordezkatzearekin.
Hor hasten dira kontraesanak. Azken hamarkadan Euskal Herriko musika panoramak errotik aldatu du bere funtzionamendua. Herri mugimenduari eta proiektu politiko askatzaile bati lotuta zegoen kultur ereduak indarra galdu du eta hedabide, enpresa eta instituzioek erabakitzen dute zein izango den erakusleiho ofiziala; zer kontsumituko dugun, alegia. Eta euskararen eta euskal kulturaren izenean, bakezalea eta epela den, konfrontatiboa ez den, despolitizatuta eta homogeneizatuta dagoen eta genero zehatz bati jarraitzen dion artea bultzatzen da eta kultura produktu handiak kontsumo-logikaren barruan txertatu. Mitoaroa III ezin da testuinguru horretatik kanpo ulertu. Paradoxikoki, boterea eta kontrol soziala salatzen dituen ikuskizuna bera da boterearen logika jarraitzen duena, euskal eszenaren monopolioa hartu duena eta kultur industria hauspotzen ari dena.
Bitartean, artea sortzeko zein zabaltzeko hain garrantzitsuak diren espazioak, gaztetxeak kasu, desalojatzen dituzte, espazio publikoak pribatizatu, betoa jarri hainbat herritako txosnetan, debekuak edo mugak hainbat proposameni, isunak jota aldarrikatzaileak kantatzeagatik, diru laguntza publikoak poltsiko pribatuetara bideratu… Zein eredu da datozen hamarkadei utzi nahi dieguna? Asimilazioari txaloak jotzeak kontzientzia lasaitu baino ez die egiten. Egungo garaiari egokitzea, beraz, kulturaren merkantilizazioari egokitzea ala justu horren aurka egitea da? Arteak ardura dakar eta txipa aldatzeko garaia da. (argia-baskultur)
(2026-07-10)
KARTZELATIK KARTZELARA
Oskar Barreras euskal preso politikoak bere familiari jakinarazi dio Basauriko kartzelatik Zubietakora lekualdatu dutela gaur bertan. Gogora dezagun Oskar maiatzaren 5ean sartu zutela kartzelako isolamendu galerian ziega beste preso batzuekin partekatzeari uko egiteagatik. Oskarrek protestari ekin zion orduan, eta patio eta komunikazio greba mantentzen zuen gaur arte eta, ondorioz, eguneko 24 orduak ziegan igarotzeaz gain, bi hilabete baino gehiago zeramatzan kanpoaldearekin komunikaziorik eduki gabe.
Ziega partekatzeari uko egitea ez da inongo kapritxoa, are gutxiago ia 30 urte kartzelan daramatzan pertsona baten kasuan. Presoek ere intimitaterako eskubidea eta, ziega partekatzen dutenean, komunera joateko intimitaterik ere ez daukate. Bukatzeko eta informazio hau kontuan izanda, Tinkok bertan behera uzten du gaur arratsalderako Basauriko kartzelaren aurrean deituta zeukan kontzentrazioa. Euskal Herria kartzeletan errepresioak darrai! Amnistia osoa!
(2026-07-07)
ZORIONAK ELA SINDIKATUA
ELAk irailetik aurrera euskaraz soilik negoziatuko du martxan dituen 27 negoziazioetan. Egindako ikerketa batean, ELA sindikatuak ondorioztatu du Hego Euskal Herrian negoziazio kolektiboetan ere euskara menpeko hizkuntza dela. Eta Lan Harremanen Kontseiluari euskaraz negoziatu ahal izateko baliabideak eskatu dizkio. Hego Euskal Herrian negoziazio kolektiboetan ere euskarak gaztelaniaren menpe jarraitzen duela ohartarazi du ELA sindikatuak gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan. Indarrean dauden 1.499 hitzarmen aztertu ondoren, sindikatuak ondorioztatu du horien %83,19k ez duela inolako neurririk jasotzen lan esparruan euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko.
Datu horien aurrean, ELAk Lan Harremanen Kontseiluari euskaraz negoziatu ahal izateko baliabideak eskatu dizkio, eta iragarri du ikasturte berriaren hasierarekin batera hizkuntza hori baino ez duela erabiliko martxan dauden 27 negoziazioetan. «Egindako azterketak erakusten du indarrean dauden neurriak, gehienbat, erabat sinbolikoak direla», dio sindikatuak. Azaldu dute hitzarmenen %5,07k baino ez duela euskara plan bat edo hura egiteko konpromisoa jasotzen; eta %13,8k hizkuntza ikasteko laguntzak aurreikusten dituela; %4,37k euskara lanaldiaren barruan ikasteko aukera ematen duela; eta %1,66k baino ez duela ezartzen euskararen ezagutza kontratazioan balioetsiko dela.
ARAUTZEAREN BEHARRA
ELAk azpimarratu du beste edozein zapalkuntzarekin gertatzen den bezala, hizkuntza zapalkuntza soilik gainditu daitekeela hizkuntzen erabilera arautu egiten bada eta menpekotasun egoera gainditzeko baliabideak bideratzen badira. «Erabateko nagusitasuna irabazi duen hizkuntzaren erabilera naturalizatu egiten da eta beste hizkuntzen erabilera salbuespeneko gisa hartzen da, hizkuntz eskubideak parekatzeko arauak eta baliabideak egon ezean», azaldu du Pello Igeregi Negoziazio Kolektiboko arduradunak. Aldarrikapenak egiteaz gain, sindikatuak aitortu du ez dela gai izan hizkuntza eskubideak beste lan aldarrikapen batzuen maila berean kokatzeko. Egoera hori ordea, patronalek euskararen normalizaziorako neurriak negoziatzeari emandako ezezkoari eta sindikatuek eskubide horien aldeko mobilizazio eta greba espezifikoak antolatzeko izan duten ezintasunari egotzi dio.
HURRENGO PAUSUAK EUSKARAZ
Gauzak horrela, irailetik aurrera ELAk euskara negoziatuko ditu martxan dauden sektoreko 27 hitzarmenak, oharrean azaldu duenez; eta beraz, hauek aurrera eramateko baliabideak jartzea eskatu dio Lan Harremanen Kontseiluari. Sindikatuak gehitu du horri eutsiko diola itzulpen zerbitzua ez badago eskura ere. Honen berri eman dio berriki sindikatuak LHKko presidentea den Emilia Malagari. Gaur egun, kontseiluak ez du negoziaketak euskaraz gauzatzeko baliabiderik eta beraz, egin daitezkeen negoziaketa horietan, LHKko langileek egiten dute itzulpen lana, ELAk esan duenez. Gainera, salatu du patronalak ez duela euskararen erabilera normalizatzeko neurririk hartu nahi, eta gogora ekarri du 2022an LABekin eta Kontseiluarekin batera, enpresetan euskara planak orokortzeko proposamenari uko egin ziola, eta lan hitzarmenetan nekez onartzen dituztela euskaldunon hizkuntz eskubideen aldeko neurriak. Honen aurrean, aldarrikatu dute «hizkuntza eskubideak hitzarmen kolektiboetan arautzeko lehen urratsa dela euskararen erabilera negoziazio mahaietan bertan ikusgarri egitea».
BESTE SINDIKATUEN ERANTZUNA
Goizean egindako prentsaurrekoan aditzera eman den erabakia txalotu du LAB sindikatuak, baina ziurtatu du harritu egiten duela haiekin batera egin ez izanak, «ekintza elkarrekin martxan jartzea eraginkorragoa izango zelako». LABen ustez, euskararen normalizazioan «urratsak ematen» jarraitu behar da eta «ekimena interesgarritzat» du. Gainera, adierazi du azken urteotan, lankidetza orokorreko akordio bat lortzea ezinezkoa denez, LABek behin eta berriz helarazi diola ELAri hiru eremu jakinetan lan bateratua egiteko proposamena, besteak beste, euskararen gaian.
Hori dela eta, ELAk astearte honetan iragarritako ekimena martxan jartzeko LAB kontuan izan ez izanak harritzen dituela ziurtatu du. Bestalde, CCOOek adierazi du «herrialdearen errealitatetik at» dagoela ELAk gaur egindako proposamena. «Gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hizkuntza-eskakizunen egiaztapena kontratazio-prozesuekin edo lan-sustapeneko prozesuekin lotzeak langile-klasearen zati handi bat baztertzea dakar», adierazi du zabaldutako oharrean. (naiz-baskultur)
(2026-07-05)
GETXOKO GURUTZAONTZIEN IFRENTZUA
Txema García kazetari eta idazleak testu bat bidali digu, hainbat argazkirekin lagunduta. Planteatzen duen gogoetaren interesa ukaezina iruditu zaigulako, hemen duzu, bere horretan… Bada postal bat, aurkian irudi ederra erakusten duena. Baina postal horrek hainbesteko distira ez duen ifrentzua ere badu. Getxon, postalaren aurkiaren eta ifrentzuaren arteko distantzia itsas milia eskas batekoa da. Postalaren aurkia mundu guztiak ezagutzen du: Olatua gurutzaontzien terminala, Arriluzeko kaian.
Aurten 90 ontzi baino gehiagok egingo dute bertan geldialdiren bat. Guztira, 150.000 bidaiaritik gora. Zenbaki horiek gainditu egiten dute terminala inauguratu eta zortzi urtera Portuak helburu historikotzat ezarri zuen marka. Luxuzko erloju baten zehaztasunez, bertatik pasatzen dira Cunarden Queen Anne, Disney Fantasy, Ritz Carlton Ilma, Asuka II japonesa edota MSC Virtuosa ontziak. Royal Caribbean taldea da urtean geldialdi gehien egiten dituena, 26, eta ondoren Carnival, Disney, MSC, Hapag-Lloyd, Oceania, Ponant eta Cunard datoz. Alegia, bost izarreko hotel flotatzaileen prozesio batek Bilboko Superportuaren bokaletik sartu eta Getxon milaka bidaiari lehorreratzen ditu. Hauek, pintxoak, taxiak eta souvenirrak ordaintzeko kartera zabalik dutela, lehorrean ordu batzuk eman eta atzera berriz itsasoratzen dira, atzean paradisu atlantiko ordenatu, oparo, jasangarri eta “adimentsu” bat bisitatu izanaren sentsazioarekin. Portuko Agintaritzak, berriz, harro adierazten du gurutzaontzien kaiak Ereagako hondartza zoragarriaren eta Arriluzeko Markesaren Pasealekuaren ondoan daudela. Izan ere, oso eremu aproposa da paseatzeko, Trianoko meatzuloetan lan egin zuten bertako zein urrutitik etorritako behargin haien izerdi eta odolez altxatu ziren jauretxe dotoreetatik hurbil.
Bada, arestian esan bezala, gurutzaontzien terminal horretatik milia eskas batera, Arrigunagako hondartza pasa eta Aixerrotako labarpean, eta ia Superportua itxi arte, beste “zera” bat dago. Urteak daramat ikusten, eta atzo bertan, arratsaldean, argazkia atera nion, hitzak bakarrik ez baitira aski zentzugabekeriaren dimentsioa ulertzeko: Testu hau “ilustratzen” duten argazkiok “zera” horren isla txiki bat baino ez dira. Esaterako, auto osoen txasisak daude, herdoilak eta kresalak janda, bihurritutako burdinen artean oraindik eserleku zirenak identifikatu daitezkeela. Beste testuinguru batean, batzuek pentsa lezakete povera artea dela, ready-made erakusketa baten instalazioa. Ez, ba. Txatarra da, txatar hutsa, arroketara botata edo arribatuta. Sky Princess edo Mein Schiffeko bidaiariek ederki asko ikus dezakete Superportuko bokaletik Getxorantz sartzen direnean. Ehunka metroko zabaleran metatutako enbor eta egur maremagnum bat ere badago. Hain da trinkoa ezen azpiko arrokak erabat estaltzen dituen. Atze-atzean, lanbroartean, merkataritza-portuko garabiak ikusten dira, zabor hondakin horiek guztiak eta portuko jarduerak paisaia eta seguruena jatorri bera dutela gogoraziz. Eta, arroketan, ahal bezala temati hazten diren itsas landareen artean, han eta hemen sakabanatuta, badira ere pneumatikoak, plastikozko ontziak, poliestirenozko puskak, etxetresna elektrikoen hondarrak, bidoiak, poltsak… Laburbilduz, aire zabaleko zabortegi bat da. Edonork bisitatu dezake, oinez joanda, gainera, erakundeek modernitatearen ikur gisa saltzen duten gurutzaontzien terminaletik abiatuta.
Ez dago ingurumen-ingeniaria izan behar argazkietan ikusten dena ulertzeko. Bertara joan behar da, ez besterik, urtetan hamarnaka aldiz egin dudan bezala. Eta fundamentuzko edozein salaketak zintzotasuna behar duelako, honako hau argitu nahi dut: lerrook ez dira txosten tekniko bat, ezta epai judizial bat ere; itsasertzeko tarte horren egoeraren berri ematen duen testigantza baino ez da, eta, nik dakidala, inongo administraziok ez du horri buruzko azalpen publikorik eman edo konpontzeko plan zehatzik jakinarazi. Ez da agertzen turismo-bulegoetako foiletoetan, ez da kabitzen Bilbok eta Getxok nazioarteko azoketan azken hogeita hamar urteotan behin eta berriz errepikatu duten “Guggenheim efektuaren” kontakizunean. Ez da agertzen, ez da kabitzen, komeni ez delako. Izan ere, gurutzaontzien postalaren ifrentzua da.
Salaketa zehaztu nahi dut, salaketaren tinkotasunak, suminduta egotetik harago, zehaztasuna eskatzen baitu. Esan dezakedana da, neure begiekin eta nire kamararekin egiaztatu dudalako, hondakin horiek guztiak urteak daramatzatela han, bertara paseatzera joaten den edonork ikusteko moduan. Eta milia eskas batera, erakundeek harro-harro erakusten duten terminala dago: Bizkaia luxuzko turismo-helmuga dela adierazten duen ikurra, jasangarria eta bikaintasun-bokazioarekin kudeatua, jakina. Ez daukat espediente, salaketa formal edo txosten teknikorik administrazio bakoitzak urte hauetan guztietan hondakin pilo honen aurrean ezer egin ez duela frogatzeko. Daudakana da begi-bistan dagoen ebidentzia, eta hortik eratortzen den galdera zilegi bezain beharrezkoa da: nola da posible egoera horrek irautea luxuzko gurutzaontzi bakoitzaren iritsiera hainbesteko mimoz kudeatzen den lekutik milia eskas batera?
Halaber, ezin dut zehatz-mehatz identifikatu argazkiotan agertzen diren hondakin guztien eta bakoitzaren jatorria. Baina, peritu izan gabe ere, edonork ondoriozta dezake hor ikusten diren hondakin gehienak –autoak, gurpilak, etxetresna elektrikoen hondarrak…– ez direla Atlantikoan barrena etorri. Bertan sortutako hondakinak dira, etxekoak zein industrialak, legez kanpoko isurketaren eta utzikeriaren ondorio. Hondakin horiek hor abandonatu dituzte jakinda inor ez dela garbitzera etorriko merezi duen premiaz. Horren lekuko da urte askotako esperientzia. Eta itsasoak dakarrena ere –egurra, erabilera bakarreko plastikoak, aparailu- eta sare-hondarrak– metatu egiten dira, garbiketa-plan bakar bat ere ez delako aplikatzen turismoa sustatzeko planak aplikatzen diren intentsitate berberarekin.
Horra hor, gordin-gordinik, gure erakundeen lehentasun-hierarkia erreala. Aurrekontua dago, langileak daude, bidaiak daude Miamira eta Hanburgora, 36,4 milioi euroko inbertsioa dago gurutzaontziak eroso porturatu daitezen. Kaiak elektrifikatzeko sistemak daude, plaka fotovoltaikoak, ingurumen-jasangarritasunari buruzko diskurtso oso bat dago, arreta handiz eraikia, Getxok eta Bilbok munduko itsasontzi-enpresen aurrean beraien burua helmuga “berde” gisa aurkez dezaten. Eta parafernalia horretatik hamabost minutura, txatartegi bihurtutako labar bat dago, eta badirudi erakundeek ez dutela inoiz aurkitzen egoera horri buelta emateko ez aurrekonturik ez unerik.
Ez naiz esajeratzen ari hipokrisia instituzionala salatzen dudanean. Izan ere, “hipokrisia” hitzak zehatz eta zorrotz adierazten du hemen deskribatutakoa. Euskadi ingurumen-bikaintasun eredu gisa sal daiteke Miamiko azoka batean, ustezko eredu horren kostaldea zabortegi bihurtzen den bitartean. Euskadi “apasionatzen duen eskala berde” gisa sal daiteke –esaldia literala da, sektoreak berak erabiltzen baitu publizitatean–, itsaslabar horietako faunak eta florak pneumatiko eta plastikozko bidoi tartean bizirauten duten bitartean. Gizateriaren Ondare den Bizkaiko Zubiaz presumitu daiteke, edota Bilboko Alde Zaharraz eta bertan diren Berpizkunde garaiko eraikinez, urruti gabe itsaslabar batek urtetako utzikeria pilatzen jarraitzen duen bitartean. Eta inongo erakundek ez du bere gain egoerari buelta emateko ardura serio hartzen.
Norena da, baina, ardura hori? Nire ustez, hiru dira, behintzat, kosta-zati horren gaineko eskumena duten erakundeak, eta hiruek muzin egiten diote azaroa begiratzeari, konponbidea besteek eman behar duten aitzakian. Hiru erakunde horiek dira Getxoko Udala, gurutzaontzien turismoa tokiko motor ekonomiko gisa jotzen duena; Portuko Agintaritza, portuko jabari publikoa kudeatzen duena eta bere kaietan zer gertatzen den ez dakiela nekez argudiatu dezakeena, eta Eusko Jaurlaritza, turismoa sustatzeko kanpainak finantzatu eta jasangarritasun-diskurtsoak egiten dituena, kostaldea garbitzea beste batzuen esku uzten duen bitartean. Gurutzaiontzi bat iristen den bakoitzean, dominak dotorezia handiz banatzen dituzte elkarren artean. Gurutzaontzien gerizpean geratzen den lotsa garbitzeko ardura, berriz, inork ez du bere gain hartzen. Berriro diot: hau ez da salaketa juridiko formala; urtetan neure begiekin ikusi ahal izan dudana baino ez dut azaltzen.
Prentsa-ohar instituzional batek inoiz egingo ez duen galdera oso sinplea da: zer pentsatuko lukete aurten Getxon lehorreratuko diren 150.000 bidaiari horiek, Alde Zaharrera eta Guggenheimera bideratu ordez, Aixerrotapeko kuxidadea ikustera eramango balituzte? Erantzuna begi-bistakoa da. Horrexegatik paraje hori edozein turismo-ibilbide ofizialetatik kanpo egongo da. Gurutzaontzien turismoak, ondo muntatutako eszenografia orok bezala, marko jakin bat erakutsi behar du, eta hortik kanpoko guztia ezkutatu.
Horixe da Guggenheim efektua deritzonaren ifrentzu edo txanponaren beste aldea, hiria berrantolatzeko euskal eredu arrakastatsuari buruzko txostenetan inoiz agertzen ez dena. Gure kostaldea aire zabaleko zabortegi bihurtuta, argazki ofizialaren ertzetik hamabost bat minutura, luxuzko hotel flotatzaileak iristen diren moilatik milia eskas batera. Eta Miamin jasangarritasuna eta bikaintasuna aldarrikatzen dituzten erakude horiek ez dute ezer egiten. “Zatoz eta kontatu”, zioen Eusko Jaurlaritzaren Turismo Departamentuaren lelo hark. Bai, bai, zatoz eta kontatu… baina guztia, baita inork kontatu nahi ez duen gurutzaontzien terminaletik milia batera ikus daitekeena ere. (argia-baskultur)
(2026-07-04)
EUSKARA ZUBI BAT IZAN BEHAR DA
Euskal Herrira iritsi eta gutxira erabaki zuen euskara ikasi behar zuela eta hilabetera ekin zion. Gaur egun, Boubacar Diouf senegaldarra euskalduna da eta euskaraz aritu da, hain zuzen, euskarari buruz, Baionan egin duten ‘‘Euskal Herria, harrera herri’ jardunaldietan. Aurretik, NAIZekin aritu da. Boubacar Diouf senegaldarra da, Mbolo Moye Doole elkarteko kidea, EHUko ikerketa talde batean laguntzailea, herri mugimenduko kide benetan aktiboa... eta euskalduna ere bada. 11 urte daramatza Euskal Herrian; heldu eta hilabetera hasi zen euskara ikasten eta, hain zuzen, hizkuntzaren inguruko “Euskara erronka” mahai-inguruan parte hartu zuen, Baionan UIKek antolatutako ‘Euskal Herria harrera herri’ jardunaldian. Horren aurretik erantzun zituen NAIZen galderak. (foku)
«EUSKARA ZUBI BAT IZAN BEHARKO LITZATEKE; ZAILA DA, BAINA IKAS DAITEKE»
«Euskal Herria harrera herri» jardunaldian parte hartuko duzu. Esango zenuke esaldi hori egia dela? - Lehen baietz esango nuke, baina orain ja zalantza handia daukat, adibidez, Bilbon manteroekin eta udaltzainekin gertatzen dena ikusita. Horregatik, orain ez dakit zer gertatzen ari den; egoera aldatzen ari da, eta dudak dauzkat esaldi hori egia den.
Jarrera aldaketa hori jendartean ere gertatu da? - Normalean poliziarekin zerbait gertatzen bada, bi talde sortzen dira; batzuk gure alde jartzen dira eta beste batzuk, poliziaren alde.
Noiz heldu zinen Euskal Herrira? - Duela hamaika urte heldu nintzen, udan justu, 2015ean. Zuzenean heldu nintzen Euskal Herrira; zorte ona izan nuen. Lagun bat nuen Senegalekoa eta berak esan zidan ‘etorkizuna dago hemen’, eta etorri nintzen, jakinda nora eta nola. Nire kasua ez da gehiengoarena; bakoitzak bere historia dauka. Beste batzuek bidaia gogorragoa egin behar izan dute eta heldutakoan ere zailtasun asko izan dituzte.
Euskarak zer paper jokatzen du horretan? - Zubi bat izan beharko litzateke. Badakigu hizkuntza zaila dela, baina ikas daiteke. Nik zerotik ikasi dut eta denbora asko da, esfortzua... Ekonomikoki ere bai. Guk, heltzean, beste lehentasun batzuk ditugu, baina gero eta gehiago ikusten dut atzerritarrak euskarara gerturatzen ari direla.
Nola ikasi duzu euskara? - Ni udan heldu nintzen eta irailean Helduen Hezkuntzara joan nintzen DBH ateratzeko. Han hasi nintzen. Oso gutxi zen, astean bi ordu, baina gero jarraitu egin nuen. Gau eskolara joaten nintzen astelehenetik ostegunera, urtebetez. Hortik, euskaltegira joan nintzen.
Euskara zaila den ideia oso zabalduta dago. Hizkuntza da zaila edo baliabide falta dago? - Nik uste dut biak direla egia. Heldu berri batek ez badu hemen inor ezagutzen eta ekonomikoki ezin badu, zaila da, beste lehentasun batzuk daudelako: lehenengo, errolda; bigarrena, jatekoa; hirugarrena, non geratu; eta, gero euskara ikasi nahi baduzu, esfortzua egin behar duzu. Euskara ikasteko ordu pila-pila bat eman dut. Baina hori da dagoena; zerbait nahi baduzu, saiatuko zara. Nik horrela egin dut. Nik frantsesa, ingelesa eta gaztelera hitz egiten ditut, eta euskara beste kontu bat da. Heltzean horrenbeste oztopo egongo ez balira, jende gehiagok ikasiko luke euskara.
«Euskara erronka» mahai-inguruan parte hartuko duzu. Zuretzat euskara erronka edo aukera izan da? - Ez dut gogoratzen heltzean erronka moduan edo aukera moduan ikusi nuen. Heldu nintzenean Galdakaon bizi nintzen eta nire lagunarekin kalean nindoala ikusi nuen lehenengoz esaldi bat euskaraz idatzita. Galdetu nuen ea zer zen hori. Orduan bertan erabaki nuen hizkuntza hori ikasi behar nuela.
Era honetako jardunaldiek gerturatzen diote migratzaileen errealitatea jendarteari? - Ondo datorrela iruditzen zait. Jende asko ez da migratzaileen azalean jartzen eta ondo dago hausnartzea ea zergatik etortzen garen gure herrietatik honaino migratzaileok. Afrikan, Hego Amerikan eta beste hainbat tokitan gertatzen diren arazoen %50 inguru Europaren errua dira. Senegalen hamabi urtez izan nintzen arrantzale eta ikusten nuen nola egiten zuten arrantza Galiziako ontziek, errespetatu gabe, lapurtuz, gureak baino itsasontzi handiagoekin eta guretzat produktu gutxi utzita. (naiz-baskultur)
(2026-07-01)
SEGOVIAKO IHESA 1976-2026
Espetxearen barrutik, Segoviara ihesa. 50 urte dira ihesaldi jendetsua egin zutela Segoviako espetxean (Gaztela eta Leon, Espainia). ETAk gidatu zuen operazioa, eta iheslarien gehiengoa erakundeko kide bazen ere, hainbat ekintzaile katalan antifrankista ere batu ziren. Plana ez zen borobildu, akatsa izan zelako muga gurutzatzeko unean. Baina Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan bezalaxe, zeresan handia eman zuen gertaera izan zen, eta nazioartean ere oihartzuna izan zuen. Amnistia Legearen (1977) prozesua bizkortzea eta hobetzea ekarri zuen, baita espetxe sistema apur bat aldatzea ere. Ihesa gertatu eta berehala itxi zuten Segoviako espetxea, eta eraistea bazen ere asmoa, ezkerreko indar politikoei esker museo bihurtuta dago orain. Talde memorialistek jardunaldiak antolatu dituzte maiatzean, eta ARGIA bertan izan da. Espetxeko barrunbeetatik ekarritako kronika da hau.
Eguzki printzak sartzen dira sabaitik, baita barroteen artetik ere, baina ez dakarte berarekin kanpoko beroa. Hotz dago harrizko eraikina. Alde bateko eta goialdeko ziega batzuk erakusketa gisa ipinita daude, guztiz itxuraldatuta, hala nola espetxe honetan egondako preso ugariren argazkiekin josita. Baina zonalde hau, Ekonomatua dagoena, giltzaz itxita egoten da normalean. Zarratuta dago oraingoan ere. Barrote artetik uso bat ikusten da hilik, barneko patioan, bazter batean botata. Preso eta gaixo hil den usoa. Usoak ez, baina zonaldea itxita egote hutsak atentzio gehiago lortu du erakusketa gisa ipinita dagoenak baino. Autentikoagoa-edo izango delako, beste aldea baino zaharkituago dirudielako. Barroteei eutsita eta barrura begira ipini da jendea, hoztasun puntu isil bat barnetik datorkiela, kobazulo baten tankeran, bizkarra emanda dutela atezainarena izango zen egonleku borobil eta berdexka. Horrek izango zuen barneko giltza.
Denak du berdexka kolorea. Sarrerako ateko barroteak dira beltzez margotuta dauden bakarrak. Gainontzeko guztiak berde ilun kolore hotza du, zuri apal batekin konbinatuta. Lurreko baldosak gorrixkak dira, baina dagoeneko zahartuta, zikin eta kolorea galduta daude. “Nahiko antzera dago dena”, esan digu aldamenetik Iosu Bilbaok. Hala oroitzen duela dio. Segoviako kartzelan egon zen preso. Espetxea itxi zuenetako bat izan zen. Ez zuen ihes egin, epe motzean irtetekoa zelako eta ihesean arriskatzeak ez zuelako zentzurik; baina lagundu zuen prestakuntzan, esaterako zuloa egiten, eta zulo barneko zikinak ezkutuan sakabanatzen, patiotik hoditeriara doan zulotik botatzen.
Tour inprobisatu bat egiten ari zaio Bilbao jardunaldietan egon den jendeari, edo bere urratsak jarraitzen dituenari, ez baitabil batere poliki. Familiarekin etorri da. Bilobaren aldamenera makurtu da, eta zera esan dio, besoa luzatuta: “Ikusten duzu 12 zenbakidun gela hori, hor goian? Horixe zen zure aitonaren gela”. Barroteen kanpotik, barroteei eutsita, beste bisitari asko dauden lekutik ari da azalpenak ematen, atezaina egoten zen lekuari bizkarra emanda. Barrura sartzeko gogoa sartu zaie. Tankera du Bilbaori berari sortu zaiola zirrara gehiago, bilobari baino. “Banoa giltza batzuk lortzera”, esan du buelta erdia eman eta jende artean galdu baino lehen. Antolakuntzakoen bila joan da. Rosa Luxemburg Fundaziokoek ez dute giltza horren berririk, haiek soilik hitzaldi sortaz arduratu baitira, eta ez espetxe-museoaren gidaz; eta Segoviako Memoria Foroko kide bat harrapatu du bazterretik. Hark ere harridura aurpegia ipini dio giltzak eskatu dizkionean.
EDOZELAN ERE, AZKENEAN, GILTZA SORTA BATEKIN ITZULI DA
Atea ireki eta aurrera jo du Bilbaok. Bera lehen-lehena. Eta atzekoak urratsari ezin segituta. Oinez zihoala jarraitu du hizketan, baina nahi gabe ere zarata sortu da, oihartzun apur bat sortzen delako eta Bilbaok ez duela ahotsa bereziki altu hitz egiteko moduan. Bezperan, Segoviako taberna batzuetan dantzan ibili zela eskapatu zaio lehenago. Barroteetatik ikusten zenaren atzealdera bideratu du jendea, komunen eta dutxen aldera. Hizketan hasi da, nahiko tonu baxuan, dutxak seinalatzen dituela. “Gure lanerako jostorratzak erabiltzen genituen, poto-irekigailuak...”. Lehen ihesaldi saiakerari buruzkoak ari da kontatzen, oraindik ere norbanakoak lekua hartzen ari direla Bilbaoren azalpenak entzuteko. Bat-batean sekulako zarata entzun da. Guztiok biratu dugu burua. Ziega bateko ate bat erori da –edo bota du norbaitek–. Susto galanta. Oihartzuna egin du. Eta Bilbaok eten du: “Lehen ez ziren erortzen!”. Barre egin dute denek. Bisitatu berri ditugun ziega abandonatuetatik gertu dauden komunetan egin zuten lehen zuloa. Dutxa zegoen lekutik, hain justu. Jostorratzekin, poto-irekigailuekin eta sukaldetik ostu zezaketen edozein erremintarekin egin zuten zuloa dutxetako batean, azulejuak kenduta. “Pixkanaka-pixkanaka, pazientziarekin eta tentsio handiz beti”, kontatu du. Ahalik eta isilen, hortaz. Zulogileek aliatuak zituzten dutxen kanpoko paretan, hormaren beste aldean: pilotan jokatzen zuten serio-serio, paretari ahalik eta fuerteen emanez, inork ez zezan ezer susma, zer ari zen gertatzen paretaren barrualdean. Txandaka egiten zuten, jakina, hori ere ez zedin nabarmen geratu.
Zuloa eginda, sorpresa ederra jaso zutela kontatu du Bilbaok. Uste baino errazagoa zelako zulatzea, eta horren azpian “errekatxo” moduko bat zegoelako, zuzen-zuzenean kanporantz zihoana, ziegen azpitik igarota, zelden arteko patio erdi-erditik. Urtebete inguruko lana izan zela kontatu du Bilbaok, taxuz garatutakoa eta ETAren buruzagitzarekin koordinatutakoa. Espetxe barrura sartu zituzten eskuko argiak, walkiak, pistolak, metrailetak, dirua... Baita argazki kamera bat ere. Ihes egingo zuten 52 presoek argazki bana atera zuten, nortasun-agiri faltsuak egiteko. ETAren kanpoko komando baten ardura zen azken detaile horiek fintzea. Eta egin zuten, 1975eko uztailean izan zen hori. Azken txinparta zen, ihesaren operazioa abuztuaren 5ean gauzatzeko. Baina egun gutxi lehenago, uztailaren 30ean, ihesaldian lagundu behar zuen Madrilgo komandoa atxilotu zuen Poliziak (...) (argia-baskultur)
(2026-06-29)
GERRA HURBILAGO
Gerra aurten hedatu daiteke Europan. “Europak ezin die ezikusiarena egin Errusiaren ohartarazpenei”, idatzi nuen 2025eko irailean. Orain, ohartarazpen horiek askoz zorrotzagoak dira. Argi eta garbi adierazten dute Errusiaren eta NATOren arteko Ukrainako gerra aurten hedatu egin daitekeela, eta zuzenean europarrak inplikatu, bereziki alemaniarrak. Laster Moskuk ultimatum bat eman liezaieke europarrei. Europar Batasunak aldarrikatzen duen "errusiar mehatxuaren" histeria baieztatzen al da, orduan? Jakina, horrela interpretatu eta interpretatuko dute Berlin, Brusela, Londres eta Parisko ergel tematiek. Baita beren propagandisten armada tamalgarriak ere, belarritik tiraka gerrara garamatzaten horiek.
Europar Batasunaren desintegrazioa ekiditeko eta berrarmatzea justifikatzeko baliabide bat besterik ez da "Errusiaren mehatxua". Gauza asko arrakalatzen ari direnean, etsai gaizto horren kanpo-mehatxua garrantzitsua da, barne mailan gero eta desegituratuago dagoen eta munduan garrantzirik ez duen klub europar baten kohesio-elementu gisa. Hori argi dago. Baina "errusiar mehatxua" beste gauza bat ere bada: auto-betetzen den profezia; jatorrian sinesmen faltsua, baina azkenean berak dioena gertatzea eragiten eta elikatzen duena. Zure txakurrari edo katuari hatza begian sar diezaiokezu eta, aldi berean, iragarri hozka edo harramazka egingo dizula, ziur zaudelako azkenean horixe gertatuko dela.
Horixe gertatu zen 2022ko otsailean Ukrainaren inbasio tamalgarriarekin, Mendebaldeko establishment-aren kontakizunak "unprovoked" (ez probokatua) adjektiboarekin batera jartzen duena duena beti –Iranen aurkako gerran ez bezala, bide batez esana–. Gaur egun, Errusiarekin zerikusia duen ororen deabrutzeak itsututa ez dagoen jendeak badaki 2022an Moskuk 30 urte baino gehiago zeramatzala Gorbatxoven SESBi agindu zioten "segurtasun kolektiboko arkitektura europar" hura eskatzen. Jende horrek badaki Errusiak NATOren hedapenari ezarri zizkion "lerro gorri" guztiak gainditu zirela, bata bestearen atzetik. Hori lehen lerroan bizi izan genuenok –ahal izan genuen modurik argienean eta zuzenenean eman genuen horren berri, gure hedabideen egiturazko ustelkeria kontuan hartuta–, Javier Solana NATOko Idazkari Nagusiaren irribarre memeloa gogoratzen dugu, Moskun bertan esanez hedapenaren aurkako jarrerak ez zeukala zentzurik, "gerra hotza amaitu zelako" eta "jada ez garelako etsaiak" (…) (argia-baskultur)
(2026-06-28)
EHZ 2026 AMAIERAN
Arberatze-Zilhekoako plaza jendez mukuru Euskal Herria Zuzenean festibalaren ekitaldian. Musikak tarterik izango du gaur ere, baina 30. urteurreneko ospakizun ekitaldiak izan du protagonismoa gaurko egunean. Aktore, pailazo, bertsolari zein musikariak, antolakuntzako kideekin batera, mezu zuzenak eta sakonak emanaz aritu dira. Zigante eta gaiteroek esnatu dituzte Arberatze-Zilhekoan lo zirenak gutxika-gutxika plazara gertura zitezen. Les Cuisiniers taldekoak hasi dira, ordea, beren doinuak zabaltzen, «antzinako musika ematen dugu etorkizuneko jendearentzat», esan du Ion Celestino musikariak. Gipsy swing musikarekin hasi dira eta musika beltza izan dute ardatz. Musika goxoa ekitaldia hasi aurreko minutuetarako, plaza jendez betetzen ari zen bitartean. Bigarren kalejira batean iritsi dira Xabi Solano eta Porrotx umeekin batera plazara, kanpalekutik jendea erakarriz, ‘Lepoan hartu ta segi aurrera’ abestuz.
HOGEITA HAMAR URTE, HAMAIKA OROITZAPEN
Ekitaldiaren hasiera Euskal Herria Zuzenean festibalaren kantu historikoa abestuz hasi da, ‘Arrosako zolan’, Aire Ahizpak oholtzan zirela eta publikoa segituan sartu da berotan, nahiz eta lehen lerroetan eserita izan gehienak. Elkar hartuta batzuk, txaloka besteak, baina lehen unetik barruak mugitu dizkiete ezbairik gabe. Oroitzapenetik tiraka hasi dira atzetik lehen bi aurkezleak, Argi Uthurriague eta Mattin Ordouille, auzolana batez ere balioan jarriz, baita ere herri zapalduen alde lanean dabiltzanak eta laborari, herritar, eta beste hainbat komunitate, EHZri esker Ipar Euskal Herria sakonago ezagutu duten hegoaldeko festibalaria edota musikariak, baita preso izan eta laguntzaile izatera itzuli direnak ere. Baina batez ere mezu honetan egin dute azpimarra: «Etengabe sortzen diren oroitzapenak, hori baino ez gira gu».
IRONIA FINA UMORERAKO
Segidan, ironia betez ingelesez hasi da bere saioa eginaz Maryse Urruti aktorea, Marilyn bailitzan ‘Happy birthday’ abestuz. Txistea zela esan eta euskaraz hasi da segidan, «EHZn euskaraz» mezua azpimarratuz. Pello Reparazen eta Mitoaroaren erreferentziak baliatuz, hura ere EHZren «Geroaren lehen notak» lelotik abiatu zela esan du Urrutik, «nahiz eta Pellok 2084an kokatu duen euskara. Pello eta EHZ, erbia eta dortoka, nork irabaziko du?». Erronka polita herriarentzat. EHZn ez dela kontsumitzen esan du gero, bertan parte hartzen dela. «Festibal parte-hartzaile ez kontsumitzailearena ongi dago, baina alkoholaren kontsumoa jaitsi da eta sartzea hain merke izanik… kanpaina berri bat jarri behar dugu martxan: ez naiz mozkor, militatzen dut gogor», proposatu du Urrutik.
Podcasta, dokumentala, liburua egin ostetik, musikala falta zela esanaz rapeatzen hasi eta oholtzara batu da Odei Barroso. «Arrosako zolan erein zen hazia gaur Arberatzen da zuhaitz» izan da haren lehenengotako barra eta, beste batean, «Hau ez da palazio bat, hau da harriz harri egin den etxola […] Auzolana dastatu duenak soilik daki denen beharra dagola» bota du. Mezu ederrak Barrosorenak. Ana Jaunarena eta Xalbat Altzugarai antolakuntzako kideak izan dira bigarren hitzartzea ukan dutenak. Belaunaldien arteko lana aipatu dute, eta egoera politiko gogorraren aurrean elkartuta egin duela aurrera festibalak. «Eramazue etxera EHZren zati bat zuekin eta izan dadila plazererako, sorkuntzarako eta herrigintzarako pizgarria», bukatu du Altzugaraik.
PORROTXEK IRRIAK ETA MUGURUZAK HERRIA
Solano eta Porrotx igo dira atzetik oholtzara ‘Ikusi mendizaleak’ kantatuz eta, segidan, ‘Zorionak zuri’ abestu dute publikoarekin batera. «Izokinak bezala 30 urte korrontearen kontra lanean aritu zarete. Baina hori ona da, enpatia lantzen delako horrela, baina guk dakigun bezala, irriz, abestuz eta dantzan; eta dena euskaraz!», goraipatu du Porrotxek. ‘Epo itai tai ye’ abesten jarri dute plaza, eta, atzetik, EHZn auzolanean aritu eta gure artetik joan direnak izan dituzte gogoan, Imanol Urbietaren ‘Agur bat lagun maite’ kantatuz eta dantzatuz zutik jarritako publikoarekin. Bukaeran, ‘txupinazoa’ bota dute elkarrekin publikoak eta Porrotxek eta «Gora San Fermin!» oihu eginda, Fermin Muguruza igo da oholtzara ˝Gora Herria˝ abestera Solanoren laguntzaz. Publikoa zinez pozik zela, ‘Sarri sarri’ ere eskaini dute, plazaren bueltan kalejira ederra sortuz. Herria eta irria, biak plazan elkarrekin.
ETORKIZUNARI BEGIRA
Irantzu Idoate eta Haira Aizpuruak bertso sorta bat abestu dute ekitaldiaren hondarrean. «Jakin behar zen nola gosetu eta ase, gero ongi kokatu zedin Arberatze», festibalaren kokapenak errepasatu ostean Idoatek abestu duena. «Zain dezagun pentze bat ta hortik eragin, borrokak loratzeko lurra izan dadin», mezua jaurti du gero Aizpuruak. Hirugarrenean, «arrain handien kontra erresistentzia, euskal gazteriaren erreferentzia» gehitu dio Idoatek eta «biba arduradunak laguntzaileen pare, mugimendurik ez da dardararik gabe», atzetik Aizpuruak. Elkarrekin abestu dute azkena, «plazan elkar gaitezen zahar gazte eta ume, luzaz izan dadila ametsen bilgune». Etorkizunari begira jarri dira bertsolariak.
Baita Daia Harlouchet eta Oihan Perez ere, antolakuntzaren izenean hizketan azkenak. Biharko EHZko laguntzaileari zuzendu dira, «festibala berrasmatu eta birsortzeko gai izango zara» esanaz. Frantses asimilazioari aurre egingo diona, merkatuaren gainetik dagoen kultura egingo duena, diskriminazio eta zapalkuntzaren aurka irriz erantzungo duena… halakoa izatea nahi dute laguntzailea. «Festibala ez da festibala soilik, herria egiteko modu bat da. Ez izan nostalgiarik geroaren nostalgia ez bada», esan eta honako oihu honekin bukatu dute emanaldia: «Festibala azalberritu dadila gutxienez beste 30 urtez! Gora EHZ!».
ZIKIRO JANA ETA MUSIKA BUKAERA EMATEKO
Zikiro jana izango dute bertaratuek laborarien eskutik, tartean, 1996ean festibala sortu zuten eta bidean aritu diren laguntzaile eta antolatzaileak ere elkartuko dira elkarrekin goxo bazkaltzera. Iluntzean, berriz, Etzakit taldearen kontzertua izango da pentzean beren itzulerako urtean. Ziur asko Jon Garmendia ‘Txuriya’ ez da urrun ibiliko, ohikoa izaten baita hura ere Euskal Herria Zuzenean festibalean. Imarhan, Skabidean, Pambele edota Silitiaren proposamenekin bukatuko da aurtengoa. Bestarako aukerarik, beraz, ez da faltako igande honetan Arberatze-Zilhekoan. Festibala izan dadila beste 30 urtean, gutxienez. (naiz-baskultur)
(2026-06-26)
EUSKAL HERRIA ZUZENEAN
Bi gune nagusitan banaturik dago EHZko egitaraua: egunekoa, plazan; eta gauekoa, pentzean. Arte diziplina anitzen aterpe bilakatzen da plaza hiru egunez: musika, dantza, antzerkia... eta era guzietako publikoa asetzeko moduko eskaintza ontzea lortzen du. Batzuk after-retik oihal etxera itzultzen direnerako, beste hainbat festibala berriz ere girotzeko prestatzen ari dira. Hain zuzen, bi batzordek osatzen dute EHZ jaialdiko egitaraua: batek egunez plazan egiten dena lotzen du, eta besteak gauez pentzean egiten dena. Lehenengoan dago Maika Arla (Ozaze, 2001), eta aurtengoan plazak bigarren gune bat izanen duela azaldu dio KAZETAri. Eguneko egitarauari buruz zera azpimarratu du: «Plazaren berezitasun handiena da gure programazio guzia urririk dela, plazara sartzeko ez baita pagatzen. [...] Programazio horrekin ez da dirurik egiten. Jendeari kultura zabaltzeko eta ikusgarrien eskaintzeko da».
Jende gehienak gaueko egitaraua begiratu ohi du. Afixan ere, talde gehienak gaueko egitaraukoak izan ohi dira. Aldiz, festibaleko zati handiena zuen batzordean prestaturiko egitarauari esker betetzen da. Bai, hori da. Azkenean, guk goizeko 10:00etatik 20:00 arteko programazioa egiten dugu. Aldiz, bai, jende gehienak gehiago begiratzen du gaueko programazioa, hor baitira talde handiak-eta. Guk gehiago proposatzen ditugu antzerkiak, ikusgarriak... Plazan bada musika ere.
Hainbeste orduko egitaraua prestatzeko lehenagotik hasi behar da lana. Bai. Guk, azkenean, pasatzen dugu kasik urte osoa programazioa prestatzen. Aurten, gainera, badugu berezitasun bat: zirku karpa bat dugu; beraz, batzuetan, bi gauza ber denboran izanen dira plazan. Horrek erran nahi zuen talde eta ikusgarri gehiago atzeman behar zirela; beraz, baita lan pixka bat gehiago ere. Kristoren lana da urte osoan; eta, gainera, helburua da ahal bezain plurala izatea gure proposamena, izatea zinez denetarik, leku guzietatik heldu den artistekin. Kristoren lana da urte osoan zehar, baina egina da!
Aurten urtemuga berezia du EHZk, 30. urteurrena baitu. Nola islatu duzue urtemuga hori eguneko egitarauan? Berrikuntza bat nahi genuen. 30 urteengatik ez dugu programazioa hainbeste taldeetan aldatu, baizik eta zirku karparekin. Aurten ere zerbait berria ekarri nahi genuen, ber momentuan bi proposamen izatea berria da. Gero, urtero bezala, entseatu gara proposamen ahal bezain zabalena egiten; izateko bai haurrentzat, baita helduentzat ere; izatea dantza, izatea antzerkia...
Beharbada goiz da jakiteko, baina zein da asmoa: zirku karpa heldu den urteetan ere mantentzea edo urtemugarako bakarrik jartzea? Ene ustez, funtzionatzen badu eta jendea hurbiltzen bada, helburua litzateke ondoko urteetan ere ezartzea.
Eguneko egitarauko hitzorduren bat nabarmentzekotan, zein hautatuko zenuke? Ez da talde bat: nik, gehiago, igandea hautatuko nuke, orokorrean. Urtero bada kristoren giroa plazan igandez. Ene ustez, egun batez jitekotan, igandea da eguna, zeren eta igandean plazan den giroa uste dut ezin dela esplikatu. Beraz, kontseilatzen diot jendeari igandean jitea. Gainera, igandean diren ikusgarri guziek balio dute. (kazeta-baskultur)
(2026-06-25)
KORSIKAN AUTONOMIA ERATZEKO
Korsikan autonomia eratzeko egitasmoa onartu du Asanblea Nazionalak. Iragan astean luze eta zabal eztabaidatu ondotik, frantziar Asanblea Nazionalak ontzat eman du ekainaren 23 honetan Korsikan autonomia bat eratzeko konstituzio-lege proposamena. 271 diputatu alde azaldu dira; 202, ordea, kontra. Senatuan segituko du egitasmoaren tramitazioak. Laurent Marcangelli Horizons et Independants taldeko ordezkariak orotarazi duenez, frantziar Errepublikaren barnean Korsikako autonomia eratzeko lege-egitasmoa «adostasun baten emaitza da, eta konpromiso guziek bezala bere hutsuneak ditu». Ildo beretik, Pierre Cazeneuvek (Ensemble pour la Republique) defendatu du «inoren helburuak betetzen ez duen testua». Bere erranetan, hain zuzen, «zalantza, ezinegon eta aldaketa multzo horrek egiten du on testua».
Paul Molac diputatu bretoiak, beste ikuspuntu batetik bada ere, sostengua adierazi dio lege-egitasmoari. «Autonomia ez da helburu bat, etapa bat baizik», ohartarazi ondotik, «Korsikako herriari erantzun duina emateko ordua» dela aldarrikatu du. Oso bestelako ikuspegia erakutsi du Elsa Faucillonek (Gauche Democrate et Republicaine). «Korsikako lurrarekin atxikimendu berezia diuen irla-komunitate» bezala aitortzen du testuak. Ezkerreko ordezkariak berdintasunaren printzipioa lanjerean ezarri dezakeen «ikuspegi esentzialista» arbuiatu du. Hala eta guztiz ere, bere taldean kontrako iritzia nagusitu arren, abstentziora jotzeko «asmo pertsonala» azaleratu du. Olivier Faysat (UDF) diputatuak testuaren kontraesanak goraipatuz, eta oroz gainetik, Konstituzioaren erreforma arbuiatuz, kontrako botoa iragarri du. Bide beretik, François-Xavier Ceccolik ( Errepublikar Eskuina taldea) testuaren zein prozeduraren «gabezia demokrarikoak» agerian ezarri ditu kontrako botoa arrazoitzeko. Bide beretik, Stephane Rambaud RNko diputatuak 'komunitate historikoa'-ren nozioa frantziar Konstituzioan sartzea arrisku bezala irudikatu du. Eskuin-muturrak kontrako botoa emanen zuela iragarri aitzin, bere taldeak aurkezturiko testu alternatiboa aldarrikatu du, korsikarrentzat onurak ekarriko lituzkeelakoan. Testu horren arabera, frantziar legeak beraien egoerara egokitzeko aukera lukete korsikarrek. Ezin lukete, ordea, lege propiorik sortu.
LFI, PS ZEIN EKOLOGISTAK, ALDE
Eric Coquerelek (Frantzia Intsumisoa) aitormena egin du: «Duela hogei urte ez nukeen testu hau bozkatuko». Frantziar autonomistek eginiko bilakaera txalotu du eta, batez ere, «garaiak aldatu direla» agerian utzi du. Logika neoliberalaren aitzinamenduaren parean, «herrien borondatea» harresi gisa irudikatu du. «Ez da hautu juridikoa, politikoa baizik», adierazi du. Testuak dituen hutsuneak nabarmenduta ere, Coquerelek LFIren aldeko botoa iragarri du, beste diputatuen txaloen artean. Marc Penak oroitarazi du «Errepublka are sendoagoa dela bere barnean duen aniztasuna aintzat hartzen duenean». Korsikan autonomiaren aldeko gehiengo zabala dagoela gogorazi ondotik, aldeko botoa baieztatu du talde sozialistaren izenean. Gatazka armatua gainditzeko Korsikako herriak eginiko ahalegina goraipatuz, Sandra Regolek talde ekologistaren aldeko botoa baieztatu du, bere aldetik. Botoa arrazoitzeko hitzaldietan erakutsitako aniztasuna bozketan islatu da. Hala, 271 diputatu testuaren alde azaldu dira; eta 202, ordea, horren aurka. Hala, Asanblea Nazionalak bide eman dio Korsikan autonomia eratzeko egitasmoari. Oraingoan Senatuaren esku geldituko da proposamena. Eskuinak kudeatzen duen ganbaran partida zaila aurreikusten da.
ARNAS LUZEKO EGITASMOA
2024an onartu zuen Korsikako Asanbleak frantziar batasun nazionala auzian eman gabe irlan autonomia eredua garatzea ahalbidetuko lukeen proposamenak. Geroztik, Gerald Darmanin buru duen frantziar Barne Ministerioarekin eginiko negoziaketek aldaketak ekarri dituzte. Elkarrizketa prozesu horren emaitza da, neurri handi batean, Ensembleko parlamentariak Florent Boudiek osaturiko txostena oinarri gisa harturik, frantziar diputatuek gaur bozkatu duten egitasmoa. (kazeta-baskultur)
(2026-06-21)
ESKUIN MUTURRAK TRANTSIZIOAN HILDAKO PERTSONAK
Espainiako Gobernuak biktima gisa aitortu ditu Poliziak eta eskuin muturrak Trantsizioan hildako 63 pertsona. 2022ko Memoria Demokratikoaren Legearen mandatuari jarraituta egin da ikerketa, eta 1978an Espainiako Konstituzioa onartu zenetik 1983a arte izandako hilketak ikertu ditu. Gehienak Madrilen eta Euskal Herrian gertatu ziren. – 2024an hasi zen ikerketa eta horren arabera, 28 pertsona segurtasun indarrek hil zituzten eta gainerakoak eskuin muturreko taldeek. Memoria Demokratikoaren Legearen estaldura 1978ra artekoa da, urte hori barne, baina azterketa honek 1983ra artekoak ikertu ditu, uste delako heriotza horiek frankismoaren ondorio gisa har daitezkeela eta horrela akats historiko bat zuzentzen dela. Txostenak zuzendu nahi du “biktimekiko defentsa-gabezia eta haiek egin gabeko aitortza”, eta onartzen du hilketa horietako asko ez zirela behar bezala ikertuak edo epaituak izan”.
Ondorioetan aipatzen da heriotza horiek praktika antidemokratikoen ondorio gertatu zirela, eta haien helburua frankismoari eustea zela: “Terrorearen erabilera medio, demokraziak aurrera egitea saihestu nahi zuten” eta hori, sarritan, egiten zuten “agintarien tolerantziarekin”. Espainiako liburuetan azken mendeko historiaz irakurtzen duenak Trantsizioa garai eredugarri gisa aurkezten da, baina txosten honek zehazten du egiazki “garai grisa” izan zela. Manifestazioetan, komisarietan eta kontroletan gertatutako legez kanpoko parte-hartzeak, gehiegikeriak et abusuak oso ohikoak izan zirela azpimarratzen du; ez zela garbiketarik egin segurtasun indarrean artean, eta horrek ahalbidetu zuela demokrazian sartuta ere praktika horiek ugariak izatea.
GLADYS, GONZALEZ ETA ALDANA TABERNAKOAK
Gladys del Estal donostiarra, Yolanda Gonzalez bilbotarra, Almería auziko hiru hildakoak edo Alonsotegiko taberna batean izandako lau herritarren hilketa daude Espainiako Gobernuak onartutako biktimen artean. Baita Jesús María Zubikarai eta Tomás Alba ere. Del Estal gazte ekologista Guardia Zibilak hil zuen 1979an Tuteran; eta González gazte komunista BVE talde parapolizialak bahitu eta hil zuen Madrilen 1980an, han ikasketak egiten ari zenean. Zubikarai BVEk hil zuen Eibarren 1980an. Tomás Alba Donostiako Udaleko Herri Batasunako zinegotzia zen eta BVEk hil zuen Astigarragan.
Almería auzi-ko gazteei dagokienez, Guardia Zibilak hil zituen Almerían. Luis Cobo, Juan Mañas eta Luis Montero gazteak Santanderren bizi ziren eta lehen jaunartze batera joan ziren Andaluziara. Han, Guardia Zibilak etakideekin nahastu zituen, eta torturatu eta hil zituen. Alonsotegin, aldiz, Liborio Arana, Manuel Santacoloma, María Paz eta Pacífico Fica hil zituzten, eskuin muturrak Aldana tabernan jarritako lehergailuaren ondorioz. Tabernara jeltzale asko joaten ziren eta uste da horregatik egin ziotela eraso. Ikerketa honetatik kanpo geratu dira antzeko egoeratan hil zituzten ETAko edo beste talde armatuetako kideen auziak. Oraingoan hildakoen kasuak bakarrik aztertu direla zehaztu dute batzordekideek, baina Espainiako Gobernuari aholkatu diote etorkizunean ikertu ditzala ere torturen edo tratu txarren biktimak izan zirenak. Azpimarratu dute, halaber, txostenak ez duela ikuspegi juridikorik, eta informazio historikoaren zehaztasuna eta biktimekiko erreparazioa landu nahi dituela. (argia-baskultur)
(2026-06-20)
KRIMINALIZAZIOA SALATZEKO MANIFESTAZIOA
Herri mugimenduaren kriminalizazioa salatzeko manifestazioa egin dute Bilbon. 200 eragile ingururen babesarekin, eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Bilbon, Lakuaren kriminalizazioari erantzuteko. Espiral horretan «pauso bat atzera egitea» exijitu diote Pradalesen Exekutiboari. Eliptika plazatik abiatu aurretik, Arantza Gotxik eta Asier Praderak hartu dute hitza deitzaileen izenean, azken urteetan askotariko protestek jasaten duten errepresioa salatzeko: isunak, identifikazioak… Nabarmendu dutenez, Lakuako Gobernuaren aldetik «kanpaina bat» dago protestak «arazo gisa» aurkeztu eta «errepresioa justifikatzeko». «Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean, eskubide zibil eta politikoak defendatu» lelopean manifestazioa egin dute larunbat honetan Bilboko kaleetan. (Manifestazioa, udaletxeko zubian. Aritz Loiola / foku)
Jazarpen hori «eguneroko ogia» dela esan dute eta bi helburu dituela. Esan dutenez, alde batetik herri mugimendua ahuldu nahi dute eta, bestetik, protestak mugatzea, «EAJren interesen aldekoak ez badira». ‘Borroka da bide bakarra’, ‘Erasoen aurrean, gogor eta tinko’, ‘Verguenza me daría ser policía’ edota ‘Munipa zein zipaio burgesiaren lakaio’ bezalako leloak oihukatu dituzte manifestariek ibilbide osoan zehar. Oihuak eta txistuak Areatzan, Nyx hotelaren parean, areagotu dira, Ertzaintzaren ohiko dispositiboaren aurrean. Palestinaren aldeko ikurrak eta borroka antifaxistarenak erakutsi dituzte manifestari askok. Mobilizazioan zehar, halaber, protesta ezberdinetan jazotako errepresioaren datuak eskaini dituzte zenbait puntutan. ‘Antifaxismoari zigorrik ez’ zioen pankarta batek salatu du, esaterako, espetxe zigor eskaerez gain 500.000 eurotik gorako isun eskaerak daudela, «etengabeko miaketak eta mehatxuak» eta «140 futbol zaletu zerrenda beltzetan».
Etxebizitza eskubidearen inguruan lan egiten duten kolektiboek zehaztu dute, era berean, aurten 70.000 eurotik gora pilatzen direla isunetan. Arriaga antzokiaren plazan bukatu da manifestazioa. Bertatik, errepresioari mugak jartzearen beharra azpimarratu dute deitzaileek, «herri mugimenduko eragileok gure jarduna askatasunez aurrera eman dezagun». Elkartasuna helarazi diete, era berean, «Vito Quilesen ekitaldi faxistari aurre egiteagatik atxilotutako 28 kideei, baita Berangon ongietorria egiteagatik auziperatuta daudenei, Ipar Euskal Herrian errepresioa pairatzen ari diren kide guztiei eta oro har kapitalismoaren zein inperialismoaren bidegabekeriei aurre egiteagatik errepresioa jasaten duten guztiei», eta «babesa» osoa eman diete «Ekialde Hurbileko erresistentziari elkartasuna adierazteagatik atxilotu dituzten Asier eta Youssefi».
«ZIKLO ERREPRESIBO BERRI BAT»
Mobilizazioa deitu duten herri mugimenduko eragileen ustetan, Lakuako Gobernuak «ziklo errepresibo bat» abiatu du. Gogorarazi dute Bingen Zupiriak protesta bermatuta dagoela esaten duenean ezin dutela gauza bera esan Flotillako kideek, Amaya Zabartek, Xuhar Pazosek edota Aritz Ibarrak. Salatu dutenez, gaztetxe bat irekitzea erreprimitua izateko motibo nahikoa izan daiteke, «sionismo genozidaren aurka egitea ere jazarpenerako arrazoia da, La Vueltaren aurkako boikotak jasandako errepresioak erakusten duten modura. Azpeitian, zabor-ontzi batean errotuladorez egindako margoketa baten ondotik hogei epaitu baino gehiago daude. Kanpaldi baketsu bat, futbol taldeei harrera egitea, kale-salmenta... isunak, jipoiak eta atxiloketetarako arrazoi dira».
«EAJk eta estatuek argi daukate, eskubide zibil eta politikoak murrizten ari dira datorren krisialdiaren aurrean erantzuteko aukerarik egon ez dadin. Eskubide zibil eta politikoak murrizten ari dira, beraien interes politiko eta ekonomikoak arriskuan jartzen dituztelako», azpimarratu dute. Manifestazioa deitu duten ia 200 eragileen artean daude Euskal Herriko Global Sumud Flotilla, Amaya Zabarte, Justizia Aranarentzat plataforma, Gazte Koordinadora Sozialista, Errekaleor Bizirik, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforma, Herri Norte Taldea, Bultzada Txuri-urdina, Iraultza 1921, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea… (naiz-baskultur)
(2026-06-20)
MILA ZAPORE ARRAZISMOAREN KONTRA
Arrazakeriaren aurka egiteko asmoz, Iruñeko Arrozak eguna antolatu dute, Txantrea auzoan. Elkartasunaren aldeko mezuak zabaldu dituzte arrozen artean. Mugitzen den haize bakarra haizemaileek sortzen dutena da. Jendetza elkartu da Iruñeko Txantrea auzoan, baina gutxi batzuek lortu dute zuhaitz azpiko leku pribilegiatua. Kolore horiko pankartetan idatzi dute elkarretaratzearen leloa: Iruñean bai, elkarrekin amestu, elkarrekin borrokatu. Izan ere, arrazismoari eta orokorrean eskuin muturrari aurre egiteko urriaren 12an Jaki Tokik antolatu duen egitasmoa aurkeztu dute gaur: Iruñeko Arrozak. Mikroen soinua probatzeko arduradunak izan dira hiru haur; haien ahotsak megafonoetatik entzun bezain pronto irri egin dute. Baina oso serioski hartu dute lana, eta plazan pilatutako jendea antolatzen hasi dira argazkiak ateratzeko: «Pertsona beltzak aurrean, eta zuriak atzean!», esan du batek. Antolatzaileen aginduak jarraituta, hitza hartu du Arantxa Caminos Lantxotegi elkarteko kideak: «Jakin badakigu historia kolonialean botere eta pribilegio posizio desberdinak izan ditugula. Horregatik, gutako batzuei autokritika egitea dagokigu». (Argazkia: Iruñeko Arrozak egitasmoaren aurkezpena. Idoia Zabaleta / foku).
«Egunez egun ikusi dugu eskuin muturretik migratzaile zein arrazializatuekiko gorroto diskurtsoak sustatzen direla eta jatorri desberdineko pertsonen artean beldur eta mesfidantza modu interesatuan hedatzen ari direla», jarraitu du Caminosek. Horri aurre egiteko urriaren 12an kalejira bat antolatu dute Iruñean; ez dute eguna ausaz aukeratu, bertan zegoen Ebru Ergunduz SOS Arrazakeriako kideak azpimarratu duenez: «Urriaren 12ak inperialismoa eta zapalkuntza irudikatzen du, eta hori Iruñean ere ikus daiteke. Faxismoaren eta egun horrek sinbolizatzen duenaren aurka borrokatu behar dugu, eta elkarrekin aritu behar dugu horretan». Leidys Carabante Solak hartu du hitza ondoren, eta elkartasunaren beharra azpimarratu du: «Gaur egun, itxuraz aro garatu batean bizi bagara ere, komunitate gisa banantzea eragiten duten desberdintasun sozial askori aurre egiten jarraitzen dugu». Horregatik, bizitza duinak aldarrikatu dituzte elkarretaratzean.
ARROZAREN SALTSAN
Garuna elikatu eta gero, sabela elikatu behar da. Eguzkipean dagoen plazatik gertu hasi dira kozinatzen Akelarre kultur elkarteko kideak, baita auzoko boluntarioak ere. Hiru paella ontzi jarri dituzte mahai gainean; horietako bat beganoentzat, eta beste biak haragi eta itsaskidunak. Pixkanaka-pixkanaka elkarretaratzeko pankarta horiak tolestu, eta ontzi horietatik ateratako usainari jarraitu diote parte hartzaileek. Soinu proba egin duten umeak korrika dabiltza kozinatzen ari diren helduen artean, aurpegian katu bat margotua dutelarik. Dolly Briciño izan da haragidun paella prestatzeko arduraduna: «Oso garrantzitsua da zure bizilagunen kultura ezagutzea». Haragia moztu bitartean, Lucky Omozusi argazkilariaren begirada sumatu du, edo bere sabelaren dardara sumatu, behintzat. Baina elkarteko kideek kozinatutakoa dastatzeko itxoin egin beharko du. (argia-baskultur)
(2026-06-17)
OROIMENA ETXARRIN
Etxarri Aranatzen Espainiako Armadaren bonba batek bost herritar hil zituela 50 urte, igandean oroimen ekitaldia. 1976 urteko ekainaren 18an eztanda handi bat izan zen Etxarri Aranatzeko Zugarreta kalean. Bost pertsona hil ziren: Gloria Pegenaute, Saturnino Luis Erdozia, Segundo Maiza Belza, Jesus Migel Zeberio Maiza eta José Luis Luis Tabar, 11 urteko eta 6 urteko haurrak. Gertakizunen tokira bertaratu ziren herritarrek hasiera batean eztanda butano bonbona batek eragindakoa ote zitekeen pentsatu bazuten ere, lehenengo miaketek baieztatu zuten bi etxeetan zeuden butano bonbonak osorik zeudela, eta eztanda egin zuena izan zela berriki Andia menditik burni karkasa bat zelakoan ekarria zuten lehergailua. Hondakinak ikertu ondoren, adituek egiaztatu zuten lehergailu hori 81eko Morteroko Granada bat zela, Espainiako Armadak erabiltzen zuena urtero Andia Mendian egiten zituzten ariketa militarretan.
Gertatutakoak Etxarri Aranazko herria shock egoeran utzi zuen. Udalak Osoko bilkura egin zuen hurrengo egunean, hilaren 19an, zeinean Armadaren ardura seinalatu zuen eta Urbasa Andian ariketa militar gehiagorik ez egiteko eskatu zuen. Armadaren VI Erregioko Kapitaniak, ordea, Armadak ez zuela erantzukizunik izan esan zuen, eta gertatutakoa biktimak izan ziren pertsonen zuhurtzi faltak eragin zuela azpimarratu zuen. Urbasa Andian ariketa militarrak egiteari uzteko eskariei muzin egin eta egiten jarraitu zuten militarrek. Hortik lau urtetara, Armadaren beste bonba batek artzain bat hil zuen. Pertsona hauek ez dute oraindik inolako aitortza ofizialik jaso. Gertakizun hartatik 50. urteurrena betetzear dagoenean, Etxarri Aranazko herritar talde batek aitortza ekitaldi bat antolatu du iganderako, 12:30ean Zugarretako Andramariko zelaian. Ekitaldia Euskal Herrian Estatuaren indarkeriak kaltetutako biktimak biltzen dituen Egiari Zor Fundazioaren babesarekin antolatu da. (argia-baskultur)
(2026-06-16)
AITONA-AMONAK NAZIAK IZAN BALIRA?
Historiak erakutsi digu aginduak betetzeko prest egon ez diren gizabanakoek aldatu dutela gizateriaren norabidea. Alegia, desobedientzia egin duten emakumezkoek eta gizonezkoek, kasu askotan anonimoek, suntsiezinak ziruditen kateak apurtu dituzte eta etorkizuneko belaunaldiei bidea ireki diete. Hain zuzen, egun hauetan, gai horretaz hausnartzen ari dira Alemanian. Izan ere, laurogei urte… (Ane Irazabal Elkorobarrutia)
Hain zuzen, egun hauetan, gai horretaz hausnartzen ari dira Alemanian. Izan ere, laurogei urte atzera egin, eta, nazismoaren garaian, artaldetik atera zen gizon batek XX. mendeko artxiborik garrantzitsuenetako bat gorde zuen bere bulegoan. Hanns Hubber Municheko paper fabrikaren burua zen erregimen naziak Alemaniako Alderdi Nazionalsozialistako afiliazioaren inguruko hamabi milioi fitxategi suntsitzeko agindu zionean. Bigarren Mundu Gerraren azken fasean, presa bidelagun, dokumentuak etengabe deuseztatzeari ekin zioten naziek. Edo saiatu, behintzat. Hubberrek, ostera, ez zuen suntsitu artxiboa.
Gerokoa luze eta sakon kontatu da historia liburuetan. Naziek gerra galdu zuten eta artxiboa AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadaren esku geratu zen. Dena den, deigarriena da 2026ra arte dokumentu horiek ez direla digitalizatu; eta, horrek aukera eman du Alemaniako hainbat hedabidek datu base antzeko bat sortzeko. Ildo horretatik, Die Zeit astekariak bilatzaile azkarra diseinatu du. Familiaren abizena idaztea besterik ez dago jakiteko aitona-amonek, edo birraitona eta birramonek, alderdi naziaren karneta izan zuten ala ez. Estatistikoki, aukera handiak dituzte; izan ere, Alderdi Nazionalsozialista hamar milioi afiliatu baino gehiago izatera iritsi zen.
Orduz geroztik, esan beharrik ez dago, bilatzailearen webgunea behin baino gehiagotan kolapsatu da; hots, alemaniarrek beren iragana ezagutu nahi dute. Askok irizten diote familian tabua gainditzeko garaia iritsi dela, hein handi batean, lotsaren ondorioz, gezurrak kontatu dizkietelako. Halaber, hamarkadek aurrera egin ahala, belaunaldi gazteek ez dute iraganean arakatzeko beldurrik. Historialariek denborari egozten diote aldaketa hori; ezin baitira maila berean jarri aitona-amona kuttunek Hitler segitzen zutela jakitea eta inoiz ezagutu ez duzun birraitona edo birramona nazia zela deskubritzea. Denborarekin, atxikimendu emozionala hoztu egiten da. Ez da hain mingarria. Nolanahi ere, alemaniarrentzat gai sentikorra eta deserosoa izaten jarraitzen du; eta herritar gutxik erabakitzen dute auzian gehiago sakontzea eta Alemaniako Artxibo Federalean gehiago arakatzea. Batzuek nahikoa dute aurreko belaunaldiek «gehiengo isila» ordezkatu zutela aitortzearekin, egungo miseriei begiratu gabe. (borreruak2-baskultur)
https://borreruak2.com/2026/06/16/aitona-amonak-naziak-izan-balira/
(2026-06-14)
JERUSALENGO TRENA SALATUZ
CAFen Akziodunen Batzarra protesta artean burutu da berriro, Jerusalengo trena salatuz. Akziodunen Batzarra egin du CAF enpresak Beasainen larunbat honetan, eta aurten ere Jerusalengo trenaren egitasmoak baldintzatu du. Hori bertan behera utz dadin manifestazioa egin du BDZk, eta aurretik lantegirako sarrera blokeatu dute 30 lagun inguruk. Beasain Plazatik abiatuta, protesta jendetsua izan da larunbat honetan CAFek Jerusalengo trenaren egitasmoa behingoz bertan behera utz dezan, Nazio Batuek ere seinalatu duten bezala.
Akziodunen Batzarrean eragiteko asmoz egin du mobilizazioa. BDZ ekimenak antolatu du eta protesta gehiago izan da egun hauetan, ez Euskal Herrian bakarrik, Estatu frantsesean, Mexikon edota Galesen ere. Gainera, batzarra hasteko baina bi ordu lehenago, 30 lagun inguruk batzarra hartu duen lantegirako bidea moztu dute, tunelaren azpian hain zuzen ere. Palestinarekin Elkartasuna ekimenak eman du ekintzaren berri.
Ertzaintza bertaratu da eta gazteak identifikatu ditu bidea berriz zabaldu aurretik. Ez dela atxiloketarik izan aipatu dute iturri ofizialek. Batzarrera zihoazen akziodunek oinez egin dute bidearen azken zatia, autoz pasatzerik ez zelako. Gero abiatu den manifestazioan mezu gordina bidali die BDZk akziodun hauei, Palestinan azken hiru hauetan larriagotu den genozidioa gogoratu ostean: «Urtez urte gora doazen etekin kriminalak akziodunen artean banatuko dituzte, eta enpresaren proiektuak eta kontuak ontzat emango dituzte. Jakina da CAF enpresak Shapir enpresa israeldarrarekin batera negozioak egiten dituela, eta Tel Aviveko eta Jerusalemeko tranbiak eraikitzeko kontratu milioidunak dituela. Era horretan, CAFek estatu genozidaren kolonizazio proiektua egonkortzen laguntzen du: Israelgo enpresak eta kolonizazioaren ekonomia indartzen dituelako, Israel azpiegitura iraunkorrez hornitzen duelako, eta bereziki palestinar lurren okupazioari behin-betikotasun bermea ematen diolako, kolonia sionistak elkarren artean eta Jerusalemeko hirigunearekin lotuz, eta palestinarrak isolatuz».
Erantzukizunak enpresatik harago doazela erantsi dute: «Ezin aipatu gabe utzi Eusko Jaurlaritzak, Finkatuz funtsaren bidez, CAFen akzioen %3a duela, eta administrazioko langileentzako Itzarri pentsio funtsak 4,5 milioi euroko inbertsioa duela bertan, zenbait sindikatuk salatu duten moduan. Ondorioz, Eusko Jaurlaritza ere CAF kontratu kriminalen erantzulea da. Are larriagoa da hori diru publikoarekin egiten duen heinean, euskal gizartearen zati handi bat proiektu horien aurka dagoen arren». Euskal Herrian bestelako ekimenak burutu ditu BDZ mugimenduak, «ekintza aste globala» deitu duen honen barruan. Honela, ekainaren 4ean eta 12an Zornotzako AIC ikerketa-gunean, ekainaren 6an fabrikazioa duen Irunen eta ekainaren 10ean Castejonen, CAFen filiala den Trenasan protestak egin dira. Amnesty Internationalek eta beste zenbait taldek elkarretaratzea egin dute, aldi berean, lantegiaren aurrean. Aste honetan 160 elkartek eta erakundek, izaera ezberdinetakoek, gutun irekia zabaldu dute, CAFek Jerusalengo proiektuan atzera egin dezan.
%7 gehiago salmentetan iaz
Areto barruan CAFek iaz lortutako emaitza ekonomikoak nabarmendu dira. 2025ean 4.487 milioi euroko salmentak lortu zituen enpresak, 2024arekin alderatuta % 7ko igoera izanik. Javier Martínez Ojinaga zuzendari nagusiak hazten jarraitzeko helburua aipatu du, CAFek duen eskaera-poltsa nabarmenduz, eta gaitasun teknologikoetan zein arriskuen kudeaketa arduratsuan aurre egiteko asmoa ere erantsi du, «beti epe luzerako ikuspegia mantenduz». Ojinagak azpimarratu du hazkunde hau »ez dela aldi baterako egoeren ondorio, negozioaren bilakaera orekatu baten ondorioa baizik, kontratazio sendoek, exekuzio eraginkorrek eta egonkortasunerako palanka gisa jokatzen duten dibertsifikazio geografiko eta teknologikoek lagunduta». (naiz-baskultur)
(2026-06-12)
ANTIFAXISMO PREBENTIBOA
New Yorken 1980an jaiotako historialaria da Mark Bray. 2017an argitaratu zuen Antifa: eskuliburu antifaxista-n ohartarazi zuen Donald Trump Etxe Zurira eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidentetzara iritsi izanak mugimendu erreakzionarioen berpiztea zekarrela, eta antzekotasunak dituela 1920 eta 1930 hamarkadetan sorturiko mugimendu faxistekin. Immigrazioaren eta multikulturalismoaren arbuiotik, gizon indartsu, zuri eta militarista oinarri duen agenda inposatu nahi dutela salatzen du. Eskuin muturraren mehatxuak jaso ondoren, Bray Espainiako Estatuan erbesteratu da. Occupy Wall Street mugimenduaren bultzatzaileetakoa izan zenak azpimarratzen du antifaxismoak
bere estrategia birpentsatu behar duela, mundu osoan hedatzen ari den autoritarismoa geldiarazteko. Bray: “Antifaxismo prebentiboak jada ez du balio, masa-erresistentzia behar dugu”
Iazko urrian, Charlie Kirkekin lotura zuen Turning Point USA taldearen eta Trump administrazioaren gertuko beste influencer batzuen jazarpenaren ondorioz, AEBetatik irten eta Espainiako Estatuan babestea erabaki zenuen. Ez zenuen beste aukerarik izan?
Antifa argitaratu ondoren hasi ziren mehatxuak. Gai horri buruzko ingelesezko liburu bakarra izan zenez oso ospe handia hartu zuen liburuak. Etxe Zurira agintari berriak heldu zirenean, Make America Great Again (MAGA) mugimenduan bildutako kolektibo horien jazarpena jasanezina izan zen. Batez ere 2025eko otsailetik aurrera, Trumpek mugimendu antifaxista terroristatzat jotzeko agindu exekutiboa eman zuenean. Orduan, gu harrapatzeko arriskuaren aurrean, abokatuek herrialdetik alde egitea aholkatu ziguten niri eta emazteari.
Zergatik ez genuen eskuin muturraren erasoaldia ikusi Trumpen lehen agintaldian?
Bere bigarren etapan gauzatzen ari da, bere estrategia-buru ohi Steve Bannonen eta Elon Musken babesa jasotzen hasi zenean. Baina diskurtso aldaketa hori 2008an ikusten hasi zen, Barack Obamaren aurkako erreakzio gisa sortutako Tea Party-aren eskutik. Izan ere, korronte kontserbadore horrek eskubideez, zergez eta askatasunaz hitz egiten bazuen ere, presidentea afroamerikarra izatea gaitzesteari ekin zion. Agian ez zuen 1930eko hamarkadako diskurtso biologizista erabiltzen, baina supremazismo zuriaren defentsa egiten zuen. Eta hori Trumpen gobernuaren ardatzetako bat da.
Zeintzuk dira mugimendu horren beste bereizgarriak?
Estatubatuar zurien nagusitasuna eta larrialdi nazionala sustatzeaz gain, gizon indartsu eta matxistaren ideia gehitu du. Horren hedapenaz arduratu dira egungo Defentsa idazkari Pete Hegseth, Fox kateko aurkezle eta nazionalismo kristauaren ikur gisa ezaguna dena, eta Stephen Miller, alboko kabineteko burua eta America First Legal erakunde ultrakontserbadorearen sortzailea. Haiek dira, gobernu errepublikanotik, Trumpen figura erabiltzen dutenak ideologia erreakzionario hori zabaltzeko.
Estrategia horren ondorio al da darabilten mesianismoa?
Trumpi hitz egiten duenean jainkoak ematen dion babesaz, osasun mentaleko arazoak dituen pertsona baten antzera aritzen da. Dena dela, Trumpen histrionismoagatik barregarriak diren erabaki batzuk alde batera utzita –Kanada eta Groenlandia mehatxatzea beren baliabide naturalak eskuratzeko, kasu–, aurreko presidenteek esandako hainbat gauza gauzatu ditu Trumpek. Adibidez, Irango gerran esku hartzea, Maduro atxilotzea edota Raul Castroren aurka karguak aurkeztea. Nolanahi ere, Trump bere aholkulariek erabiltzen duten tresna bat da, ondorengo ideia plazaratzeko: AEBek nahi dutena egin dezakete.
Babes horren atzean ba al da interes ekonomikorik?
Hala eman lezake, baina haien asmoa gizartea kontrolatzea da, erretorika jakin baten bidez. Horretarako, Internet behar dute, eta bot-ek eta adimen artifizialak paper garrantzitsua betetzen dute. Horrek azaltzen du zergatik erosi zuen Muskek Twitter eta Amazonen sortzaile Jeff Bezosek The Washington Post erosi ostean zergatik 2025ean eman zuen agindua egunkarian "askatasun pertsonalekin eta merkatu librearekin" lerrokatutako artikuluak bakarrik argitaratzeko. Tresna horiekin gizartean nahi dute eragin, eta internazional faxista eraiki, Alemania, Frantzia eta Hegoafrika bezalako herrialdeen etorkizuna eraldatuta.
Antifan azpimarratu duzu Trumpen gorakada lotuta dagoela ezkerrak arazo sozialak konpontzeko duen ezintasunarekin. Hori al da arrazoi nagusia?
Zalantzarik gabe, eta hala uste dute herritar gehienek. Gogoratu behar da, ekonomiari dagokionez, Alderdi Demokrata izan zela NAFTA bultzatu zuena, 1994tik indarrean dagoen Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna, baita desberdintasun larriak eragin dituzten beste neurri batzuk ere. Adituek gogoratzen dutenez, historikoki faxismoa agertzeko ernamuina izan dira halako erabakiak. Horrela gertatu zen 2008ko finantza krisiaren eztandaren ondoren: gobernu batzuek Troikaren aginduz hartu zituzten politika austerizidak baliatuta, faxistek boterea konkistatu zuten Grezian eta beste herrialde batzuetan.
Planteamendu autoritario horien aurrean, zer jarrera hartu dute estatubatuarrek?
Oro har, Occupy Wall Streeteko kulturatik abiatu ginen. Ondoren, oso garrantzitsuak izan dira Gazarekin elkartasunean egindako kanpaldiak, edo Black Lives Matter mugimenduak arrazakeriaren eta gerraren aurka egindako kanpainak. Baina protesta mota berriak aurkitu behar dira, antifaxismo prebentiboak jada ez baitu balio. Masa-erresistentzia behar dugu. Eta, ildo horretan, Minneapolisen AEBetako Immigrazioa eta Aduanak Kontrolatzeko Zerbitzuko (ICE) agenteen aurrean izandako mobilizazioak adibide ona dira.
Egoera iraultzen lagun dezakete Minneapoliseko protestek?
Ez da erraza, ICE gobernuaren menpeko erakundea baita, baina kalera irteteak eta indarkeria filmatzeak herritarrak kontzientziatzea dakar, Donald Trumpek barruraino sarrarazi nahi digun beldurrari aurre egin diezaiokegula sinetsarazten laguntzen du. Nire unibertsitateko sindikatuak ICEren hornitzaile den Enterprise Rent-A-Car enpresaren aurka sustatzen dituen moduko boikot deialdiek ere lagundu dezakete zeregin horretan.
New Yorkeko (Zohran Mamdani), Chicagoko (Brandon Johnson) eta Seattleko (Katie Wilson) alkate demokrata berriek ere trumpismoa geldiaraz dezakete?
Gehienez ere Alderdi Demokrataren barruan eragin dezakete. Eta alderdia jarrerak aldatzera behartuko balute ere, nekez izango lirateke egiturazko aldaketak. Horretarako, Palestinako genozidioaren edo Poliziaren gehiegikerien aurkako protestetan parte hartu duten belaunaldi berriek hartu behar dute agintea. Hori esanda, azpimarratu behar da alkate horiek hirietan irabazi dutela.Jende aurrerakoiena hirietan ari da biltzen, eta landa eremuak, berriz, sektore kontserbadoreenak ari dira bereganatzen. Hiriaren eta landa eremuaren arteko dikotomia horrek oso panorama kezkagarria eragiten du.
Epe laburrean, sumatzen al duzu noraez autoritarioa irauliko duen aldaketarik?
Ea zer gertatzen den azaroaren 3an Senaturako eta Ordezkarien Ganberarako hauteskundeetan. Agian Alderdi Demokratak irabazi eta ezustekoa hartuko dugu, Trump gerraren eta ICEren jardunaren ondorioz jasaten ari den ospe galerak bultzatuta. Zaila ikusten dut Barack Obama 2009an Etxe Zurian sartzea ekarri zuen ziklo berri bat errepikatzea. Ez gara garai horretara itzuliko. Asko jota, adierazpen eta protesta askatasuna berrezar litezke, eta, niri eta emazteari dagokigunez, New Jerseyko Unibertsitatean klaseak emateko aukera berreskuratzea. (argia-baskultur)
(2026-06-11)
BESTE BETO POLITIKO BAT GASTEIZKO TXOSNETAN
Gasteizko GKS eta Etxebizitza Sindikatuari txosnetan parte hartzeko eskubidea ukatu zaiela salatu dute herri mugimenduko zenbait kidek. Gasteizko Txosna Batzordeak GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari txosnetan parte hartzeko aukera ukatu diela salatu dute. Batzordeari zuzendutako gutun batean txosnagunea espazio ireki, plural, horizontal eta autogestionatua dela aldarrikatu eta konponbide baten aldeko
kontsentsua sustatzen jarraituko dutela adierazi dute. Gasteizko Txosna Batzordeari zuzendutako gutun batean, sinatzaileek gogora ekarri dute Gasteizko Txosnak herri mugimenduaren borrokari esker sortu zirela, eta azkenengo 40 urteetan etapa ezberdinak igaro dituzten arren “beti mantendu izan dute euren izaera herrikoi, ireki eta parte hartzailea; alegia, herri mugimenduko sentsibilitate politiko guztiek eduki izan dute bertan parte hartzeko aukera”. Azaldu dutenez, ezberdintasun politikoen gainetik, beti existitu da adostutako elkarlanerako oinarria.
Zentzu horretan, egoerari behin betiko irtenbidea ematea beharrezkoa dela azpimarratu dute. GKS eta Etxebizitza Sindikatuak espazio txosneroan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu dute herri mugimenduko kideek, Txosna Batzordea osatzen duten gainontzeko eragileek dituzten baldintza berdinetan. Kontraesankortzat jo dute gasteiztarrak txosna giroan parte hartzera gonbidatzea eta aldi berean herri mugimenduan errotuta dauden bi kolektiboei parte hartzeko eskubidea ukatzea. Ohartarazi dutenez, ez dute halako “zentsurarik” onartuko, eta txosnagunea espazio ireki, plural, horizontal eta autogestionatua izatearen aldeko apustuan berretsi dira.
Horregatik, Txosna Batzordea osatzen duten eragile guztiei beharrezkoak diren ahaleginak egitea eskatu diete, ezberdintasun ideologikoen gainetik txosnagunea partekatu ahal izateko. “Oinarri adostu baten baitan, bere jarraikortasuna bermatuko duena, irekia izango dena eta elkarlanerako espazio alternatibo eta autogestionatua izango dena”, nabarmendu dute. Gutuna sinatu dutenek konponbide baten aldeko kontsentsua sustatzen jarraituko dutela adierazi dute, GKSren eta Etxebizitza Sindikatuaren parte hartzea bermatzeko helburuarekin. Gogorarazi dutenez, 2023an antzeko ekimen bat bultzatu zuten, herri mugimenduko 50 kide baino gehiagoren babesa jaso zuena. Blokeoa gainditzera bidean, egoera sozializatzen eta babesak jasotzen jarraituko dutela azaldu dute. (argia-baskultur)
(2026-06-10)
ARMA BERRIAK PROBATU DITUZTE BARDEAN
Egun hauetan Bardeako tiro eremuan misilen kontrako sistemak erabili dituzte gerra-hegazkinek, armagintzako multinazional espainiarrak jakinarazi duenez. Asteartean bete dira 75 urte erregimen frankistak azpiegitura militar hori ireki zuela, eta Nafarroako Parlamentura eta Espainiako Kongresura poligonoa ixteko eskaera eramango dute hainbat talde politikok. Igandean, tiro eremuaren kontrako urteroko martxa egin zen beste behin. Airbus A400M gerra hegazkinentzako misilen kontrako “azken belaunaldiko” sistemak probatzen, halaxe ospatu du Espainiako Aire Armadak Bardeako tiro eremua martxan jarri zeneko urteurren borobila. Astearte honetan bete dira 75 urte
1951n erregimen frankistak azpiegitura militar hori martxan jarri zuela, Jose Daniel Lacalle Valtierrako jeneral kolpistaren ekimenez. Baina praktika militarrak bertan behera uzteko eragile eta herritar askoren eskaerari entzungor eginez, Espainiako Defentsa Ministerioak jarraitzen du Euskal Herriko natur parke zabalenaren bihotzean gerrarako trebatzen.
Indra armagintzako multinazionalak –bere akziodun nagusietakoa SAPA euskal enpresa da– LinkedIn-eko kontuan jakinarazi duenez, InShield sistema probatu du Bardea gaineko hegaldietan, eta horretarako Aire Armadako gerra elektronikoaren kontrako hegazkin eskoadroiak aritu dira, besteak beste. Misilen kontrako sistema hori lehendik ere NATOren maniobretan probatu izan dute, azaldu dutenez. Bardeako tiro eremuak 2.222 hektarea hartzen ditu ofizialki, baina hegazkinek eremu askoz zabalagoan egiten dituzte maniobrak. Gaur egun, urtean 2.000 bonbardaketa jasaten ditu eta gisa horretako Europako tiro eremu zabalenetakoa da. Hain justu, 2028an iraungiko da lurraldea erabiltzeko Bardeako Komunitatearekin sinaturiko hitzarmena.
LEGE EKIMENAK MADRILEN ETA IRUÑEAN
Tiro eremuaren 75. urteurrenaren kari, EH Bilduk, EAJk, Sumarrek eta Podemosek Ez legezko Proposamena aurkeztu dute Espainiako Kongresuan, asteazken honetan eztabaidatzeko. Bertan, Espainiako Gobernuari eskatuko diote Bardeako jarduera militarra bertan behera uzteko eta 2028an errendamendu kontratua ez berritzeko. Gainera, Defentsarako Lehentasunezko Interes Gune izateari utz diezaiola ere eskatuko dute. 2000. urtean Jose María Aznarren PPren gobernuak dekretu bidez izendatu zituen Bardeak horrela, tiro eremuaren erabilera blindatzeko. Hain justu, ostegunean, eztabaida hori Nafarroako Parlamentura eramango dute. EH Bilduk mozioa aurkeztu du, foru parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatu diezaion izendapena bertan behera uzteko: “Mundu mailako eskalada belikoaren aurrean, Bardeako poligonoa gerrak entseatzeko lurralde bat da. Hemen egiten diren praktika militarrak beste toki batzuetan benetako ekintza bihurtzen dira, eta milaka heriotza eragiten dituzte”, esan du Laura Aznal EH Bilduko parlamentuko bozeramaileak.
“POLIGONO HONEK LOTSA EMATEN DIGU”
Igandean Bardeako tiro eremuaren aurkako XXXVI. Martxa egin zuten, Tiro Eremuaren Aurkako Asanbladak deituta eta dozenaka eragile, talde politiko eta sindikatuk babesturik. Berrehun lagunetik gora elkartu ziren El Aguilarreko gunetik poligonoaren atariraino joateko, eta amaieran, asanbladaren izenean testu bat irakurri zuten Milagros Rubiok eta Eduardo Navascuesek. “Inongo armadak ez du bakerik bermatzen”, aldarrikatu zuten. NATOren “logika militarista” salatu eta 2028an Bardeako Komunitateak Defentsa Ministerioarekin hitzarmenik ez berritzea beharrezkoa dela ere azpimarratu zuten: “Gerrak hemen ari dira entseatzen: poligono honek lotsa ematen digu, arriskuan jartzen ditu herritarrak, eta lurraldea bera ere helburu militar potentzial bihurtzen du”, azaldu zuten. (argia-baskultur)
(2026-06-08)
ERANTZUN ANTIFAXISTA NUCLEO NACIONALARI
Erantzun antifaxista jaso dute Nucleo Nacionaleko kide batzuk Bilboko Alde Zaharrean. Talde faxistaren parafernalia eta borra hedagarri
bat zeramaten bi naziek korrika atera behar izan ziren Somera kaleko taberna batetik, antifaxista batzuekin topo egin ondoren. Nucleo Nacional (NN) talde neonaziaren parafernalia zeramaten gizon bat eta emakume bat Bilboko alde zaharrean egon ziren joan den larunbatean, baina zenbait antifaxistaren erantzun aurkitu zuten parez pare. Kontrainfo Antifa ekimenaren arabera, bi elementuek presaka ihes egin behar izan zuten Somera kaleko taberna batetik, borra hedagarri bat atera ostean. Ondoren, gutxienez pintada nazi bat agertu zen inguruko mural antifaxista batean, baina auzoko jendeak ezabatu zuen.
Hau ez da Nucleo Nacionaleko naziek erantzun antifaxista jasotzen duten lehen aldia. Talde faxistak asmoa zuen urtarrilaren 10ean egoitza berri bat aurkezteko Bartzelonan(Herrialde Katalanak). Antolakunde antifaxistek, ordea, berehala deitu zuten mobilizatzera. NNk adierazi zuen aurreko egunean jakinaraziko zuela zehazki non izango zen aurkezpena, 24 ordu lehenago; baina, azkenean, ekitaldia baino ordu eta erdi lehenago eman zuen kokapenaren berri. Erantzun antifaxistari beldurrez, naziek haur-jolasetarako lokal bat hartu behar izan zuten, Bartzelonatik 40 kilometrora dagoen industrialde batean. Hilabete horretan bertan beste erantzun antifaxista bat jaso zuten Santiago de Compostelako alde zaharrean. Talde faxistako kide batzuk propaganda arrazista banatzen ari ziren Galiziako hiriburuan, piperbeltz gasarekin armaturik, harik eta antifaxista batzuekin topo egin zuten arte. NNko lau faxista artatu behar izan zituzten larrialdietan erantzun antifaxistaren ondorioz. (lahaine-baskultur)
(2026-06-07)
BETO ETA ZENTSURAREN AURKA
450 kulturgilek baino gehiagok aldarrikatu dute Mugimendu Sozialistak txosnetan parte hartzeko duen eskubidea. 'Bada Garaia' ekimenak argitaratu du konponbidea eskatzen duten kulturgileen zerrenda, eta bertan dira, besteak beste, Eñaut Elorrieta, Pantxoa eta Peio, Uxue Alberdi, Evaristo, Joseba Sarrionandia, Toti Martinez de Lezea, Itziar Ituño eta Fermin Muguruza. – Duela bi aste inguru aurkeztu zuten
Bilbon (Bizkaia) Bada Garaia, artistok denontzako jaien alde ekimena. Izan ere, Mugimendu Sozialistari Bilbon nahiz Gasteizen festetan parte hartzeko jartzen dieten debekuaren kontra, batzea erabaki dute hainbat artistak, haiek ere "jaien parte" direla eta kezkaz bizi dutelako Bilboko Konpartsetan eta Gasteizko Txosna Batzordean Mugimendu Sozialistako eragileei betoa ezarri izana.
Ekimenarekin batera, betoa gaitzesteko abesti bat eta bideoklipa aurkeztu zituzten. Kilikiren, Miruaren, Maixaren eta Malakiasen artean ondu dute kanta, eta dozenaka kulturgilek parte hartu dute bideoklipean: Anje Duhalde, Josu Zabala, Bernardo Atxaga, Neomak, Maruxak, Gari, Roberto Moso eta abar. Aste hauetan sare sozialetan argitaratu dituzten bideoetan ikusi denez, Bilboko eta Gasteizko txosnen sorreran parte hartu zuten hainbat kide elkarrizketatu dituzte Bada Garaia ekimenetik, baita gaur egun antolaketan aritzen diren hainbat pertsona ere, "jaien izaera herritar eta pluralaren ikuspegitik egoera honek zentzurik ez duela ikusarazteko".
KAFE ANTZOKIA BETETA ETA 450 KULTURGILE BAINO GEHIAGO KONPONBIDEAREN ALDE
Bart jaialdia bat izan da Bilboko Kafe Antzokian, eta bertan aritu ziren betoaren aurkako kanta egin duten artistak. Sarrera guztiak agortuta, antzokia beteta jardun zuten musikariek. Azken kontzertuaren aurretik, hitza hartu zuten Javier Jorajuria J Martinako musikariak eta Maixak: "Jai herrikoiak behar ditugulako, artistontzako eta herritar guztiontzako ezinbesteko espazioak direlako, eta bertan denok egon behar dugulako". Konponbiderako deia egin zuten: Bilboko Konpartsei eta Gasteizko Txosna Batzordeari eskatu zieten kanpo utzitako eragileekin eseri daitezela eta "egoera honi amaiera eman" diezaiotela.
Eskaerarekin batera, gogorarazi zuten ehunka kulturgilek babestu dutela Mugimendu Sozialistak parte hartzeko duen eskubidea: 150 izan ziren duela bi urte, eta are gehiagok sinatu dute orain manifestu bat. "150 kulturgile asko dira. Bai. Baina hain da zentzugabea egoera, aurten 450tik gora batu garela. 450 kulturgile baino gehiago batu gara ozen esateko jaiak denontzat direla". 450 sinadura horien artean ageri dira duela bi urte babesa adierazi zuten izen nabarmen ugari, esaterako, Itziar Ituño, Fermin Muguruza, Joseba Sarrionandia, Josu Zabala eta Amets Arzallus; baita hamaika izen berri ere, tartean, Eñaut Elorrieta, Pantxoa eta Peio, Evaristo, Uxue Alberdi, Fermin Valencia, Toti Martinez de Lezea eta Miren Agur Meabe. (gedar-baskultur)
(2026-06-06)
ERTZAINTZAREN INPUNITATEA SALATZEKO MANI
Ertzaintzaren «inpunitatea» salatzeko manifestazio bat egingo dute hilaren 20an Bilbon. Gizarte mugimenduen aurkako «kriminalizazio kanpaina» bat abiatzea leporatu diote Eusko Jaurlaritzari. Deitzaileen artean daude Global Sumud Flotilla, Justizia Aranarentzat plataforma eta Errekaleor Bizirik. Loiuko aireportuan Global Sumud Flotillako kideen harreran Ertzaintzak izandako jarrera bortitzak eta «antzeko beste gertakari batzuek» segurtasun publikoaren kudeaketaren inguruko eztabaida hauspotu dute, eta kezka handia eragin dute hainbat
eragileren artean. Ezinegon hori plazaratzeko, manifestazio bat antolatu dute: Bilbon egingo dute, hilaren 20an —17:30ean, Plaza Eliptikotik—, Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean, eskubide zibil eta politikoak defendatu lelopean. Haien hitzetan, gertatzen ari dena ez da kasualitatea, eta erantzun kolektibo bat behar du. Deitzaileen artean daude Ertzaintzaren indarkeria pairatu duten zenbait talde eta norbanako —Amaya Zabarte eta Iker Arana, tartean—. Haien arabera, azken urteetan Poliziak gogortu egin du gizarte eragileen aurkako erantzuna; protestetan zaurituak, atxiloketak, identifikazioak eta isunak izan dira hainbat esparrutan: etxebizitzaren aldeko mobilizazioetan, eskuin muturraren aurkakoetan, gaztetxeetan, futbol partidetan. (Mobilizazioaren antolatzaileak, Bilbon gaur egindako agerraldian. Mahaian, ezkerretik eskuinera, Haizea Urkizu Global Sumud Flotillako kidea eta Ixone Santamaria Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistakoa. ARITZ LOIOLA / FOKU)
DEITZAILEAK: Euskal Herriko Global Sumud Flotilla. Amaya Zabarte. Justizia Aranarentzat plataforma. Gazte Koordinakunde Sozialista. Errekaleor Bizirik. Azpeitia Errepresioaren Aurka. Herri Norte Taldea. Bultzada Txuri-urdina. Iraultza 1921. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea. – Manifestazioa aurkezteko agerraldian irakurritako agirian azaldu dutenez, Ertzaintzak beraiekin duen jokamoldea eta «inpunitatea» salatuko dituzte mobilizazio horretan, baina baita Eusko Jaurlaritzak azken urteetan eratu duten diskurtso politikoa ere. Haien iritziz, herri mugimenduaren jarduna «jopuntuan» jartzen ari dira «kriminalizazio kanpaina» baten bidez. Horren adibide gisa, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak flotillako kideen harrerako gertakarien harira Eusko Legebiltzarrean eman zituen azalpenak jarri dituzte. Gizarte eragile batzuk Ertzaintzaren aurkako «gorroto irrazionala» zabaltzen ari direla adierazi zuen Zupiriak, eta beren protestekin «bizikidetza hautsi» nahia leporatu zien. Haien ustez, halako adierazpenen bidez protesta soziala bera susmopean jarri nahi dute Segurtasun sailburuak eta Jaurlaritzak. «Uste dugu [Zupiriak esandakoaren] justu kontrakoa ari dela gertatzen, eta begi bistako arazo bat dagoela: herri mugimenduen aurkako gorrotoa dute EAJk eta Ertzaintzak, eta horren lekuko dira kriminalizazioa eta Poliziaren biolentzia areagotu izana».
ERTZAINTZA ETA KAPITALISMOA
Eztabaidaren muina polizia ereduaren inguruan kokatzea okerra dela nabarmendu dute. Haien arabera, «Poliziaren gehiegikeriak zuritzea» ekartzen du horrek, eta ezkutatzea «Poliziaren egiturazko funtzioa sistema kapitalista eta haren instituzioak defendatzea» dela. Haien esanetan, «horregatik gertatzen dira hainbeste talka Euskal Herrian», eta ez «iraganeko gorrotoengatik», Zupiriak bere adierazpenetan iradoki zuen moduan. «Euskal Herrian kapitalismoaren injustiziei aurre egiten dien herri mugimendu zabal bat dago. Eta momentu honetan zera dago jokoan: kapitalismoak sortzen dituen bidegabekeriei erantzuteko marjina».
Salatu dute tarte hori gero eta estuagoa dela eta hori beren eguneroko praktikan nabaritzen ari direla. Loiuko gertakaria testuinguru horretan kokatu dute, eta azpimarratu dute ez zela «kasu bakan» bat izan. «Krisialdian gaude, eta sistema kapitalistak bidegabekeria gero eta gehiago sortzen ditu. Genozidio baten lekuko gara, baita emakumeen aurkako biolentziaren, klima larrialdiaren eta faxismoaren gorakadaren lekuko ere». Testuinguru horretan gizarte mugimenduek duten «tresna nagusia» mobilizazioa dela eta hura defendatu beharra dagoela ohartarazi dute. «Askotariko mobilizazio ereduak daude, eta guztiak dira zilegi: manifestazioak, birjabetzeak edota desobedientzia zibila, besteak beste», gaineratu dute. Horrez gain, ez dituzte kritikak Ertzaintzara eta Eusko Jaurlaritzara mugatu. Poliziaren errepresioa joera orokortu bat dela nabarmendu dute, eta Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian izandako beste kasu batzuk gogoratu dituzte; adibidez, aste honetan bertan Iruñean atxilotutako 28 gazteena, Vito Quiles Espainiako eskuin muturreko ekintzailearen aurkako protesta batzuetan parte hartzeagatik atxilotu baitituzte. «Argi eduki behar dugu gurean askotariko indar errepresiboak ditugula. Errepresioaren bidez gure klasearen antolakuntza ahuldu ez ezik, banaketa administratiboaren bitartez gure herriaren zapalkuntza betikotu ere egiten dute. Errepresio betean murgildu gaituzte estatuek, eta horren arduradunak seinalatzea urgentziazkoa da», nabarmendu dute. (berria-baskultur)
(2026-06-05)
KUBAREN AURKA
Kubatarren aurkako zigor gehiago ezarri dituzte AEBek. Atzerriko enpresek Kubatik alde egin dute, AEBen zigorrak ekiditeko; tartean daude Visa eta Mastercard banketxeak ere, eta aurrerantzean ezingo dute txartelarekin ordaindu uhartean. Kubako agintariak eta enpresak ere zigortu ditu Washingtonek, eta Díaz-Canelek eta bere eta Raul Castroren senideek ezingo dute eragiketa ekonomikorik egin AEBetan. – Kubako sei hamarkadako blokeoak bere momenturik gordinenak bizi dituela dioenik badago. Ofizialki erregairik gabe, eta eguneroko energia mozketekin, Donald Trumpen gobernuak presioa eragiten jarraitzen du. Aste honetan jakinarazi dute hotel enpresa handiek
herrialdea utzi dutela, eta gauza bera egin du Kubari nazioarteko banketxeekin harremanak ahalbidetzen zizkion entitateak; atzerriko enpresen ihesa AEBek maiatzaren 1ean hartutako erabakiaren ondorio da, Kubako Gobernuarekin negozioak dituzten atzerriko enpresei AEBetan dituzten ondasunak blokeatuko zituela hitzeman baitzuen. Ekonomiaren pobretze horretan heldu da azken zigorra: agintariak eta gobernuko zenbait agentzia eta bi enpresa zigortu dituzte, eta aurrerantzean blokeatuta izango dute AEBetan eragiketa ekonomikoak egiteko bidea.
“Hamarkada luzetan, Kuba ezker muturreko terrorismoaren mundu mailako hiriburua izan da. (...) Gaur, Kubaren operazio suntsitzaile eta erradikalen gaitasuna eta finantzaketa ahalbidetzen duen sarea xede ditugu”, mezu horrekin jakinarazi du Marco Rubio AEBetako estatu idazkariak, Kubako presidentea eta bere eta presidente ohiaren ingurua zigortzeaz gain, zenbait entitate ere zigortuko dituela, eta, beraz, ezingo dutela AEBetan operaziorik egin: Kubako Indar Armatu Iraultzaileen Ministeritza (MINFAR), Kubako Herrien Laguntasun Institutura (ICAP) eta Iraultzaileen Defentsarako Batzordeak (CDR). Kubako bi enpresa ere zigortu ditu: La Victoria mehatzea eta Amistur turismo agentzia. Azken erabakia Kuba itotzeko azkenengotariko pauso gisa irakurri dute askok, Venezuelaren mamua bizirik baitago oraindik Kuban. Urtarrilean AEBek herrialdeari eraso egin eta Nicolás Maduro presidentea bahitu zutenetik, hurrengoa Kuba izan daitekeela diote askok, uhartea “hiltzen” utz dezakeela Trumpek. Miguel Díaz-Canel presidentea luze eta zabal elkarrizketatu dute ElDiario.es-en, eta AEBen balizko inbasio militarraz galdetuta, presidenteak erantzun du AEBek hiru aukera dituztela mahai gainean Kuba erorarazteko: batetik dago herrialdea ekonomikoki itotzea, jendearen altxamendu batek justifikatuko lukeelako AEBen esku-hartzea; bestetik elkarrizketaren bidea dago, presioa eragiteko; eta azkena da eraso militarra.
TRUMPEKIN, HASIERATIK OKER
Elkarrizketa, negoziazio posiblerik ba ote dagoen galdetu diote Díaz-Caneli, eta presidenteak horretarako borondatea erakutsi du, baina nabarmenduta presiorik gabeko eta baldintza parekideetan egindakoa izan behar dela. "Zergatik nahi dute ikusarazi elkarrizketa eramaten dutela puntu batera guk irteerarik ez daukaguna, presio gorenera edo gure posizioa baldintzatzera eramaten gaituztela?". Hor daude, beraz, Kubaren marra gorriak. Eta Donald Trump boterean dagoenetik, harremanak inoizko okerren daude. 2020an boterea lortu zuenean, Obamarekin harreman hobea eta "irekitasuna" lortzetik zetozen kubatarrak, baina Etxe Zuriko maizter berriak goitik behera aldatu zuen egoera. Sartu berritan antzeman zitekeen Kubari presio ekonomikoa eragiteko asmoa zuela: AEBetara sartzeko visa elektronikoa ukatzen baitio 2021etik aurrera Kuba bisitatu duen edonori. Lehen kolpea, beraz, Kubaren sarrera ekonomiko garrantzitsuenetakoan, turismoan; herrialdearen BPGaren %10etik gora heltzen da sektore horretatik. Lehen neurri horren ondoren heldu ziren beste 240, Kuba "terrorismoa babesten" duen herrialdeen zerrendan sartuta nazioartetik isolatu zuena ekonomikoki. Neurri horiek indarrean daude oraindik, Bidenen administrazioak ez baitzituen indargabetu; eta horren atzetik heldu dira azkenak, petroliorik gabe utzi dutenak herrialdea, bertaratzen diren petrolio-ontziak geldiarazten baititu iparraldeko bizilagunak; eta beren ekonomia sarbide nagusietakoa desagerrarazteraino erasan duena. Eztabaida zail dago, beraz, bi herrialdeen artean. (argia-baskultur)
(2026-06-04)
ESPAINIAKO EUROAGINDUA
Josu Urrutikoetxea Espainiako epaileen esku uztea onartu du Parisek. Parisko Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxearen kontrako euroagindua
onartu du. Espainian ebatzi gabe dituen bi auzirengatik du bere gain euroagindua. Frantzian martxan den beste prozesu baten ebazpena jaso ostean Espainiaratuko lukete, baina helegitea aurkezteko aukera du Urrutikoetxeak.
2002tik 2005era arte ETAko kide izateagatik dago irekita Urrutikoetxearen aurkako prozesua Frantzian. Apirilean epaitu zuten, eta epaia uztailaren 2an emango dute. Parisko Dei Auzitegiak jakinarazi du ez dela behin betiko erabakia, aldeek aukera izango dutelako Kasazio Auzitegian helegitea aurkezteko. Espainiako Auzitegi Nazionalak, oraindik zabalik dituen bi kausarengatik epaitua izan dadin eskatu du Urrutikoetxea Espainiaratzeko: 1987ko Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurkako atentatuagatik (11 pertsona hil zituzten eta 88 zauritu) eta herriko tabernen bidez ETAk ustez emandako finantzazioagatik.
"ERABAKI POLITIKOAK"
Apirilean, ARGIAren Larrun aldizkarian, Josu Urrutikoetxearekin egindako elkarrizketa luzea plazaratu zuen Lander Arbelaitz kazetariak. Bertan, Parisen izan berri zuen epaiketaz mintzo zen, baita balizko zigorraz ere: "Zigortzen banaute edo ez banaute, 'afera frantsesak' hor bukatzen dira. 1996tik aurrera, Alcaláko espetxean nengoela, [Baltasar] Garzón epailea saiatu zen ni Zaragozakoan inplikatzen, beste afera askorekin batera. Zenbait gauza jarri zituen mahai gainean, baina ez zuen segidarik izan, ez zegoelako inolako frogarik. Handik urte batzuetara, 2001ean afera berraktibatu zuten pikoloek, Garzonen “froga” berdinekin. Argi dago horren atzean erabaki politikoak daudela, epailetzaren inplikazio zuzenarekin. Erabaki politikoak, epaileen inplikazioa eta pikoloen presioa, hauek estatuaren barruan estatua direla ahantzi gabe". (argia-baskultur)
(2026-06-02)
VENEZUELAN BILATZEN
Espainiako Auzitegi Nazionalak informazioa eskatu dio Venezuelari, hamalau euskal iheslariri buruz. Epaileak uste du Venezuelan egon daitezkeela, eta herrialdean egon den “aldaketa politikoa” baliatu du eskaera egiteko. Espainiako Auzitegi Nazionalak, Dignidad y Justicia elkarteak eskatuta, erreguzko mandatua egin dio Venezuelari, hamalau iheslariren inguruko informazioa lortzeko. Francisco de Jorge epaileak uste du herrialde horretan egon daitezkeela, El País egunkariak argitaratu duenez. Epaileak herrialdean egon den “aldaketa politikoa” baliatu du eskaera egiteko. Izan ere, urtarrilaren 3an, AEBek eraso egin zioten Venezuelari, eta Nicolas Maduro presidentea bahitu eta preso hartu zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak uste du horrek “kolaborazioari” atea ireki diezaiokeela.
Epaileak jakin nahi du hamalau iheslari horiek zer harreman izan zuten errefuxiatuen kolektiboarekin eta zer lan egin zuten bertan; ETAko kideekin harremanik izan ote zuten; eta zenbaterainoko ardurak izan zituzten. Hauek dira hamalau iheslarien izenak, hurrenez hurren: Eugenio Barrutiabengoa Zabarte, Iñaki de Juana Chaos, Jose Luis Eziolaza Galan, Angel Lizarbe Oses, Luis Maria Olalde Quintela, Jose Angel Uriz Zabaleta, Arturo Cubillas Fontan, Xabier Arruti Imaz (maiatzean hil zen), Asuncion Arana Altuna, Juan Jose Aristizabal Kortejarena, Maria Artola Etxeberria, Asier Guridi Zaloña, Jesus Maria Huerta Fernandez eta Ignacio Etxebarria Landazabal. (argia-baskultur)
https://www.argia.eus/albistea/espainiako-auzitegi-nazionalak-informazioa-eskatu-venezuelari-hamalau-euskal-iheslariri-buruz
(2026-06-01)
POBRETUEN AURKAKO GERRA GASTEIZEN
Akordatzen naiz, 2003an Argentinara bidaiatu nuenean, astindu egin ninduela kale gorrian bizitzen eta supermerkatuen sarreretan eskean
ikusi nuen jende kopuruak. Arpilatze neoliberalaren eta corralito-aren osteko urteak ziren. Gogoan dut bortitza egin zitzaidala horren guztiaren normaltasuna, pobrezia hura paisaiaren parte baitzen ordurako, jendearen joan-etorrien arteko dekoratu. Gasteizen paisaia ez baitzen berdina. Gaur da eguna, ordea, pertsona bat hiriko edozein kale txokotan lotan ikusteak arreta deitzen ez diguna; sarreran eskale bat duten supermerkatuek ez, ez dutenek pizten digute arreta. Gasteizen kalean bizi diren herritarren kopuruak %1,091ko hazkundea izan du zortzi urtetan, udalaren datuen arabera: 2008an 24 ziren; 2026an 262. Kalean lan egiten duten Hurbil taldeko profesionalek lonja edo lantegietan lan egiten duten 177 pertsona dituzte identifikatuta. Neguan udalak kalean bizi diren pertsonei gauetan ostatu emateko 291 plaza izan ditu hainbat baliabide bidez (CMAS, Aterpe, tutoretzapeko etxebizitzak...). %100eko erabilera izan dute, eta itxaron zerrenda plazen hirukoitza izatera heldu da: 873 pertsona negu gorrian kalean “itxaroten”.
GASTEIZEN KALEAN BIZI DIREN HERRITARREN KOPURUAK %1,091KO HAZKUNDEA IZAN DU ZORTZI URTETAN, UDALAREN DATUEN ARABERA: 2008AN 24 ZIREN; 2026AN 262
Maiatzaren 19an Gasteizko Udaltzaingoak Jesus Guridi Musika Kontserbatorioaren aterpeetan bizi ziren pertsonak kanporatu zituen eta beren jabetzak lapurtu. Maiatzaren 27an Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak URSSA eta EGA lantegi abandonatuak hustu, 119 pertsona identifikatu, dokumentazioa lapurtu eta hitzordua jarri zien Atzerritartasun Bulegoan, askorentzat kanporatzea ekarri dezakeena. Eraso kate baten azken(aurreko) katebegia izan zen. Bi aste lehenago, goizeko 03:00etan, Ertzaintzak biolentzia handiz aterarazi zituen URSSAko bizilagunak, ilaran jarri, banan-banan grabatu eta koloreka sailkatu zituen (berdeak “onak”, laranjak “ez hain onak”, gorriak “gaiztoak”). Hurrengo egunean berriz ere bueltatu zen Ertzaintza; URSSAtik laster botako zituztela ohartarazi zieten, eta Errekaleor auzo okupatuan indarrez sartzera bultzatu zituzten. Argindarrik eta urik gabe bizi direla salatu dute, zabor eta arratoi artean. Maiatzaren 31n 50 pertsona “kale gorrian” utziko dituztela salatu du Salburuako Harrera Sareak. Egunez Espainiako Poliziaren komisaria aurrean bizi dira, maliarrak dira gehienak, hilabeteak dira asilo eskaera egin zutela. Negu gorria hasi zenean, auzokideek lo egiteko tokia lortu zieten bi parrokiatan eta auzo elkartean. Harrera sareak jakinarazi du igandetik aurrera parrokien aterperik gabe geratuko direla.
HAURRA NINTZELA ASTINDUA SENTITZEN NUEN INOR ESKEAN IKUSTEN NUEN BAKOITZEAN, “NIK ETXEA DUT ETA BERAK EZ”, PENTSATZEN NUEN, ZENTZUGABEKERIA SINISTU EZINIK
Akordatzen naiz haurra nintzela astindua sentitzen nuela inor eskean ikusten nuen bakoitzean, “nik etxea dut eta berak ez”, pentsatzen nuela, zentzugabekeria sinistu ezinik. Akordatzen naiz izebek behin 500 pezetatako txanpon erraldoia eman zidatela –dirutza haur harentzako–, pauso batzuetara eskean ari zen emakumea gurutzatu nuela, eta txanpona eman niola. Haur hura hil zen, eta inoiz tarte batez berpizten bada ere, berarekin joan ziren justiziazko jarrera oinarrizkoenak, sentiberatasuna, harritzeko eta harrituz sumintzeko gaitasuna. Eta zure haurra, irakurle, bizi al da? Eta gure haur kolektiboa, zertan da? Biderkatzen jarraituko duten pobretuek zer aurkituko dute gugan, haurra, ala polizia? (argia-baskultur)
(2026-05-31)
POLIZIA DESAGERTZEAREN ALDE
Erradikaltasuna inola ere egotzi ezin zaion Uwe-Karsten Heyek egiten zuen gogoeta: nola egin zien ihes Alemaniako zerbitzu sekretuei NSU erakunde terrorista naziak? 150 laguneko talde bat, hilketa arrazistak, bonba leherketak eta banku lapurretak egiten zituena. Heye
SPDko Willy Brandten prentsa arduraduna izan zen 1974tik 1978ra eta Gerhard Schroeder kantzilerraren Estatu Idazkaria…
Erradikaltasuna inola ere egotzi ezin zaion Uwe-Karsten Heyek egiten zuen gogoeta: nola egin zien ihes Alemaniako zerbitzu sekretuei NSU erakunde terrorista naziak? 150 laguneko talde bat, hilketa arrazistak, bonba leherketak eta banku lapurretak egiten zituena. Heye SPDko Willy Barndten prentsa arduraduna izan zen 1974tik 1978ra eta Gerhard Schroeder kantzilerraren Estatu Idazkaria 1998tik 2002ra, baina argi zuen: Alemania Ekialdean ez bezala, Mendebaldekoan zerbitzu sekretu naziek martxan jarraitu zuten 1945aren ostean eta organikoki nazia den agenteak ez du politikoki nazia dena identifikatzen ahal. Heyeren liburua zoragarria da, (Die Benjamins) eta, egiten duen lan politikoa beste sozialdemokrataren batek egingo balu, (arrazakeriaren kontra) beste mundu batean geundeke.
Hipotesi politikoa, ordea, okerra da, poliziaz, zerbitzuez eta armadaz azken urteotako aztertzaileek zabal demostratu duten bezala. Alemaniako Poliziak Gazako genozidioaren kontrakoak pistolaz seinalatzeak ez du harremanik 1945 aurreko Alemaniarekin. Frantziako Poliziak ez ditu migranteak errepide kontroletan tiroz hiltzen eskuin muturra polizian infiltratu delako. Espainiako Guardia Zibilak ez du mugan jendea hiltzen Francorengatik. Eta ertzainak ez dira psikopatak EAJrengatik. Zelatatu, zigortu, zauritu eta, beharrezkoa denean, hil, poliziak direlako.
2002an ELAk ertzainen botoen %37 eskuratu zituen, CCOOk %13,88 eta UGTk %3,08; 2026an %3,66 ELAk eta beste biak desagertu dira. EAJren ERNE sindikatua 24 urtean %36tik %23ra jaitsi da. Kontua ez da soilik eskuin muturreko sindikatuak Ertzaintzan infiltratu direla. Polizia, kapitalismoan, autonomia ia erabatekoa duen talde bat da eta bere ideologiak zeharo egiten du bat jabetza pribatuaren defentsarekin, garai liberaletan liberalki, faxistetan faxista baina beti polizialki. AEBetatik Frantziara, moderatuenek ere badakite: polizia desagertzea ipar, gero eta baliabide gutxiago eman behar zaizkie. Talde gisa kendu behar zaie zilegitasuna. Egoera guztietan indar handiena duenak determinatzen du gatazka baten intentsitatea: Loiun, Kirruli tabernaren kanpoko aldean, gauez Aiztogile kalean, Errekaleorren, Iruñeko parkeetan paperak eskatzen eta etxean (genero indarkerian ere nabarmentzen dira poliziak). (Hedoi Etxarte / BERRIA) (borreruak2-baskultur)
(2026-05-30)
GAZAKO %70 HARTZEKO
Gazako zerrendaren %70 hartzeko agindu dio Netanyahuk bere ejertzitoari. AEBen bitartekaritzarekin ondutako akordioaren arabera, Israelek Gazako lurren %53 inguru kontrolatuko eta tropen erretiratzea aurreikusten zuen. Egun, Israelek lur horien %64 inguru du bere gain, eta gehiago hedatuko dela aurreikusi dute. Gainera, Israel Katz Defentsa ministroak garbiketa etnikorako plana aldarrikatu du. Su-etena indarrean sartu zenetik zazpi hilabete eta erdi pasatxo igaro direnean, Israelgo Armada Gazako lurraldearen %53 kontrolatzetik
%64 kontrolatzera igaro da. Harro adierazi zuen hori Benjamin Netanyahuk duela pare bat aste. Orain, Netanyahuk berak iragarri du ofentsiba intentsifikatuko duela, eta bere armadari agindu dio Gazaren %70 hartzeko. Su etenak Israelgo ejertzitoa Palestinako lurraldetik pixkanaka erretiratzea aurreikusten bazuen ere, mota guztietako erasoak egiten ari dira Gazan, eta 900 palestinar baino gehiago hil dituzte bitarte honetan.
Zisjordaniako lurralde okupatuetan egin zuen ekitaldi batean hitza hartu zuen Benjamin Netanyahuk, jarraitzaile mordoxka baten aurrean: "Orain lurraldearen %60 kontrolatzen dugu zerrendan. Lehen %50 genuen, %60 gero... nire agindua da...”. Isilunea egin du orduan Israelgo Lehen Ministroak, eta entzuleek ozen oihukatu dute: “ehuneko ehun!”. Orduan, Netanyahuk gehitu du: “Itxaron, goazen ordenan. Lehenengo, %70. Has gaitezen hortik”. Eta ez du Gazaren erabateko okupazioa baztertu. Su etenak markatzen zuen abiapuntua ez zen nolanahikoa. Izan ere, AEBen bitartekaritzarekin ondutako akordioak dagoeneko Israeli lurralde okupatuaren % 53ren kontrol zuzena eman zion. Orduz geroztik, Israelgo indarrek Gazako mendebalderantz jo dute etengabe. Are, “inoren lur” gisa aldarrikatu du Israelek lur zati bat, egiaz sionisten esku dagoena. Horren barruan nork sartu eta nor ez erabakitzeaz gain, mehatxutzat jotzen duten edozein pertsonaren aurka tiro egiteko eskubidea aldarrikatzen baitute soldadu Israeldarrek. Gainera, The Guardian-ek jaso duenez, azken egunotan, Israelgo armada su-etenaren lerroan zehar lurraldea husteko ahaleginetan ari da, egoiliarrei euren etxeak edo babeslekuak utz ditzatela esanda.
Hori gutxi balitz, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak asteazkenean adierazi du gobernuaren azken helburua palestinar askok “borondate propioz” Gaza uztea dela. Giza eskubideen aldeko erakundeak, baina, azkar atera dira hitz horiek gogor kritikatzera, eta garbiketa etnikorako epe luzerako plan gisa deskribatu dituzte Katzen asmoak. Nasser Khdour sarraskiaren datuen monitoretza-taldeko ikertzailearen arabera, "Gazan bizi diren zibilen hilketak, atxiloketak eta bahiketak ikusi ditugu, eta berriki, milizien patruilatze-jarduerak ere ugaritu egin dira". NAIZ-ek jasotzen duenez, NBEren Zentro Satelitalaren (Unosat) arabera, Gazako egitura guztien %81 kaltetu edo suntsitu ditu Israelek, biztanle gehienak kanpin-dendetan edo kaltetutako eraikinetan bizi dira, eta gutxienez 73.000 pertsona hil dira 2023ko urritik, benetako kopurua askoz ere handiagoa izan daitekeenaren jakitun. Hala, Gazan bizi diren palestinarrak geroz eta itoago daude, eta bertako bizi-baldintzak jasanezinak dira. Inolako ihesbiderik gabe daude harrapatuta, heriotza etengabe parez pare dutela. (argia-baskultur)
(2026-05-28)
PRESONDEGI DA MEMORIA LEKUA
Ezkabako presondegia memoria demokratikorako leku izendatu dute ofizialki. Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak astearte honetan egin du ofizial izendapena, eta "errepresio frankistaren toki beldurgarrienetako bat" izan zela aitortu du. 1938ko maiatzaren 22an 795 presok ihes egin zuten Iruñea ondoan dagoen gotorlekutik, eta horietatik 200 inguru hil zituzten; hiruk soilik lortu zuten Pirinioetako muga zeharkatzea. - Ezkabako San Kristobal gotorlekuko presondegia memoria demokratikorako leku da astearte honetatik aurrera, duela ia
urtebete hasitako prozedurari amaiera emanda. Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da Memoria Demokratikoko Ministerioaren erresoluzioa, 2026ko martxoaren 18an sinatua, eta bertan esaten da 1936ko Gerran gotorleku hura "errepresio frankistaren toki beldurgarrienetako bat" bilakatu zela.
Presondegia 350 lagunentzako zegoen prestatuta, baina 3.000 preso inguru izan zituzten pilatuta baldintza oso tamalgarritan. "Pilaketa, gosea, hotza, gaixotasunak, etengabeko hezetasuna eta tratu krudel eta umiliagarriak presoen egunerokoa ziren", dio erresoluzioak. Gainera, zigorrak, torturak eta isolamendu garai luzeak jasan zituzten bertan izandakoek. Egoera horrek guztiak, hilkortasun tasa izugarria eragin zuen. 1937tik 1945era gutxienez 305 preso hil zirela uste da, nahiz eta heriotza horien arrazoiak garbi ez jakin, asko gosearen – ofizialki "anorexiagatik"– eta gaixotasunen ondorioz hil ziren. Horiez gain, beste asko fusilatu egin zituzten, saca edo ziegetako ateratze ilegaletan. San Kristobal ondoan, Ezkabako mendiaren magalean, "Botilen hilerria" izenekoa dago, hura ere Nafarroako Gobernuak "memoria gune" izendatua. Bertan turberkulosiak jotako 131 gorpu ehortzi zituzten botila banarekin –hildakoarekin filiazio ea datuekin–, eta 2010eko indusketetan Aranzadik haietako 45 berreskuratu zituen.
Ezkabako San Kristobal gotorlekua presondegi izateko birmoldatu zuten, baina ez zituen horretarako baldintzak betetzen, hezetasuna eta egoera kaskarrak medio. 1938ko maiatzaren 22an Europako ihesaldirik handienetako baten eszenatoki bihurtu zen Ezkaba. 795 presok ihes egin zuten guardiak desarmatu eta gotorlekua kontrolatu ondoren. Hala ere, soilik hiruk lortu zuten, muga zeharkatzea, eta 200 inguru hil zituzten frankistek."Gotorlekua frankismoaren egiturazko biolentziaren lekuko materiala da", dio Espainiako Gobernuak sinaturiko erresoluzioak: "Milaka pertsona espetxeratu zituzten bere instalazioetan, horietako asko epaiketarik gabe eta egoera inhumanoetan, eta horrek errepresio politikoaren sinbolo indartsu bilakatzen du". (argia-baskultur)
(2026-05-27)
DEBEKATUTA TELEFONOAN EUSKARAZ EGITEA
Madril, 1896ko maiatzaren 23a. Espainiako Posta eta Telegrafoen Zuzendaritza Nagusiak agindu bat igorri zuen: telefono sarean “katalana, euskara edo beste edozein dialekto” erabiltzen zutenei zigorrak ezarriko zitzaizkiela jakinarazi zuen. Aginduak azaltzen zuen, indarrean zeuden arauen arabera, sareak eskaintzen zituen zerbitzuetan, “telefonemetan eta konferentzietan”, debekatuta zegoela
hizkuntza horiek erabiltzea, eta handik aurrera arau horiek zorrotz betearazteko neurri egokiak hartuko zituztela. Agindu hori estatuko telefonia sare guztietan zabaldu behar izan zuten, gerora monopolioa ezarriko zuen CTNE edo Telefónica ez baitzen 1924a arte sortuko. Hego Euskal Herria aitzindari izan zen lehen telefono lineak instalatzen. Gasteizen Heraclio Fournier kartagileak jarri zuen lehen linea 1882an, eta Donostian, aldiz, lau urte geroago jarri zuten martxan udalaren eta Gobernu Zibilaren arteko linea. Hego Euskal Herrian, XX. mendearen hasiera arte ez ziren hirietako edo lurraldeetako sare bateratuak sortu. (Nagore Irazustabarrena Uranga)
Erabiltzaileen hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, neurriak pribatutasun eskubidea ere zalantzan jartzen zuen. Garai hartan, deiak ezin ziren zuzenean egin; operadore batek eskuz konektatu behar zituen lineak
1896ko udaberri hartan gailu gutxi zeuden oraindik, lineak oso mugatuak ziren, baina konpainia askoren esku zeuden, eta horrek zail egiten zuen Zuzendaritza Nagusiaren agindua betearaztea. Hego Euskal Herriko konpainia aitzindari haiek hartutako neurrien berri ez daukagu. Bai, ordea, 1890ean bateratutako Bartzelonako Telefono Sozietate Nagusian gertatutakoaren berri. Maiatzaren 28an La Vanguardia egunkarian argitaratutako albistearen arabera, bezperan, hilaren 27an, Bartzelonako sare telefonikoaren estazioan Zuzendaritza Nagusiaren aginduaren testua ikusgai jarri zuten, publikoari neurriak hartuko zirela jakinarazteko. Eta, albistearen arabera, lehen egunean erabiltzaileak zigortzen hasi ziren. Lehen zigortuaren izena ez zuen aipatzen, baina “zetagintza ekoizle ezagun bat” zela zioen. Enpresarioa suminduta omen zegoen bere “komunikazio eskubidea urratu” zutelako. Ezarritako zigorra, besterik gabe, deia etetea izan zen. Gaur egun, ez dirudi neurri zorrotza, baina garai hartan telefono bidezko komunikazioa luxu garestia zen, eta teknikoki ere, konexioak ez ziren errazak.
Erabiltzaileen hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, neurriak pribatutasun eskubidea ere zalantzan jartzen zuen. Garai hartan, deiak ezin ziren zuzenean egin; operadore batek eskuz konektatu behar zituen lineak. Operadoreek, teknikoki, erabiltzaileek esandakoa entzuteko gaitasuna zuten, baina, etikoki, elkarrizketak entzutea saihestu ohi zuten. Aginduak, ordea, deian esandakoa entzutera behartzen zituen, hizkuntza debekatua antzeman arte behintzat. Eta zetagile katalana haserre agertu zen operadorea “batere inporta ez zaizkion kontuez enteratu” zelako. La Vanguardia-ko artikulu laburraren egileak bitan erabili zuen “errididikulu” hitza neurriak deskribatzeko, eta honela bukatu zuen: “Zorionez, hizpide duguna bezalako neurri zentzugabeek ez dute, ziurrenik, aurrera egingo”. 130 urte geroago, “katalana, euskara eta beste edozein dialekto” erabiltzen dutenen hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzen dutela jakingo balu… (argia-baskultur)
(2026-05-26)
KANAKYKO INDEPENDENTZIA
Kanakyko independentisten kezka areagotu du Frantziako Legebiltzarra hautesle errolda zabaltzearen alde agertu izanak. Orain arte bozketatik bazterturiko 10.500 bat "natibo" hauteskunde-zerrendetan sartzearen alde agertu da Frantziako Legebiltzarra. 1998an izenpeturiko Noumeako Akordioei begira aldaketak dakartza bozketak, eta dekolonizazioari buruzko "akordio globalik" gabe bideratu izana ez du begi onez ikusten FLNKS alderdi independentistak. (Frantziaren menpe izaten segitzen du Kanaky herriak, eta hauteslee
errolda zabaldu izana bada independentisten kezka iturri. Jenofa Berhokoirigoin, 2026ko maiatzaren 22an)
Duda gabe, asteazkenean Frantziako Legebiltzarrean iragandako bozketak ondorioak izanen ditu Kanaky herrian bideraturiko hauteskundeen emaitzetan. Hain justu, hautesle errolda zabaltzearen aldeko lehen urrats bat onartu dute Paristik, orain arte bozketatik bazterturiko 10.500 bat "natibo" hauteskunde-zerrendetan sartzearen alde agertuta. Haatik, hautesleen ezkontideei bozkatzeko aukera zabaltzeko urratsa doi doietarik baztertu da, 164k kontra eginik eta 163k alde. Inportantzia handiko bozketa izan da, hain justu, badelako loialisten eta independentisten arteko desadostasun nagusietarikoa. 1998ko Noumeako Akordioei segi, orain arte hautesle errolda "izoztuta" zegoen: 1998an hamar urtez bertan bizi zeudenek eta beraien ondorengoek bakarrik dute irlako hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea. Independentistek bake akordio horren zangopilatze bat ikusten dute hautesleriaren zabaltze horretan, besteak beste, lekukoen ahotsaren itotzea ekarriko lukeelako. Funtsean, Parisek adierazitako hautesle errolda zabaltzeko asmoak piztu zituen 2024ko udaberriko matxinadak.
"Gero eta distortsio handiagoa" zuzentzeko beharrezkoa den aldaketa horren alde hitz egin du Sébastien Lecornu Frantziako Lehen ministroak, hautesle erroldatik bazterturikoen kopurua %8 baino gutxiago izatetik %17 izatera pasa delako 1998az geroztik. FLNKS alderdi independentista berez ez dira zabaltze horren aurka, baina dioenez, dekolonizazioari buruzko "akordio global baten barruan" sartu beharra dago. Kanaky herriarentzako estatutuari buruzko aurreko adostasunik gabe hautesle erroldari aldaketak bideratu izana "prezipitatua eta arriskutsua" dela dio FLNKSk. Kolonizazio historia luze eta odoltsua du Kanakyk, eta oraindik ere segitzen du Frantziako Estatuaren menpe. (argia-baskultur)
https://www.argia.eus/albistea/kanakyko-hautesle-errolda-zabaltzearen-alde-agertu-da-frantziako-legebiltzarra
(2026-05-25)
MIKROPASTIKO UMEENTZAT
Danoneren eta Nestléren umeentzako jaki ontziak milaka mikropastikoz kutsatuta daude, Greenpeacek egindako ikerketaren arabera. Greenpeacek aste honetan eman du bere ikerketaren berri, eta bertan zehazten denez, plastikotan bildutako haurtxoentzako elikagai
horiek polimero sintetikoen sarbide handia dira. Horietako errazio elikagai bakoitzak 11.000 mikroplastiko partikula izan ditzake. Ikerketa enkargua Norvegiako SINTEF Ocean institutuari egin zion Greenpeacek, eta honek pouches izeneko poltsa malgutan saltzen diren ontziak aztertu ditu. Orain arte jaki horiek nagusiki beirazko ontzi txikietan saldu izan dira, baina azken urteetan poltsatxo malguok zabalkunde handia izan dute eta dagoeneko mundu mailako merkatuaren %37 hartzen dute.
Danonek eta Nestlék ontzi mota horretan saltzen dituzten purean, zukuan eta jogurtean diren mikroplastiko kopuruak ikertu ditu Norvegiako institutuak, eta ondorioak oso kezkagarriak dira. Nestlélek Gerber markarekin saltzen dituen produktu horietan gramoko 54 mikroplastiko partikula atzeman ditu. Horrek esan nahi du 100 gramoko anoa batean 5.000 partikula baino gehiago daudela. Happy Baby Organics da gisa bereko produktuak saltzen dituen Danoneren marka, eta horietan mikroplastikoen kopuruak are eta handiagoak dira. Sei hilabetetako umeentzako bildutako ahi eta pure ontzi malgu horietan 99 partikula mikroplastiko daude gramoko, 496 koilaratxo bakoitzeko eta poltsa osoan 11.000tik gora egon daitezke. Talde ikertzailearen aburuz, ontzi horien diseinuagatik, plastikoa eta elikagaien kontaktu azalera oso handia da, eta kontuan hartuta fruituen azidotasuna eta esnekien grasa kopurua, horrek errazten du ontziaren partikulak elikagaira joatea. Ikerketari buruzko informazio gehiago eskura daiteke El Salto-k landutako albiste honetan. (argia-baskultur)
(2026-05-24)
ANTIFAXISTEI ZIGORRIK EZ PLATAFORMA
Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataforma sortu dute. Faxismoaren aurkako borrokari lotuta, gutxienez 31 lagun daude auzipetuta Iruñerrian. Plataformaren helburua ez da «soilik kasu zehatz hauetan antifaxistek jasandako errepresioari aurre egitea, baizik eta klase-borrokaren eta elkartasunaren eredu izan nahi du». GEDAR Langile Kazeta Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataforma aurkeztu dute, «faxismoaren hedapen eta indartze testuinguru honetan».
Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataforma aurkeztu dute, «faxismoaren hedapen eta indartze testuinguru honetan». Izan ere, jakinarazi dute Nafarroako hiriburuko gutxienez 31 pertsona prozesu judizialetan auzipetuta daudela, faxismoaren aurka borroka eta protesta egiteagatik. Gertakari zehatzak ere aipatu dituzte: «2025eko otsailetik hona, Arrotxapea, Berriozar eta Beriaingo auzo eta herri langileetan, 20 pertsona ikertuak izan dira Voxen probokazioei aurre egiteagatik. Urrian, beste hamazazpi antifaxistarekin batera, Iruñerriko bi pertsona atxilotu zituzten Gasteizen Falangeari aurre egiteagatik. Azaroan, Vito Quiles agitatzaileari aurre egin zitzaion Iruñean, ideia erreakzionarioak zabaltzeko inpunitate osoa dutela sentitzen dutenei mezu irmoa bidaliz. Horregatik, azken hilabete hauetan zazpi pertsona atxilotuak izan dira. Azkenik, Voxek jazarpen-kanpaina bati ekin dio, haiek seinalatzen dituen ororen aurka, eta Poliziaren lankidetza estuarekin batera, beste bi pertsona deitu ditu deklaratzera».
«Gizartearen oinarriak kolokan daude, ongizate estatua gainbeheran eta bake soziala ezbaian. Dekadentzia garai hauetan berpizten da faxismoaren munstroa», jarri dute testuinguruan, plataformaren sorreraren berri ematean. Faxismoaren hedapenak «langile-klasearen geroz eta kapa gehiago diziplinatzea eta oposizio politiko oro deuseztatzea» bilatzen duela azaldu dute, eta hainbat helburu dituela horrek; batik bat, «burgesiaren boterea eta zilegitasuna mantentzeko beharrezkoa den neurri oro hartu ahal izateko marko autoritario bat sortzea». Eta jarraitu dute: «Izebergaren punta Voxek edo Vito Quiles probokatzaileak ordezkatzen dute, jarrera atzerakoien erreferenteak, sektore proletarizatuenak sistematikoki seinalatzeaz eta gizartea ideia faxistekin enkoadratzeaz arduratzen direnak. Baina horiek alde batera utzita, badira Falangea bezalako antolakundeak, lan politiko eta ideologikoa egiteaz gain, militante iraultzaileen aurka indarkeria erabiltzeko prest daudenak eta azkenaldian zigorgabetasunez berpizten ari direnak».
Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataformak, hain zuzen, aipatutako kasu judizialak batuko dituen «errepresioaren aurkako plataforma» gisa jardungo du. Ez hori bakarrik, dena den: «Helburua ez da soilik kasu zehatz hauetan antifaxistek jasandako errepresioari aurre egitea, baizik eta klase-borrokaren eta elkartasunaren eredu izan nahi du». Eta aurrera begirako dei bat egin dute, gainera: «Klase-elkartasuna praktikan jartzeko eta hemendik aurrera aurkezten diren dinamiketan parte hartzeko deia luzatzen dugu, ez bakarrik auzipetutako kide antifaxistei laguntzeko, baizik eta borrokaren jarraipena bermatzeko eta elkartasuna antolatzeko. Errepresioaren eta faxismoaren aurrean atzerapausorik ez». (borreruak2-baskultur)
(2026-05-23)
MAKROPROIEKTURIK EZ
Salatu dute «makroproiektuek» Araba «korporazio handien» mende jarri dutela. Lurraren defentsan ari diren herrialdeko hainbat eragilek manifestazioa egin dute Gasteizen, babes zabalarekin: 160 udalek, administrazio batzarrek eta kolektibok bat egin dute deialdiaren aldarriarekin. «Makroproiektu hauen eskala handiaren helburua ez da gizartearen beharrak asetzea, baizik eta proiektuen sustatzaileei
errentagarritasun handia eskaintzea». Hori du muina Makroproiekturik ez! leloa ozentzeko gaur arratsaldean egin duten manifestazioaren aldarriak. Antolatzaileek salatu dute Araban martxan diren hainbat egitasmoren bidez erakunde publikoak «korporazio handien» interesak lehenesten dituen «industria eredua» ezartzen ari direla. Ezinbestekotzat dute beste eredu baten alde egitea, eta lehendik ere egin dituzte hainbat protesta eskari hori plazaratzeko. 18:00etan abiatu da gaur protesta, Bilbo plazatik.
Lurraren defentsan ari diren hainbat elkartek egin dute manifestaziora irteteko deia, baina aski babes zabala jaso du deialdiak. Udalek, administrazio batzarrek eta askotariko hainbat kolektibok bat egin dute atxikimenduarekin: 160 entitatek baino gehiagok erakutsi dute atxikimendua. Plataforma deitzailean batutako elkarteen artean daude, besteak beste, Aiaraldeko Mendiak, Araba Bizirik, AHTrik Ez Arabako Lautada, Aramaixo Bizirik, Zuia Bidean eta herrialdean halako egitasmoen kontra ari diren beste hainbat. Euskal Herriko beste leku batzuetan «makroproiektuen» kontra ari diren kolektiboak ere badira tartean, eta horietako batzuetako ordezkariak ere izan dira gaur Gasteizen. Manifestazioaren harira, goraipatu egin egin dute aldarrikapenaren inguruan urteotan lortu den «erantzun kolektibo handia». Manifestazioan «makroproiektuen» bidez bultzatutako eredu orokorraren kontrako pankartak erakutsi dituzte, eta gero beste batzuk izan dira proiektu jakin batzuen kontrako mezuak erakusteko.
Protestaren harira, zerrendatu egin dituzte auzitan jarri beharrekotzat dauzkaten «makroproiektuak»: AHT abiadura handiko trena, zentral eolikoak eta fotovoltaikoak egiteko egitasmoak, goi tentsioko linearekin lotutakoak, datuak biltzeko zentro handiak, harrobiak, aireportuaren zabalkuntza, eta errepide bidezko merkantzien garraioa handitzeko hainbat asmo. Proiektu guztiek ezaugarri bera dute antolatzaileen ustetan: «Eskala handiko etekin ekonomikoa lehenestea, landa eremuen eta ingurune naturalen suntsiketaren bidez». Halaxe azaldu zuten manifestaziorako deia egin zutenean. Gaur berritu egin dute kezka, «lurraldeari entzun beharrean» azpiegitura handiek zedarritutako planez beteta ikusten dutelako herrialde osoa. Eredu horrek dakartzan ondorioak ere zerrendatu dituzte: «Merkantilizazio egoera honek paisaia mintzen du, ondasun naturalak pribatizatzen ditu, lur eta herri basoak desjabetzen dizkigu, landa eremuko bizi proiektuak hausten ditu, eta gure komunitateak abandonura bultzatzen ditu».
JAURLARITZARI KRITIKA
Manifestazioa antolatu dutenak aski kritikoak dira Eusko Jaurlaritzarekin: Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala, bereziki, «interes finantzarioen» mende dagoela uste dute, eta proposatzen duen landa eremuen industrializazio ereduak ez dituela kontuan hartzen «tokiko komunitateak» eta haien beharrak. Erabaki horien bidez Jaurlaritzak Araba «espekulazio hobi» bihurtu nahi duela uste dute, baina arazoa, hala ere, zabalagoa dela: «Enpresen etekinei lehentasuna ematearen arazo bera dago berdin-berdin Euskal Herriko beste leku batzuetan ere: sustatzaile pribatuak, eta interesdun instituzio publikoen utzikeria berbera eta informazio ezkutatze berbera». (berria-baskultur)
(2026-05-22)
FLOTILLAKO TORTURATUAK HOSPITALEAN
Flotillako 428 kideak askatu ditu Israelek, baina asko Turkiako ospitaletan daude torturen ondorioz. Nazioarteko uretan atxilotu zituen flotillako 428 kideak askatu ditu Israelek ostegunean. Gehienak Istanbulen daude osasun arreta jaso eta etxera itzultzeko zain, izan ere, atxiloaldian tratu txarrak jasan dituztela salatu dute ekintzaileek. Euskal delegazioko bi kide daude ospitaleratuta, eta beste lauek Turkian geratzea erabaki dute. Beraz, momentuz, bertan behera geratuko da Loiuko aireportuan aurreikusita zuten ongietorria.
Asteazkenean heldu ziren Israelgo Ashdod hiriko portura armada sionistak bahitutako Global Sumud Flotillako 428 kideak, tartean sei euskal herritar zirela. Horietako baten bitartez jakin dugu nazioarteko uretan bahitu zituztenean “espetxe-itsasontzi” modukoetara sartu zituztela bahituak. “Ongi etorri gisa” banaka sartu zituzten “kontainer ilun batzuetara”; bertan, ukabilkadak eta kolpeak jaso zituzten armen atzealdearekin, eta taserrekin eraso egin zieten. Adierazi dutenez, azken horren ondorioz, batzuek erredura handiak dituzte. Gaineratu dute Ashdodeko portura heltzean zein espetxean indarkeria maila igo zutela soldadu israeldarrek. Portuko zein espetxeko irudiak publiko egin ziren. Bertan ikus zitekeen Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro Itamar Ben Gvir bahituak umiliatzen, lurraren kontra eta eskuak lotuta zituztela. Mehatxuak ere entzuten dira ministroaren ahotan, eta Netanyahuri eskatu zion flotillako kideak bere eskuetan utzi ditzala, kartzelan, alegia. Ostegunean, baina, Israelek bahitutako 428 ekintzaileak askatu ditu, eta Istanbulera abiatu dira osasun arreta jaso eta etxera itzultzeko.
BORTXAKETA SALAKETAK
Bahituetako asko ospitaleratu behar izan dituzte Istanbulen, Israelgo soldaduek eragindako tratu txarrak eta torturak eraginda. Sumud Flotillak salatu du "gutxienez 15 sexu-eraso" izan direla, "bortxaketak barne" eta hamarnaka pertsonak hezur-hausturak, ubeldurak eta erredurak dituzte. Erien bideoak zabaldu dituzte sare sozialetan. Horien artean, euskal delegazioko bi ekintzaile ospitaleratu dituzte, errepresio-indar sionisten bahiketan jasandako indarkeriak eragindako lesioengatik. Kide baten hitzetan, horietako batek saihetsen bat izan dezake apurtuta eta besteak omoplatoa, baina oraindik ospitaleko azterketaren zain daude. Horregatik, flotillako euskal delegazioko beste lau kideek Turkian geratzea erabaki dute. Beraz, momentuz, bertan behera geratuko da Loiuko (Bizkaia) aireportuan ostiralean aurreikusita zegoen ongietorria. Eguerdian ospitaletik berri gehiago izatea espero da, baina Euskal Herrira larunbatean iristea aurreikusten dute. Hala eta guztiz ere, Global Sumud Flotillak adierazi du ez dutela etsiko Palestina libre izan arte.
(2026-05-21)
ATHLETICEN KAMISTETA POLEMIKOA
UPNk ez ditu onartzen Athleticen elastikoaren Euskal Herriko mapa eta ikurrina. Cristina Ibarrola UPNko lehendakariak gutuna bidali dio Espainiako Futbol Federazioko lehendakari Rafael Louzani, eta eskatu dio ez dezala baimendu Euskal Herriko mapa daraman Athletic-eko datorren ikasturteko elastikoa. – Euskal Herriko mapa txiki bat darama bizkarrean datorren denboraldirako Athleticek hautatu duen elastikoak eta, gainera, ikurrinak estaltzen du mapa hori. Horrek haserre bizia piztu du UPNn eta Espainiako federazioari moduan, UPNko buruzagiak idatzi die Ahleticeko lehendakari Jon Uriarteri eta Maria Chivite lehendakariari ere. Guztiei azaltzen die haserrea alderdi eskuindarrak, eta iraintzat eta begirune faltaren adierazletzat jotzen du zuri-gorrien erabakia. Espainiako futbol federazioko lehendakariari bidalitako gutunean Ibarrolak adierazi duenez, Atleticek berak publikoki iragarri du “elastiko berriaren zazpi marrek Euskal Herriko zazpi lurraldeak ordezkatzen dituztela”, eta identitate bateratu hori Euskal Herriko mapan eta ikurrinan islatzen direla.
Ibarrolaren ustez, mapa eta ikurrina horiek izaera politikoa, identitarioa eta instituzional eztabaidagarria jasotzen dituzte, eta Nafarroako Foru Erkidegoa bere egungo errealitatearekiko arrotza den lurralde ikuspegian islatzen dute. Bere esanetan, IFAB Nazioarteko Futbol Elkarteen Batzordeak finkatzen duenez, jokalarien jantziek ez dituzte eraman behar “izaera politikoa, erlijiosoa eta pertsonala duten irudirik edo mezurik”, eta Athleticeko irudi honek ez du hori betetzen. Horregatik guztiagatik, Ibarrolak eskatu dio Espainiako futbol federazioari jar ditzala abian beharrezkoak diren neurriak Athleticek 2026-2027an ez dezan elastiko hori erabili Espainiako futbol txapelketetan. Chivite lehendakariari ere eskatu dio eman ditzala eman beharreko pausoak, “nazio mailako eta nazioarteko itzala duen Athletic moduko klub batek Nafarroako Foru Erkidegoaren errealitate politikoa, administratiboa eta instituzionala errespeta dezan”. Athleticek elastiko horrekin jarraitzen badu aurrera, UPNk auzitegietara joko duela iragarri du Ibarrolak. (argia-baskultur)
(2026-05-20)
MAKROPROIEKTUAK
Arabako 160 eragilek salatu dute makroproiektuek lurraldea “espekulazio taula” bihurtu dutela. Arabako lurraren defentsaren aldeko hainbat plataformek dei egin dute maiatzaren 23an Gasteizen Makroproiekturik ez! lelopean egingo den manifestazioan parte hartzera. Deialdiak Arabako 75 administrazio-batzar eta udal baino gehiagoren, eta Euskal Herriko ia 90 kolektibo eta eragile sozialen babesa jaso
du. Deitzaileek adierazi dutenez, "Makroproiektu hauen eskala handiak ez du bilatzen gizartearen beharrak asetzea, baizik eta proiektuen sustatzaileei errentagarritasun handia eskaintzea". Maiatzaren 23ko manifestaziorako deialdia egin dute Arabako lurraren defentsarako plataformek. Araba Bizirik
Arabako lurraren defentsaren aldeko plataformak prentsaren aurrean agertu dira, publikoki salatzeko "lurraldean industria-makroproiektuak agertzen jarraitzeak negozio hutsaren eta espekulazioaren logikari erantzuten diola, herritarren beharrak erabat alde batera utzita". Oroitarazi dute azken aldian era guztietako industria-proiektu handiak pilatzen ari direla Araban: Abiadura Handiko Trena; makro-zentral eolikoak eta fotovoltaikoak; goi-tentsioko eta oso goi-tentsioko lineak; makro datu zentroak; biometanizazio makro-plantak; zentro logistikoen eta industrialdeen zabalpena; harrobiak, dikeak eta aireportuaren zabalpena; errepide bidezko merkantzien garraioa areagotzeko proiektuak... Proiektu horiek guztiek ezaugarri berberak dituzte, antolatzaileen esanetan: "Eskala handiko proiektuak dira, eta haien eraikuntzarako ezinbestekoa da gure landa-eremuen eta ingurune naturalen suntsiketa".
Egoera hau Euskal Herriko beste lurralde batzuetan ere ematen dela gogora ekarri dute, "Araban pairatzen ari garen antzeko makroproiektuekin, sustatzaile berdinekin, eta interesdun instituzio publikoen utzikeri eta informazio eskutatze berberarekin. Leku horietan burutzen den borroka gure borroka ere bada, eta gure borroka beraiena da". Politika instituzionalari ere kritika egin diote, jarraitzen ari den ereduak lurralde-industrializazioa bultzatzen duela eta Araba "espekulazio taula" gisa erabiltzen duela iritzita. "Espoliazio honek paisaia mintzen du, ondasun naturalak pribatizatzen ditu, lur eta mendi komunalak desjabetzen dizkigu, landa-eremuko bizi-proiektuak hausten ditu eta gure komunitateak abandonura bultzatzen ditu", gaineratu dute. Horren barruan kokatu dute Eusko Jaurlaritzaren egungo Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS): "Interes finantziarioen mende dagoen tresna gisa funtzionatzen du eta multinazional energetikoentzat jarritako alfonbra gorri bihurtu da. Landa-eremuen industrializazioa bultzatzen du, tokiko komunitateak kontuan hartu gabe". Era berean, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) babestutako azelerazio-politikak zentsuratu dituzte, eta diru publikoko 80 milioi eurorekin inbertitzaile pribatuak erakartzea leporatu diote, makroproiektuak LPSan izendatutako "sakrifizio eremuetan" instalatzea errazteko. "Enpresen etekinei lehentasuna ematearen arazoa berdin-berdin errepikatzen da Euskal Herriko beste leku batzuetan ere, sustatzaile pribatuekin eta interesdun instituzio publikoen utzikeria eta informazio-ezkutatze berberarekin".
MANIFESTAZIOA DEITU DUTEN ARABAKO PLATAFORMAK
Lurra defendatzeko eta "makroproiektuen espekulazioari uko egiteko" maiatzaren 23ko manifestazioa Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko da, 18:00etan. Mobilizazio hau bultzatu duten Arabako eragileetako batzuk dira AHTrik Ez Arabako Haranak, AHTrik Ez Lautada, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Araba Bizirik, Arabako Errioxa Bizirik, Arabako Mendiak Aske, Aramaixo Bizirik, ATACA, Biharko Lautada, Dikerik Ez, Horrela Ez Argantzun, Horrela Ez Badaiotz, Horrela Ez Iruña Oka, Horrela Ez Kuartango, Horrela Ez Lautada, Horrela Ez Valles Alaveses, Legutio Borrokan, Por Trespuentes, Proiektu Honi Ez! (Arratzua-Ubarrundia), SOS Margarita, UAGA, Urkabustaiz Babestuz, Zigoitia Bai eta Zuia Bidean. (argia-baskultur)
(2026-05-19)
TXOSNAK DENONTZAT
Bergarako Udalaren debekuaren aurka, ostegunean jarriko dute Mugimendu Sozialistaren txosna. 16:30ean ipini dute hitzordua Munibe Plazan, eta elkarretaratze bat egingo dute. 19:00etan. Oxirondoko jaigune berritik kanpo laga ostean, Mugimendu Sozialistari txosna Muniben jartzea debekatu dio udalak. – "Debekua kendu, Bergarako txosnak denontzat!" aldarritzat hartuta, Bergarako (Gipuzkoa) Mugimendu Sozialistak mobilizazio-deialdi bat egin du etzirako, ostegunerako. Udalak (EH Bildu) ezarritako debekuaren aurka, Mugimendu Sozialistak Munibe Plazan muntatuko du txosna arratsalde horretan, 16:30ean. Horren ondoren, 19:00etan, udalaren debekua salatzeko kontzentrazio bat izango da, eta jarraian, kontzertu akustikoa eskainiko du Ktarsia taldeak.
"Udalak jarritako oztopoen gainetik, Bergarako jaietan gure ekarpena egiteko asmo irmoarekin jarraitzen dugu. Eguenean Munibeko txosnaren muntaketari ekingo diogu eta dei egiten dugu denok bertan parte hartzera", azaldu dute Bergarako txosnak denontzat izeneko kanpainaren barruan. Izan ere, udalak birritan ukatu dio Mugimendu Sozialistari festetan parte hartzeko aukera: Oxirondoko jaigune berritik kanpo utzi zuen lehenengo, eta beste toki batzuetan (Munibe Plaza kasu) txosna ipintzea debekatu dio gero. "Interes publikoaren izenean, modu arbitrario batean, espazio publikoen erabilera ukatu digu", salatu dute Mugimendu Sozialistako antolakundeek. Hilabete honetan bertan egin dute agerraldi jendetsu bat Bergaran, EH Bilduren udalak jaietatik kanpo laga nahi dituela salatzeko eta egoeraren berri emateko. Aurtengo festetarako antolatutako egitarau zabal baten berri ere eman zuten: maiatzaren 22tik 26ra bitartean izango dira Mugimendu Sozialistak prestatutako ekimenak, parte-hartze zabalarekin. (gedar-baskultur)
(2026-05-18)
FLOTILLA: LAU EUSKALDUN BAHITUTA
Israelgo itsas armadako ontziak Global Sumud Flotilla atzematen ari dira nazioarteko uretan, Zipreko erreskate-eremuaren barruan. Itsasoan diren sei euskaldunetatik lau bahitu dituzte soldadu sionistek, eta Global Sumud Euskal Herriak mobilizazioak antolatu ditu astelehen arratsalderako. Gazako blokeoa hausteko misio zibil humanitarioko 58 ontziak Palestinako kostaldetik 260 itsas miliatara daude. Esteka honetan Flotillaren zuzeneko irudiak ikus daitezke. – Gazaren gaineko blokeoa hautsi nahi duen misio zibilaren kontra egin du Israelek beste behin. Astelehenean, Israelgo Kanpo Arazoetako Ministerioak Global Sumud Flotillari ohartarazi dio “berehala
buelta emateko” eta esan du ez duela “probokaziorik” onartuko. Are, Israelgo itsas indarren ‘zodiac’-ek Furleto ontzia geldiarazi dute. Israelgo komunikabideek jakinarazi dutenez, Flotillako ontzien kontrako operazioak ordu batzuk beharko ditu, eta bihar arte luzatu daiteke. Momentuotan operazioak aurrera jarraitzen du.
Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Israelgo Gobernuak zalantzan jarri ditu Flotillako ontzien asmo zibil eta humanitarioak, eta adierazi du “probokazio horren helburua Hamas indartzea” dela. Horrez gain, Israelek Flotillari leporatu dio Trumpek Gazarako prest duen "bake-planean aurrera egitea oztopatzea". Global Sumud Flotillako kideek bide segurua eskatu dute misio humanitario legala aurrera eramateko. Adierazi dute, halaber, gobernuek "lehenbailen" jardun behar dutela Israelen legez kanpoko ekintza horiek geldiarazteko, eta ohartarazi dute "okupazioaren indarkeriaren normalizazioa" mehatxua dela guztiontzat. Apirilaren 30ean Israelgo armadak Flotillako 55 itsasontzi geldiarazi zituen Greziako kostaldea inguratzen ari zirela, eta 175 pertsona atxilotu zituen. Hala ere, joan den ostiralean, 170 parte-hartzaile eta hamabost ontzi gehitu zitzaizkion misioari Turkian. Orain, ontzidiak 500 bat ekintzaile eta tripulatzaile ditu. Apirilaren 30eko intertzeptazioaren ondoren, flotillak koordinazio akatsak zuzendu eta estrategia birdiseinatu zuen. Hala, ontzi multzo deszentralizatuetan nabigatzen ari dira, ontzi bakar baten harrapaketak gainerakoei eragin ez dezan. Estrategia horren baitan, Flotillaren ideia paraleloan nabigatzea da, hamahiru taldetan banatuta eta Gazako kostaldearen parean lerro batean hedatuta, Israelgo armadako ontziei atzemate operazioa zailtzeko.
BAHITUTAKO EUSKALDUNEN MEZUA
Sei euskal herritar ari dira Global Sumud Flotillan parte hartzen itsasotik –zazpigarren bat lurretik–, eta horietariko lau bahitu dituzte soldadu sionistek. Israelgo armada beren itsasontzia abordatu baino lehen mezuak bidali dituzte José Javier Oses Carrasco Jotas eta Karim El Khamlichi Mohamed-ek. Hegoa Bengoa eta Amarga dira bahitutako beste bi euskal herritarrak. Palestinako espetxeetan “10.000 preso” daudela gogoratu du Jotasek, eta Israelek heriotza zigorra legeztatu duela berriki: “Gure atxiloketak baliatu behar ditugu egoera hori salatzeko”. Kalean mobilizatzera deitu du, “determinazio handiagoarekin” eta “Palestinaren eta herri guztien eskubideak defendatzera”. Flotillari berriz ere eraso eginez Israelek bere inpunitatea agerian uzten duela salatu du Jotasek, eta horrekin amaitu beharra azpimarratu: “Kalean erakutsi behar diegu inpunitate hori amaitu zaiela. Bereziki gure herrian sionismoaren konplize diren horiei erakutsi behar diegu gure herrian ez dutela lekurik”. El Khamlichik azpimarratu du berriz ere nazioarteko uretan egiten ari dela eraso Israel: “Hor datoz egiazko terroristak, ez dute nazioarteko legedia ere errespetatzen”.
MOBILIZAZIOAK HERRIZ HERRI
Global Sumud Euskal Herriak mobilizazioak antolatu ditu astelehen arratsalderako, 19:00etan, Begi guztiak Palestinan. Flotilla ez da ukitzen lelopean. Informazio hau osatzeko orduan hauek dira publiko egin diren deialdiak: Urruñan, plaza nagusian; Sakanan, Altsasuko Udaletxearen aurrean; Gasteizen Artium museoaren plazan; Gorbeialdean Izarrako Plaza Berrian; Donostian Kontxako hondartzan; Iruñean Merindades plazan; eta Bilbon Arenalean. (argia-baskultur)
(2026-05-17)
ERTZAINTZA-JARRERAREN AURKA
Poliziak Gasteizko Alde Zaharrean eta Errekaleorren erakutsitako jarrera salatzeko manifestazioa egin dute. Gasteizko Gaztetxeak deituta mobilizazioa egin dute ostegun arratsaldean. Errepresioa, inpunitatea edo arrazakeria ez normalizatzera deitu du gaztetxeak, eta manifestazioa iragarri du ekainaren 19rako. “Kutxin bizitako gertaerak larriak eta bart Errekaleorren izandako eraso poliziala saltzeko” manifestatu dira, amaierako ekitaldian azaldu dutenez. Hain zuzen ere, Aiztogile kalea zeharkatu dute dozenaka lagunek mobilizazioan. Larunbat goizaldean Aiztogile kalean gertatua gogoratu dute: “Bi gazteren arteko borrokatik abiatuta, guztiz modu desproportzionatuan, kaleko jantzitako polizia batek pistola atera zuen Kutxin. Hori gutxi ez, eta zipaioak bertan zeudenen aurka oldartu ziren, kotxearekin harrapatzen saiatu, jendea bultzatu eta meatxatuta”. Horrelako gertaeren aurrean erantzutera deitu dute. “Armatu gabe dagoen gazte baten aurka pistola ateratzea normalizatzen uzten badugu, zer gerta daiteke hurrengoetan? Beharrezkoa da hasiera hasieratik abusu polizial hauen aurrean erantzun kolektiboak ematea”.
Testuinguru orokorrago batean kokatu du gaztetxeak Aiztogile kaleko esku hartzea; udaltzain eta ertzainen presentzia “itogarria” eta jarrera “oldarkorra” auzoan; kontrol sozialerako mekanismoen “gogortzea” udal zein estatu mailan, nazioartean gerraren sakontzea eta soldadutzaren berrezarpena... “Geroz eta zailagoa da kalean politika egitea, kalean antolatzea, edo kalean egotea, besterik gabe”. Testuinguru horren barnean kokatu ditu Gasteizko Gaztetxeak Errekaleorreko gertaerak ere. “Ez da lehen aldia izan, baina bai egon den saiakera bortitzena”. Besteak beste Polizia, Vox eta Vocento taldea egin dituzte erantzule, eta salatu dute haien helburua dela errelato “faltsu” bat eraikita “okupazioaren aurkako ofentsiban” sakontzea.
MANIFESTAZIOA EKAINAREN 19AN
“Segurtasunaren diskurtso “faltsua” salatu dute mobilizazioan. “Jarrera arrazista eta klasistak zabaltzen ari dira. Ezin diegu arnasa hartzen utzi etorkinak nahieran erabiltzen dituzten diskurtso erreakzionarioei, horien aitzakiapean gorrotoa zabaldu eta eskubideak murrizteko”. Gaztetxeak dei egin du aste honetako gertakariak baliatzera “nahikoa dela esateko”. Borrokatzearen beharra azpimarratu du, “inpunitate hau gehiagora joan ez dadin”. Helburu horrekin, “aurrera pausu bat” eman eta manifestazioa iragarri dute ekainaren 19rako. “Eraso polizialei aurre egiteko, kamara berrien ezarpena salatzeko, Inposatu nahi diguten kontrol sozialaren aurka borrokatzeko”. (argia-baskultur)
(2026-05-16)
ERREKALEOR BIZIRIK
“Gure integritate fisikoa arriskuan ikusten dugu, gaur eta hurrengo egunetan etor daitekeenak kezkatzen gaitu”. – Ostegun gauean urgentziazko oharra argitaratu du Gasteizko auzo okupatuak. Asteazkenean Poliziak auzoa hartu zuen, eta kale egoeran dauden hainbat pertsona etxebizitza batzuetan sartzen saiatu ziren auzokideak bortizki kolpatu eta bi kide larri zaurituta. Ertzaintza egin dute
gertatuaren erantzule: “Poliziak erasoa sustatu, artikulatu eta babestu zuen”. Eta arriskuaz ohartarazi dute: “Jakin dugu gaurkoan erasoa errepikatzeko asmoa dutela atzo etorritako pertsonek, eta ‘hobeto prestatuta’ etorriko direla esan dute”. Asteazken goizaldeko erasoan Errekaleorreko bi auzokide larri zauritu dituzte. Batek ingresatuta jarraitzen du ostegun gauean, eta burezurreko hainbat hezur hautsita ditu. Errekaleor (Ostegun goizean oharra bidali du Errekaleorrek, asteazkeneko “eraso larria” salatzeko. Bigarren komunikatu honetan gertatutakoaren inguruko informazio berria eman du, “egoeraren larritasunaz eta arriskuaz” ohartarazteko)
Hau da, hitzez hitz, asteazkenean gertatutakoaz auzo okupatuak eman duen informazioa: "Atzo [asteazkena] gure auzotik gertu dagoen URSSA fabrikan [abandonatutako lantegi bat, bertan bizi dira aspalditik kale egoeran dauden hainbat pertsona] bizi diren hamabost pertsona inguru modu oldarkorrean etorri ziren auzora, gure etxeetako batean indarrez sartzeko asmoz. Euren esanetan, Poliziak bidali zituen, eta euren babespean sentitzen zirelarik jokatu zuten uneoro. Egunean tentsioz beteriko bi saiakeren ostean, eta Ertzaintzaren aldetik jarrera eta jokabide negargarriak jaso ostean, gauean zer gerta zitekeen zain geratu ginen, kezkaturik. Gure kezkak bazuen oinarria: ordu biak aldera (ordura arte auzoko sarreran zaintzan egondako [Poliziaren] patruilak alde egin eta berehala) hamarnaka pertsona etorri ziren auzora, makil, burdin eta harriekin armaturik, eta zuzenean erasotu gintuzten. Erasoak hainbat zauritu utzi zituen, horietako bat larria, eta anbulantzia deitzerakoan ertzainak ere agertu ziren: zaurituaren ongizatea albo batera utzita, gertatutakoari probokazioz eta mespretxuz beteriko iruzkinak egin zituzten. Gaur [osteguna], arratsaldeko zazpietan, gure kideak ingresatuta jarraitzen du. Harrikada batek kolpatuta burezurreko hainbat hezur hautsita ditu".
Goizeko oharrean, gerora erasoa egingo zuten pertsonak auzora lehen aldiz agertu zirenean zer gertatu zen azaldu zuen Errekaleorrek: "Kale egoeran dauden hainbat pertsona etorri dira, proiektua osatzen duten etxeetako batean sartzeko asmoarekin. Ez da lehenengo aldia, eta aurreko guztietan bezala, proiektura sartzeko bideak zeintzuk diren azaldu diegu, eskura izan ditzaketen baliabideak eta aukerak aurkeztuta, eta horietara laguntzeko prestutasuna adierazita. Horren aurrean, euren erantzuna Poliziak hona bidali dituela izan da". Auzoak “zaurgarritasun egoeran” dauden herritarren “instrumentalizazioa” salatu du: “Etxebizitza eskubidea bermatu beharko luketenen utzikeriari poliziaren estrategia zitala gehitzen zaio”.
ERTZAINTZA ETA BERE ARDURADUNAK "GERTATU DAITEKEENAREN ERANTZULE"
Errekaleorrek lehen komunikatuan salatu du erasoaren “atzean” Ertzaintza dagoela. Gaueko komunikatuan urrunago joan da. Ziurtatu du erasoa Poliziak “sustatu, artikulatu eta babestu” zuela, eta azpimarratu dute baieztapena ez dutela “modu arinean” egin: “URSSA lantegia okupatzen dabilen jendearen aldetik hau baieztatzen duten zuzeneko testigantzak jaso ditugu”. Hurrengo ordu eta egunetan gertatu daitekeenaren inguruan duten kezka sakonaren zergatia azaldu du proiektu komunitarioak: “Jakin dugu ere gaurkoan erasoa errepikatzeko asmoa dutela atzo etorritako pertsonek, eta ‘hobeto prestatuta’ etorriko direla esan dute”. Ohartarazpen batekin amaitu dute oharra: “Atzoko ondorio lazgarrien zein gaur gertatu daitekeenaren erantzule zuzena Ertzaintza dela salatzen dugu, argi eta ozen. Ertzainena zein haiek zuzentzen eta babesten dituzten arduradun politikoena”. (argia-baskultur)
(2026-05-15)
‘URQUIOLA’ PETROLIO-ONTZIAREN MAREA BELTZA
1976ko maiatzaren 12an, 110.000 tona petrolio gordin zeramatzan ‘Urquiola’ petrolio-ontziak gaizki kartografiatutako gune batzuk harraskatu zituen Coruñako portuaren sarreran. Ontziak hainbat leherketa izan zituen, su hartu, zatitu eta hondoratu egin zen. Marea
beltza erraldoia sortu zen. Mende erdia bete da ‘Urquiola’ petrolio-ontziaren marea beltzak Galiziako hondamendi natural handienetako bat eragin zuenetik. ‘Urquiola’ Espainiako bandera zuen ontzi handia zen, 276,54 metroko luzera, 39,07 metroko zabalera eta 15,19 metroko sakonera zituena. Astilleros Españoles enpresak eraiki zuen Sestaoko lantegian, eta 1973ko ekainean uretaratu zuten. Petrolio-ontzia, sutan. (wikipedia commons)
1976ko maiatzaren 12an, Persiako Golkotik zetorren Coruñako portuan hondoratu zenean. Gaizki kartografiatutako orratz harritsu baten seinale txar baten ondorioz istripua izan zuen. Petroliber enpresara zeraman bere karga ontziak. ‘Urquiola’-k ez zuen kalte askorik izan lehen une horretan, eta portura sartzea eskatu zuen. Baina zer gertatu zen? Lurreko ardura militarren esku zegoela orduan –istripu honen ondorioz, aurrerantzean kontrola zibila bihurtuko zen– eta erabaki zutela egokiena ontzia kostaldetik 200 miliara urruntzea izango zela. Maniobra horietan ontziak kalte gehiago jasan zituen, baita ke beltz izugarria eragin zuen sutea ere.
Ontziak hainbat leherketa izan zituen, su hartu, zatitu eta hondoratu egin zen. Bertako 37 tripulatzaileak salbatu egin ziren, baina itsasertzera iritsi arte hiru orduz igeri egin behar izan zuten. Kapitainaren gorpua bi egun geroago erreskatatu zuten itsasotik. Hondamendi horretan 100.000 tona isuri ziren, Betanzos, El Ferrol eta Ares itsasadarretaraino iritsi zirenak. Istripuaren ondorioz, petrolioa geldiarazteko dike bat jarri zuten, eta, aldi berean, petrolio gordina jasotzeko lan-ekipo txiki batzuk aritu ziren, harrigarria badirudi ere. Petrolioa disolbatzeko detergenteak ere erabili ziren. (argia-baskultur)
(2026-05-14)
PASAIA ITSAS FESTIBALA
Nabigazio aldaketak, fragata kortsario bat eta itsasoaren magia. Itsasoaren magia bueltan da Pasaiara, baina ostegun honetarako dauden haize eta olatuen iragarpena dela eta, Pasaia Itsas Festibaleko antolatzaileek lehen eguneko nabigazioa aldatu dute: ontziek badiaren barruan nabigatuko dute soilik. Hilaren 17ra arte, Pasaia, ontzi tradizionalen hiriburu. – Itsas jarduera oro bezala, Pasaia Itsas Festibala une oro egokitzen da itsasoaren egoerara eta eguraldiaren bilakaeraren arabera. Festibala ostegun honetan hasi eta hilaren 17ra arte luzatuko da. Azken edizioetan Pasaiako badiara Ulia eta Jaizkibel arteko bokaletik sartu ohi dira parte hartzen duten ontzi
tradizionalek desfile ikusgarri batean, baina ostegunerako haize eta olatuen iragarpena dela eta, antolatzaileek nabigazioa aldatu behar izan dute: itsasontzien sarrera 18.00etatik aurrera egingo da Pasaiako badia barruan. (San Juan ontzia barnetik bisitatu ahal izango da. Andoni Canellada / foku)
Bertaratuko den jendeak itsas ikuskizunaz gozatu ahal izango du San Pedrotik eta Donibanetik, eta topaketaren hasierari lotutako jai giroa mantenduko da. Inaugurazioa jaialdiaren Youtubeko zuzeneko emisioan jarraitu ahal izango da, era berean. Aurreikusi bezala mantenduko dira tripulazioaren eta kapitainen ongietorri instituzionaleko ekitaldi tradizionala, lurreko kultur jarduerak eta datozen egunetarako aurreikusitako programa. Eguraldiaren aurreikuspena nabarmen hobetuko da asteburuari begira; orduan, badian berriz ere jaialdiaren irudirik ikusgarriena ikusi ahal izango da, ontzi tradizional handiekin, itsas jarduerekin eta kultur zein jai egitarau zabalarekin, aipatu dute antolatzaileek.
SAN JUAN, BARNETIK ETA KANADA, GERTUTIK - Maiatzaren 14tik 17ra bitartean, ontzi tradizionalak, kultur jarduerak eta publiko guztientzako proposamenak bilduko ditu festibalak. Aurtengo programazioak Kanada izango du ohorezko itsas kultura gonbidatu gisa, eta hari eskainitako programazio espezifiko bat izango du, arreta berezia eskainiz gaur egungo Kanadako lurraldeko herri indigenei. Horrela, ‘Atlantikoan zeharreko Topaketak’ programak elkarrizketan jarriko ditu euskal tradizioak Kanadako Lehen Nazioetako, inuit komunitateetako eta Atlantikoko kulturetako tradizioekin. Kanadak bere stand propioa izango du San Pedroko lonjaren aurrean, eta bere historiaren berri emango du, bai eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako praktiken berri ere; besteak beste, Artikoko bizitzarekin lotura estua duten kayak-ak fabrikatzeko inuit teknikak.
Gainera, festibalaren egunetan atikamekw artisauek Albaola Itsas Kultur Faktorian urki azalez egindako kanoaren eraikuntza tradizionala bukatuko dute. Jarduera horiek historia partekatu bat islatzen dute, XVI. mendeko euskal baleontzien eta komunitate indigenen arteko lehen kontaktuetan oinarritzen dena, eta gaur egun kultura trukearen, artisautzaren eta itsasoaren ezagutzaren bidez eguneratzen dena. Era berean, 2026ko edizioa une bereziki esanguratsu batek markatuko du; izan ere, San Juan ontzia lehen aldiz bisitatu ahal izango da uretan. Albaolan eraiki da, Red Bayn (Kanada) egindako ikerketa arkeologikoetan oinarrituta, eta XVI. mendeko baleontzi hori itsas ondarearen berreskurapenaren adierazle handienetako bat da. Baleontzia badian egoteak aukera emango du itsasontzia bere benetako testuinguruan ezagutzeko eta garaiko nabigazio transozeanikoaren esperientziara hurbiltzeko. Bi erakusketarekin osatu ahal izango da plana: bata Albaola Itsas Kultur Faktorian, euskal baleontziek Ternuako eta Labradorko kostaldeetara egindako espedizioetara eramango gaituena eta San Juanen aurkikuntzaren xehetasunetara hurbilduko gaituena; eta bestea San Pedroko lonjan, non ontzia eraikitzeko urte hauetako prozesuari buruzko ikus-entzunezko dokumentazioaz gozatu ahal izango den.
ONTZI TRADIZIONALAK - Zalantzarik gabe, programaren une gogoangarrienetako bat izango da, tamaina, jatorri eta tipologia desberdinetako ontzi tradizionalak bilduko dituen erakustaldia, eta Pasaia itsas ondarearen erakusleiho paregabea bihurtuko du. Edizio honetako itsasontzi ikusgarrienen artean daude Étoile du Roy, hiru mastako fragata kortsarioa, edo Recouvrance, XIX. mendeko Frantziako itsas armadako itsasontzi baten erreplika; 47 eta 42 metroko luzera dute, hurrenez hurren. Horiek dira bisitatu ahal izango diren ontzi handienetarikoak. Horiez gain, balio historiko eta kultural handiko beste batzuk ere izango dira, hala nola Grayhound, Evangelina, edo Aita Mari, San Pedroko kaian egongo den Itsas Salbamendu Humanitarioko itsasontzia.
KONTZERTU NABARMENAK ETA JAI GIROA - Itsas programazioa lurreko egitarau zabal batekin osatuko da. Egitarau horrek askotariko jarduerak hartzen ditu barne: bisitak itsasontzietara, lanbide tradizionalen erakustaldiak, musika, dantza, antzerkia, gastronomia edo erakusketa. Musika izango da festibalaren erakargarri handienetako bat, eta kontzertuak badiako hainbat gunetan banatuko dira. Edizio honetan izen hauek nabarmentzen dira: Pedro Pastor kantautorea, eduki sozial handiko proposamena duena; Bele, Lide Hernando abeslari donostiarraren bakarkako proiektua, haurtzarotik maite izan duen musika afroamerikarrera itzuli nahi izan duena. Biek maiatzaren 14an, ostegun honetan, jardungo dute.
Bere herrialdeko musika tradizionaletik abiatuta, Nakany Kante artista ginearrak estiloak fusionatzeko zuzeneko bat eskainiko du larunbatean, maiatzak 16. Bestalde, Eskorzo granadar taldea eta Amparanoia Amparo Sanchez madrildarra buru duen banda egun horretan bertan batuko dira festara, gozatzera gonbidatzen duen musika-fusiorako proposamen batekin. Horiez gain, festibalaren egunetan etengabe izango dira bestelako musika ekitaldiak, kale -animazioa eta jai giroa nonahi. Pasaia Itsas Festibalak tokiko hainbat eragileren parte-hartzea izango du, hala nola trikitilariena, bertsolariena, abesbatza eta dantzataldeeta. Horiek guztiek jai eta herri giroa sortzen lagunduko dute. Festibalaren webgunean kontsulta daiteke egitarau zehatza, eta sarrerak laster erosi ahal izango dira webgunearen bidez. (naiz-baskultur)
(2026-05-13)
ERRAKETISTAK, 1957AN HABANARA IRISTEN
Madrilen argitaratutako “Crónica” aldizkari grafikoak tarte nabarmena eskaini zien euskal erraketistei 1936ko martxoaren 15eko alean.
Gabriel Trillas Blazquez kirol-kazetariak sinatutako aipamenean, garai hartan kirolean estatus profesionala zuten emakume bakarrak pilotariak zirela azpimarratzen zen, gehienak eibartarrak. Trillasek konparazio berezi baten bidez justifikatzen zuen fenomeno horren jatorria: «... euskaldunak pilotan jokatzen jaiotzen dira, norvegiarrak bakailaoa arrantzatzen eta katalanak maton-ak jaten. Normala da Euskal Herria izatea emakumezkoen frontoietako inudea». Kronikariak zioenez, Bartzelonan baziren hogei bat kirolari gazte, eta hauxe ere gaineratzen zuen: «Asko eta bero hitz egiten dute, baina noizean behin euskaraz txantxaren bat egiten dizute». Erraketista, profesionaltasunaren arketipo gisa, bere diziplina zorrotzagatik zen eredugarria: goizez entrenatu egiten zuen eta, ostean, modu nekaezinean jarduten zuen lehian arratsaldez eta gauez. Lan-proiekzio hori sendotu egin zen hamarkadek aurrera egin ahala. 1957an, euskal prentsak jaso zuen Emilio Egiluz pilotari ohi eta enpresaria, ermuarra eta Habanako Jai Alai pilotalekuaren kudeatzaile ohia, Bartzelonan zegoela. Egiluzen helburua hiriko frontoietan nabarmentzen ziren erraketistak kontratatzea zen, Kubako hiriburura eramateko. Era berean, garaiko prentsak Eibarko erraketista eskolaren lana balioetsi zuen talentu harrobi agorrezin gisa. Kirolarion arrakasta ez zen kirol arlokoa bakarrik, ekonomikoa ere bazen; Kuban erraketistek jasotzen zituzten soldatak 700 dolarretara iristen ziren hilero. Artikulu hau ilustratzen duen egile ezezaguneko argazkian, 1957an Habanako portura iritsi zen euskal erraketista talde bat ikus daiteke. (gaur8-baskultur)
(2026-05-12)
ATEGORRIETAKO SARRASKIA (1931)
Euskal Herriko langileen aurkako sarraskirik handienaren memoria marraztua. 1931ko maiatzaren 27an, Pasaiako arrantzaleen kontra oldartu eta zazpi lagun hil zituen Guardia Zibilak Donostiako Ategorrietan, gehienak galiziarrak. Sarraskiaren atzeko errealitate soziala erakutsi asmo du Ategorrietan Fisterra komikiak, Pasaiako Udalaren babesaz ARGIAk argitaratua. Malen Gainzarainek egin ditu ilustrazioak eta Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Markel Ormazabalena da gidoia; hitz-aholku lanetan, berriz, Koldo Izagirre aritu da. “Iraganaren eta orainaren arteko zubi bat eraiki nahi izan dugu”, azaldu digute egileek.
Gure aita Galiziako Ribeira (A Coruña) herrian jaio zen eta 22 anai-arreba ziren. 9 urterekin hasi zen aitonarekin itsasoan lanean”. Halaxe hasten du Cristina Novok bere testigantza. 1931n Donostian hildako langileetako baten iloba da: “Ategorrietan, nire aitaren anaia hil zuten, José Novo osaba. Hilketak baino egun gutxi lehenago iritsi ziren Euskal Herrira, engainatuak, hemen denentzako lana zegoela esanez. Iristean, baina, ikusi zuten hemengo arrantzaleak greban zeudela eta galiziarrek ez zuten eskirolarena egin nahi izan”. Novoren hitzak osorik aurki daitezke komikiaren amaieran. Izan ere, 2023an egin zioten elkarrizketarekin hasi ziren egileak liburuari forma ematen, eta hiru urte geroago emaitza jadanik kalean da: Ategorrietan Fisterra izeneko nobela grafikoa, Euskal Herriko XX. mendeko langileen kontrako sarraskirik handienaren historia “ikuspegi propio batetik” kontatzen duena. Pasaiako Udalaren babesaz ARGIAk argitaratua, Malen Gainzarain ilustratzailea arduratu da irudiak egiteaz, eta gidoia Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Markel Ormazabalen artean egin dute; gainera, Koldo Izagirrek hitzaurrea zein amaierako poema egin dizkio, eta hiztegia fintzeko aholkua ere eman du.
Komikiak iruditik bezainbat du nobelatik, baina hortik harago doan artefaktua da, dokumentazio lan itzela egin baitute egileek, eta Novorena bezalako testigantzek, mapa kronologikoek, argazkiek, bertsoek eta pertsonaia ezagunen inguruko pasarteek osatu eta aberasten dute liburua: “Lekukotza eta erreferentzia horien bidez kontatu ditugu Pasaiako arrantzaleak greba egitera bultzatu zituzten arrazoiak, baita lan-gatazkaren bilakaera edo zorigaiztoko egunaren xehetasunak ere”, azaldu dute egileek aldizkari honen galderei erantzunda. Beraz, fikziozko pertsonaien bidez kontatu bai, baina benetako gertaeretan oinarrituriko lan bat da honakoa: “Fikzionatutako errealitate historikoa da”. Gainzarainek azaldu duenez, ilustrazioak egitea erronka izan da beretzat, narrazioaren erritmo biziak marrazkiak sinplifikatzera derrigortu duelako, baina komikian agertzen diren pertsonaien garapena oso aberasgarria izan dela aitortu du: “Bakoitza bere izaera eta bizi-egoerekin, haien azalean jartzera eraman nau”, diosku. Irakurleak ere duela 95 urteko langileen larruan jar daitezke garai hartako hiztegiaren bidez: “Koldo Izagirreren laguntza eta ekarpenak funtsezkoak izan dira guretzat –diote egileek–, irizpide batzuk markatzeaz gain, ahozko hizkerari gure erara heltzeko konfiantza eman zigun”. Lengoaia ez da apaingarri hutsa komikian, erregistroak edo hizkuntzak aldatzen dira unearen arabera, eta esaterako, galegoaren presentzia handia da, Antón Avilés de Taramancosen poema eta guzti: Veño meu fillo dun país sinxelo... (Herri xume batetik nator ni, seme). Halaxe hasten da bidaia hau, Vilagarcía de Arousako tren geltokitik Donostiako Atotxaraino. (argia-baskultur)
(2026-05-11)
AZKEN BI EKINTZAILEAK DEPORTATUTA
Israelek bahituta zituen azken bi ekintzaileak deportatu ditu, eta Flotillak aurrera jarraitzen du. Saif Abukeshek eta Thiago Ávila Global Sumud Flotillako kideak deportatu ditu Israelek igandean. Atxilo zituzten bitartean torturak eta tratu txarrak jasan dituztela salatu dute. Flotillaren euskal ordezkaritzak jakinarazi du ekimenak aurrera jarraitzen duela, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu dute. Iragan apirilaren 30ean Israelek Gazara bidean zihoan Flotilla bahitu zuen, eta 177 ekintzaile atxilotzeari ekin zion. Horietako bi, Saif
Abukeshek eta Thiago Ávila, Israelek bahituta pasatu dituzte sei egun, eta gose greban izan dira maiatzaren 1ean atxilotu zituztenetik. Abukeshekek egarri greba ere hasi zuen maiatzaren 7an, bere bahiketaren luzapena salatzeko. Atxiloaldian torturatu zituztela salatu dute bi ekintzaileek, eta jakitera eman dute intentsitate handiko argia jasatera behartu zituztela eguneko 24 orduetan. Igandean Israelek bi presoak askatu eta deportatuko zituela jakinarazi zuen.
Hori guztia, eta flotillaren bahiketa ilegala salatzeko, lau euskal ekintzailek gose greba hasi zuten larunbatean: Patxi Calleirasek eta Lander Aurrekoetxeak Iruñeko Katakrak liburu dendan, eta Begoña Niñok eta Arantza Gortxik Bilboko Atxuri auzoko lokal batean. Igandean, baina, Global Sumud Euskal Herriko lau kideek gose grebari amaiera ematea erabaki dute, Saif eta Thiago dagoeneko deportatu dituztelako. Aurrekoetxeak azaldu du zergatik eta zertarako hasi zuten gose greba: "Israelgo agintarien erabakia pirateria ekintza bat izan zen". Izan ere, Israelek Flotillako ontziak nazioarteko urtetan geldiarazi zituen, Israelgo kostatik 700 miliatara –1.300 kilometro ingurura– . Gainera, Flotillaren helburua Gazara laguntza humanitarioa eramatea izanik, nazioarteko zuzenbidea "larri urratu" zuela dio Aurrekoetxeak.
Saif Abukeshek, palestinar jatorriko ekintzaile kataluniarra, Bartzelonan da dagoeneko, Israelgo agintariek askatu ostean. Igande arratsaldean lurreratu bezain pronto, jende andanak jaso zuen Abukashek aireportuan, "Palestina askatu" oihu artean. Bertan, ekintzaileak adierazi du "maletak berriro egingo" dituela, eta Turkian dauden flotillako bere kideekin elkartzeko asmoa duela. Ohartarazi du bere liberazioa ez dela "garaipena" izan, atzean milaka preso palestinar geratzen baitira, "torturatuak eta bortxatuak, inolako defentsarik gabe"; eta mobilizatzen jarraitzeko deia egin du. Thiago Avila ere askatu dute Israelgo atxiloalditik. Momentuotan Egipton dago, Brasilera deportatua izateko zain. Global Sumud Flotillako kideek gogorarazi dute 9.000 bahitu palestinar baino gehiago daudela Israelen eskuetan, horietatik 350 adingabeak. Gainera, salatu dute heriotza-zigorrak indarrean jarraitzen duela palestinarrentzat.
FLOTILLA AURRERA DOA - Global Sumud Flotillako euskal delegazioak jakitera eman du Global Sumud ekimenak aurrera jarraitzen duela. Alde batetik, itsasoz, Euskal Herriko ordezkaritzako zazpi kiderekin. Bestetik, lurretik ere Israelek Gazaren gainean duen blokeoa apurtzen saiatuko dira. Lurreko ekimenean euskaldun bat dago, momentuotan Libian, eta maiatzaren 14an Afrikako iparraldea zeharkatzen ari den konboiarekin bat egingo du. Halaber, gogoratu dute aste honetan Nakbaren urteurrena dela, eta mobilizazioetan parte hartzeko eta Global Sumud Flotillaren ibilbideari adi egoteko deia egiten dute. (argia-baskultur)
(2026-05-10)
EUSKALDUNEN ESKUBIDEAK
Euskaldunen eskubideak legez bermatzea eta PSEri “beto eskubidea” ez ematea exijitu dute Bilboko kaleetan. Milaka euskaltzale batu dira larunbatean Bilbon ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitutako manifestazioan, 5.000 Bilboko Udaltzaingoaren esanetan. Euskararen aurkako oldarraldia eta bere bultzatzaileak salatu dituzte, mobilizatzera deitu dute, eta EAJ eta EH Bildu alderdiei eskatu diete Eusko Legebiltzarrean irekita dagoen Funtzio Publikoko Legearen eztabaidan euskara eskakizunak gaztelania eskakizunekin parekatzea. Jesusen Bihotzetik irten da manifestazioa arratsaldeko 17:30etan, Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde lelopean, aldarri bera idatzita zeraman pankarta buruan. ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariek eraman dute pankarta, tartean ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza eta LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu. “Erasoen aurrean, euskarari eragin”, “hemen gaude euskararen alde”, “Euskal Herrian euskaraz”, edo “hizkuntza eskubideak bermatu” oihu artean egin dute ibilaldia manifestariek.
DEIA ALDERDI ABERTZALEEI PSERI BETO ESKUBIDERIK EZ ONARTZEKO - ARGIAk ibilbidean zehar jaso ditu sindikatu deitzaileetako ordezkarien adierazpenak. Steilaseko kide Rebeka Garzes Aldazabalek azaldu du “euskararen aurkako oldarraldiari, batez ere judiziala, eta euskarafobiari” erantzuteko manifestazioa izan dela Bilbokoa. “Euskal Herriko langileok euskaraz bizi nahi dugu, ez bakarrik langileok, denok. Eta horregatik elkartu gara ELA eta LABekin, Euskararen Kontseiluarekin eta gainontzeko eragileekin. Gaurkoa beste tanta bat izan dadila, eta itsaso bat sortu dezagun euskararen alde”.
“Euskararen kontrako erasoaldi antolatu bat ikusten ari gara, horren bultzatzaile nagusiak Alderdi Sozialista eta CCOO sindikatuak dira”, salatu du Garbiñe Aranburuk: “Dikotomia faltsu bat eraiki nahi dute, hizkuntza eskubideak lan eskubideekin kontrajarriz, baina praktikan gaztelaniaren hegemonia inposatu nahi dute”. Hori ekiditeko “neurriak” exijitu ditu LABeko koordinatzaileak. “Euskarak babes legala behar du ofiziala izan dadin Euskal Herri osoan, enplegu publikoan lan egiten duten langileei euskara eta gaztelera exijentzia maila bera egiteko. Euskaraz ez dakiten langileei euskara ikasteko baliabideak eta denbora eskaini behar zaizkie, euskara inklusio sozialerako bidea delako”.
Gogoratu du legebiltzarrean eztabaida irekia dagoela, eta azpimarratu du orain dela momentua hori guztia bermatzeko. “Horregatik, EAJri dei egiten diogu PSEri beto eskubiderik ez emateko eta euskarak behar duen babes juridikoa ziurtatuko dituen Funtzio Publikoko Legea onartu dezaten”. “Gaur hemen gaude oldarraldi politiko, sindikal eta judizialari modu antolatuan aurre egiteko”, adierazi du Mitxel Lakuntzak, PSE, CCOO eta UGT propio aipatuta. “Helburu politiko bat dute, gaztelaniaren nagusitasuna inposatzea”. ELAko ordezkariak ere eskatu du “euskara eta euskararen estatus juridikoa gaztelaniak duenarekin” parekatzea. “Gaztelaniarekin egiten den bezala, euskara derrigorrezkoa izan behar da herri honetan”.
EAJ eta EH Bilduri eskatu die “ausardiaz” jokatu eta “aurrerapauso bat” ematea legebiltzarreko Funtzio Publikoko Legearen eztabaidan. “Ez da ulergarria legebiltzarrean inoizko gehiengo abertzale handiena dagoenean, praktikan Eneko Andueza izatea Hezkuntza sailburua”. Plaza Eliptikoan, EHEko hiru kidek “PSOE, CCOO, UGT euskararen etsaiak” zioen pankarta erakutsi dute zabor kontainer batzuen gainera igota eta manifestarien txalo artean. Beste hiru kidek horrenbeste egin dute Buenos Aires kaleko justizia jauregiko hesietara igota, “euskaldunon aurkako erasoak gelditu” aldarriarekin.
MOBILIZAZIO HERRITARRA ETA ESKUBIDEEN LEGEZKO BLINDATZEA - Udaletxe ondoan eman diote amaiera manifestazioari, ekitaldi batekin. Steilas sindikatuko Rebeka Garzes izan da hitza hartzen lehena. Euskararen aurkako erasoak ugaritzen ari direla-eta, “erantzun kolektiboak eta bateratuak” beharrezkoak direla aldarrikatu du. Salatu du euskaldunentzako eskubideak eskatzea diskriminazioarekin lotzen ari direla batzuk, eta hori ez dela kasualitatea: “Gazteleraren nagusitasuna bermatu nahi dute”. LABeko Ekintza Sindikaleko arduradun Oihana Lopetegi hurbildu da ondoren mikrofonora. Salatu du euskararen aurkako eragile “judizial, politiko eta sindikalen” estrategia hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen arteko talka irudikatzea dela, eta borroka horretan “arbitroa alde eta erosita” dutela. Sindikatuaren hiru aldarri nagusiak gogoratu ditu Lopetegik: euskararentzako ofizialtasun osoa eta gaztelerarekin parekidetasuna, segurtasun juridikoa, eta euskara ikasteko “denbora eta baliabideak”.
Funtzio Publikoko Legearen eztabaidan Gasteizko Legebiltzarrak bi aukera dituela adierazi du Lopetegik: “atzera egin”, edo “eskubideak bermatu”. EAJri zuzendu zaio, eskubide horiek ez daitezen egon “PSEren botoen menpe” eta euskararen eta gazteleraren hizkuntz eskakizunak parekatu daitezen. “Ez dugu erasorik onartuko”, adierazi du eta Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean ekainaren 13rako deitu duen mobilizaziora batzeko deia egin du. ELAko Euskara arduradun Pello Igeregi mintzatu da azkena. Sindikatu abertzaleen estreinako mobilizazioa “PSOEk probokatu” zuela gogoratu du, Bilbon bertan, 1911n. “Udaleko PSOEko zinegotzi batek esan zuen, hitzez hitz [jatorrizko gazteleran irakurri du]: ‘Ziur nago herrialde honetako seme-alabak Espainiako gainerako probintzietakoak baino gutxiago direla gaitasunari eta pentsaerari dagokienez’. Bilboko Udaletxean langile euskaldunak egotea debekatu nahi zuten, erdaldun elebakarrak behar omen zituzten. Hara non, 115 urte ondoren, protagonista berekin ari garen”.
Igeregik salatu du alderdi eta sindikatu batzuek haurrak “kondenatzen” dituztela “euskara ez ezagutzera”, A eta B ereduak mantenduta. “Ikasle garaian euskara lapurtzen diete eta helduak direnean administrazioetan lan egiteko diskriminatuak direla defendatzen dute”. “Ausardia eskatu behar diogu gure buruari”, zuzendu zaie manifestariei, “zapalkuntzaren zapalkuntzaz” euskaldunak askotan beren eskubideei uko egiten diola iritzita: “Zer gertatuko litzateke gutxiagotan egingo bagenio uko? Eta desobedientzia ariketa horiek modu kolektiboan egingo bagenitu?”. Etxepare institutuko ikasleen jarrera desobedientea txalotu du, eta igandeko Senpereko eta ekainaren 13ko Iruñeko manifestazioetara dei egin. Mintzaldiak amaituta, bi musikari igo dira eszenatokira, eta Euskal Herrian euskaraz abestu dute herritarrek lagunduta, ekitaldiari amaiera emanez. (argia-baskultur)
(2026-05-09)
ITZALALDIAREN URTEURRENEAN
Itzalaldiaren urteurrenean, burujabetzaren aldeko manifestu kolektiboa: 2025eko apirilaren 28a. 12:33. Gure oroimenean iltzatuta geratuko den eguna, ia Hego Euskal Herri osoa argindarrik gabe eta inkomunikatuta geratu baitzen. Herri edo auzo askotan orduak, egunak behar izan zituzten normaltasunera itzultzeko. Gaur, urtea bete den arren, oraindik ez dago argi zerk eragin zuen aurrekaririk gabeko itzalaldi hura. Aitzitik, agerikoak bezain sakonak dira etenaldi horrek eragin zituen ondorio sozial eta ekonomikoak. Izan ere, apirilaren 28 hartan dena gelditu zen bat-batean: ospitaleak, industria eta garraioak; milaka enpresa eta merkatari txikik galera izugarriak izan zituzten; beldurra etxeraino sartu zitzaigun, eta herritar asko, gertatzen ari zena ulertu ezinik, babesik gabe sentitu ginen. Internet eta argindarrik gabeko iluntasun hark argi erakutsi zigun, inoiz baino konektatuago gaudela uste dugun garaiotan, zein menpekoak eta zaurgarriak garen.
EGUNGO EREDUA EZBAIAN - Zergatik kontraesan hori? Bada ontzat eman dugulako gure oinarrizko beharrak — energia edo komunikaziorako teknologiak, esaterako — oligopolio handien eta multinazional gutxi batzuen eskuetan uztea. Eredu horrek ez du sinesten kontrol demokratikoan, onura pribatuan baizik; eredu horrek ez du bermatzen herritarren parte-hartzea, bai ordea dinamika global basatia; eredu horrek huts egin zuen duela urtebete, eta gure bizitzak kolokan jarri zituen. Etenaldi handi hark ez gintuen soilik ilunpetan utzi; ispilu bat ere jarri zigun gure begien aurrean eta ohartu ginen gure askatasuna eta ezinbestekoak ditugun azpiegitura kritikoak besteren esku utzi ditugula. Zorionez, ez da beranduegi. Zorionez, bada beste modu bat.
HERRI ALTERNATIBAK - Urtebete geroago hemen gaude, lau haizeetara aldarrikatzeko premiazkoak ditugula sare autonomo, demokratiko eta parte-hartzaileagoak; beharrezkoa dugula tokiko ekonomiak eta komunitateak indartzea; eta, ezinbestekoa dugula guztionak diren oinarrizko ondasunen gaineko burujabetza berreskuratzea. Kontua ez da mundutik baztertzea; eredu zentralizatu eta basati horrek eragindako itzalaldien aurrean elkar konektaturiko herri alternatiba iraunkorrak piztea, baizik. Gaur urtebete ohartu ginen, inoiz baino gehiago, elkarren beharra dugula eraldaketa ekosozialaren bidean aurrera egiteko eta hala egunerokoan, nola hurrengo itzalaldian, ez gaituztela irabazien gose diren multinazionalek babestuko.; bai, ordea, komunitatean jositako sare sendoek. Egitura komunitario horiek sortu eta babesteko bidea elkarrekin egin behar dugu. Horretarako, premiazkoa da gure kontsumo-ohiturak ikuspegi kritiko batetik aztertzetik hasi eta eztabaida irekitzea. Zer eredu nahiago duzu? “Erabili eta bota” ala “erein, zaindu eta jaso”?
PIZTU DITZAGUN ALTERNATIBAK - Energia edo komunikaziorako teknologiak, esaterako, gaur egun oinarrizko eskubideak dira, eta zerbitzuok ezin dira boteredun gutxi batzuen mende egon. Zenbait herri-proiektuk egunero frogatzen dugun moduan, kudeatu daitezke justizia soziala, iraunkortasuna eta parte-hartze demokratikoa ardatz hartuta. Duela urtebeteko itzalaldi handiak agerian utzi zituen gure gizartearen miseriak eta jostura ahulak, baina baita elkartasunerako eta zaintzarako dugun gaitasuna ere. Horren adibide da sortu zen argi-printza txiki bat: Goiener eta Izarkom kooperatibek elkarlanean abian jarritako “Itzali sistema, Piztu alternatibak” ekimena, gizarte-mailan babes handia jaso zuena. Hartara gehitu ginen sinatzaileok, itzalaldiaren urteurren hau baliatu nahi dugu, inoiz baino gehiago, bestelako ekonomia eredu bat eta herri alternatibak aldarrikatzeko. Orain da ekiteko unea. Herritarrok, erakunde publikoek eta kooperatibok indarrak batu behar ditugu trantsizio ekosoziala bultzatzeko. Itzalaldi gehiago saihesteko. Benetako alternatibak pizteko. SINATZAILEAK: Olatukoop — Udalbiltza — REAS Euskadi — ELA — LAB — Etxalde — ESK — Joxemi Zumalabe Fundazioa — Ekhilur — EH KOM — Talaios — Koop57 — BAM (Burujabetzaren aldeko mugimendua) — Butroi bizirik — Euskonet Elkartea — Goiener — Izarkom (izarkom-baskultur)
(2026-05-08)
ERROLDA ESKUBIDEA
Errolda eskubidea aldarrikatuko du Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek domekan Bilbon. Erakunde publikoak errolda eskubidea errespetatu dezaten eta neurriak har ditzaten eskatuko dute Albiako Lorategietan hasiko den giza katean. EAJ, EH Bildu eta
PSE alderdien egoitzak elkarlotuko dituzte ekimenean. Guztiontzako errolda, orain! lelopean, giza katea abiatuko da domekan, maiatzaren 10ean, Bilboko Albiako Lorategietan. Ekintzak erakunde publikoei mezua bidali asmoa du: ardura hartu eta errolda eskubidea betearazi dezaten eskatuko diete. Ibilbide argia izango du kateak, hiru alderdi nagusien egoitzak batuko baititu, EAJ, EH Bildu eta PSErenak, alegia, hiru alderdi horiek baitaude boterean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletako gehiengo zabal batean. Eta horrek arrazoi argia du, Iñaki Guridi plataformako bozeramailearen hitzetan: “Eudelek iazko ekainean testu bat onartu zuen egoera berezietan daudenak erroldatzeko irizpide komunekin, baina oraindik ez da indarrean jarri. Giza katea da, beraz, alderdiei esateko dokumentua indarrean jarri behar dutela”.
Egungo errealitatea da errolda eskubidetik kanpo badagoela jendea: dokumenturik ez daukatenak, etxe barik daudenak, edota etxeko langile egoiliarrak direnak eta etxe jabeek erroldatzen ez dituztenak. Horiek ez dira “hiritar”, Guridik dioenez, erroldak zabaltzen baitu horretarako atea: “Eskubide denak handik datoz, hori ez badaukazu ateak itxita daude: haurra eskolan matrikulatzeko, Osakidetzara sarbidea izateko, gizarte laguntzak jasotzeko... edozertarako da ezinbestekoa erroldatuta egotea; ez bazaude, ez zara hiritar, desagertuta zaude”. Horregatik, bizpahiru urteko prozesua egin dute plataformatik alderdiekin eta Eudelekin, eta sortu dute dokumentua. Bertan azpimarratzen du legeak dioela udalerriko biztanle orok egon behar duela erroldatuta, besterik ez bada “fikziozko” helbide batean, errolda soziala delakoan; alegia, lana egiten duten edo bizi diren tokian beharrean, udalaren jabetzako eraikin batean. Horrela, bada, goizeko 11:00etan emango diote hasiera ekitaldiari, eta bertan jasoko dute Denon bizitzak erdigunean jardunaldietako kideen babesa; egun horretan baitute kongresua, eta etenaldia egingo dute giza katera batzeko. Giza katearen ostean, performancea egingo dute, Justicia ciega (Justizia itsua), eta testigantzek, poesiak eta kontzertuak emango diote amaiera egunari, Kafe Antzokian. (argia-baskultur)
(2026-05-07)
HERRI URRATS: 1984TIK AURRERA
Herri Urrats Seaskak urtero antolatzen duen euskal irakaskuntzaren aldeko festa da, maiatzaren lehen hamabostaldian ospatzen dutena Senpereko aintziraren inguruan, Lapurdin. Bildutako dirua Ipar Euskal Herriko ikastolak laguntzeko bideratzen dute. 1970eko hamarkadaren bukaeran eta 1980koaren hasieran sortu ziren ikastolen aldeko lehen festak. 1977an ospatu ziren lehen aldiz Kilometroak, 1978an Ibilaldia, 1981ean Nafarroa Oinez eta Araba Euskaraz eta 1984an ospatu zen lehen Herri Urrats jaialdia. Ikastolen aldeko beste jaialdiak ez bezala,
Herri Urrats toki berean ospatzen da urtero. 1984an izan zen lehendabiziko edizioa. 2020 eta 2021 urteetan ez zen antolatu, Covid-19 pandemia zela eta, nahiz eta 2021ean jaialdi ttipi bat ospatu. 2022an 39. edizioa ospatu da. Beste jaialdi eta ekimen askotan bezala, Herri Urrats jaialdirako kantuak sortu dituzte hainbat musikarik urteetan zehar. Besteak beste, Skunk, Oskorri, ETS, Xutik, Willis Drummond, Berri Txarrak, Hemendik At, Xiberoots, 2Zio eta Zetak taldeek egin dituzte abestiak.
HERRI URRATSEN HASIERA
Seaskako aita-amak hasi ziren esaten zerbait behar zela egin. Pierre Iturria aita gazteak toki bat korritzeko eskatu zuen, eta dirua biltzeko ikastolen alde. Senpereko alkate Germain Espondari galdetuta baietz erantzun zien, herriko elkarte bat zela, eta ez zela problemarik. Iturria ibiltzen zen Hegoaldean, eta atera zuen ideia hori, zapataren irudia ere diseinatu zuen, eta hortik partitu zen. 1984ko lehen ediziotik arrakasta izan zuen ikastolen aldeko festak. Ez zuten uste lehen urtean jendea izanen zela. 200 edo izanen zirela espero zuen, baina lehenbiziko urtean Hegoaldetik joan zen 5.000 jende.! Eta ondoko urtean berean baziren 10.000, gero doblatuz segitu zuen. 60.000raino ere heldu izan dira. Burasoek ikusi zuten behar zela organizatu, urtetik urtera, familia gazteak heldu zirelarik emendatzen joan zen. 2022an 1.500 pertsona aritzen dira antolakuntzan, autoak aparkatzen laguntzeko eta dena. Hasi zirelarik 50 ziren.
1990 aldean baziren 200 autobusez goiti bide bazterretan. Garai horretan Hego Euskal Herriko jendea etortzen zen gehienbat, eta mugan arazoak izaten ziren urtero. Muga pasatzerakoan Hendaian Hegoaldeko poliziek atxikitzen zituen autobusen barnean Hegoaldetik hona etortzen ziren jendeak. Hiru oren pasatu zituzten batzuek autobusean. Lehenbiziko urteetan gutxi ziren Senpereko herrikoak jaian. Gero abiatu zen, eta 2010eko hamarkadan helduko jendea eta ingurukoa bazen gehiago Hegoaldekoak baino. Presentzia politikoaren aldetik azken urteetan beste harremanetan heldu direnak badira, prefeturakoak, diputatuak... goizean etortzen dira biltzarretara. Aldiz lehen ez zenituen ikusiko horiek guztiak han. Zugarramurdiko eta Urdazubiko alkateak etortzen ziren, ur zikinak eta zakarrontziak biltzeko erakundean Sen zireperekoarekin batera ibiltzen zirelako edo, beti izaten ziren harremanetan. Inguruko auzapezak ere etortzen ziren, Sara, Azkaine, Ezpeleta, Donibane Lohizuneko kontseilukoak... Ez ziren heldu lehenbiziko bizpahiru urteetan, baina gero bai. (Wikipedia)
(2026-05-06)
DENON BIZITZAK ERDIGUNEAN
Greba feminista orokorrean aldarrikatutakoak indarrean jartzeko unea. 2023ko greba feminista orokorrean argi eta garbi jendarteratu zuten mezua: zaintza sistema iraultzea lehentasunezko auzia da, eta gizarte guztiaren inplikazioa behar da. Hiru urte geroago, beste borroka batzuek hartu dute lehen lerroa, baina Denon Bizitzak Erdigunean dinamikatik su txikian jarraitu dute lanean, zaintza sistema publiko eta komunitarioa lortzeko. Maiatzaren 10erako antolatutako jardunaldietan beste mugarri bat jarri nahi dute, eta erronka nagusia izango da Herri Akordioa sinatu zuten eragileek konpromiso zehatz batzuk hartzea. Mugimendu Feministako Joana Epalzak, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Arantza Urkaregik, eta LAB sindikatuko Arantxa Vazquezek azaldu digute nola heldu diren jardunaldietara.
Bilbon egingo dute topaketa, Unamuno institutuan, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, igandea aukeratu dute horretarako, etxeko eta zaintza langileen egun librea delako. Gehienak emakume migratu eta arrazializatuak dira, eta eurak dira egungo zaintza sistemaren ondoriorik gordinenak jasaten dituztenak; zaintza sistema publiko eta komunitarioa sortzeko bidean, haien parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen dute. “Daukagun sistema munstro bat bezalakoa da, eta ezin dugu pentsatu egun batetik bestera aldatuko dugunik”. Borroka “epe luzekoa” dela jakitun dira Denon Bizitzak Erdigunean plataformako kideak, jardunaldien antolaketan buru-belarri aritu diren hiru kidek ARGIAri azaldu diotenez. Mugimendu Feministako Joana Epalza Markoartuk, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Arantza Urkaregi Etxeparek, eta LAB sindikatuko Arantxa Vazquez Rodriguezek, hirurek berretsi dute greba feminista orokorraren arrakasta, baina uste dute oraingoan epe luzera begirako estrategiak hautatzeko unea dela, eta Herri Akordioan adostutako aldarrikapenak betearazten hastekoa.
Maiatzaren 10ean dozenaka lagun eta eragile ugari elkartuko dira Bilbon, eta oroitarazi dute eragileen inplikazioa –baita gizonena ere– 2023ko grebaren lorpenetako bat izan zela, ulertarazi dutelako zaintzaren auzia ez dela Mugimendu Feministarena soilik. Jardunaldiak beste “inflexio puntu bat” izango direla aurreikusten dute, eta Epalzak nabarmendu du duela lauzpabost urte “zaintza eskubide kolektiboaren alde” sinatu zuten Herri Akordioa bizi-bizirik dagoela: “Garrantzitsua da Herri Akordioa sinatu genuen eragile guztiok hemen jarraitzen dugula eta akordioko aldarrikapenek gure ardatzetako bat izaten jarraitzen dutela”. Eragileek elkarlanean ondutakoa da Herri Akordioa, eta babes zabala jaso zuen. Epe laburreko neurri zehatz batzuk jaso zituzten bertan, eta, oro har, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzea eta euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa bermatzea aldarrikatu zituzten. Merkantilizaziorik gabeko sistema publikoa da akordioan irudikatu zutena, “tokian toki sustraitutakoa, udalgintzaren bitartez publikoarekin elkarlotuta”. (... jarraitu irakurtzen ...) (argia-baskultur)
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2962/denon-bizitzak-erdigunean
(2026-05-05)
EUSKALTZALEON MARTXA
Kontseiluak dei egin die euskaltzaleei ekainaren 13an Iruñean elkartzeko. Euskaltzaleon Martxa eginen dute euskaraz bizitzeko baldintza errealak eskatzeko: ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna. Eskisabel: «Batu gaitezen denon artean pizkundea bigarren txinparta batekin suspertzeko». – Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldi jendetsua egin du, heldu den ekainaren 13an Iruñean antolatu duten mobilizazioa aurkezteko. «Euskaraz bizitzeko behar den dena» eskatuko dute egun horretan: «Norberaren erabakimenaz harago euskaraz bizitzea egiaz posible egingo duten baldintzak, euskaltzale antolatu gisa eskatu behar ditugunak, eta justizia sozialean eta demokrazian sinesten duen gizarte gisa eratu beharrekoak», esplikatu du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak. Abendu bukaeran, euskarak premiazkoa duen pizkundea aldarrikatu zuten Bilbon; «lehen txinparta», Eskisabelen hitzetan. «Batu gaitezen denon artean pizkundea bigarren txinparta batekin suspertzeko».
Hiru zutabetan banatuko da Kontseiluak ekainerako antolatu duen Euskaltzaleon Martxa, eta «euskaraz bizitzeko baldintzak eratzeko ezinbestekoak» diren hiru oinarriak ordezkatuko dituzte. Lehen zutabeak «ofizialtasun osoa» eskatuko du. Kontseiluaren iritziz, euskararen normalizazioan aitzina «irmo eta bermez» egiteko ezinbestekoa baita euskara ofiziala izatea Euskal Herri osoan, «gaztelera eta frantsesaren pare, bestelako baldintza murriztailerik gabe». Bigarren zutabeak, haatik, hizkuntza politiketan eman beharreko jauzia aldarrikatuko du: «Euskarak etorkizunik izango badu eta mundu aldaketa hauetara denetara egokituko bada, premiazkoa da paradigma aldaketa bat gertatzea hizkuntza politiketan, eta euskararen ezagutza orokortzeko eta normaltasunez erabili ahal izateko baldintza errealak sortzea», esplikatu du Eskisabelek. Hirugarren zutabeak, azkenik, euskaltzaletasuna defendatuko du: «Herritarron ardura eta eginkizuna azpimarratu ez ezik balioetsi egin nahi ditugu zutabe honen bidez. Euskarak aurrera egingo badu, herritarron ekarpen eta ekinari esker egingo du aurrera, beste garai ilun batzuetan bezala, euskaltzaleon ekimen antolatuari esker».
Baina «kezkarako eta larritasunerako» motiboak ez ezik, «harrotzekoak eta poztekoak» ere badaudela uste du Kontseiluak, eta horregatik festa kutsua eman nahi diote ekainaren 13ko martxari. Zutabeetako bakoitza txupinazo eta pregoi batekin hasiko da, eta Ion Celestino musikari iruindarrak egun horretarako sortutako doinuaren konpasean egingo du Gazteluko plazara bitarteko bidea. Zutabe bakoitza zabalduko duen pankarta, berriz, artista batek egingo du, Iruñeko peñek erabiltzen duten pankartaren moldean. Asisko Urmeneta, Patxi Huarte eta Malen Amenabar izango dira irudi horien egileak. Zutabeak 17:00etan abiatuko dira Antoniuttitik, Runa parketik eta Askatasuna enparantzatik, eta 18:00etan Gazteluko plaza izango da denen elkargunea, ekitaldi nagusia ospatzeko.
EUSKALTZALEON GARAIA
Kontseiluak uste du Euskararen etorkizuna «jokoan» dagoela, eta ezinbestekoak zaizkio euskaltzaleon «ekarpena eta ekina». Azken urteetako mundu aldaketa «sakon eta bizkorrak» aipatu ditu Eskisabelek, eta aldaketa horiek ekarri dituzten «desafio berri eta erraldoiak». Mundu osoko hizkuntza eta hizkuntz komunitate gehienei eragin dietela iritzi dio, «zer esanik ez hizkuntza minorizatuei». Horiei erantzun ahal izateko hizkuntza politiketan jauzi bat emateko eskatzen ari dira euskalgintzaren eta gizartearen parte handi bat, baina Eskisabelek deitoratu du euskararen etorkizuna oztopatzeko ahaleginak ere erauntsi betean direla. Azken boladako adibide batzuk eman ditu: Ipar Euskal Herriko ikasleei azterketak euskaraz egiteko debeku «zentzugabea» berrestea, Nafarroan euskarazko irakaskuntzak atzera egin dezan iragarri dituzten neurriak, edota Euskal Autonomia Erkidegoan normalizazio neurrien kontra gertatzen ari den oldarraldi antolatua. «Finean, horiek denak euskararen eta euskal hiztun komunitatearen erroko arazoaren ispilu dira: hizkuntza eta hiztun minorizatuak garela».
Horregatik, Kontseiluak berretsi du «euskaltzaleon garaia» dela. «Behin baino gehiagotan ikusi dugu euskararen etorkizuna kinka larrian. Hileta soinuak ere ibili ditugu. Baina une horietako bakoitzean euskaltzaletasunak, milaka jenderen era bateko edo besteko konpromisoak, eman dio aurrera egiteko arnasa euskarari, euskal hiztun komunitateari», erran du Eskisabelek. Hainbat kulturgileren laguntzarekin irudikatu dute ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxa, hala nola Aritz Ibañez, Ihitz Iriart, Ion Celestino eta Oier Zuñigaren laguntzarekin. Eskerrak eman dizkiete guztiei. «Kontseiluan argi dugu euskarak beste Pizkunderik izango badu kultur ekosistema sendo batek lagunduta izango duela; euskarak kulturgintza indartsu bat behar duela etorkizunik izango badu». Azkenik, Carlos Garaikoetxea oroitzeko ere baliatu dute agerraldia: «Historia garaikidean arrasto nabarmena utzi duen politikaria eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia ez ezik, euskaltzale handia. Halaxe gogoratuko dugu», erran du Eskisabelek. (berria-baskultur)
(2026-05-03)
ONDAREAREN ZAINDARIAK
Iraganerako leiho bat irekitzen da urtero Burgin, eta Almadiaren Egunean almadiazainen ogibide gogorra omentzen dute, jai giroan. «Gure aurrekoak gogoratzeko eguna da», azaldu dute. Jendetza bildu da aurten ere. Harria, zura eta ura. Oinarrizko hiru elementu horiek oso
presente daude oraindik orain Burgin (Nafarroa). Harriz eraiki dira herriko etxeak eta zubia, eta Ezka ibaiak zizelkaturiko harri borobilez beterik dira haren bi ertzak. Inguruko oihanetako zuhaitzen enborra garai bateko ogibide zen Erronkariko herritarrentzat, eta hori dena almadiaz garraiatzeko biderik zuzenena zen ibaia bera. Iraganerako leiho horrek irekirik jarraitzen du Burgin, eta, 34. aldiz, Almadiaren Eguna ospatu dute gaur. Ondare horren zaindari dira. «Gure aurrekoak gogoratzeko eguna da gaurkoa. Niri aitatxik irakatsi zidan ogibide hau», azaldu du Pio Sarriesek. Antzina, enborrak moztu, zuritu eta prestatzen, berriz, hilabeteak ematen zituzten basoan. «Udaberrian, ur emaria handitzen zenean jaisten zuten egurra ibaian behera», zehaztu du. Estitxu Otaegik gogora ekarri duenez, helburua zen egurra ahalik eta azkarren saltzea, «zenbat eta lehenago, orduan eta hobe». Ez bazuten saltzen, «Zaragozaraino» heltzen ziren. (Almadietako batek ur jauzia gainditu duen unea, gaur, Burgin. Argazkia: foku)
«GURE HELBURUA DA LEHENGO EMAKUMEEK EGITEN ZUTEN LANA ERE BISTARATZEA»
Bizimodu latz hura ez zen soilik gizonena, baita emakumeena ere. Latsariaren lana antzeztu du ibaiertzean, beste hainbat emakume eta neskarekin batera. «Gizonek hilabete asko egiten zituzten etxetik kanpo, eta emakumeek lan asko zuten etxean. Negua bakarrik pasatzen zuten, umeak zaintzen, arropa errekan garbitzen hotz handiarekin... Gure helburua da lehengo emakumeek egiten zuten lana ere bistaratzea», azaldu du Otaegik. «Haientzat almadiak festa bat ziren, hilabeteetan ikusi gabeko senarrak ikusten zituztelako eta ezkongabeek baten bati so egin ziezaioketelako», dio barrez. Gaur ere festa bat da Almadiaren Eguna. Jendetza pilatu da zubian eta bi ibaiertzetan. Aurten hiru almadia jaitsiko dira, eta horietako bat lehen aldiz ez da Erronkarin egin, lanbide heziketako Donibane zentroan eraiki baitute.
ERNE, BAINA EMOZIOZ
Bigarren almadian jaitsi da Mario Palla, Puyarruego herrikoa (Huesca, Espainia). 14 urte zituenetik igo da almadietan, Sobrarbe haranean, baina aurten lehen aldia du Burgin. «Guretzat sentimendu handiko zerbait da hau guztia; asko gozatzen dut, baina, aldi berean, oso kontzentratuta egon behar duzu, akats batek dena zaildu dezake eta». Maniobratzeko ez dira ontzi errazak almadiak, eta «erne» egon beharra dago mugimenduei aurrea hartzeko. Adibidez, ur jauzian. «Emozio handikoa da, baina adi egon behar dugu, handik ateratzean arraunekin almadia bideratu eta kontrola gureganatzeko. Jabetu zarenerako, pasatu da», kontatu du. Aurten, gainera, ur gutxirekin jaitsi da Ezka ibaia. Erik Adoten arabera, hilabete eta erdi igaro da «tantarik bota gabe». Horregatik, trabatuta geratu da almadia nagusia zubira iritsi aurretik. Kostatu zaie askatzea, baina txaloka hartu ditu bertan bildu den jendetzak. «Etorkizunari begira, birpentsatu beharko dugu: almadia arinagoak egin ur emaria gutxitzen bada», hausnartu du Sarriesek. 34 urtean, bi aldiz utzi dute bertan behera: batean, ur gehiegi zeramalako ibaiak, eta bestean, ur gutxi zegoelako. (berria-baskultur)
(2026-05-02)
LURRAREN JABETZAREN INGURUKO BORROKAK
Antzinako Erregimenaren garaian, ekonomia kapitalista eta jabetza pribatua erabat orokortu aurretik, udalek beren jabetzako herri-lur ugari zituzten. Lur-sail horiei Nafarroa hegoaldean “el comunal” (komunala) esaten zitzaien. Herrietako bizilagunek haietatik etekina ateratzeko eskubidea zuten tradizioz, eta hainbat erabilera ematen zieten horiei: ura edo egurra erauzteko, ehizarako, bazka-larreetarako edo baita erein eta
uztak jasotzeko ere. Familia xume askorentzat komunalak funtzio garrantzitsua betetzen zuen. Nekazari txikiek, baina batik bat lurrik gabeko jornalariek, oinarrizko beharrizanak betetzeko zailtasun handiak zituzten eta komunalaren fruituak ezinbesteko osagarria ziren. Horrexegatik, komunalak komunitate nekazarien kultura tradizionalaren zati garrantzitsua ziren eta mendeetan lur horiek ustiatu izanaren memoria gordea zuten. Baina XIX. mendetik aurrera, komunalen lurrak pribatizatzeko prozesu bizia gertatu zen Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko herri askotan. 1841 eta 1868 artean, komunalen ia %70 esku pribatuetara igaro zen.
ZERGATIK ETA NOLA PRIBATIZATU ZIREN?
XIX. mendeko gerren ondorioz, udalen diru-kutxak hutsik zeuden, eta ondorioz, horiek betetzeko sarrera berriak behar zituzten. Bestalde, liberalismoaren hedapenarekin, ideia bat zabaltzen hasi zen: lurra jabetza pribatua izan behar zela, kapitalaren etekina ahalbidetzeko. Ordutik aurrera, nekazaritza-kapitalismoa hedatu zen eta ekoizpena merkatuan saltzeko bideratzen hasi zen. Horri guztiari XIX. mende bukaerako krisia gehitu zitzaion, nekazaritza ekoizpenean beherakada eragin zuena. Lurren ustiaketa prozesuaren intentsifikazio prozesua bultzatu zuen horrek. Aipatu berri ditugun faktore horien ondorioz, pribatizazio prozesua abiatu zen. Udalek lurrak enkantean saldu zituzten, eta ondorioz, lur gehienak esku gutxitan pilatu ziren. Prozesu hori batzuetan modu legitimo eta legalean gertatu zen; beste batzuetan, aldiz, modu alegalean, udalen eta lur-jabeen arteko hitzarmenen bidez.
Modu horretan, denbora laburrean, nekazari eta jornalariak mendeetan erabili zituzten lurrik gabe utzi zituzten. Gauetik goizera, delituen tipifikazio berriak ezarri zituzten, jabe berrien jabetzak babesteko eta nekazariek komunalak erabil ez zitzaten. Iraganean ez bezala, komunaletako larreetan bazkatzea, uzta biltzea edo fruituak jasotzea, delitu bihurtu zen eta zigor gogorrak ezarri zituzten. Kapitalismoaren garapenak landa-gizarte zaharra eta haren lotura solidario eta komunitarioak desegin zituen. Ondorioz, desberdintasun sozialak handitu ziren: gutxi batzuk aberastu ziren eta gehiengoa pobretu zen. Horregatik, bizibiderik ezean, jende askok emigratu behar izan zuen, landatik hirira kasu batzuetan, baina baita Ameriketara ere.
NOLA EGIN ZIOTEN AURRE INJUSTIZIA HONI?
Desjabetutako sektoreek estrategia ugarik baliatu zituzten. Horietako batzuk, James C. Scott bezalako ikertzaileek definitu bezala, “egunerokotasuneko erresistentzia formak” izan ziren. Eskala txikiko estrategia isilak ziren, desobedientziaren eta biziraupenaren artekoak, hala nola: lapurreta txikiak, legeen aurrean desobedientzia edo ezikusiarena egitea, gutun bidezko mehatxu anonimoak edota jabeei ziria sartzea, kopla edo txisteen bidez. Josemi Gastón historialaria izan da Nafarroako kasua sakonen aztertu duena eta haren aburuz, “gerra isil eta etengabea” izan zen. Pixkanaka, antolakuntzak eta mobilizazioek beste forma batzuk hartu zituzten. Herri askotan, jabe txikiak eta jornalariak elkartzen zituzten komuneroen elkarteak sortu ziren. Premia handia zegoenean udalari eta jabeei presio egiten zieten, berenganatutako komunalak itzul zitzaten eta herritarren artean bana zitezen. Mendeetan zehar, beren arbasoek komunaletako baliabideetan irabazten zuten eguneroko ogia. Tradizio hori memorian iltzatuta zeukaten eta antzinako ohitura hura eskubide ukaezintzat jotzen zuten. Herri batzuetan, bide judizialetik jo zuten, pribatizazioen aurkako helegite legalen bidez. Kasuaren arabera, lur batzuk partzialki berreskuratzea lortu zuten, baina inoiz ez zen nahikoa izan, lur gosea handia baitzen. Eskaera formalak eta bide judizialak eraginkorrak ez zirenean, metodo gogorragoak erabiltzen saiatu ziren, hala nola mehatxuak edo hertsapena. Batzuetan, ekintza zuzena ere erabili zuten. Komuneroek, gauaren ilunaz babesturik, suteak eta kalteak eragiten zituzten jauntxoen jabetzetan. Halakoak ohikoak ziren jabe handiek lurra itzultzeari eta banatzeari uko egiten ziotenean. Helburua nekazari-burgesia edo haren administratzaileak eta errentariak presionatzea zen, komunitatearekiko jarrera ez-solidarioaz ohartarazteko. Tentsioa metatzen joan zen herri askotan, eta gatazka gero eta gogorragoa eta agerikoagoa bihurtu zen.
NOIZ ETA NON LEHERTU ZEN TENTSIO HORI?
Hainbat herritan istiluak oso larriak izan ziren, esate baterako Erriberrin; han odola isuri baitzen. 1884an, komunalaren banaketa eta itzulera eskatzeko aldarrikapenen ondorioz, manifestazioak, lurren okupazioak eta istiluak gertatu ziren. Gertaera haietan lau lagun tiroz hilik suertatu ziren. Urte batzuk beranduago, egoera berriz ere errepikatu zen. Nekazari eta jornalarien eskariz lur-banaketa bat egin zuten herritarren artean. Baina 1914ko uztailean, epaitegiak adierazi zuen egindako banaketa ez zela legala eta agindu zuen lur-jabeei itzuli behar zitzaizkiela. Epaiaren aurrean, jendetza kalera atera zen eta lurjabe handien etxeak harrikatu zituen. Istiluen ondorioz, bi lagun atxilotu zituzten. Hurrengo goizean, 200 pertsona inguru kuartelaren atarira hurbildu ziren atxilotuak aska zitzaten eskatzeko. Ezezkoa jasota, indarrez sartzen saiatu ziren, eta Guardia Zibilak tiroka erantzun zuen; ondorioz, hiru jornalari hil zituzten. Beiren, aldiz, 1907ko ekainean, zereal uzta betean, herriak greba egin zuen eta kalera atera zen “oihal gorriko estandarte” baten atzetik. Halako leloa zeraman ikurrak: Vivan las corralizas que nos han robado! (Gora lapurtu dizkiguten jabetzak!). Tafallan, era berean, 1908ko urtarrilaren 14ko gauean, 1.500 pertsona baino gehiagoko manifestazioak kaleak hartu zituen. Etxez etxe ibili ziren, handikiak beren lurrak banatzera behartzen, “Vivan los comunes; Abajo los corraliceros!”» (¡Gora komunala eta behera lurjabeak!) oihukatzen zuten bitartean.
KONPONDU AL ZEN GATAZKA?
Presio sozialaren ondorioz, jabeek lur batzuk itzuli zituzten, baina ez zen nahikoa izan. Gatazka sozialaren gorakadaren ondorioz sektore sozial kontserbadoreak izutu egin ziren, istiluen eta zalaparten beldur baitziren. Halakoak saihesteko sektore apal eta pobreenen bizi baldintzak hobetzea beharrezkoa zela ondorioztatu zuten. Ondorioz, karlismoari eta Eliza katolikoari lotutako sektoreek kooperatibak eta aurrezki kutxak bezalako ekimenak jarri zituzten martxan. Helburua, klase borrokaren ondorio negatiboenak leuntzea zen, gizartearen harmonia soziala ez hausteko. Alabaina, arazoak konpondu gabe jarraitu zuen eta pixkanaka, jornalarien eta komuneroen elkarteak politizatzen joan ziren. XX. mende hasieraren bueltan horietako asko klase-sindikatu bilakatu ziren eta gehienek UGT edo CNTrekin bat egin zuten. Auzi honek konpondu gabe jarraitu zuen II. Errepublikaren garaian. 1930eko hamarkadan Gobernuak Nekazaritza Erreforma martxan jarri zuenean, itxaropena piztu zen Nafarroa hegoaldean, azkenean komunalen gatazkari behin betiko irtenbidea bilatuko ziotelakoan. Zoritxarrez, ez zen horrela izan, baina hori beste historia bat da. (argia-baskultur)
IRUDIAK:
(*) Prentsa aktuala
(LEHEN ARGITALPENA BASKULTUR.INFO 2026-05-02)
