Euskaraz korrika
Duela 24 urte, 2001eko abenduaren 6an, Euskarazko Wikipediaren lehen artikulua argitaratu zuten: Lurra. Ordutik, etengabe hazi da proiektua. Efemeride hau inprentara joan den unean, 468.901 artikulu daude euskaraz idatziak, eta erregistratuta dauden 174.500 partaideetatik, 495 ari dira era aktiboan parte hartzen. Eduki askeko Interneteko entziklopedia kolaboratiboa da Wikipedia, erabiltzaileen ezagutzaren partekatzea oinarri duena. Euskara bizi da, Wikipedian ere.
2026an Korrika, euskararen aldeko lasterketa solidarioaren 24. edizioa ospatuko da, martxoaren 19tik 29ra.
(2026-05-02)
LANGILEEN EGUNAREN DEFENTSA
Nehoiz baino gehiago, Langileen Egunaren beraren defentsarako Maiatzaren Lehena. CGT, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek Baionan manifestazioa egin dute Maiatzaren Lehen honetan. Gobernuak eta eskuin muturrak babesturiko patronalaren erasoei buru egiteko modu bakarra antolakuntza kolektiboa dela ozen adierazi dute. Antolatzaileen arabera, 2.000 bat lagun batu dira. «Ez dute lortu, baina borrokan segitu behar dugu». CGT, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuetako kideek argi dute: «Maiatzaren Lehena ez da beste besta egunak bezalakoa, langile mugimenduaren 100 urte baino gehiagoko lorpena da». Hain zuzen, egoera berezian heldu da aurtengo Langileen Nazioarteko Eguna: frantziar gobernuak Maiatzaren Lehena lan egun bilakatzeko saiakera egin du; eta, nahiz eta azkenean gibelera egin duen, egun honen defentsan karrikara atera dira gaurkoan, «Maiatzaren Lehena mundu osoan babestua izan dadin». Testuinguru horretan abiatu dute manifestazioa Baionako Santa Ursulatik, eta aurten, lehenengoz, ZUP auzoko Gaskoien plazan bukatu dute; Langileen Nazioarteko Eguna hiriburuko auzo langileenetariko batera eramanez. Antolatzaileen emandako zifraren arabera, 2.000 pertsona inguru atera dira Baionako karriketara.
Dena dela, Langileen Egunaren aurka jotzearen erabakia ez dute gertakari isolatu gisa ulertzen, lan baldintzen okertzearen barnean baizik. Ez dago urrunera joan beharrik prekaritate horren berri izateko; erraterako, Ipar Euskal Herrian berriki epaitua izan den kasu bat mahaigaineratu dute: dokumentaziorik gabeko langile baten salerosketarena. Sindikatuek horrelako kasuak ikusarazten «lan handia» egiten dutela oroitarazi dute; baina arazoa egiturazkoa dela iruditzen zaie, patronalak, «gobernuak eta eskuin muturrak babestuta», etengabe erasotzen baitu. Norabide horretan, «soldaten eta prestazio sozialen ahuleziak desberdintasun sozial onartezinak» areagotzen dituela zehaztu dute, emazte eta gazteen adibidea ezarriz.
Antolatzeko deia
Horren aitzinean, aterabide bat proposatu dute manifestazio bukaeran: «Erantzun bakarra antolakuntza kolektiboa da. Sindikatuetan afiliatu gaitezen. Antola gaitezen laneko sufrimenduarekin bukatzeko eta eskubide berriak lortzeko». Justuki, «akziodunek dibidendu errekorrak» eta «enpresek urtero 210 mila milioi euro baino gehiagoko laguntzak» jasotzen dituzten une honetan, «lansarien igoerak lortzea», langileek sorturiko «aberastasunaren banaketa, eta lan baldintza hobeak» eskuratzea ezinbestekoa dela uste dute sindikalistek. Bizi baldintzak duintze aldera, energiaren, etxebizitzaren eta elikagaien prezioak blokeatzea ere beharrezkotzat dute. «Guk sortzen dugun aberastasuna trantsizio ekologikoa, zerbitzu publikoak eta babes soziala finantzatzeko erabil dadin nahi dugu. Bertako ekoizpena, iraunkorra eta langileak errespetatzen dituena, nahi dugu. Lanaldia murriztu eta lan eta bizi baldintza hobeak nahi ditugu».
Begirada zabaldu, eta langileei eragiten dien gizarteko hainbat arazori so egin diete: arrazakeria, sexismoa, antisemitismoa, islamofobia eta LGTBfobia gero eta normalizatuago daudela nabari dute. Bada, «bakean, berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako mundu batean» bizitzea proposatzen dute haiek. Nazioartean ere ezarri dute arreta, «mundu osoan gerren izugarrikerien» biktima diren milioika langilerekin elkartasunez. Ukraina, Iran, Venezuela edota Palestina izan dituzte gogoan, besteak beste. Gainera, datu esanguratsu bat errateko baliatu dute mobilizazio bukaera: frantziar Estatua munduko bigarren arma esportatzaile handiena da, eta 2014az geroztik 115 mila milioi eurotik gora esportatu ditu armamentuetan. Gauzak horrela, «kapitalistek sutatzen dituzten beldurrei eta gorrotoei» erantzuteko deiarekin bukatu dute aurtengo Maiatzaren Lehena. «Kaosaren aitzinean, irtenbidea beti langileen eta gure antolakuntza kolektiboaren eskutik etorriko da. Antola gaitezen, mobiliza gaitezen, eta konprometitu gaitezen kapitalisten eta faxisten aurkako fronte komunaren kontra!». (kazeta-baskultur)
(2026-05-01)
MUNDUKO ESKALADA KOPA
Aldarri ozena Israelek Madrileko Eskaladako Munduko Kopako proban parte har ez dezan. Climbers for Palestine Spain eta Plataforma para el Boicot Deportivo a Israel taldeek bultzatutako ekimenarekin 120 eragiletik gora bat egin dute. Maiatzaren 28tik 31ra Alcobendasen (Madril) jokatuko den World Climbing Serieseko proban Estatu sionistaren eskalatzaileei betoa jartzea eskatu dute. Beste kirol batzuetan bezala, eskaladan ere Israelen aukako aldarriak gero eta ugariagoak eta ozenagoak dira. Azken hilabeteotan aipatu izan ditugu mundu zabalean egiten ari diren ekimenak. Eta horietan guztietan World Climbing edo Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioari eskatu diote antolatzen dituen hitzordu ofizialetatik Estatu sionistaren izenean lehiatzen diren eskalatzaileak kanpo uztea.
Mendiko Kiroletako eta Eskaladako Espainiako Federazioak (Fedme), adibidez, nazioarteko federazioari eskatu zion aipatu dugun beto hori joan den 23an Saudi Arabian egin behar zuen Batzar Nagusian aztertu behar zela. Berez, World Climbingek hitzorduari eutsi zion, baina Iranen aurka Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek hasitako gerrak aldaketa batzuk egitera behartu zituen. Bilera presentziala izan ordez, online egin zuten. Eta arrazoi logistikoengatik, aipatutako gaia ez zen aztertu. Nazioarteko federazioak hasi du lehien denboraldia eta, errusiarrei ez bezala, lehiakide israeldarrei ez die betorik jarri. Alabaina, mundu zabaleko hainbat txokotako eragileak hasi dira presio eta aldarrikapen hori egiten. World Climbing Series (orain arte Munduko Kopa izan dena) hastear dago. Maiatzaren 28tik 31ra, adibidez, Alcobendasen (Madril) etapa bat jokatuko da boulder eta abiadura modalitateetan. Eta iragarrita dago zortzi lehiakide israeldarren parte-hartzea. Erabaki horren aurka Climbers for Palestine Spain eta Plataforma para el Boicot Deportivo a Israel taldeek kanpaina bat hasi dute eskalatzaile horiek Alcobendaseko proban parte har ez dezaten. Joan den apirilaren 10ean agiri bat plazaratu zuten boikot horren alde, eta dagoeneko 120 eragilek baino gehiagok bat egin dute eskaera horrekin.
«ZURIKETARIK EZ»
Agiria sinatu duten erakundeek eta kirol kolektiboek eskalatzaile israeldarren betoarekin bat egin dute: «Benjamin Netanyahuk zuzentzen duen Estatu sionistak palestinarren aurka indarrean duen genozidioa ezin dugu onartu, eta israeldarren parte-hartzearekin krimen horiek zuritzen ari dira. Batzuek diote politika ez dela kirolarekin nahastu behar. Baina hor dago eta ezin da saihestu; oso agerikoa da. Espainiako Vueltarekin geratu zen bezala, guk ere ardura hori hartzen dugu. Israelek nazioarteko kirol ekitaldiak erabiltzen ditu Palestinaren aurkako garbiketa etnikoa eta sarraskiak zuritzeko». Agiriaren sinatzaileek diote ezin direla normalizatu legez kanpoko okupazioa eta apartheida. Gogoratu nahi dute ere Palestinako kirolean erabateko eragina izaten ari direla kolonialismoa eta Israelen segregazioa: «Kirolariak, entrenatzaileak eta teknikoak sistematikoki erasoen biktimak dira. Asko eta asko espetxeratu eta hil dituzte.
Horretaz gain, kirol azpiegiturak suntsitzeaz gain, jolaserako guneak konfiskatu dituzte. Adibidez, Palestinako eskalada alderdi nagusiak Israelen legez kanpoko okupazioaren menpe daude. Bide batez, Israelgo Eskalada Federazioak (ILCA) Palestinako eskalada bideak lapurtu ditu, baita eskalada gidak plagiatu ere aipatuz ‘Israelgo eskalada gida’ Horri lotuta, Israelgo kirol turismoa bultzatzen duten agentziak eremu palestinar horiekin negozioa egiten ari dira ‘Made in Israel’ lelopean. Eta aurreratu dugunez, eskalatzaile palestinarrak tirokatu, espetxeratu eta hiltzen dituzte eskalada guneetara hurbiltzen diren bakoitzean». Aipatu ditugun aldarrikapen eta eskaera horiek guztiez gain, agiriaren bultzatzaileek eta sinatzaileek aurreratu dute bide guztiak erabili dituztela Alcobendaseko hitzordu ofizial horretan ardura duten agente guztiekin ulermen puntu batera heltzeko. Horrekin batera gehitu nahi izan dute, iazko Vueltan bezala, mobilizazioak egiteko prest direla: «Eskaladaren zaleak garen heinean, ezin gara besoak gurutzatuta egon. Horregatik, Fedmeri, Kirol Kontseilu Gorenari, Kanpo Arazoetako Ministerioari eta gainerako erakundeei zein babesleei eskatzen diegu gestioak egin ditzatela nazioarteko lehiaketetatik Israel kanpora dezaten eta eskalatzaile israeldarrei ez diezaietela utzi Alcobendaseko hitzorduan parte hartzen». (naiz-baskultur)
(2026-04-30)
MAIATZAK BAT
Maiatzak 1: hamaika deialdi, langileen eskubideen alde eta inperialismoaren kontra. Maiatzaren 1ean dozenaka manifestazio egingo dituzte sindikatuek Euskal Herrian. Justizia soziala edota langileen aldeko politikak aldarrikatzearekin bat, AEB eta Israel protagonista nagusitzat dituen inperialismoa eta faxismoaren aurka egingo dute, besteak beste. Hego Euskal Herrian bananduta mobilizatuko dira, eta Ipar Euskal Herrian gehienak elkarrekin.
ELA, "JUSTIZIA SOZIALAREN ALDE ETA FAXISMOAREN AURKA" - ELAk Bilbon eta Iruñean egingo ditu mobilizazio nagusiak, SMI 1.500; Jo ta ke, hemen erabaki arte lelopean, "justizia sozialaren alde eta faxismoaren zein inperialismoaren aurka borrokatzeko". Bilbon, ekitaldi nagusia 11:30ean izango da Jesusen Bihotza plazan, eta ondoren manifestazioa egingo dute Plaza Zirkularreraino. Iruñeko manifestazioa Erorien Monumentuan hasiko da 11:30ean, non eraikina eraistea eskatuko duen.
LAB: "GENOZIDEK JO-PUNTUAN DITUZTE LANGILEAK" - "Gerraren eta bizitzaren garestitzearen aurrean, langileen aldeko politikak" aldarrikatuko ditu LABek Maiatzaren 1ean. Orotara 26 manifestazio egingo ditu sindikatuak Euskal Herrian; Langileok eragin lelopean, langileek bizimodu duina bermatzeko ezinbestekoak dituzten hiru neurri aldarrikatuko ditu: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata nahiz pentsio duinak. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak nazioarteko testuinguruari egin dio erreferentzia: “Munduari begiratzen diogunean, zanpaketa eta gerra ikusten dugu nonahi: Palestina, Venezuela, Kuba, Groenlandia, Libano, Iran… Zein izango da hurrengoa? Trump eta Netanyahu bezalako faxista eta genozidek jo-puntuan dituzte munduko herriak eta langileak. Eta euren menpe jarri dira Europako agintari gehienak. Mozorrorik gabe azaltzen zaigu kapitalismoa: sistema bortitza, koloniala, heteropatriarkala da”.
BAIONAN ETA MAULEN, INTERSINDIKALAREKIN - LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuak elkarrekin mobilizatuko dira Baionan eta Maulen. Langile klasea antolatua, borrokan batua! lelopean egingo dute manifestazioa, 11:00etan, Santa Ursula plazatik Gaskoinen plazara. Lau sindikatuek adierazi dute Lecornuren gobernuak, patronalarekin eta eskuin muturrarekin eskuz esku, Maiatzaren Lehenari "eraso" egin nahi diola, "100 urte baino gehiagoko borroka sozialaren historia zapalduz". Dei egin dute "langile klasekoak garela harro aldarrikatzera" eta langileen eskubideen alde borroka egitera. "Enplegua dutenei eta ez dutenei, paperak dituztenei eta ez dituztenei, erretretadunei zein ikasleei" kalera ateratzeko deia luzatu diete. Mobilizatzeko hamaika arrazoi daudela diote: lan baldintzen okertzea, ordaindu gabeko aparteko orduak, kanporatze bidegabeak, opor ordainduen lapurreta, prekaritatea eta pobrezia, antolaketa sindikalerako oztopoak, jazarpena, diskriminazioa, lan istripuak eta laneko gaixotasuna... "Patronalak, gobernuaren babesarekin, egiten dituen erasoen aurrean, erantzun kolektiboa eman beharra" nabarmendu dute, baita sindikatuetan afiliatzearen garrantzia azpimarratu ere. Halaber, "antifaxismoa" ere aldarrikatu dute, "lantokietan ere eskuin muturreko diskurtsoak eta ideiak eta normalizatzen ari diren sasoi hauetan".
SOLDATEN PREKARIZAZIOAREN ETA INPERIALISMOAREN AURKA - ESK, Steilas, CGT, Alternatiba eta Bake Ekintza Antimilitarista batera mobilizatuko dira, Langileok batu, inperialismoaren kontra, bizitzaren alde lelopean. Iruñean, Solidari eta CNT batuko zaizkie –CNT bere kasa mobilizatuko da Bilbon. "Maiatzaren 1 honetan, langileok kalera aterako gara bai gobernuei bai patronalei erakusteko ez dugula onartuko gure kontura aberasten jarraitzea, gu pobretzen gaituzten bitartean", adierazi du ESK-k. "Are gutxiago, hori guztia gerrak eta esku-hartze inperialistak justifikatuz egitea, ekinez edo ez ikusiarena eginez". "Langileok jada galdu dugu bizi behar izan ditugun krisien kontua", dio sindikatuak. "Mota guztietako krisiak izan dira: finantzarioak, belikoak, sanitarioak... Bakoitzak bere izena izan du, baina emaitza bakarra: irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatu egiten dituzte; guk galtzen dugu eta haiek irabazten dute". Langile klaseak, jasaten duen prekarietatearen aurka ez ezik, "hiltzen, arpilatzen eta zapaltzen gaituen sistema global baten kontra" ere egiten du, ESKren hitzetan: "Estatu Batuek eta Israelek ordena berria ezarri nahi digute, eta, horretarako, basakeriari eusten dioten bitartean demokrazia defendatzen dutela dioten gobernu eta potentzia handien konplizitate aktiboa edo isiltasun interesatua dute".
EHKS, "GERRA INPERIALISTAREN AURKA" - Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Iruñean deitu du manifestazioa (12:30ean), "gerra inperialistaren" aurka. "Maiatzaren Lehena Langileon Nazioarteko Eguna da, eta inoiz baino premiazkoagoa da langileria berriro ere nazioarteko indar bilakatzea, gure etsaiei neurri berdinean aurre egiteko", dio EHKS-k. "Ameriketako Estatu Batuak eta Israel buru dituen Mendebaldeko oligarkia mundu erdia txikitzen ari da, eta beste erdia krisialdi betean sartzen. Guzti-guztia beraien interesak defendatzeko. Zehazki, manifestazio honetan NATOren, Europako Batasunaren eta sionismoaren kontra mobilizatuko gara. Horien guztien aurka eta alternatiba sozialistaren alde".
CCOO ETA UGT: "ESKUBIDEAK ETA EZ LUBAKIAK" - CCOO eta UGT sindikatuak elkarrekin mobilizatuko dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Eskubideak eta ez lubakiak. Soldatak, etxebizitza eta demokrazia lelopean. CCOOren hitzetan, nazioarteko testuinguruak eskatzen du AEBek eta Israelek eragindako legez kanpoko gerra eta Gazaren aurkako genozidioa salatzea. CCOOk Europari eskatu dio "lozorrotik ateratzeko". Europak esku hartzen ez badu, giza eskubideak galtzaile aterako direla dio, eta eskubide horiek azpiratu eta etekin ekonomikoak lehenesten dituen estrategiak aurrera egingo duela. Sindikatuaren ustez, onura hori bera dago trantsizio energetikoa geldiarazteko eta erregai fosilekiko mendekotasunari eusteko ahaleginaren atzean: "Horren aurrean, autonomia estrategikoa indartzea eta energia berriztagarrien aldeko apustua bizkortzea defendatzen dugu". (argia-baskultur)
(2026-04-29)
SAIGONETIK IHES EGITEA
Egun beltza Estatu Batuetako historian; egun loriatsua Vietnamgo askapenaren historian eta gerraren aurkako mundu mugimenduarentzat. AEBek Vietnamgo bere enbaxada ebakuatu behar izan zuten, gerra galdu berritan.
Duela 51 urte, 1975eko apirilaren 29an, AEBek Vietnamgo bere enbaxada ebakuatu behar izan zuten, gerra galdu berritan. Ez zituzten, ordea, haiekin kolaboratu zuten ia milioi bat vietnamdar ere ebakuatu, agindu zuten bezala eta askok ahal izan zuten moduan egin zuten ihes.
Biharamunean, Ipar Vietnamgo armadak Saigon hiriburuaren kontrola bereganatu zuen. Horrela, gerra amaierara iritsi zen komunisten garaipenarekin eta AEBek egindako krimen kontaezinekin.
1 eta 3 milioi vietnamdar artean hil ziren estatubatuarren bonben ondorioz, gehienak zibilak, eta gerraren absurdu eta iraupen luzeak barne politikan arazo handiak eragin zizkien AEBei.
Iturria: Josep Fontana, Por el bien del imperio. Una historia del mundo desde 1945 (Pasado & Presente). (argia-baskultur)
(2026-04-26)
GERNIKA EUSKAL HERRIA
Ilargiraino joan dira haren alde iluna argitu nahian, eta Lurrera itzuli direnean iluntasun arraroa sumatu dute planeta urdinaren atmosferan. Lurreratu direnean, dinosauroak bertan dirau, munduaren agintean. – Mende erdi luzea darama Gernikak aro ilunetik atera nahian. Tirano arrotza, azkenez, hil zenetik, Gernikako eta Euskal Herriko herritarrak saiatu izan gara argia egiten, apiril hartakoak aztertzen eta argitzen. Euskaldun guztion sinboloa da Gernika. Kondor Legioa deituaren hegazkin naziek eta Aviazione Legionaria faxistakoek burutu zuten Gernikako bonbardaketa, 1937. urte hartako apirilaren 26an. Francoren agindupean egin zuten bonbardaketa larri hura, arratsaldeko laurak eta hogeian hasi eta hiru ordu luzez. Zazpi eta erdiak pasata bonbardaketa amaitu zenean, bi milatik gora hildako eta Gernikako eraikuntzen ehuneko laurogeita bosta suntsituta utzi zituzten.
Zergatik Gernika eta zergatik era horretako suntsiketa? Gernika, sinbolo positiboa, Foruen gordelekua, euskaldunon eraketa modua ordezkatzen zuena. Gernikako arbolaren itzalpean elkartzen ziren gure elizate eta hiribilduetako ordezkariak. Historia garaikidean izan dugun lehen Gobernua ere Gernikan bertan osatu zen, 1936ko urrian, Jose Antonio Agirre lehendakariaren inguruan. «Euzko lur ganian zutunik…». Franco militar buru matxinatuak apropos aukeratu eta markatu zuen Gernika, eta bere aginduetara zituen hegazkin nazi-faxisten aldra bidali zuen apirilaren 26 hartako astelehen hartan, modu bereziki larrian Gernika suntsitzera. Horrela agertu nahi zuen Euskal Herria desagerraraztea zela bere asmo sakona. George Steer gerra-korrespontsal ezagunak lekuan bertan ikusi zuen bonbardaketa nazi-frankistaren intentzio hori: «Gernika, the most ancient town of the Basques and the centre of their cultural tradition, was completely destroyed yesterday afternoon by insurgent air raiders…» (Gernika, euskaldunen hiri sakraturik zaharrena, guztiz suntsitua gelditu zen atzo arratsaldean indar matxinatuen hegazkinen aire erasoz…).
Franco hil eta gero, Gernikan bertan bonbardaketatik bizirik atera ziren herritarren lekukotzak bildu ditugu, eta gai honetaz nazioartean diren historialari prestatuenen kolaborazioa ere izan dugu: Herbert Southworth, Pierre Vilar, Manuel Tuñon de Lara, Angel Viñas, Xabier Irujo bezalako ikerlari bikainak, eta egia historikoa argitzeko lan zientifikoak badirau Gernikan; gaur bertan ere adituen egun osoko Konferentzia irekia izango dugu gai larri hauetaz Gernikako Elai Alai Aretoan. Zergatik jarraitzen du oraindik zabalik eta zauriak itxi ezinik Gernikako bonbardaketaren gaiak 2026 honetan? Begira dezagun berpiztu den polemika Picassoren Gernika muralaren kokapenaren inguruan.
1981. urtean maniobra koordinatu batean Espainiak, Frantziak eta Estatu Batuek adostu zuten Picassoren Gernika Madrilera eramatea, trantsizio-transakzio politiko espainiarra legitimatzeko intentzioan. Gerra eta bonbardaketa gertatu aurretik, gure historian zehar Gernika euskal hirigune berezia zen, bizigarria, eskubideen, foruen eta askatasunaren sinbologia positiboa ordezkatzen zuena, Urdaibai inguruan kokatua, Santimamiñeren garaietatik giza bizitzaren aztarnak zituena… Sailkapen akademikoetan locus amoenusbezala sailkatu ohi den gunea. Baina hori guztia erasoaldi latz batez suntsitu zuten bonbardaketan. Arratsalde batez Gernika hiri martiri bihurtu zuten kolpez. Toposedo locus dramaticus bihurtu zuten era horretan Gernika euskaldunon hiri sinboliko hura.
Gertaera larri horren ezagutzak harridura, haserre bizia eta beldurra ere sortu zituen nazioarteko komunitatean. Franco bera, frankistak eta haien aliatu buruzagi naziak ere kezkatu ziren eskandaluak hartzen zuen nazioarteko dimentsioaz, eta orduan bonbardaketa existitu zela ere ukatu egin zuten. Polemika sakondu eta hedatu egin zen horrela. Pablo Picassok, Parisen, orduan erabaki zuen, Gernikako bonbardaketaren berri izan zuenean, Gernika pintura erraldoia egitea. Gernika, euskaldunon sinboloa, nazioarteko sinbolo izatera pasa zen horrela. Koadroa mundu erdian erakutsi zen ondoren, erakusketa ugaritan, eta gero New Yorkeko MOMA museoan kokatu zuten, harik eta, Francoren heriotzaren ondoren, Gernikatik Picassoren murala bertara ekartzea aldarrikatu zen arte: ‘Gernika’ Gernikara. Baina 1981. urtean maniobra koordinatu batean Espainiak, Frantziak eta Estatu Batuek adostu zuten Picassoren Gernika Madrilera eramatea, trantsizio-transakzio politiko espainiarra legitimatzeko intentzioan.
Picassoren Gernika koadroak bere dimentsio osoa Gernikan har dezake, ez beste inon
Madril ez da Picassoren Gernika kokatzeko toki egokia. Han bertan ere ez dakite non kokatu, hasieran El Prado inguruan eta 1992an lekualdatu egin zuten nora eta Reina Sofia museora, era horretan bai edukiz eta bai formaz Picassoren beraren borondatea bihurrituz. Gaur eguneko Estatu espainiarrak ardura larria du Gernikako bonbardaketaren inguruan. Ez dago ardura horretatik salbu bonbardaketaren egileak frankistak eta nazi-faxistak izan zirelako. Izan ere, Alemaniak ulertu eta onartu du oraintsu Gernikan bertan bere erantzukizuna eta barkamena eskatu du. Presidente alemaniarra oso urruti dago nazi haietatik, baina hala ere Estatu-ardura onartu eta barkamena eskatu du. Estatu espainiarrak ez du hori egiteko asmorik, baina ezin du ukatu ez ezkutatu gaurko Estatu horren sustraiak frankismotik datozela, hasi monarkiatik eta frankismoaren zutabe ugari besterik gabe egokitu egin zirela oraingo Estatu horretara. Bada garaia Estatu espainiarrak bere ardura onar dezan, barkamena eskatu Gernikari eta euskaldunoi eta ahal den neurrian erreparazioa gauzatu. Bide horretan emandako lehen urrats sinbolikoa izan daiteke Picassoren Gernika Gernikan kokatzea. (Karmelo Landa Mendibe) (berria-baskultur)
(2026-04-21)
JAIOTZA TASAREN BEHERAKADA
Jaiotza tasaren beherakadari lotutako murrizketek Nafarroako ikastolei eman diete hozkada handiena. Irailetik aitzina, Nafarroako eskola publikoek hemeretzi ikasgela gutxiago izanen dituzte, eta itunpekoek, hamalau. Nafarroako Gobernuak dio demografiaren beheranzkoa dela-eta hartu duela erabakia, baina, ikastolen ustez, euskararen kontrako eraso bat da. / Tuterako Argia ikastolako haur hezkuntzako ikasgela bat Ezin uka daiteke: jaiotza tasaren beheranzkoak isla zuzena du ikastetxeetan. Nafarroan, esate baterako, 700 eskaera gutxiago aurkeztu dira aurtengo matrikulazio kanpainan, 2022-2023ko ikasturtean baino. Fokua apur bat aldenduta, are argiago ikus daiteke argazkia: 3, 4 eta 5 urteko ikasleak 20.000 pasatxo ziren 2014-2015eko ikasturtean; gaur egun, 15.751 dira. Horiek horrela, ikasgelak murriztea erabaki du Nafarroako Gobernuak, datorren ikasturtetik aurrera: hemeretzi talde gutxiago izanen dituzte ikastetxe publikoek —627 zituzten, eta 608 izanen dituzte aurrerantzean—, eta hamalau gutxiago itunpekoek —290 izatetik 276 izatera igaroko dira—. Erabakiak kezka eta ezinegona piztu du zenbait eragileren artean. Nafarroako ikastolek, esaterako, «harrituta eta oso haserre» hartu dute berria. Uste dute eurek pairatuko dutela murrizketarik handiena, eta horrek bete-betean eraginen diola euskarazko hezkuntzari. (Nafarroa, artxiboko irudi batean. / foku)
Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok eman zuen murrizketen berri, iragan asteko gobernu bilkuraren ostean. Haren esanetan, ikasgelak gutxitzeko irizpideak «teknikoak» izan dira, demografiaren bilakaerari hertsiki lotuak. Izan ere, azken urteetan matrikula kopuruak era bertsuan egin du behera hala sare publikoan nola itunpekoan —ikasle kopurua %20 apalagoa da bietan, duela hamar urteko datuekin alderatuta—, baina gelak ez dira neurri berean murriztu: 54 ikastalde galdu ditu hezkuntza publikoak denbora horretan (%8ko murrizketa); itunpekoak, aldiz, zortzi baino ez (%3). Jaitsiera hori nolabait «orekatu» nahi izan du Hezkuntza Departamentuak aurtengo berrikuspenean hemeretzi ikasgela publiko eta itunpeko hamalau kenduta. Guraizea non sartuko duen eta nori eraginen dion, ordea, horra eztabaidaren gakoa.
«Ikastolek pairatuko dugu kalterik handiena, alde handiz». Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparaz ez dago pozik Hezkuntza Departamentuaren erabakiarekin. Uste du neurri «arbitrarioa» dela, aurretik behar bezala adostu gabea eta euskarazko irakaskuntzari kalte eginen diona: «Nafarroako ikastolen ia erdiei eraginen die neurriak, beste ereduetan baino dezente gehiagori». (…) Hezkuntza Departamentuak azaldu du hiru irizpide orokor erabili dituela eskola pribatuen eta ikastolen itunak berritzeko: bat, batez besteko ratioa ikastetxe publikoek duten bera izan dadila —gela bakoitzeko 17 ikasle Iruñerrian, eta 15 ikasle gainerako eskualdeetan—; bi, diru publikoekin ikasgelarik ez finantzatzea eskaria urria bada; eta hiru, ikaspostuen «gaindimentsioa» eragoztea. (...) (berria-baskultur)
(2026-04-19)
JOSU URRUTIKOETXEA, ELKARRIZKETA
Josu Urrutikoetxearekin elkarrizketa hurrengo Larrun monografikoan. Fernando Alonsok idatzi duen Josu Urrutikoetxea, belaunaldien arteko kate-begia liburua (Gara, 2025) besapean hartuta jo dugu Ziburura (Lapurdi). Frankismo betean 17 urterekin ETAn sartu eta 68 urterekin, Marixol Iparragirrerekin batera, erakunde horren azken agiria irakurri zuen pertsonarekin bildu gara bertan. Bere bizitzari errepasoa eginez, Euskal Herrian azken hamarkadetan eragin ukaezina izan duen erakunde armatuaren historian murgilduta igaro dugu ordu eta erdi Marienia tabernan, GALek 1985ean bi pertsona hil zituen lekutik metro gutxira.
Askatu zintuzten, izan zinen Eusko Legebiltzarreko parlamentaria eta baliatu zenituen hiru urteak Ezker Abertzaleko Batasuna prozesuan herriz herri jendearekin biltzeko eta tenperatura hartzeko egoerari. Eta halako batean, atxilotze arriskua gainean, berriro klandestinitatera jo zenuen. Jada ez zenituen 20 urte, 52 urte baizik eta Espainiako Estatuan garaikur bat bilakatzen hasia zinen. Nola bizi izan zenuen garai hori?
Gogorra. Ez dituzu 20 urte eta pisua da. Hori hala da, baina ez nuen beste irtenbiderik. Beste aukera zen Ameriketara joatea, baina ez nuen nahi, zertara joan hara? Nahiago nuen egiten nekiena egiten jarraitu, nazioarteko adarrean lan eginez. Horrela aurkeztu nuen nire burua berriro ere Erakundean eta onartu zuten. Harreman eta negoziaketa sailean murgildu nintzen buru-belarri, harremanak mantentzen. Euskal Herriko agente ugarirekin, politikoak, sozialak... tenperatura hartzeko, girotzeko, eta ikusteko nondik nora joan nahi zuen Erakundeak. Garai hartakoa da fronte ezberdinak ixteko hartutako erabakia: Kataluniakoa eta beste. Garai hartako zuzendaritza bidea prestatzen ari zen espainiarrei esateko “gu horrela ari gara eta uste dugu negoziaketa politiko baten bidez gainditu behar dugula hau”. Negoziaketa politikoak dakarren guztiarekin egin behar zen hori. Horregatik sartu nintzen eta horretan aritu nintzen urte horietan.
Liburuan kontatzen duzu Mikel Antza eta Marixol Iparragirre atxilotu zituztela 2004an eta beraiek ere bazirela Zapaterorekin negoziaketa prozesuaren proiektua oso argi zutenak...
...bidea argi ikusten zuten. Erakundeko zuzendaritzak nik pentsatzen nuena pentsatzen zuen...
...haien atxiloketak asko katramilatu zuen prozesua?
Prozesua jadanik martxan zegoen. Nahiz eta beraiek atxilotu guk lotuak genituen Espainiako Estatuarekin harreman zubiak, izan eskutitz trukeekin eta nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeen bitartekaritzarekin. Beraz, alde horretatik martxan zen prozesua. Kontua da, lehen esan dizudan bezala, etorri zen zuzendaritza berriak ez zituela gauzak ikusten guk ikusten genituen moduan. Alegia, kide batzuk atxilotu zituzten, beste kide batzuk sartu ziren eta ez zeuden parametro beretan. Baina ordurako makina martxan zegoen, hitzorduak jarrita. Hori ezin zen gelditu.
Eta zer gertatu zen?
Zuzendaritza berriko kideek uste zuten ezer gutxi atera zitekeela hortik, beren parametroa beste mundu batean baitzegoen. Batek esan zuen bezala, “hauek gure borrokarekin belaunikatuko ditugu”. Ostias en vinagre! Hori da beraiek ikusten zuten modua. Eta horrek ginderamatzan paretaren kontra. Makina martxan zegoen, ordea, eta Erakundeak, zuzendaritza berriak, erabaki zuen ni joatea beste kide batekin Suitzara, Jon Iurrebasorekin. Joan ginen, harremanak abiatu genituen, espainiarrek dagoeneko Jesús [Egiguren] jarria zuten hor eta makina martxan zen. Kontua da, negoziatzen aritu ostean, handik bi hilabetera, Frantziako Estatura itzuli nintzenean Erakundeko zuzendaritzari erakustera zer lortu genuen, ez zutela sinisten lehenengo fasean lortu genuena. Elkarrizketa osoa datorren astean argitaratuko den Larrun hilabetekarian irakurgai. (argia-baskultur)
(2026-04-16)
IHESLARI BAT HIL DA MEXIKON
Mexikon hil da Hilario Urbizu Olaztiko iheslaria, 45 urte Euskal Herrira etorri ezinean emanda. – Iheslari politikoen konponbide gabeko aferaren larritasuna agerian utzi du berriz Mexikotik datorren albisteak: bertan hil da Hilario Urbizu Sanroman olaztiarra. 80ko hamarkadaren hasieran alde egin behar izan zuen hara eta geroztik ez du etxera itzultzerik izan. Hilario Urbizu Sanroman, Olaztiko iheslari politikoa, astearte honetan zendu da Mexikon, NAIZek baieztatu ahal izan duenez. Euskal Herrira itzuli ezinean egon da 45 urte hauetan, orain arte ez baita bera atxilotzeko asmoa indargabetu. Minbiziaren ondorioz hil da, 76 urte zituela. Urbizuk 1975. urtean egin zuen alde bere herritik, kartzelaratua izateko arriskuari iskin eginez, beste ehunka euskal hiritar bezala, eta 1980an heldu zen Mexikora. Aurretik, 15 urte bete zituenetik lanean ibilia zen, errepideak egiten eta harrobi batean ere bai. (Urbizu, aspaldiko eta azken urteotako bi argazkietan / naiz)
2013tik aurrera bereziki euskal iheslari askok itzultzeko aukerari heldu diote, zailtasun handiz kasu askotan Auzitegi Nazionalak ez duelako prozesua erraztu. Hilario Urbizuk ez du aukerarik izan eta Atlantikoaren bestaldean hil da.
Egoera horren pasarte adierazgarria 2015. urtean jazo zen. Mexikon atxilotu zuten Auzitegi Nazionalaren eskariz eta estradizio prozesua abiatzeko urrats batzuk eman ziren, baina bertako Gobernuak ezetz esan zuen azkenean, hilabete batzuk geroago. Olaztiko alkatea eta Sortuko zenbait kide Mexikora joan ziren Hilario Urbizuren egoera gertutik jarraitzeko. Reclusorio Oriente izeneko espetxean kartzelaratu zuten hasieran, eta gero Torre Médico de Tepepan erietxera lekualdatu zuten, jada jasaten zuen minbiziaz artatu ahal izateko. Azkenean aske geratu zen berriz, estradizio eskaera ukatuta. Iheslariak gogoratu zuenez, ordurako 30 urte zeramatzan han bizitzen eta lan egiten, normaltasun osoz. Urte hauetan guztietan Mexikon eraiki du bere bizitza, familia osatuz eta lanean, mendi lanak eta mekaniko lanak uztartuz, bere hurbilekoek nabarmendu dutenez: «Bere bizitzako azken uneetan emaztea ondoan izan duen arren, une zail horietan gainontzeko senide eta gertukoak agurtzeko aukerarik ez du izan», deitoratu dute.
16 ORAINDIK EUSKAL HERRITIK URRUN - Hau ez da azken hilabeteotan gertatu den kasu bakarra. Martin San Sebastian Agirre iheslari altzotarra Venezuelan hil zen pasa den urteko urrian, gaixotasun baten ondorioz. 70 urte zituela hil zen eta horietatik 46 eman behar izan zituen etxetik urrun. Aspaldi aldarrikatua dute Sarek eta Etxeratek, besteak beste, erbesteak suposatzen dituen kondena hauek behingoz amaitzeko beharra. Gaur egun hamahiru lagunek iheslari gisa segitzen dute munduan barrena, eta beste hiruk deportazioa jasaten dute oraindik (Kuban, Cabo Verden eta Venezuelan, hain zuzen ere). Sarek hausnarketa hau utzi du sare sozialetan: «Hilario Urbizu iheslaria hil da. Euskal deportatuen eta iheslarien arazoari konponbiderik ez emateak Hilario bezalako pertsonak Mexikon, Euskal Herritik urrun, hiltzea eragiten du. Saretik besarkada bat bidali nahi diegu Hilarioren senide eta lagunei». Sortu alderdian Gatazkaren Ondorioen Konponbiderako arduradun den Haimar Altunak, bere aldetik, honako hau adierazi du: «Berriz ere min hau. Hilario, gogor eutsi diozu gaixotasun gogorrari, baina azkenean nahi ez genuen eguna iritsi den honetan oraingoan bai egingo duzu hegaka Urbasako harizti eta pagadietatik... Askatasun haizea. Dolumin eta besarkada sentikorrena bere senitartekoari». (naiz-baskultur)
(2026-04-14)
AZKOITIKO MATXINADA, JAUNTXOEN AURKA
Duela 260 urte, 1766ko apirilaren 14an, Azkoitiko herritarrak jauntxoen aurka matxinatu ziren. Eskari nagusia ogiaren prezioa jaistea bazen ere, jauntxoak gariarekin espekulatzen hasiak baitziren, gosetutako herri batek handikien gehiegikeriei emandako erantzuna izan zen. Akordio batera iritsi ziren arren, segituan Azpeitian ere piztu zen matxinada. Hurrengo egunetan matxinada Gipuzkoa, Araba eta Bizkaira ere zabaldu zen. Ez zen ordea gisa honetako matxinada bakarra izan, XVIII. mendearen bigarren erdialdean Europa osoan antzeko joera piztu baitzen.
1766ko matxinada Gipuzkoan gertatutako errebolta izan zen, urte hartan zerealak zuen salneurri handiak, eta merkatariek biltegietan zeukatena saldu nahi ez izateak eragindakoa. Testuinguru orokorrago batean, Antzinako Erregimenaren gainbehera eta aldaketa ekonomiko sakonen ondorioa izan zen, eta Madrilgo Esquilacheren aurkako matxinadaren jarraipen gisa ikus daiteke. Jauntxo lokalen gehiegikerien, librekanbismoaren eta aldatzen ari zen nekazaritza munduaren arteko talka ikusteko balio izan zuen. Matxinadak hildakorik eragin ez zuen arren, deserrira edo kartzelara zigortu zuten hainbat herritar. Jesuitak egozteko eta haien ondasunak konfiskatzeko baliatu zuen Espainiako Koroak, eta Gipuzkoako liberalek onura handiak lortu zituzten erbeste horren ondorioz. (wikipedia-baskultur)
(2026-04-13)
GENERO INDARKERIA
Genero indarkeria Hego Euskal Herrian: egunero 30 salaketa. Iaz 10.349 emakumek 11.010 salaketa aurkeztu zituzten bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurka, tratu txarrak egotzita. Epaiketen %95ean baino gehiagotan zigortu zuten erasotzailea, CGPJren datuen arabera. Albistegietan eta egunkarietan maiz agertzen da indarkeria matxistarekin lotutako berriren bat, ia egunero, baina jario hori errealitatearen adierazpen txiki bat baino ez da. Bortizkeriak askoz dimentsio handiagoa duela azaleratu baitute, beste behin ere, CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuek. Hego Euskal Herrian nabarmen gora egin zuten genero-indarkeria salaketek iaz: 11.010 izan ziren, 2024an baino 519 gehiago; hots, egunero 30 salaketa, batez beste. 2025ean 10.349 emakumek salatu zuten bikotekidea edo bikotekide ohia tratu txarrengatik; hortaz, haietako batzuek salaketa bat baino gehiago aurkeztu zuten. Salatzaile horietatik 74 adingabeak izan ziren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira —CGPJk ez du lurraldekako daturik eman— 7.147 salaketa jarri zituzten 6.890 biktimak: 10.000 emakumetik 59,9k. Euskal Autonomia Erkidegoan %7,1 hazi zen salaketa kopurua. Nafarroan, berriz, hazkundea txikiagoa izan zen, %1,2koa, baina biktima tasa, altuagoa: 10.000 andreko 100,3koa, hain justu. Izan ere, 3.863 salaketa jarri zituzten 3.459 biktimak. (argazlkia: indarkeria matxistaren aurkako manifestazio bat, iaz, Baionan, guillaume fauveau)
Zenbat emakume hil zituzten iaz. Salaketei buruzko datuak ematen ditu CGPJek, baina gogora ekartzekoa da iaz Euskal Herriko zazpi emakume zendu zirela indarkeria matxistaren ondorioz; haietako bi Espainian hil zituzten. Bortizkeria bikarioak ere biktima bat utzi zuen: 13 urteko neska bat hil zuen haren aitak Bilbon. Salaketa horiek auzitara iristen diren gehienetan, gainera, kondenazkoa izaten da sententzia: auzien %96,6tan EAEn, eta %95,6tan Nafarroan. Hala, iaz Hegoalde osoan 1.938 gizonezko epaitu zituzten genero indarkeria delituengatik, eta 1.865 zigortu. Epaituetako hamar adingabeak izan ziren, 2024an baino bi gutxiago. Era berean, biktimek 1.562 babes neurri galdegin zituzten epaitegietan, eta horien %67 onartu zituzten. Dena den, 1.017 emakumek uko egin zioten epaiketan erasotzailearen aurka deklaratzeari, aurreko urtean baino %21 gehiago. Halaber, CGPJen datuek agerian utzi dute emakume atzerritarrak kalteberago direla genero indarkeriari dagokionez. Iaz Hego Euskal Herrian salaketa jarri zuten 11.010 andreetatik 5.222 Espainiako Estatutik kanpo jaioak ziren: %47,4. Are, Nafarroan gehiago izan ziren atzerritarrak (2.004, %57,9) espainiar nazionalitatea zutenak baino (1.455).
SEXU INDARKERIARI BURUZKO DATUAK - Aurten berritasunak izan dira CGPJren urteroko txostenean, iaz berritasunak izan zirelako auzitegietan. Orain arte, bikote harremanetan gertatutako bortizkeriari buruzko datuak eman izan ditu kontseiluak, salaketa horiek baino ez zituztelako jasotzen emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako epaitegiek. Joan den urteko urritik aurrera, berriz, sexu indarkeriarekin lotutako delituak kudeatzen hasi ziren epaitegi horiek; beraz, azken hiru hilabeteetako datu horiek ere erantsi ditu CGPJk iazko memorian. Hala, urrian, azaroan eta abenduan 211 salaketa aurkeztu ziren bortizkeria sexualarekin lotuta Hego Euskal Herrian. Gehienak sexu askatasunaren aurkako delituek eta jazarpen sexualak eragin zituzten. Era berean, badira sexu esplotaziorako emakumeen salerosketarekin lotutako 24 salaketa, horietako 21 Nafarroan. (berria-baskultur)
(2026-04-11)
EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOKO LEHENDAKARI BERRIA
Iragan martxoko bozetan hautatuak izan ziren 232 kontseilariek Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria hautatu dute apirilaren 11 honetan, Baionako Arteen Hirian eginiko bilkuran. Hiriburuko auzapeza, Alain Iriart, gailendu da bigarren itzulian. Ipar Euskal Herriko 158 udalerri estaltzen duen erakundea sortu zenetik horren buruan izan den agintari zentristak ez du aski sostengu bildu du hirugarren agintaldi batez lehendakari postuan jarduteko. Lehen itzulian Jean-Rene Etchegaray lehena heldu bada ere (99 boto), Alain Iriart abertzaleak lorturiko emaitzak (80 boto) partidari buelta ematea ekarri du. Hori bai, Peio Etxeleku jeltzaleak alde batera egin izana erabakigarria izan da; bigarren bozketan, Hiriburuko auzapeza elkargoko buru berria bilakatzeko orduan. Une zinez azkarra bizi da, beraz, Baionako Arteen Hirian. (Hiriburuko auzapez izatetik Euskal Hirigune Elkargoko burua izateko jauzia egin du gaur Alain Iriartek. / Patxi Beltzaiz)
Goizeko 09:00ak aldera hasi dira iristen aipaturiko gunera iragan martxoaren 15 eta 22an iragan ziren herriko bozetan hautatuak izan ziren kontseilariak. Kanpoaldean, gizarte zibileko ekintzaileak zituzten zain. Hala, trantsizio ekologikoa, etxebizitza edota euskarari buruzko erronkak aintzat har ditzatzen galdetu diete hautetsi berriei. Bileraren atarian erakunde bilakaeraren gaineko gogoetari heltzeko galdera pausatu zuen, baita ere, Batera plataformak. 232 kontseilarien izenak banan-banan irakurri ditu mahai-buru gisa jardun duen Maule-Lextarreko auzapezak bileraren hastapenean. Umorez hartu ditu herri kontseilarien algarak adin gehien duen hautetsia izateagatik bilera zuzentzea egokitu zaion Louis Labadotek; esaterako, euskal izenekin trabatu denean. Urepeleko auzapez Xole Aire jauntzak jo du agintari komunistak; eta Baionako kontseilari den Joseba Erramundegyk ez du, bere aldetik, xantza handiagorik ukan. Behin tramitea bururaturik, lau lehendakarigaien izenak irakurri eta bakoitzari bost minutuko hitzartzea agindu dio mahai-buruak. Laburki aritu dira laurak. Peio Etxeleku izan da hitza hartzen lehena. Lurraldeen arteko elkartasuna oinarri, «benetako deszentralizazioa» galdetu du Kanboko azapezak. Goi-ikasketak garatzea eta barnealdeko herriak biziaraztea: horra hor EAJko kideak defendatu dituen beste helburu bi. Frantsesa, euskara eta gaskoia baliatu ditu Etxelekuk bere mintzaldian.
Erakundea eta herritarren arteko arrakala izan du ardatz Pascal Lasellier eskuin-muturreko hautagaiak. Udalerriaren defentsa egin du lehen aldiz Baionako herriko kontseiluan zein Euskal Hirigune Elkargoan ordezkaritza lortu duen Batasun Nazionaleko kideak. Hirugarrena izan da Jean-Rene Etchegaray. Euskal Hirugune Elkargoaren ibilbidea nabarmendu du, eta lurralde oreka hobeki zainduz hautetsiekin harremana zaintzeko engaiamendua hartu du. «Auzapezen presidente» izateko eskaintza egin du. Laugarren eta azkena, Alain Iriart, hunkiduraz mintzatu da Hiruburuko auzapez gisa zein Euskal Elkargoaren barnean azken hamarkadetan eginiko lanaz. Euskal Herriarendako begirada partekatua defendatu du, Biarritzetik Larraineraino. Erakundeko gaitasunak egonkortzeko parioa berretsi du, betiere hautetsiekin elkarlanean arituz. Hiru hizkuntzetan egin du agurra.
Eguerdi aldera eman dira lehen bozketaren emaitzak. Ordurako, biltzarraren nondik norakoak galdu nahi ez, eta ehunka euskal herritar Euskal Hirigune Elkargoaren kanalari beha ziren. Mediabask hedabideak, bere aldetik, bileraren kontakizuna zuzenean egin du gertakari politikoaren izaera hartu duen bilkuraren garrantzia markatzeko. Lau hautagaien artean nehork ez du erabateko gehiengoaren langa gainditu (114 boz) lehenengo itzulian. Lau hautagai izanik, espero zitzatekeen emaitza. Behean lehenengo bozketa horren xehetasunak: * Jean-Rene Etchegaray: 98 boto * Alain Iriart: 80 boto * Peio Etxeleku: 48 boto * Pascal Lesellier: 1 * Zuriak: 4 * Baliogabe: 1.
Emaitza ezagutu ondoren, bere botoa baizik jaso ez duen eskuin-muturreko hautagaiak albo batera egin du. Alain Iriartek, aldiz, atsedenaldia galdetu du, eta Labadotek eskaera aintzat hartu du. Minutu batzuk baizik ez dituzte ukan hiru hautagaiek –eta, orohar, kontseilariek– bigarren itzulirako estrategiak fintzeko. Gelara itzuli direnean, etengabeko kalakaldietan segitu dute hautetsiek. Giro beroa sumatzen zen. Erabateko gehiengotik aski urrun gelditu da elkargoko presidente zentrista lehen bozketan; sostengu maila polita bildu du, aldiz, bigarren heldu den EH Baiko hautagaiak. Bigarren bozketaren atarian lehia aski irekia atzematen zen. Etxelekuri dagokionez, ez du espero zuen sostengua lortu Etchegararyen kontrako lehenengo buruz-buruko honetan, baina Kanboko auzapezak bildutako botoak, aldiz, urrezko balioa hartu dute. Horretaz jabetuta, atsedenalditik itzuli bezain pronto mikrofonoa galdetu eta adierazpenak egin ditu: Etxelekuk bere hautagaitza erretiratzen zuela jakinarazi ondoren, Iriarten aldeko botoa emanen zuela iragarri du. Bere hautu horrekin, hautagai jeltzaleak tresna eraginkor bat ezarri du lehen bozketan Etchegarayren hautua egin ez duten kontseilarien eskuetan. Lehenengo itzulian bere alde egin duten 48 kontseilari horiek horrela ulertuko al zuten?
BIGARREN BOZKETA ETA EMAITZA – Hori eta beste zalantza anitz argitu behar zituen bigarren bozketa agindu du Labadotek. Berriro ere, lerroetan antolatuz, 232 hautetsiak boto papera eramatera altxatu dira. Oraingoan zirt edo zart egiteko. 13:00ak jo aitzin hasi da botoen zenbaketa. Nor izanen ote da lehendakari? Etchegaray edo Iriart? Zenbaketa egina, horra hor boto banaketa: *Iriart: 119 boto * Etchegaray: 102 boto * Zuriak: 8 boto * Baliogabeak: 3 boto. Txaloen artean hartu dute kontseilariek Alain Iriart. Mahaian eseri da lehendakari berria, eta hitzartze laburra egin du. Etchegaray eta Etxelekuren aldeko errekonozimendu hitzak izan ditu. «Elgarrekin aitzina eramanen dugu Euskal Herria; hemen komunitatea egiteko gaude» adierazi du, ondoren. «Lanean segidan» erranez amaitu du hitzartzea kontseilariak euskaraz, eta gaskoiez agurtu ditu elkargoko buruak.
HURRENGO KONTSEILUA, HILAREN 24AN – Ondoren, presidente berriak animatu du bileraren segida. Hala, 2020-2026 barne araudia aho batez bozkatua izan da, eta sei hilabeteko epea du oraingoan erakundeak araua berriz bozkatzeko. Bestalde, urtarrilaren 31n herriarteko kontseiluak jadaneko ontzat eman zuen 2026-2032 Gobernantza Ituna berretsi dute kontseilari berriek. Segidan, beste desmartxa administratiboak burutu dituzte kontseilariek, hala nola lehendariaren aldeko delegazioak onartuz. Gaurko bilera erabakigarriaren ondotik, apirilaren 24an, exekutikoa osatzeko prozesua gauzatuko da. Lehendakari berriak hautetsi guziei gomita luzatu die lurralde poloetan, eta, orohar, erakundearen instantzia guzietan «elgarrekin lan egiteko». Bere hamargarren urtemugarako bidean, Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko erakundeak orrialde berria ideki du 2026ko apirilaren 11n, ezkerreko abertzale bat lehen aldiz lehendakari bezala hautatuz.
ZORION MEZUAK – «Historikotzat» jo du gaur Euskal Hirigune Elkargoko kontseilua segituz Baionan izan den Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak «ezkerreko abertzale bat» Ipar Euskal Herriko erakundeko lehendakari izatea. Nazio terminoetan izendapen horrek duen garrantzia nabarmendu du. Era berean, gaurko bileraren emaitzak agerian utzi du, Otegiren ustez, «Euskal Herria ez dela Araba, Bizkaia eta Arabara mugatzen». Alain Iriarten hautaketak mezu uholde ttiipia eragin du, era berean, sare sozialetan. Hala mezu dezente zabaldu dira, gehienetan nazio mailako lankidetzaren azkartzearen seinale gisa hartuz abertzalearen izendapena. Horren adibide bat, Imanol Pradales EAEko lehendakariak plazaraturiko zorion mezua. Eta beste bat, Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak Euskal Elkargoko «lehen lehendakari ezkertiar eta abertzaleari» zuzenduriko hitzak: «Behetik gora 'elgarrekin Euskal Herria eraikitzen' egingo duzun lanean bidelagun izango gaituzu». (kazeta-baskultur)
(2026-04-10)
ORIOLEN OMENEZKO EKITALDIA AURITZEN
1976ko apirilaren 5ean 29 ekintzaile politikok Segoviako gartzelatik ihes egin zuten. Euskaldunak gehiengoak baina tartean bazen Kataluniatik etorritako MIL erakundeko Oriol Sole Sugranyes. Kamioi batean muga alderantz jo eta Sorogain inguruan mendian barna ihesean zirela Guardia Zibilen tiroen ondorioz hilik suertatu zen Oriol. 29 horietatik 4k lortu zuten Iparraldera ihes egitea, besteak atxilotu zituztelarik.
Oriol 28 urterekin erail zuten eta urtez urte ekitaldiekin birgogoratu egin izan ohi dute baita zendu zen tokian monolito bat ezarriz. Aurten Auritzetik irtenda omenaldia eginen zaio 50. urteurrena dela eta. Honen aitzakipean Oriolen anaia den Jordi Sole Sugranyes izan dugu, Oriol bera nola zen ezagutzeko eta baita efemeride honek zer nolako eragina izan ohi duen jakiteko.
Jordik aipatu digun moduan Oriol liderra zen eta Segoviako hirugarren ebasioa zuen, askatasuna biziki maite baitzuen. (iratiirratia-baskultur)
(2026-04-07)
TORTURA SISTEMATIKOA
Albanese: “Israelek palestinarrak sistematikoki torturatzen ditu”. Francesca Albanese NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako kontalari bereziak aurkeztu du 21 orriko txosten berria martxoaren 23an. 2023ko urriaren 7az geroztik egoera are okerrago bihurtu dela frogatzen du: "Plan koordinatu bat" dauka estatu sionistak, "mendeku kolektiboa eta suntsiketa-intentzioa" ardatz hartuta. Azken bi urte eta erdian, 18.500 palestinar atxilotu dituzte –horietan 1.500 bat haur–, sistematikoki torturatuta; eta datu zehatzik ez bada ere, ordutik, 84 eta 94 artean dira presondegian hil direnak. (300 bat lekukotasunetan oinarrituta, Israelgo presondegietan bideratu tortura kasu zehatzak irakurri daitezke Francesca Albanesek martxoaren 23an plazaraturiko txostenean. Rina Castelnuovo / The New York Times)
Jakina da bere kargua behar bezala betetzeko trabak, zigorrak eta presioak etengabekoak dituela Francesca Albanesek. Nazioarteko estatuak eta instituzioak zentzu batera doaz, eta bera beste aldera, korrontearen kontra. Baina lortu du: Israelera eta Palestinara sartzeko debekua izanda ere, 300 bat lekukotasun bildurik osatu ahal izan du Israelgo Estatuaren torturaren erabilpenari buruzko azterketa. Emaitza argi da: "Israelek bideraturiko genozidioaren eta populakuntza bidezko apartheid kolonialaren ezaugarri estruktural bat da torturarena". 2023ko urriaren 7az geroztik, estatu sionistak palestinarrei begira bideratu errepresioa intentsifikatu eta nolazbait ofizializatu dela dio Albanesek bere txostenean: "Palestinarrak menperatzeko, umiliatzeko eta xehatzeko aspaldian erabilitako sistema eboluzionatu da, eta gogortu egin da estatu doktrina bihurtzeko". Hain zuzen, data horretatik geroztik, 18.500 palestinar atxilotu ditu estatu sionistak –horietan 1.500 bat haur– eta tortura "zigor kolektibo bezala" bideratu zaie, argiki "suntsiketa-intentzio" bati segika. Txostenean zehazturiko gehiegikerien zerrenda jasanezina da: bortizki atxilotuak eta espetxealdian jipoituak; biluziak; israeldar soldaduen pixa gainera biltzea; irainak; heriotza-mehatxuak; abisurik gabeko leku-aldaketak kartzela ezezagunetara; aire zabaleko atxiloaldiak aterperik gabeko edota ximino-kaiola izeneko kaioletan; batzuetan lurpean preso; txakurren erasoaldiak; loa, zaintza, janaria, higienea kenduta...
Bortxaketaz ere aipatzen dira txostenean: "Israelgo pertsonalek bortxaketak egiten dituzte, baita taldekako bortxaketak ere; anitzetan burdinazko barrak, borrak, eta metal detektagailuak bezalako objektuak erabilita. Atxilotuek kolpeak eta deskarga elektrikoak pairatzen dituzte genitaletan edo uzkian, eta indarrez eta jendaurrean biluzten dituzte. Atxilotuei biluzik ateratzen dizkiete argazkiak, eta emakume eta neska batzuk gizonen aitzinean beloa kentzera behartzen dituzte". Datuak eta informazioak lortzea izugarri zaila izanda ere, NBEko kontalari bereziak dio azken bi urte eta erdian 84 eta 94 artean direla presondegian bizia galdu dutenak.
INPUNITATE OSOZ – Hori guztia, presoentzako laguntza juridikoa oztopatuta izanda. Bestela erranda, Israelek inpunitate osoz segitu ahal izateko mekanismoa dute landuta, torturaren erabilpena estrukturala bihurtuta. Funtsean, Albanesen datuei begiratuta, agertzen da 2023ko urriaren 7az geroztik preso sarturiko 18.500 palestinarren artean, aurtengo otsailean 9.245ek segitzen zutela atxiloaldian, eta horietan 3.358 inolako epaiketarik gabe eta beste 3.308 agian noizbait etorriko zaien auzi baten esperoan. Preso horien artean, "4.000 bat bortxaz desagerrarazita" izandakoak direla ere irakurri dezakegu txostenean, "eta aukera handiak daude, horietarik anitz hilda egotea". Baina tratu txarrena ez da presondegitik jalgitzean gelditzen: abisurik gabe, senideak jakinean jarri gabe eta edozein lekutan uzten dituzte preso ohiak, noiztenka biluzik eta troxatuta edota azpiko arropaz bakarrik jantzita.
“Palestinarrak menperatzeko, umiliatzeko eta xehatzeko aspaldian erabilitako sistema eboluzionati da, eta gogortu egin da estatu doktrina bihurtzeko” - Francesca Albanese
NAZIOARTEA, KONPLIZE – Israelek bideratu biztanleria bidezko kolonizazioari lotzen du palestinar presoen duintasunaren urraketa sistematikoa eta torturaren orokortze hori Albanesek. Beraien lurrak uztera bideratzeko instrumentutzat dauzka Albanesek. Torturaren parte kokatzen ditu preso izan gabe ere, egunerokoan palestinarrek pairaturiko gehiegikeriak: etxe lapurketak, gosea, kolonoen eta militarren indarkeriak, izu orokortua... Albanesek argiki dio: "Zigor kolektiborako espazio bihurtu da Palestinako lurralde okupatua; bizi-baldintzen suntsiketak indarkeria genozida tortura kolektiborako tresna bihurtu du, eta epe luzera ondorio fisiko eta mentalak ditu populazio okupatuarentzat".
Ez da lehen aldia nazioartearen konplizitatea salatzen duela Albanesek, eta txostenean ere horretaz ari da: "Mundu mailako segurtasunaren industria" eta "estatuen gelditasuna" ohartarazten ditu, Israelek bere gehiegikeria guztiak inpunitate osoz bideratzeko ahalaren baldintza gisa jarrita. Nazioarteko enpresen esku-hartzea salatu zuen iazko uztailean, Okupazioaren ekonomiatik, genozidioaren ekonomiara izeneko txostenean eta Genozidioaren ekonomia Palestinan: Francesca Albanesek lotsagarri utzi ditu multinazionalak erreportajean laburbildu zuen guztia ARGIArako Urko Apaolaza kazetariak. "Israelgo Estatuaren zilegitasuna deuseztatzeko asmoz bideraturiko joera obsesibo eta herradunaren baitan" kokatu du idatzi berri hori NBEn dagoen israelar misioak. Sekulako zikintze eta gezurtatze kanpaina abian dute sionistek Albaneseren kontra, baina italiar jurista aitzina doa, kosta ahala kosta. Iaz plazaratu zuen Quando il mondo dorme [Mundua lo denean] liburua. Hain justu, hori da guztiaren gainetik jasanezina zaiona: palestinarren kontrako kolonizazioa eta genozidioaren berri badugula, eta hala eta guztiz ere aitzina doala egunez egun, Mendebaldeko estatu eta instituzioen konplizitateari esker. (argia-askultur)
(2026-04-06)
BI EGI-KIDE HIL
Duela 57 urte, 1969ko apirilaren 6an, Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi EGIko kideak hil ziren, Ultzaman lehergailuak prestatzen ari zirela, Ostiz eta Gerendiain lotzen zituen errepidearen ondoan. - Iturri batzuen arabera, Artajo eta Asurmendik Guardia Zibilaren sortzaileak Iruñean zuen monumentuaren aurkako atentatua egin nahi duten. Beste iturri batzuen arabera, beste lagun batzuekin batera, Zumaiako monumentu frankistaren eta Valladolideko Libertad egunkariaren kontrako atentatu bana egin nahi duten. EAJren gazte erakundeko bi gazte nafarrak ikur frankisten aurkako ekintzak egiten zituen komando bateko kideak ziren eta aurretik, adibidez, beren taldeak El Correo Español-El Pueblo Vasco-k antolatzen zuen Espainiako Itzulia geldiarazi zuen 1968an, Urbasako zubi txiki bat dinamitaturik. Aberri Eguna zen, eta frankismoari boikota egiteko etxean geratzeko kontsigna zabaldu zuen EAJk.
Istripuaren harira, “matxinada militarra” egotzita bost lagun atxilotu eta zigortu zituzten, eta beste lau erbesteratu behar izan ziren Ipar Euskal Herrian. Artajo eta Asurmendi omentzeko traba eta debeku ugari jarri ditu Nafarroako Espainiako gobernuaren delegazioak hainbat urtez. 1977ko otsailera arte, EAJk ez zuen aitortu Artajo eta Asurmendiren militantzia Euskadi alderdiko aldizkarian. EAJ ez da inoiz gehiago saiatu Espainiako Estatuaren aurka indarra erabiltzen. / Iturria: Emilio Lopez Adan. Borroka armatua Euskadin 1967-2011, Maiatz. (argia-baskultur)
(2026-04-05)
TURISTIFIKAZIOA
“Gatazka ez da turisten eta bizilagunen artekoa” - Turismoa ez da gaur goizeko kontua, baina mugak begien bistan ipini dira bereziki azken urteotan. Gaia aztertzeko eta gogoeta bultzatzeko liburua argitaratu berri du ARGIAk: Turismoa. Desazkundera bidaia. Donostiako Bizilagunekin plataformako kide da Asier Basurto. Euskal Herriko markoan kokatu du liburua. Ez da irakurgai akademiko bat, ezta datuen azterketa bat ere; oinarrizko azalpen bat da gaira sartu nahi duen ororentzat. (Asier Basurto, liburua eskuetan. Argazkia: Gorka Peñagarikano / argia cc by sa / Gorka Peñagarikano Goikoetxea)
HAINBATETAN AZPIMARRATU DUZUN ESALDIA: “HAU EZ DA TURISMOAREN AURKAKO LIBURU BAT”. – Ez da, ez. Donostiako hiritar talde bat horregatik antolatu ginen turistifikazioaren kontra [Bizilagunekin plataforma], ikusten genuelako bazegoela manikeismo ariketa bat, estrategiaz egina, gatazka bi bandotan zentratzeko: turistak vs turisten aurkakoak. Hortik ihes egin behar da, benetako gatazka beste bat delako: turismoak gizarte honetan gehiegizko pisua hartzearekin irabazten dutenak eta galtzen dutenak.
AIPATU DUZU TURISMOAREN NEGOZIOAN SOILIK BATZUK IRABAZTEN DUTELA, ETA BESTE ASKOK GALDU. LIBURUAREN BUKAERAN BADA ATAL BAT, USTE USTELAK DEITURIKOA. HOR ERE AGERI DA IDEIA EZAGUN HAU: “TURISMOAK DIRUA EKARTZEN DU”. – Hamarkada askotan landutako eta hedatutako diskurtsoa da, duela gutxira arte pitzadurarik ez zeukana. Denok errepikatzen genituen akritikoki gisa honetako esaldiak: “Turismoak aberastasuna dakar”, “turismotik ez bada zertaz biziko gara”, “arazoak zonalde batzuetara eta urteko garai batzuetara mugatzen dira”... Deigarria da Donostian eta Euskal Herrian zer nolako kontsentsua zuten esaldi horiek, esan dezagun 2010ean, eta ordutik hona zer nolako pitzadurak gertatu diren. Mundu mailan gertatu da. Argi ikusi da turismoak baduela B aldea, batez ere muga batzuk gainditzen direnean.
MUGAK ORAIN HASI DIRA GAINDITZEN? – Jasangarritasunaren muga, edo teknikoki deitzen zaion “lurraldeen karga gaitasuna”, zerbait lausoa da. Ez dago neurtzeko modu bakarra. Ez dago kontsentsu akademiko, tekniko eta politiko bat marra hori marrazteko. Jende asko ari da horretan lanean, eta bide interesgarria iruditzen zait. Baina jasanezintasunaren seinale bat da herritarrek masiboki “nahikoa da” esatea.
ULERTZEN DUT JASANGARRITASUNAREN MUGA ZAILA DELA KALKULATZEN, HERRIEN ETA HERRITARREN BIZITZEN ASPEKTU GUZTIETAN ERAGITEN DUELAKO TURISMOAK: ETXEBIZITZAREN ARAZOAN, INGURUMENEAN, ENPLEGUAN, IDENTITATE KULTURALEAN... – Integralki hartu behar dira kontuan. Marko horretara eraman behar da eztabaida, eta eztabaida benetan sakona da, ari garelako hitz egiten gure eredu ekonomikoaz, eredu urbanistikoaz, kulturalaz, soziolinguistikoaz... Ihes egin behar da soilik saturatutako egunez eta saturatutako zonaldeez hitz egitetik; ikusi behar dugu gizarte egitura osoan zer ukitzen duen turismo-ereduak. (jarraitu irakurtzen…) (argia-baskultur)
(2026-04-04)
MUSULMANEN KANPORATZEA
Duela 417 urte, 1609ko apirilaren 4an, Felipe III. erregeak musulman izandakoak Espainiatik kanporatu zituen. – Felipe III.ak musulman izandakoak Espainiatik kanporatu zituen. Inkisizioa erlijio-uniformetasuna lortzeko helburuarekin sortu zuten Errege Katolikoek, baina behinola musulman izandakoek ez zutela kristautasuna eskatzen zitzaien bezala betetzen iritzita, herrialdetik botatzea agindu zuten, indar erakustaldia eginez eta kristautasunaren bandera astinduz. Bi urtez "kristau onak" izan zirenak geratu ahal izan ziren, baita kristau zaharren emazte musulmanak ere. 300.000 herritar inguruk utzi behar izan zuten dena, estatuko herritarren %4. Garaiko gizartean shock handia eragin zuen gertaerak. (Iturria: Arthur Stanley Turberville, La Inquisición española / Fondo de cultura económica). (argia-baskultur)
(2026-04-03)
NIKO ETXART EHZn
Niko Etxart, La Chorba de Raouf, Anestesia, Ixabe eta RTZ kolektiboa izanen dira EHZn. Bonnie Spacey, Jean Paul Groove eta Jonkass batu dira programaziora. Arberatzen eginen da jaialdia, Nafarroa Beherean, ekainaren 26tik 28ra. – EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalari bertze izen franko batu zaizkio. Jadanik iragarri taldeez gain, oraingoan hamahiru musika talde jakinarazi dituzte. La Chorba de Raouf, Anestesia, Ixabe, Niko Etxart, RTZ kolektiboa, Bonnie Spacey, Jean Paul Groove eta Jonkass taldeek jaialdian joko dute ekainaren 26tik 28ra bitarte. Talde horiez gain, Matah, Moonlight Benjamin, Hapa Hapa, Snapped Ankles eta ZTAH taldeak ere arituko dira festibalean, Arberatzen (Nafarroa Beherea). (argazkia: Niko Etxart, 2013ko EHZ festibalean / gaizka iroz)
Festibalaren 30. urteurrenaren karietara Zpeiz Mukaki dantza talde “mitikoak” hogei urteak ospatuko dituela zehaztu dute antolatzaileek. Bertzalde, Les Cuisinieres, Kospeistar Orkestra eta La Patina txarangek animatuko dute plaza. Gainera, urteurrenari begira igandeko ekitaldia “artista anitzen” artean antolatuko dutela iragarri dute. Musikaz gain, eztabaida xokoan jorratuko diren hitzaldien lehen zertzeladak ere jakinarazi dituzte. Munduko egoera politikoaz, kazetaritza dekolonialaz, lodifobiaz eta trans identitateaz arituko dira hizlariak. Ohi bezala, festibalak hiru egun iraungo du, eta ekainean egingo dute: 26, 27 eta 28an. Maiatz hastapena bitarte, hiru eguneko bonua 53 euroan salgai da EHZren webgunean. Epe hori finitzean, egunez eguneko sarrerak erosteko salmenta irekiko dute. Festibalean lagundu nahi duenak, izena emateko modua du hilabete honetatik aitzina. (berria-baskultur)
(2026-04-01)
PASAIA ITSAS FESTIBALA
Pasaia Itsas Festibalak euskaldunen eta Canadako herri indigenen arteko lotura berpiztuko du. Aurtengo Pasaia Itsas Festibalak euskaldunen eta Canadako herri indigenen arteko harremana eta ondare partekatua ospatuko ditu, euskal nabigazioaren urrezko garaia biziberritzeko. San Juan baleontziaren erreplikak bisitarientzat ateak irekita izango ditu. – Pasaia Itsas Festibalaren IV. edizioa datorren asteetan zehar antolatzen bukatuko dute. Aurten ospakizunak mugarri bereziak izango ditu, izan ere, San Juan Baleontziaren erreplika bisitatzeko aukera izango da eta ohorezko gonbidatuek Atlantikoa zeharkatuko dute festibalean parte hartzeko. Gonbidatuak ipar Amerikatik etorriko dira, Canadatik hain zuzen. / Argazkia: San Juan baleontziaren uretaratzea Pasaian. Maialen Andres / foku)
Maiatzaren 14tik 17ra arte egingo den Itsas Festibalak Lehen Nazioak, Inuit eta Canadako Atlantikoko itsas tradizio ezberdinen parte-hartzea izango du. Hortaz, antolatzaileek ohorezko gonbidatuen itsas kulturari eskainitako programa espezifikoa izango du, Canadako lurraldeko herri indigenen aniztasun kulturala bertaratzen direnei gertutik ezagutzeko aukera emanez. Nabigazioaren urrezko garaia biziberritzearren, ondarearen, gastronomiaren, musikaren edo artisautzaren inguruko ekimenak prestatuko direla aurreratu dute antolatzaileek. Era berean, bi lurraldeen arteko lotura historikoak zein herri indigenek harreman horretan izan duten eginkizuna balioan jarriko dituzte.
PASAIA ETA RED BAY - Jatorrizko San Juan baleontzia XVI. mendean Pasaiatik Ternuara eta Labradorrera nabigatzen zuten ontzietako bat izan zen. 1565ean egindako bidaia horietako batean itsasontzia Red Bayn (Canada) hondoratu egin zen eta bertan «kontserbazio egoera harrigarrian» mantendu zen, 1978an aurkitu zuten arte. Itsas Festibalean ikusgai egongo den San Juan Baleontziaren erreplika joan den azaroan uretaratu zuten Pasaian, jendetza handia bildu zuen ekitaldia ospatuz. Albaolak 2014an hasi zuen itsasontziaren berreraikuntza, Euskal Herriko Errenazimentuko ontzigintzaren teknika, material eta lanbide tradizionalak berreskuratuz. Itsas potentziaren urrezko aroaren parte den proiektu hau ez litzateke posible izango Canadaren ekarpenik gabe, izan ere, Selma Huxley historialariak eta Parks Canada erakundeak San Juan baleontziaren jatorrizko eraikuntza xehetasun maila handiarekin dokumentatzea ahalbidetu zuten, Albaolari baleontzia berreraikitzeko beharrezko zuen ezagutza eskainiz.
Albaolak baleontziari azken elementuak gehitu behar dizkio, 4 km-ko sokak, bi bela-joko, aingura forjatuak, bale-txalupak, kobrezko galdarak eta upelak, besteak beste. Erreplika guztiz bukatzean Canadara joan-etorria egiteko xedea beteko dute «gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiei euskal nabigazioaren balentria handiak transmititzeko gai izango den uretako museo bilakatuta». Baleontzia ez da bakarrik egongo. Antolatzaileek iragarri dutenez, IV. edizio hau orain arteko jendetsuena izango da eta ehundaka ontzi parte hartuko dute, Pasaiako badia itsasontziz betez. Festibalari bere izaera parte-hartzailea eta hurbila emateko, biztanleriari haien ontzi txiki eta ertain, tradizional zein klasikoekin izen ematera gonbidatu diote. (naiz-baskultur)
(2026-03-29)
HIZKUNTZA GUZTIZ BAZTERREAN
Kirol proba gehienak ladiniarren lurraldean egin dituzte, baina Dolomitetako jatorrizko herri horretako kideek salatu dute haien hizkuntza guztiz bazterrean geratu dela. Turistifikazioa areagotzeak ladinieraren geroan izan dezakeen eraginaren beldur ere badira. – Olinpiar izpiritua ekarri du aurtengo neguak Alpeetako hegoaldeko isurialdera, munduko kirolaririk onenak batu baititu Milan-Cortinako ekitaldiak eski-pista ikusgarrietan zein izotz-pabilioi dotoreetan. Milan hiri kosmopolitaz eta Cortina d’Anpezzo oporleku ezagunaz gain, 2026ko Neguko Olinpiar Jokoek Italiako beste zenbait eskualde alpino ere bisitatu dituzte otsailaren 6tik 22ra. Paralinpiarren txanda martxoaren 6tik 15era izan da. Halako ekitaldi erraldoien distiraren atzean, ordea, beti egoten da alde iluna, herritar arrunten iritzia eta gizartearen oinarrizko beharrak baztertzen baitira gutxi batzuen interesen mesedetan.
Kirolarien balentrien eta ahalik eta dominarik gehien irabazteko lehia patriotikoaren artean, albisteetan tartetxo bat egitea lortu dute herritarrek antolatutako protesta batzuek. Dirua modu izugarrian xahutu dela salatu dute, hasierako aurrekontua nabarmen gaindituta eta oinarrizko beharretan errekorteak eginda. Ingurumenari eragindako kalteaz ohartarazi dute beste batzuek, Alpeetako ekosistema zaurgarria kolokan jarri delakoan. Amerikako Estatu Batuetako ICEko agenteen presentzia gaitzetsi duenik ere izan da. Baina bada albistegietan aipamenik jaso ez duen beste kalte bat ere: kultura eta hizkuntza txikiek jasaten duten gutxiespena eta halako ekitaldi globalek haientzat dakarten arriskua. Cortinako jatorrizko herria diren ladiniarrek ozen salatu dute hori, baina ia inork ez die entzun. Izan ere, Neguko Jokoak Italia uniforme batean egin direla saldu diguten arren, dena italierazko lelo sinpatikoz eta bandera berde, zuri eta gorriaren kolorez apaindua, Alpeen hegoaldeko isurialdeko errealitate kulturala askoz konplexuagoa da. Cortina d’Anpezzon ez ezik, Dolomiten inguruko eskualde guztian ladiniarrak bizi dira, erromatarren garaitik mendiarekin estu lotutako bizibideari eutsi nahian. Bestetik, Olinpiar Jokoetako biatloiko probak Rasen-Antholz herrian egin dira, eta han alemanieraz hitz egiten dute gehienek, ez italieraz.
Jokoak antolatzeaz arduratu den batzordeak, ordea, ezikusiarena egin dio aniztasunari eta italiera izan da hizkuntza nagusia, ladinieraren aldeko elkarteek salatu dutenez. Nazioarteko Olinpiar Batzordearen hizkuntza ofizial diren frantsesarekin eta ingelesarekin batera, estatuko hizkuntzak hartu du espazio guzti-guztia, eskualdeko komunitate linguistikoak ezabatuz. “Gure herriaz ematen den irudia ez da erreala, benetako errealitatea beste bat da”, azaldu dio ARGIAri Chiara Olivierik, Union de i Ladis de Anpezo (ULDA) elkarteko idazkariak. Cortina d’Anpezzon (ladinieraz, Anpezo) bertako hizkuntza eta kultura babesteaz arduratzen da ULDA eta gogor salatu du Olinpiar Jokoen Batzorde antolatzailearen jarrera. “Ladinierak ez du inolako espaziorik izan Jokoetan”. Ladiniarrak izan badirela eta euren kulturaz harro daudela munduari erakusteko modu ia bakarra haien bandera izan da. ULDAk eta beste elkarte batzuek herritarrei dei egin diete bandera berde, zuri eta urdina etxe eta kaleetan jar dezaten eta erantzuna primerakoa izan da. “Bisitarien artean gure inguruko jakin-mina piztu nahi izan dugu eta, nonbait, bete dugu helburua, atzerriko kazetari askok gugana jo dutelako banderaren esanahia ezagutzeko eta elkarrizketak eskatzeko”, kontatu digu Olivierik. (jarraitu irakurtzen >) (argia-baskultur)
(2026-03-27)
PICASSOREN GUERNICA BILBORA
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Sanchezekin izandako bileran jorratu du gaia. Zehaztu du ez dutela koadroaren egoeraren inguruko azterketa bat eskatu, hura mugitzeko beharrezko baliabideen inguruko analisi bat baizik. Pradalesek 'Gernika' lekualdatzea defenditu du: «Erreparazio sinboliko eta politiko bat litzateke». – Eusko Jaurlaritzak aste hasieran jakinarazi zuen Pablo Picassoren Gernika koadroa behin-behinean Guggenheim museora lekualdatzeko eskaera egin diola Espainiako Gobernuari, eta auzi hori ere hizpide izan dute gaur Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Jaurlaritzako lehendakariak uste du «erreparazio sinboliko eta politiko bat» litzatekeela, eta gehitu du bi aldeak gaiaz hitz egiteko prest daudela. Bi argudio nagusi ditu Jaurlaritzak Gernika Euskal Herrira lekualdatzeko, behin-behinean bada ere. Batetik, lehen Eusko Jaurlaritzaren eta Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrenak izango direla hurrengo urte politikoan. Bestetik, gerra ugari piztu diren garai honetan, nazioarteari bakearen aldeko mezu bat bidaltzeko balio dezakeela. Eta biak uztartuta: «Garai geopolitiko honetan, halako aitortza batek balioko luke gerren eta diktaduren gehiegikeriak zer dakarren adierazteko». (argazkia: naiz)
Horretarako, zehaztu du lehen asmoa dela koadroa mugitzeko aukeren gaineko azterketa bat egitea. Izatez, Reina Sofia museoak —han dago koadroa— haren egoeraren gaineko azterketa baten berri eman du, eta hura mugitzearen kontra azaldu da. Pradalesek, baina, erantzun du artelanaren egoeraren inguruan museoak esaten duena ez dela berria, eta Jaurlaritzak bestelako azterketa bat eskatu duela. Koadroaren egoerari begiratu beharrean, hura kaltetu gabe nola mugitu daitekeen aztertzeko eskatu du: «Egin dezagun azterketa posibilista bat, jakiteko zer teknika, baldintza eta teknologia behar diren Gernika behin-behinean lekualdatzeko eta horrek zenbateko kostua izango lukeen». Horrez gainera, Pradalesek adierazi du, Reina Sofiak esan dezakeena albo batera utzita, eztabaida bi gobernuen artekoa dela, auzia «beste negoziazio maila» batean dagoelako. Hau da, negoziazio politikoa dela. Hala, uste du ezin zaiola koadroa Bilbora eramateko aukerari atea besterik gabe itxi. «Akats politiko larria litzateke». Horiek hala, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Ibone Bengoetxeak eta Espainiako Kultura ministro Ernest Urtasunek konpromisoa hartu zuten auziaren inguruan hitz egiten jarraitzeko. Hurrengo elkarrizketa Aste Santuaren ondoren egitekoa dute, Jaurlaritzak azaldu duenez. (berria-baskultur)
(2026-03-26)
530 HAUR ERBESTERATUTA
Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Durangaldeko hainbat elkarte memorialistek 36ko gerran erbesteratutako eskualdeko 530 haur identifikatu dituzte. Zerrendak Gerediaga Elkartearen webgunean daude eskuragarri eta herritarrak horiek osatzen laguntzera deitu dituzte. 36ko gerra tarteko Durangaldetik atzerrira alde egin behar izan zuten umeen inguruko ikerketa abiatu dute Intxorta 1937 kultur elkarteak eta eskualdeko hainbat herritako elkarte memorialistek. Dagoeneko 530 haur identifikatu dituzte; jakitun dira, ordea, zerrenda osatu gabe dutela eta herritarren laguntza eskatu dute horretarako. Deialdia zabaltzeko ez ezik, orain arte ikerketak azaleratu dituen datuen berri emateko ere baliatu dute Durangoko Kurutzesantu museoan egin duten aurkezpena. Hitza hartu dute Juan Ramon Garai Intxorta 1937 elkarteko kideak eta Gerediaga elkarteko Goiatz Pelaezek. (Juan Ramon Garai eta Goiatz Pelaez, aurkezpena hastear. / Jon URBE | foku)
Garaik azaldu du egitasmoa umetan SESBen erbesteratua egon zen adineko batek 2019an egindako eskaeraren harira abiatu zutela. Hasieran Debagoienan zentratu zuten ikerketa eta gerora zabaldu dute beste toki batzuetara. Orain, Durangaldean ari dira lanean. Azaldu du zailtasun handienetako bat izaten ari dela erbestera bidali zituzten umeen izenak jasotzen dituzten dokumentuetan sarritan ez dela zehazten haur horiek nongoak ziren eta, beraz, ezinbestekoa dela tokian tokiko elkarte eta norbanakoen elkarlana. Halaber, hainbat familiatan ez da auziaz hitz egin eta, ondorioz, ume horien ondorengoek ez dute haien ahaideek bizitakoaren berri. Pelaezek adierazi du, hain zuzen ere, Durangaldeko herri desberdinetako talde memorialistek eta norbanakoek osatzen dutela ikerketa aurrera ateratzen ari den lantaldea. «Idazkari lana» egiten ari omen dira, hots, urteetan egindako lana txukuntzen eta bateratzen.
Datuak eman badituzte ere, azpimarratu dute behin behinekoak direla eta, seguruenik, ezinezkoa izango zaiela inoiz behin betikoak direla esatea, informazioa batzeko zailtasunak tarteko. Hala ere, azaldu dute orduan Durangaldean 30.000 pertsona bizi zirela kontuan hartuta, biztanleriaren % 1 osatzen dutela erbesteratutako umeek. Horrela, momentuz identifikatu dituzten haurren artean daude Durangoko eta Iurretako –orduan herri bakarra ziren– 318 ume, Iurretako –banatu ostean– 5, Zornotzako 46, Abadiñoko 19, Atxondoko bakarra, Berrizeko 20, Elorrioko 37, Ermuako 16, Garaiko bakarra, Izurtzako 12, Mañariako 4, Otxandioko 35 eta Zaldibarko 15. Guztira, 529. Gutxi gora behera, erdia neskatoak dira eta beste erdia. mutikoak. Aipatu beharra dago Euskal Herrian zein espainiar Estatu barruan emandako migrazioen kopurua hain handia izanik, ikerketa Estatutik kanpo bidali zituzten 16 urtez azpiko umeetan zentratu dutela.
HARREMANETAN JARTZEKO ESKAERA – Haur horiek nora erbesteratu ziren ere jaso dute. 204 frantziar Estatura bidali zituzten; 178 Katalunian izan ziren, frantziar Estatutik igaro ostean; 66 Belgikan; 62 Erresuma Batuan; 6 Iparralden, frantziar Estatutik bueltan; bi SESBen eta bakarra Mexikon. Ikerketari esker ondu dituzten zerrendak Gerediaga Elkartearen webgunean daude eskuragarri. Durangaldeko jendarteari deia zabaldu diote, begiratu ditzaten eta bertan egon beharko lukeen umeren baten berri izanez gero, jar daitezen harremanetan Gerediaga Elkartearekin, This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. helbidera idatzita edo 688631081 telefono zenbakira deituta (15.00etatik 18.00etara, astelehenetik ostegunera). (naiz-baskultur)
https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20260325/36ko-gerran-erbesteratutako-durangaldeko-530-haur-identifikatu-dituzte-hainbat-elkartek
(2026-03-24)
HIRU GALIZIAR DESAGERTU ZIREN
Donibane Lohizunen. Duela 53 urte, 1973ko martxoaren 24an, José Humberto Fouz, Jorge Juan García eta Fernando Quiroga Donibane Lohizunen desagertu ziren. Irunen bizi ziren jatorri galiziarreko herritarrak ziren. Bertsio hedatuenean, 1973ko martxoaren 24an hirurak joan ziren Donibane Lohizunera Last tango in Paris (Azken tangoa Parisen) ikustera, frankismoaren zentsurak Espainian debekatzen zuen filma. Itzuleran, taberna batera sartu ziren eta han euskal errefuxiaturen batzuk espainiartzat hartu omen zituzten, liskarren bat izan eta hil zituzten. Poliziak edo zelatariak izan zitezkeela eta, nonbaitera eraman zituzten, torturatu eta hil. Hori da gertaerez garaian zabaldu zena, eta hori da gaur egun ere hedabide gehienetan ontzat jotzen dena. ETAk hildako biktima izaera ere aitortzen zaie, nahiz eta erakunde armatuak inoiz ez zituen bere gain hartu gazteen desagerpena eta hilketa.
Funtsean, eta ETAk hilketak bere gain hartu ez baditu ere, bi hipotesi nagusi daude, eta bietan errudunak dira ETA edo euskal errefuxiatuen ingurunea. Batean, ETAk edo haren bueltakoek hiru gazteak nahastu zituzten poliziekin, hil eta desagerrarazi. Bestean, egiazki polizia edo zelatariak ziren, erakunde armatuak deskubritu egin zituen, eta hil eta desagerrarazi. Saez de Santamaría Guardia Zibileko jenerala zenak, esaterako, publikoki aitortu zuen Espainiako Poliziaren zelatariak zirela Diego Carcedok kazetari espainiarrak idatzitako haren biografian. (argia-baskultur)
(2026-03-23)
ERAGOZPEN FISKALA
Errentaren kanpaina hastear denean eragozpen fiskala egitera deitu dute talde antimiltaristek. Errenta aitorpenaren kanpaina berriari begira, eragozpen fiskala egitera deitu dute talde antimiltaristek, gastu militarrek suposatzen duten dirutza salatuz eta desobedientzia zibilera deituz. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan errenta aitorpenaren kanpaina (PFEZ) iristearekin batera, eragozpen fiskala bultzatzen duten kolektiboek gastu militarraren aurkako desobedientzia zibilera deitu dute. «Gerrara bideratutako gure zergen zatia benetako bakea eraikiko duten proiektu eraldatzaileetara desbideratzea proposatzen dugu», adierazi dute. «Desobedientziarako dei hori desberdintasuna etengabe areagotzen ari den testuinguru batean sortzen da. Gastu militarraren gorakadari eta politika publikoen militarizazio progresiboari ematen diegun erantzun irmoa da. Segurtasuna eta eskubide sozialak bermatzetik urrun, joera militarista honek esparru militarrera gero eta oinarrizko baliabide publiko gehiago desbideratzea dakar, ongizate soziala murriztuz eta bizitzari eusten dioten sistemak ahulduz. Militarizazioak, oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, haustura soziala sakontzen du, eta bazterketa eta indarkeria normalizatzen dituen eredu politikoa finkatzen du», azaldu dute. (Eragozpena fiskalaren kanpainaren baitan 2024ean Bilbon egindako ekitaldia / foku)
GASTU MILITARREK GORA EGITEN DUTE – «Desberdintasun egoera horretan, Estatuaren gastu militarra 65.000 milioi eurora igo zen 2025ean, NATOk ezarritako Europako berrarmatzeak bultzatuta. Murrizketa zuzenak eragin zituen osasunean, hezkuntzan eta gizarte-zerbitzuetan, eta pobrezia eta desberdintasunaareagotu zituen; gainera, indarkeria-espiral bat sortu zuen mundu osoan», gaineratu dute. «Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere gastu militarra finantzatzen laguntzen dute, Estatuko aurrekontuei ekarpenak eginez eta beren lurraldeetan armamentu industriei lagunduz. SAPA, ITP, Sener edo Sidenor militarismoaren negozio zikinean parte hartzen duten 200 enpresetako batzuk baino ez dira, gerretatik eta Palestinako genozidiotik irabaziz», salatu dute.
«Eragozpen fiskala etorkizun alternatibo bat eraikitzeko tresna kolektiboa da. Gerra finantzatzen duten gure zergak beste hainbat helbidetara desbideratzen ditugu, mundu bidezkoaren aldeko hainbat borroka eta ekimen autokudeatuen alde: feminismoa, etxebizitza eskubidea, lan eta gizarte eskubideak, komunikazio alternatiboa, ekologismoa, ekonomia soziala, nazioarteko lankidetza, edo pertsona migratuen eskubideak, besteak beste», aldarrikatu dute. «Eragozpen fiskala ez da banakako ekintza bat bakarrik, Euskal Herriko mugimendu sozialak indartu eta diskurtso antimilitarista indartzen duen ekintza kolektibo bat baizik. Gure zergak mundu justuago eta baketsuago bat eraikitzeko inbertitzea exijitzen dugu, eta pobrezia, etxebizitza falta, osasun publikoaren hondatzea, krisialdi klimatikoa, faxismoa eta patriarkatua bezalako arazo errealen aurkako benetako defentsa», erantsi dute. (naiz-baskultur)
(2026-03-21)
FAXISMOAREN INPUNITATEA
Salatu dute Arrazakeriaren Aurkako Egunean. Bilbon eta Iruñean egin dituzte manifestazioak, eta eskatu dute migrante eta ijitoak arazo estrukturalen “pagaburu” ez bilakatzeko. – Arrazagatiko Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna “faxismoaren gorakada” eta hark bere jardunean duen “inpunitatea” salatzeko parada izan da Hego Euskal Herrian. Arrazakeriaren aurkako kolektiboek nabarmendu dute “talde neonazi eta supremazisten” mezua zabaltzen ari dela, eta hari aurre egiteko garrantzitsua dela migratzaileak eta ijitoak ez bilakatzea “arazo estrukturalen pagaburu”. Manifestazio jendetsuak egin dituzte gaur eguerdian Bilbon eta Iruñean; batetik, ohartarazteko “narratiba arrazistak” ugaritzen ari direla, eta bestetik, gizartea premiatzeko “oldarraldi erreakzionarioaren aurka bat egitera”. (Argazkia: Arrazakeriaren Aurkako Eguneko manifestazioa, Bilbon / foku)
Bilboko protesta Mariaren Bihotza plazatik abiatu da 12:00etan, eta, San Frantzisko kalean barna, Zabalbururaino iritsi dira manifestariak. Ibilbide osoan, “erresistentzia antifaxista” eta bestelako leloak oihukatu dituzte. Pankarta nagusian, zera irakur zitekeen: Gorakada arrazistaren aurrean, erresistentzia antirrazista. Ordena kolonialari sua! Horren atzetik, baina, nork bere etxean eginiko kartel eta mezu txikiagoak zeramatzaten parte hartzaile askok; horietako batzuk, arabieraz eta amazigeraz idatzitakoak. Biboko udaletxearen parean, M-21 Batzorde Antirrazistaren izenean hitz egin dute Carol Peñuelak eta Jazmin Algarinek. Esan dute, besteak beste, faxismoa mundu osoan zabaltzen ari dela, “arrazakeriarekin, kolonialismoarekin eta bestelako sistema zapaltzaileekin batera”.
“NARRATIBA ARRAZISTEN GORAKADA” SALATUKO DUTE LARUNBATEAN – Algarinek eta Peñuelak adierazi dutenez, askotan, migratzaileak eta pertsona arrazializatuak dira beren “gorputzak eta bizitzak” arriskuan jartzen dituztenak sistema zapaltzaile horiei aurre egiteko. Bazterketa egunero gertatzen dela nabarmendu dute: “Etxebizitza bat eskuratzeko prozesuan, supermerkatuan erosketak egitean, gure auzoetan... toki guztietan ari dira azaleratzen talde supremazistak, ijitoen aurkakoak, migratzaileen aurkakoak, islamofoboak”. Egoeraren larriaz ohartuta, migratzaileen ezohiko erregularizazioa “ospatzeko moduko lorpena” dela uste dute M-21 batzordeko kideek, eta “berme errealak” eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari, espedienteak azkarrago aurkeztu ahal izateko eta “traba administratiboak arintzeko”. Nafarroako Plataforma Antirrazistak antolatu du Iruñeko manifestazioa. Eguerdian abiatu da Merindadeen plazatik, eta, Karlos III.aren etorbidean eta Gazteluko plazan gora eginik, Udaletxe plazan amaitu da. Eskubide guztiak pertsona guztientzat leloa irakur zitekeen pankarta nagusian.
Manifestazioaren aurretik eginiko adierazpenetan, plataformako kide Flavia Navarretek “antirrazismoa” aintzatetsi du “borroka egiteko bide gisa”: “Arrazakeria zera da, pertsonen bizitzaren esfera guztiak zeharkatzen dituen dominazio sistema oso bat. Ez da bi aldeen arteko gatazka hutsa: egiturazkoa da, eta erakundeek eusten diote sistema horri”. Navarreteren ostean, hitza hartu du SOS Arrazakeria elkarteko ordezkari Beatriz Villahizanek. Migratzaileek eta pertsona arrazializatuek egunero sufritzen duten bazterketaren adibide batzuk aipatu ditu; besteak beste, etxebizitza bat eskuratzeko edo errolda agiria tramitatzeko garaian pairatzen dutena. “Errolda giltza da, sarbide bat, oinarri-oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko; osasun sistema, hezkuntza eta babes sozialerako neurriak, esate baterako”. Are: salatu du administrazioek “boikot” egiten diotela Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak ezarritako erroldatze sozialari: “Horren arabera, errolda agiria erraztu behar zaie alokairu kontraturik edo etxerik ez duten pertsona guztiei, baina instituzioek ez dute halakorik egiten”.
Jazarpen poliziala ere kritikatu du Villahizanek. Haren esanetan, gora egin dute migratzaileen “identifikazio arrazistak“ eta Atzerritarrentzako Brigadaren “gezurrezko zitazioak“. Horrez gain, Espainiako Atzerritar Legea baliogabetzea ere galdegin du SOS Arrazakeriako kideak, “hori baita milaka pertsona bazterrera eta irregulartasunera kondenatzen dituen arrazakeria instituzionalaren adierazpide garbiena“. Era berean, Europako Batasunaren migrazio politikak berrikusteko deia egin du, “kriminalak eta bortitzak“ direlakoan. Horren guztiaren kontra indarrak batzera deitu du Villahizanek: “Bat egin behar dugu olatu erreakzionarioaren aurka, gorroto diskurtsoen aurka eta Iparralde Global osoa blaitzen ari den faxismoaren kontra“. Zehazki, “borroka antirrazista“ gauzatze aldera, “babes eta elkartasun sareak sortzearen beharra“ Primarate du. (argia-baskultur)
(2026-03-20)
ENTRENATZAILE BERRIA
Ernesto Valverdek ez du Athleticen jarraituko datorren denboraldian. Talde zuri-gorriaren prestatzaileak bideo labur baten bidez jakinarazi du erabakia, eta “hausnartua eta aspaldi hartutakoa” dela nabarmendu du. Itxura zuen eta baieztatu da. Ernesto Valverdek ez du datorren denboraldian Athletic zuzentzen jarraituko. Hala iragarri berri du klubaren sare sozialetan zabaldutako bideo batean. “Aspaldi hartutako erabakia da, eta ondo hausnartutakoa. Klubarekin ere hitz eginda dago, eta orain denekin partekatu nahi izan dut“. Teknikariak denboraldiaren azken txanpan jarri nahi du arreta: «Hamar partida geratzen dira liga amaitzeko, oso garrantzitsuak, igande honetan Betisen aurka jokatuko dugunetik hasita. Hamar partida horietan gure helburuak bete nahi ditugu. Asko dugu irabazteko, eta zera uste dut, denek elkarrekin lortu ditzakegula».
Valverde hiru alditan izan da Athleticen entrenatzaile. Lehenbizikoz, 2003tik 2005era; bigarrenez, 2013tik eta 2017ra; eta hirugarrenez, 2022rik 2026ra. Guztira hamar urte egin ditu talde zuri-gorria entrenatzen, eta igandean, Betisen aurka, 495. partida zuzenduko du Athleticen aulkian. Urte hauetan bi titulu irabazi ditu: Espainiako Kopa - 2023-2024ko denboraldian - eta Espainiako Superkopa - 2015-2016ko denboraldian. Entrenatzaile aritutako azken aldian, Jon Uriarte presidentearen eskutik iritsi zen Athleticen aulkira. Ricardo Barkala hautagaiak ere haren alde egin zuen. Baina, azkenerako, hauteskundeak Uriartek irabazi zituen. Zuri-gorriek sei denboraldi zeramatzaten Europan jokatu gabe, eta joera hori aldatu eta taldeari egonkortasuna emateko asmoz fitxatu zuten.
Lehen denboraldian, 2022-2023an, ez zuen lortu taldea Europarako sailkatzea, zortzigarren amaitu baitzuen sailkapenean. Hurrengoan, 2023-2024ko denboraldian, ordea, bai, bosgarren amaitu baitzuen. Baina hortik harago, denboraldi hori gogoangarria izan zen talde zuri-gorriak Espainiako Kopa irabazi zuelako, eta 40 urte geroago gabarrak Bilboko itsasadarra zeharkatu zuen garaikurra ospatzeko. Iragan denboraldian, taldea Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu zuen. Laugarren izan zen sailkapenean. Talde zuri-gorriak 11 urte zeramatzan Europako kluben arteko txapelketa gorenean jokatu gabe. Hori alde batera utzita, taldeak joko ikusgarria egin zuen, eta hainbat jokalarik denboraldi bikaina egin zuten: Williams anaiek, Sancetek, Unai Simonek, Vivianek... Europan ere bazuten erronka handi bat: Europa ligarako finalerako sailkatzea, San Mamesen jokatzen baitzen. Baina urrats batera geratu ziren, Manchester Unitedek kanporatu baitzuen talde zuri-gorria finalerdietan.
DENBORALDI ZAILA - Sasoi honetan Athletici gauzak ez zaizkio nahi bezala atera. Hasieratik okertu zitzaizkion. Denboraldiaurrean jakin zen Yeray Alvarezek positibo eman zuela Manchester Uniteden aurkako joaneko partidan egindako dopin analisian. Gainera, Unai Egiluzek belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen. Lesio bera izan zuen ondoren Beñat Pradosek. Beste hainbat jokalari ere min hartuta egon dira, eta ezin izan dituzte partida asko jokatu: Iñaki eta Nico Williams, Oihan Sancet, Berenguer Yuri... Horrek eragina izan du taldearen jokoan. Ez du aurreko denboraldiko joko ikusgarria egin. Aurrean kostatu zaio golak sartzea, eta atzean ez du horren sendo jardun.
Datuak dira horren erakusgarri. Ligan 28 jardunaldi jokatu dira, eta Athleticek 35 puntu ditu. Valverdek zuzendu duen talde batek jardunaldi horretan izan duen puntu kopururik eskasena da. Iazko datuak denboraldi honetakoekin alderatuz ere, agerikoa da taldea ez dagoela ondo. Athleticek 52 puntu zituen, orain baino 17 gehiago. Laugarren zegoen sailkapenean. Orain, esan bezala, 35 ditu, eta hamargarren dago. Hiru puntura ditu Europarako postuak. Espainiako Kopan finalerdietan kanporatu zuen Realak; eta Txapeldunen Ligan, ezin izan zuen lehen ligaxka gainditu. (berria-baskultur)
(2026-03-17)
LORTU ARTE
ELAk eta LABek aldarria “oso bizirik” dagoela nabarmendu dute Bilboko Kale Nagusian bildutako milaka lagunen aurrean. Gobernuei harekiko jarrera aldatzeko eskatu diete; alderdi abertzaleei, bultza egiteko, eta patronalei, negoziatzera esertzeko. “Berandu baino lehen, gutxieneko soldata propioa lortuko dugu”. Google Mapsen arabera, Plaza Eliptikotik Jesusen Bihotzera kilometro bat dago, eta greba eguneko Bilboko manifestazioan elkartu den jendetzak osorik estali du tarte hori. Martxako burua Eusko Jaurlaritzak duen egoitzaren parera iritsi denean, irten berri ziren beste muturrean zeuden manifestariak. Kale Nagusiaren erdia da, lau erreikoa, eta, hala ere, asfalto gutxi ikusten zen hizlarien oholtzatik. Jendetza hori ikusirik —deitzaileen arabera, 45.000 pertsona—, sindikatuek ezin izan dute beren poza ezkutatu, munduan ultraeskuina indartzen ari den garai honetan Euskal Herrian hari aurka egiteko prest dagoen herri bat ikusi dutelako. Arrakastatzat jo dute protesta eguna, eta adierazi “berandu baino lehen” Hego Euskal Herriak bere soldata propioa izango duela.
Jarraipen datuen hoztasunaz gain, greba egunak Bilboko erdigunea erabat desnaturalizatu du. Alboko kaleetan denda gehienak irekita egon arren, Kale Nagusiak ez du izan egunerokoaren antzik. Piketeen eraginez, denda guztiak itxita egon dira goizean, eta pare batek kalteak izan ditu. Bilboko trafikoan eta hark sorturiko zaratan asko nabaritu da protesta, eta isiltasun horretan are ozenago entzun da goiz osoan zeruan bueltaka ibili den Ertzaintzaren helikopteroa. Tira, helikopteroa eta oihuak, batez ere manifestazioa hasi denean. Milaka lagun bildu dira protestan, eta, azken greba orokorreko deialdietan gertatu bezala, mobilizazioak oso jendetsuak izan dira. Eguzkipean egin da, eta bidea irekitzen zuten bi traktorerekin. Haien hauspoarekin, soldata propioaren aldarria “oso bizirik” dagoela nabarmendu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, grebak auzia eztabaida politikoaren erdian jarri duelako. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak bide beretik jo du: “Greba honekin, bi bideak ireki ditugu berriz: negoziazio kolektiboa eta politikoa”.
Haien agerraldietan hiru hartzailerentzako mezuak izan dituzte: Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat, EAEko eta Nafarroako patronalentzat, eta Madrilen ordezkaritza duten alderdi abertzaleentzat. Azken horiei, EAJri eta EH Bilduri hain zuzen, mintzatu zaie Lakuntza: «Herriak nekez ulertuko luke Espainiako Gobernuarekin egin daitezkeen akordioetan gutxieneko soldataren ingurukoa ez jasotzea». Halaber gogoratu du EH Bilduk, ERCk eta BNGk soldata propioaren auzia Espainiako Kongresura eramateko konpromisoa hartu dutela. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, berriz, «jarrera zentralista» egotzi die, haien autogobernua sendotuko lukeen eskumen baten alde borroka egiteari uko egin diotelakoan: “Ateak itxi dizkigute. EAJk, PSEk, eta PSNk Voxekin eta PPrekin bat egin dute, guri oztopoak jartzeko”. Confebaski ere mintzatu zaio, eta haren argudio bati erantzun dio: “Lau aldiz egin dio uko gurekin biltzeari. Esaten du gutxieneko soldatak igotzeak beste soldatak igotzea eragingo lukeela. Bada, bai, besteak beste, horixe nahi dugu”.
Enpresariak, “urduri”: Arroyok asko sakondu du erakundeei eginiko kritika. Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariari mintzatu zaio: “Aukeratu egin behar duzu: maizterrekin zaude edo putre funtsekin; soldata prekarioa duten emakumeekin edo haiek esplotatzen dituen patronalarekin; Tubos Reunidoseko langileekin edo Josu Jon Imaz edo Jose Antonio Jainaga enpresari oligarkekin. Aldaketaren gobernua izan behar zuena Urkullurenaren ordezko bihurtu da”. Autogobernua aldatu behar dela nabarmendu du, haren ustez “partziala” delako: “Autogobernua eskuzabala da enpresariekin eta zekena langileekin. Nola da posible zergak hobetzeko aukera izatea eta ez gutxieneko soldata ezartzeko?”. Gai berean, gehitu du burujabetza nahia eta nazio aitortza langileen eskubideen alde jarri behar direla.
LABeko koordinatzaileak esan du enpresariak “urduri” ikusten dituela, eta horren isla dela negoziazio mahaietan soldatak igotzen ari direla. Martxoaren 24an bilera bat dutela gogoratu dio Confebaski, eta jakinarazi dio aurretik emandako ezezkoek sindikatuak indartu baino ez dituztela egin. Halaber, ohartarazi du Euskal Herrian negoziatzea ez dela Espainian negoziatzea bezala: “Han, sindikatu batzuek atzera egiten dute ezezkoa jasotzean. UGT eta CCOO ezertarako balio ez duen negoziazio mahai batera kateatuak daude, ez dute aurre egiteko indarrik; baina hemen bai, hemen sindikalismo ahaltsu eta duin bat dago, borroka egiten dakiena eta borrokarako prest dagoena”. (berria-baskultur)
(2026-03-16)
BETIKOAK
Argia, Euskararen defentsan: Nerabe nintzela, ikasteaz gain euskaraz bizitzea erabaki nuenetik –erabakia izan badelako, eta politikoa–, bizitzaren esparru guztietan pairatu ditut hautu horrek dakarren zailtasun eta mespretxu saldoa. Oztopo horiek izen eta abizen berak izan dituzte atzean: Espainiako estamentu politiko eta juridiko guztiak, eta haien tokiko defendatzaileak. Nire herrian, Barakaldon, azken hamarkadetan bi gailendu dira nabarmen: PSOE eta CCOO. Oso ondo antolatuta, Espainiako Justizia ustela lagun, bigarren mailako herritar gisa baztertu gaituzte, zer eta berdintasunaren izenean. Hizkuntzak bai, baina inposiziorik gabe zioten, adibidez, mende honen hasieran Korrikaren kultur ekitaldiak espazio publikoetan egitea debekatu zigutenean.
Urteak pasa dira eta euskaraz bizitzeko eskubidea defendatzen jarraitzen dugunok “betikoak garela eta ondo ezagutzen gaituztela” esaten jarraitzen dute euskarafoboek. Eta bai, euskaldunon eskubideen aurkako militanteen aurrean paratzen jarraitzen dugu. Paparrean progreren pina jantzita mozorrotu nahi badute ere, guk ere ondo baino hobeto ezagutzen ditugulako. Haiek antolatuta daude, baina zorionez, euskaltzaleak ere berrantolatzen ari dira inoiz desagertu ez den zapalkuntza erregimenaren aurka. (Argazkia: Errenteriako CCOOren egoitzaren aurrean protesta, Gari Garaialde. Testua: Axier Lopez) (argia-baskultur)
(2026-03-15)
INOIZ BAINO MOTIBO GEHIAGO
NATO gaitzesteko “inoiz baino motibo gehiago” daudela nabarmendu dute ehunka lagunek Iruñean eginiko manifestazio batean. Aktibazio eta antolakuntza politikoa sustatzera deitu dituzte herritarrak, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo dute begiradak zorroztea eta “NATOren aurpegi guztiak” ikusaraztea. – Ezezkoak ez duela batere pitzadurarik izan agerian utzi dute Iruñeko karriketan barna protestan ibilitako ehunka lagunek: 1986ko martxoaren 12an Hegoaldean eginiko erreferendumeko emaitzek bistaratu zuten bezalatsu, orain ere ezetz, ez dutela NATOren parte izan nahi. Manifestazioa egin dute mezu hori ozentzeko, sinetsiak baitira, hain justu, bozketa hartatik berrogei urte joan diren honetan ere tinko eutsi behar zaiola Ipar Atlantikoko Itunaren kontrako kontzientziari: “Bake faltsu eta abstraktua saltzen digute, baina guk argi daukagu mugimendu antiinperialista eta internazionalista sendotzea dela aukera bakarra”.
Manifestaziora 80 eragilek baino gehiagok deitu dute: hala nola OTAN Ez plataformak, Askapenak, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Bilgune Feministak, EHGAMek, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta hainbat herritako gaztetxe eta gune autogestionatuk. Jardun koordinakundeko kide Ainhoa Urkiolak egin ditu euskarazko adierazpenak mobilizazioaren atarian, harenak dira “bake faltsuari” buruzko hitzak ere, eta askotariko talde eta eragileen indarrak metatzeak daukan inportantzian ere egin du azpimarra, preseski: “Gizartearen asimilazioa gorenean dagoen honetan, guztiz beharrezkoa da komunean ditugun puntuei heldu eta bat egitea, ahalik eta garbien esateko NATOri ezetz, ahalik eta gehienen eskutik”.
“Gizartearen asimilazioa gorenenean dagoen honetan, guztiz beharrezkoa da komunean ditugun puntuei heldu eta bat egitea, ahalik eta garbien esateko NATOri ezetz, ahalik eta gehienen eskutik”
NATOri ez! izan dute manifestazioko lelo nagusia, eta mezu horixe bera izan da bidean, hasi eta buka, gehien entzun diren txilioetako bat. Edonola ere, inperialismoa “suntsitu” beharra ere izan dute ahotan protestara atera direnek, besteak beste, eta bereziki ozen aditu dira, era berean, palestinar erresistentziaren aldeko aldarriak eta sionisten kontrako oihuak. Eta gerren biktimei elkartasuna adierazi ez ezik, gatazka armatuen lehenbiziko txinpartak non pizten diren ere nabarmendu dute zenbaitek, garratz: “Hemen, hemen, hemen; gerrak hemen hasten dira”. Baluarte auditoriumaren parean abiatu dira, eta hura izan dute helmuga ere, euripean ordubete eskaseko ibilbidea egin ondoan. Bukaerara ailegatzear zirelarik, “Euskal Herria, internazionalista!” zioten oihu ozenak txalapartaren doinuarekin teilakatu dira airean —Naiara eta Maddi Urkijo ahizpek jo dute—, eta, segidan, Eneko Lazkozen bertsoek egin diete harrera manifestariei. “Orain 40 urte/ behar zen bezela/ hemen ezetz esan zen/ ezin zen bestela/ ta esan genezake/ demostratu dela/ herri txiki zahar honek/ arrazoi zuela”.
GERRAK, IRABAZIEN MESEDETAN - Hondarrean irakurritako komunikatuan, zurian beltz azaldu dituzte NATOri kontra egiteko dauzkaten motiboak. “Ez dago errealitateari erreparatu besterik”, ohartarazi dute, irmo. Nabarmendu dute “ziurgabetasuna, ezegonkortasuna eta indarkeria” direla nagusi nonahi, eta munduan piztuak diren eta NATO esku hartzen ari den zenbait gatazka ekarri dituzte akordura: Errusia, Txina, Iran, Venezuela, Kuba eta Palestina, besteak beste. Funtsean, azaldu dute bistakoa dela indar kapitalistak gerra baliatzen ari direla irabaziak eta baliabideak lortzeko eta erreserba energetikoak eta hornidura kateak kontrolatzeko. “Inperialismoa bere hegemoniari eutsi nahian ari da, hedatzeko borrokan, AEBak buru dituela eta aliatuak ondoan: Europar Batasuna eta NATO, haren beso armatua”.
“NATO DA INTERES KAPITALISTEN ETA INPERIALISTEN BESO ARMATUA” - NATOren “aurpegi guztiak” ikusarazi beharra dagoela ohartarazi dute, gainera, eta azpimarratu dute Euskal Herrian ere aise antzeman daitezkeela inperialismoaren ondorioak. Bardeako poligono militarrak bere horretan segitzen duela ekarri dute gogora, adibidez, eta oroitarazi Euskal Herrian badirela armagintzarekin lotutako negozioetan jarduten diren zenbait enpresa; Sidenor, CAF eta Dassault Aviation aipatu dituzte. Urgentziaz erantzun beharra dagoela nabarmendu dute manifestazioaren deitzaileek. Aktibazio eta antolakuntza politikoa sustatzera deitu dituzte herritarrak horretarako. “Euskal Herri internazionalista eta antiinperialista bat behar dugu, NATOri ezetz esango dion Euskal Herri bat, militarizazioari aurre egingo diona, eta inposatu nahi diguten ofentsiba inperialistaren aurrean atzerapausorik emango ez duen Euskal Herri bat”. (argia-baskultur)
(2026-03-14)
PASAIAKO HILKETAK ARGITZEA
Justizia zor zaie oraindik Pasaian akabatutakoei, baina biderik ba al da? Poliziak ez zituen bakarrik lau euskal herritar hil Pasaiako badian; egia eta justizia betirako lurperatzen ahalegindu zen gero. Gertatutakoa ofizialki argitu ahal izan da azken urteotan, biktimak aitortu ere bai. Eta justizia? Horretaz jardun dute hiru adituk Azpeitian. 41 urte igaro ziren José Mari Izura, Pedro Mari Isart, Rafael Delas eta Dionisio Aizpuru Pasaian akabatu zituztenetik Lakuako Gobernuak biktima gisa onartu zituen arte, iaz. Baina horrekin ez da senideen bidea amaitu, ezta Egiari Zorrena ere. Izan ere, fundazioak Azpeitian egindako mahainguruan nabarmendu duenez, “Justiziak ez du oraindik familia hauen atea jo”. Honen gainean jarri dute azpimarra larunbat honetan, badiako sarraskiaren 42. urteurrenaren bezperetan. Bertha Gaztelumendi kazetaria, Jon Mirena Landa katedraduna eta Iratxe Urizar abokatua eseri dira mahai baten bueltan, helburu horretara nola hurbildu hausnartzeko. (Jon Mirena Landa, Iratxe Urizar eta Bertha Gaztelumendi, senideekin batera mahai ingurua hasi aurretik | Foku)
Gertatukoari buruz zalantza askorik ez dago jada, EHUko Unesco Katedrak eginiko ikerketaren ondoren. Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideeen aurkako “segada” aldez aurretik prestatua zen eta “nahita hil” zituzten, “graziako tiroak” ere agerian geratu zirelako. Landak erantsi duenez, “ez zen, gainera, gauza isolatua izan; testinguruari erreparatuta patroi bat zegoen” Estatuaren partetik. Gauzak honela, Nazio Batuek markatutako “errepide-orria: egia, justizia, erreparazioa” aplikatu behar zaie. Ez soilik egia eta erreparazioa, justizia ere bai. “Poliziak ez zituen bakarrik pertsona hauek hil; ikertzeko prozesua ez zuen batere lagundu”, oroitarazi du EHUko katedradunak. Zertzelada batzuk emateagatik, polizia-argiketan hasieratik “ez dago armak erabili izanaren zantzurik”, Pasaiako txostena (“inspección ocular” delakoa) ez zen agertu, autopsiek eskatzen zituzten ikerketa hariak ez ziren garatu… Justizia Administrazioari dagokionez, hiru hilabetetan arbitxatu zuten auzia, 1984ko uztailerako, eta 2000. urtera arte ez zen berrirekiko: 16 urte ezer ikertu gabe. Ondorio agerikoena: hiltzaile zuzenak nortzuk izan ziren jakiterik ez da lortu.
Justiziaz ari bagara, “fiskaltza sozial” modura jokatu nahi duen GEBehatokiak badu zeresanik. Nazioartean ibil daitezkeen bideak azaldu ditu Iratxe Urizarrek. “Epaiketarik gabeko exekuzioak” aztertzen dituen batzordea izan bada, esaterako, eta errelatore berezia ere bai. Pasaiakoa bertan aipatu dutenean, “oso deigarria egiten zaie oraindik ere hau ikertzeko erresistentziarik izatea” Estatuaren aldetik, aipatu du abokatuak. 1984ko kasu hau “interes handiz” hartu dutela azaldu du, Bertha Gaztelumendiren galderei erantzunez. Errelatoreak komunikazio “luzea eta zorrotza” helarazi zion Estatu espainolari 2024an, azalpenak eskatuz. Madrilen erantzuna oso eskematikoa izan zen, ordea, auzitegietan izandako artxibatzeak banan-banan aipatuz, besterik gabe.
“Lanean segitzea” besterik ez dela nabarmendu du GEBehatokiko kideak, dauden “gabeziak” gainditu arte. Zailtasun guztiak onartuta, bere aurreikuspena ez da ezkorra: “Duela urte gutxi ez genuen espero biktimen aitortza hau izango genuela”, argudiatu du. Peio Aizpuru senideak hitza hartu du ondoren, beste aldagai bat mahai gainean jarriz: “Sekretu Ofizialen Legea altxatzea bideetako bat izan daiteke”. Arau horren funtzioa, azken finean, hiltzaileak babestea dela oroitarazi du. Eta Felipe Gonzalezen hitz batzuk ere ekarri ditu gogora: “Ni hay pruebas, ni las habrá”. Hurrengo igandean, hilak 22an, urteroko oroimen ekitaldia izango da Azpeitiako Plazan, 12.30tan, Xabi Solanoren parte hartzearekin. (naiz-baskultur)
(2026-03-13)
TORTURA NAFARROAN
Guardia Zibilak eta Poliziak torturatutako beste zortzi nafar aitortu dituzte, erdia emakumeak. Rosa Iriarte, Itxaso Torregrosa, Ramon Lopez, Ikerne Indakoetxea, Ainara Gorostiaga, Imanol Larrañaga, Victoriano Lopez de Goikoetxea eta Iñaki Goñi “giza eskubideen urraketen biktima” modura aitortuak izan dira, 1975 eta 2009 artean espainiar poliziek torturatu zituztelako. (Ainara Gorostiaga da torturaren biktima gisa aitortua izan denetako bat. Iñigo Uriz / foku)
Iñaki Goñi Zubiri, Brigada Politiko Sozialak torturatua 1975an, Victoriano Lopez de Goikoetxea Bengoetxea, Guardia Zibilak torturatua 1981ean eta 1984a, Imanol Larrañaga Alberdi, Guardia Zibilak torturatua 2001ean, Ainara Gorostiaga Eskubi, Guardia Zibilak torturatua 2002an, Ikerne Indakoetxea Barberia, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2003an, Ramon Lopez Cid, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2003an, Itxaso Torregrosa Arteaga, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2009an, eta Rosa Iriarte Laset, Guardia Zibilak torturatua 2010an, indarkeria politikoaren biktima bezala aitortuak izan dira. Denak torturak jasateagatik izan dira “giza eskubideen urraketen biktima» modura aitortuak.
Nafarroako Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak aste honetan egin dituen zortzi aitortza berriak «positiboki» baloratzen du Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen duten Egiaren garaia da dinamikak. “Ebazpen hauek urrats garrantzitsua dira estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko”. Duela hilabete, Ainara Gorostiagak, ostiral honetan torturaren biktima gisa aitortu dutenetako batek, sortu duten sarearen garrantzia nabarmendu zuen NAIZi egindako elkarrizketa batean. “Lehen oso modu bortitzean bizi nuen tortura. Niri bakarrik zegokidala zirudien. Sarean nagoenetik, sentimendu hori partekatua da, eta, beraz, ez hain mingarria”, adierazi zuen.
Ebazpen hauekin 122 pertsona dira orain arte Foru Lege honen esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak, Egiari Zor eta Torturatuen Sareak eskura dituzten datuen arabera. “Hala ere, argi adierazi nahi dugu Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzea ezinbestekoa dela, egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri izango dituen etorkizuna eraiki nahi badugu”, adierazi dute ohar baten bidez. Ohar honen bidez, azpimarratu nahi dugu ere Errekonozimendu eta Erreparazio batzordeak ofizialki aitorturiko zortzi pertsonak torturak jasateagatik aitortu direla “giza eskubideen urraketen biktima” modura. (naiz-baskultur)
(2026-03-12)
FUKUSHIMAK 15 URTE
Hondamendia ez da amaitu, ondorioek hor diraute. Japoniako agintariek hondamendi nuklearra «konpontzear» eta kontrolpean dagoela diote, baita, herrialdearen historia eta geologia kontuan hartzeke, energia nuklearraren aldeko apustua bikoiztuko dutela ere. Herritarren lekukotzek, ordea, besterik diote. Hori baitu erradiazioak: ondorioen irauna. Ez da iraganeko gertaera bat, ez da 2011. urteko martxoaren 11ko hondamendi hutsa, ez. Hor jarraitzen du eta hor jarraituko du urte askoan ezbehar hark. Ekaitzek ez dutelako zesio-137a eta estrontzioa garbitzen, milaka urte beharko direlako horretarako. Fukushimako arroza ez delako urteetan jangarria izango. Inguruko herriak mamu-herriak izango dira, ihes egin zuten biztanleak ez dira bueltatuko, eta bizi osoan berdintsu jarraituko dute, larriminez, tiroideak etengabe ukituz, kontrolatuz.
Duela 15 urte Fukushima Daiichiko zentral nuklearreko hiru erreaktore urtu egin ziren, 9,0 magnitudeko lurrikara batek eta tsunami batek erreserbako sorgailuak eta erregai nuklearrez kargaturiko erreaktoreen hozte-bonbak txikitu ondoren. Laugarrena erregai nuklearrik gabe geratu zen, ondoko unitateko hidrogenoz betea, eta beste hirurekin batera lehertu zen. Japonia suntsitu zuen olatuak 20.000 pertsona hil zituen, eta askoren gorpuak itsasoan galdu eta ez dira inoiz berreskuratu. Erradiazio mailak bat-batean igo zirenez, inguruko herrietatik 160.000 pertsona ebakuatu eta zentral nuklearretik 20 kilometrora esklusio eremu zorrotz bat ezarri zen. Elur ekaitz bitxi bat balitz bezala, zesio-137az eta beste erradionukleido batzuez bete ziren hango bazterrak.
Segurtasun irudipen faltsua - Hondamendi hura kontrolatzeko borrokan jarraitzen dute, istripu nuklear bat ez baita inoiz amaitzen. Baina egia gutxi edo deus esaten da horretaz. Izan ere, lobby nuklear boteretsuaren estrategia komunikatiboa gezurrekin trafikatzen saiatzen da, eta dena kontrolpean dagoela esanez segurtasun sentsazio (faltsu) bat hedatzen du. Industria nuklearrean munduan inoiz gertatu den hondamendi latzena 54 erreaktore zituen herrialde aurreratuan gertatu zen. Japoniako energiaren heren bat hornitzen zuten. Erreaktoreak konpontzeak, hondakinak biltzeak eta esklusio eremua berreraikitzeak guztira baliteke bilioi bat eurorainoko gastua izatea. Hala ere, geologiaren kontra, urtean mila lurrikara baino gehiago dituen herrialdean, erreaktore nuklear berriak eraiki nahi ditu gobernuak.
Hurrengoari ateak irekiz - Arroza, arrantza, turismoa... denak jarraitzen du gainbeheran Fukushiman. Bertako jendea baztertuta sentitzen da. Eta zenbaitek diote Fukushimako errefuxiatu atomikoak hibakusha berriak direla (Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketa nuklearrak kalteturikoei esaten zaie hala). Are, Fukushimakoa hirugarren bonba nuklearra izan zela diotenak ere, kasu honetan Japoniak bere buruari jaurtitakoa. Urteotan, Fukushima kudeatzen zuen Tepco konpainia, mozkin korporatiboak segurtasun publikoaren gainetik jartzeagatik epaiketara eraman duten guztietan, errugabe dela ebatzi dute. Hurrengo hondamendi nuklearrari, erokeria atomikoari berari, ateak zabaltzen dizkio horrek. (naiz-baskultur)
(2026-03-10)
EUSKARA ESKUBIDEEN AURKAKO KANPAINA
'Argia'-k argitaratutako 'Nor dago oldarraldiaren atzean?' kazetaritza lanak „frogen“ bidez erakutsi du euskara eskakizunen aurka abiatutako hainbat prozedura judizial artifizialak direla. Hasiak dira agerian utzi duena salatzeko erreakzioak. Ehundik gora epai metatu dira urteotan administrazio publikoek ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra. Usu, zenbait sektorek adierazi dute beren lan eskubideen alde ari diren langileek abiarazitako auzibideen ondorioa direla sententzia horiek. Kontrako susmoak ere egon dira, ordea. Eta gaur Argia-k plazaratu duen kazetaritza lan batek egiaztatu du salaketa horien atzean „kanpaina antolatu bat“ dagoela.
Hala salatu du ELA sindikatuak gaur gaiari buruz plazaratu duen erreakzioan. LAB sindikatuak ere salaketa egin du: „Administrazioaren euskalduntzea oztopatzeko, langileen erabilera interesatua egiten ari dira hainbat eragile“. Gaiaren gaineko ohartarazpena maiz egin izan dutela gogoratu du, eta frogen bidez egiaztatu dela orain gertatzen ari dena. „Oldarraldi judizialaren atzean euskararen normalizazio prozesua geldiarazi nahi duten pertsona eta eragileen interesak daude“. Hori erakusten du, hain justu ere, gaur argitaratu duten Nor dago oldarraldiaren atzean? kazetaritza lanak. Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) lehengo astean eten zuen lan deialdi bat da lanaren abiaburua. 25 administrari lanpostu hautatzeko zen, eta C1 euskara maila ezarri zuen guztientzat. Erreportajeak egiaztatu du propio „euskararen aurkako talde antolatu batek“ bota zuela atzera deialdi hori.
Hain justu ere, zenbait audioren bidez frogatu dute auzibidea abiatu zuenak ez zuela interesik eta premiarik lan deialdi horretan parte hartzeko, eta lan deialdia gerarazteko asmoz egin zuela urratsa, era antolatu batean. Ikerketa lanaren arabera, helegitea aurkeztu duen herritarra propio „Osakidetza barnean antolatutako Unidas por la Libertad Linguistica“ plataformako kidea da, eta lanpostu finkoa du Osakidetzan. Kazetaritza lanak talde horren jardunaren berri eman du. Haien webgunean zer jasota duten gogoratu du: „Osasun arloko 685 kideko profesional talde bat gara, eta 1.927 sinadurarekin, bat egin behar dugu euskararen hizkuntza-eskakizunen politikari buruzko kezka sakona adierazteko“. Kezkaz harago, ordea, ekintzaz ere nola jarduten duten erakutsi du Argia-k. 722 kide dituen whatsapp talde bat dutela jakinarazi du, eta hor administratzaile ari denetako bat —Maria Isabel Veiras Nogueira— dela, zehazki, Errenteriako Udalak aurkeztutako lan deialdiaren kontra egin duena. Propio talde horretako hainbat hizketaldiren berri eman dute erreportajean.
MEZU ARGIGARRIAK - Ikerketa lanean egiaztatu dute urtarrilaren 2an Errenteriako Udalak abian jarrita zuen LEParen informazioa bidali ziela Vierasek Whatsapp taldeko kideei; eskatu zien aurkezteko lan deialdira, nahiz eta lanpostua eskuratzeko inongo interesik ez izan. Jasota daude horren berri emateko idatzi zituzten mezuak. Argigarriak dira, eta artegagarriak. Halaxe diote. Hizkuntza eskakizunaren kontra egiteko dira: „Ikusi dezakezuenez, jada ez dute bigarren hizkuntz eskakizuna (B2 maila) galdegiten, zuzenean C1era pasatu dira. Onartuko dugu?“. Eta kontrako helegitea jar dezakeen norbait bilatzeko: „Bada norbait taldean Batxilergoa duena, eta C1a ez den mailaren bat duena?“. Eta erraztasunak erabatekoak direla nabarmentzeko: „Izena eman eta helegitea jarriko duen norbait beharko litzateke, ez da beharrezkoa azterketara joatea ere“.
Hala nola erantzuten dioten helegitea jartzea aztertzen ari den erabiltzaile bati: „Olee! Ba oso ondo dator zure egoera LEP hori atzera bota eta B2 baino gehiago eskatu ez dezaten“. Hala Vierasek berak nola argudiatzen duen zergatik emango duen izena lan deialdi horretan: „Nik inpugnatuko badut ez da interesa dudalako. Nik lanpostua badut jada ospitalean“. Eta horra zer argudio eman zion helegitea jartzea aztertzen ari zenari: „Zenbat eta gehiago hobe“. Eta bidea erraztu besterik ez diotela egingo esan zion: „Abokatua dohainik da. Eta epaiketarik ez dago. Anonimoa da“. Argia-ren arabera, azkenean Vierasek bakarrik aurkeztu zuen helegitea. Kazetarien galderei erantzunez, azaldu du hori egiteko „beldur“ den jendea „laguntzeko“ egin duela. Ukatu egin du plataforman helegitea jarriko zuten pertsonen bila aritu denik. „Gu ez gara jende bila aritzen, guri jendea etortzen zaigu [laguntza bila], ezberdina da“.
INTERES „LEGITIMORIK“ GABE - Kazetaritza lanak agerian utzi duena oso larria dela adierazi du ELAk. „Gure hizkuntza eskubideak urratu dituzten epai asko pairatu ditu euskaldunon komunitateak azken urteetan, eta horien jatorrian zeuden demandetan askotan ez da izan interes legitimorik zuen pertsonarik“. CCOO eta UGT sindikatuak eta Osakidetzako langileek abiarazitako Unidas por la Libertad Linguistica „sasiplataforma“, hain justu ere, „iruzur prozesal“ horien adibide direla esan du. „Euskaldunok pairatzen dugun zapalkuntza ez da ausazkoa, guztiz sistematikoa baizik, eta arduradun politiko eta sindikalak dauzka“. Oldarraldi horri aurre egin behar zaiola esan du ELAk, eta erakunde horiekiko „elkarlan normalizatuaren bidez“ ezin dela haien jarrera „zuritu“.
LABek gogoratu du „berme legal sendoak“ behar direla oldarraldia gerarazteko. Eta zuzenean jeltzaleei egin die eskea: „LABek EAJ interpelatzen du euskararen kontrako PSE eta CCOO binomioari men egiteari utz diezaion“. EH Bilduko legebiltzarkide Iosu Aztiriak ere hizpide izan du gaur gaia. Kazetaritza lanak egiaztatu duen horren „larritasunaz“ ohartarazi du, erakusten baitu „antolatuta“ dagoela euskararen aurkako oldarraldia. Gainerako talde politikoek ere salatu egin behar dutela esan du. Iñigo Ansola EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, berriz, beharrezkotzat jo du berme juridikoa emango duen arau bat sortzea: „Horrelako gauzak gertatu ez daitezen, jendea horrela antolatu ez dadin, derrigorrezkoa da berme juridikoa emango digun araudi bat lortzea, non horrelako helegiteek lekurik izango ez duten“. Ansolak erantsi du negoziazioak „mardulak“ izaten direla, baina „borondate kontua“ dela: „Balego, ziur nago ados jarriko garela“. Akordio hori EH Bildurekin egin behar ote den galdetuta, uste du „sentsibilitate desberdinetako adostasun bat“ izan beharko dela „benetan etorkizunik edukitzea“ nahi baldin badute. (berria-baskultur)
(2026-03-09)
EUSKARAREN EZAGUTZA UNIBERTSALA
... aldarrikatu du Korrikak. Aurkezpen soziala egin dute Iruñean, eta helmuga nagusi bat nabarmendu dute: euskararen komunitateak «izaera irekia eta askotarikoa» izatea. Atzerako kontua: hamabortz egun bertzerik ez. 2.180 kilometro egiteko prest da Korrikako furgoneta, eta halatsu daude haren barnean —eta kanpoan— joanen direnak ere. Behin azken eginbeharretan sartuta, fase berri bat abiatu du AEK-k gaur: aktibazioarena. Hargatik elkartu dira Iruñean, 24. Korrikaren aurkezpen sozialean. Ez dute zalantzarako tokirik utzi furgonetan: «Euskararen erabilera unibertsala zor zaio euskaldunon komunitateari», erran du Xabi Gartzia AEKren Nazio Kontseiluko kideak. Eta helburu hori lortzeko «ezinbestekoa» da Korrika, Euskal Herri osoan eta herritar guztiek «euskaraz eroso bitzeko eskubidea» aldarrikatzen duelako, bertzeak bertze. Baina hizkuntza politika eta erremintak aldatu behar dira horretarako: «Ausartak, sendoak, doakoak, eta eskuragarriak izan behar dute, hezkuntza transmisioa eta helduen euskalduntzea bermatuko dutenak».
Antolatzaileek ez dute ausaz aukeratu aurtengo leloa: Euskara gara. Izan ere, komunitatearen «izaera irekia eta askotarikoa» azpimarratzea izan dute xede, eta, batez ere, «euskararen herrian denontzako tokia» dagoela erakustea. Halaxe erran du Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak: «Euskara ez da muga, arnasa baizik. Zubi gisa landu behar da, kohesio sozialerako tresna moduan». Bi gauza baita Korrika: jaia eta aldarria. Eta ez baita folklorea, «baizik eta euskara». Elordik Korrikan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, eta korrikaren mezua «urte osoan» zabaldu dezatela eskatu die. «Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta guztion esku dago eragitea; denoi dagokigu euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzea». (berria-baskultur)
(2026-03-08)
ERREPRESIO FRANKISTA EMAKUMEEN AURKA
Ahanzturatik plazara: errepresio frankista jasan zuten Eako emakumeak gogora ekarri dituzte. Errepresio frankista jasan zuten Ea, Natxitu eta Bedaronako emakumeak ahanzturatik atera dituzte udalerriko elkarteek udaletxean egindako erakusketa eta berbaldi baten bitartez. Izan ere, bigarren pisua izan zen Emakume Abertzale Batzaren egoitza 1937ra arte. Ea udalerriko Herriko Andrak talde feministak eta HEA Kultur Elkarteak errepresio frankista jasan zuten emakumeak ahanzturatik atera ditu. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, memoria ariketa jarri dute martxan eta hainbat ekimen egin dituzte asteburu honetan. «Aurten 90 urte betetzen dira 1936 urte Itzel hartatik. Gure memoria astindu behar genuela eta behingoz bisibilizatu eta gogora ekarri behar genituela urte haietako gertakizunak eta protagonista biktimak pentsatu genuen Ean», adierazi dute antolatzaileek. (argazkia: Bilboko Orue Txaletean errepresio frankista jasan zuten emakumeen omenez jarritako plaka. / foku)
Hilabeteko lana dago honen atzean. Artxiboak ikertu eta arakatu; etxeetako ganbaretan bilatu eta herriko nagusiekin elkarrizketatu... «Konturatu gara emakumeak askoz gutxiago ikusi izan direla publikazioetan. Hala ere eta ezkutuan egon arren aurkitu ditugu hemeretzi andreren izenak, errepresioa sufritu zutenak», diote. Hala, larunbat eguerdian ‘Ea, Natxitu eta Bedaronako emakumeak 1936an’ berbaldia eta erakusketa egin dute udaletxeko Pleno aretoan. Izan ere, udaletxeko bigarren pisua izan zen Emakume Abertzale Batzaren egoitza 1937ra arte. Tropa frankistak sartu arte, bertan elkartu eta antolatzen zituzten hainbat ekitaldi kultural, sozial eta politikoak euskaraz, euskalzaletasuna eta euskara oinarri. 1937ko apirilaren 28an, Alemaniako Condor Legioak Gernika bonbardatu eta bi egunera, tropa frankistak Eara sartu eta emakume abertzale horien errepresioari ekin zioten. «Jakin izan dugu maistra bat depuratu zutela. Beste andra batek isun handi bat ordaindu behar izan zuela ilea ez mozteko...». 13 emakume Bilboko Larrinaga eta Orue kartzeletara eraman zituzten.
ORUE, EMAKUMEZKOENTZAKO KARTZELA BILBON – Larrinagak eta Oruek osatu zuten Bizkaiko emakumeen aurkako errepresio penalaren funtsezko egitura, eta 1937tik 1942ra bitartean 3.000 emakume inguru giltzapetu zituztela kalkulatu da. Tropa frankistak Bilbon sartu zirenean, ez zegoen emakumezkoen espetxerik. Hartara, Larrinagako gizonezkoen kartzelan sartu zituzten, ‘laugarren galeria’ izeneko eraikinean, baina saturazio-arazoek, osasungarritasunik ezak eta horrenbeste preso artatzeko bitartekoen eskasiak beste kokapen bat bilatzera bultzatu zuten. Zabalbide kalean eta Larrinagatik 400 metro eskasera kokatuta zegoen Orue Txaleta aukeratu zuten horretarako. Santutxu biztanleria txikiko auzoa zen garai hartan, eta Bilboren goiko aldean zegoenez, hiriarekiko nolabaiteko isolamendua errazten zuen. Gainera, etxea hutsik zegoen, gerran konfiskatu baitzuten. Emakume preso askok, gaizki elikatuta eta baldintza penagarrietan pilatuta, torturak, bortxaketak eta bestelako umiliazio publiko eta pribatuak jasan zituzten, heriotza barne. Horren harira, beren-beregi gogoratu behar da 11 emakume bizkaitar exekutatu zituztela Orue Txaleta emakumeen espetxe izan zen denbora-tartean.
«EMAKUME HORIEK BISIBILIZATUKO DITUGU» - Gaurko erakusketan, aretoaren hormetan jarriko dituzte hainbat dokumentu eta argazki, garai haietakoak, eta protagonista izan ziren emakume errepresaliatuenak. Izan ere, garaiko prentsan Eako andreek idatzitako artikuluak ere aurkitu dituzte. «Emakume horiek bisibilizatuko ditugu, ezagutuko dugu egin eta sufritu zutena eta familiei ahotsa emango diegu, helburuak horiexek baitira: ezagutu eta transmititu, ondorengoek jakin dezaten eta aurreikus dezaten gaur egun berriro datorren arriskua», adierazi dute antolatzaileek. Horrez gain, ikurriña berezi bat ere eraman dute erakusketara. «Garai horretan emakume batek bordatutako ikurriña da. Ezkutatu beharrean zegoenean kide bati eman eta honek berrogeita hamar urtez lur azpian gordeta izan zuen», azaldu dute. (naiz-baskultur)
(2026-03-06)
NATOren AURKAKO MANIFESTAZIOA
AHT Gelditu! Nafarroa plataformak heldu den martxoaren 14an Iruñean NATOren “inperialsimo genozidaren” aurka egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Abiadura handiko trenbide korridoreak helburu militarretarako egokitzeko gastua salatu eta herrien subiranotasunaren alde egin du. Euskal Herriako NATOri ezetz esan zion erreferendumaren 40. urteurrenaren bueltan hainbat eragile internazionalista eta antiinperialistak manifestazioa deitu dute Iruñean, martxoaren 14an. AHT Gelditu! Nafarroa ere deitzaileen artean dago eta bertan parte hartzeko deia egin du, «herrien subiranotasunaren etsai den NATOren inperialismo genozidaren aurrean». (irudia: Abenduan aurkeztu zuten martxoaren 14ko manifestazioa Iruñean. / foku)
Plataformak ohar batean gogoratu duenez, Ukrainako gerra hasi ondoren Europako Batasunak, NATOrekin «lankidetza estuan», 2022an Mugikortasun Militarrari buruzko 2.0 Ekintza Plana abian jartzea erabaki zuen eta plan horren bidez «Europako garraio sare guztiak erabilera zibil eta militarretarako egokitu nahi dira». Egitasmo horren baitan, abiadura handiko bederatzi trenbide korridore estrategikoren aldaketa aurreikusten da eta horietako lau «lehentasunezko mugikortasun militarreko korridore» izendatzen dira; laurak EBren mugetatik harago hedatuko dira, Ukraina eta Moldaviaraino; eta aldiz, «Errusiako hirietara iristen ziren korridoreak laburtu egingo dira». Horrekin batera, trenbide sare horren barruan, «tropen eta material militarraren desplazamendu azkarra zailtzen duten 500 puntu kritiko identifikatu eta konpondu egin behar dituzte: pisu handiagoak jasateko indartu behar diren zubiak, tamaina handiko ekipoak ahalbidetzeko handitu behar diren tunelak, base militarrekiko lotune eskasak eta, batez ere, estatuen arteko mugetan zailtasun burokratikoak izateagatiko botila-lepoak, benetako ‘Schengen militar’ batera iristeko ezabatu behar direnak».
AHT Geldituren arabera, abiadura handiko trenbide korridore estrategikoak berrikustean, «garrantzi berezia» hartzen dute muga pasabide horiek. Euskal Herriaren kasuan, abiadura handiko ardatz atlantikoaren barruko Burgos-Hendaia-Bordele tartea bizkortzea aipatzen da EBren ekintza planean «eta, beraz, Frantziako Estatuaren gaineko presioak, 2042ra arte bere lurraldean obra horiek kontuan hartzea pentsatzen ez zuena, gero eta handiagoak izango dira».Salatu duenez, abiadura handiko korridoreak helburu militarretarako egokitzeko gastua dagoeneko jasota dago ‘Europa Konektatu’ programan eta 2028tik 2034ra bitartean «51.000 milioi euroko inbertsiotik 17.500 euroko gastua aurreikusi du helburu horretarako –heren bat–». Horrekin batera gogoratu du NATOko kide diren herrialdeek iaz gastu militarretarako erabiltzea adostu zuten urteko BPGaren %5etik, %1,5 «logistika militarra erraztuko duten azpiegituretara bideratuko dela».
Plataformak kritikatu du mugikortasun militarra «lehentasun estrategikotzat jotzen dela eta «larrialdiren bat aktibatuz gero, tren azpiegituren kudeatzaileek zerbitzu zibilak, gehienez 6 orduko epean, eten beharko dituztela, mugikortasun militarrari lehentasuna emateko». Horretarako, adierazi du, «trenbide kudeatzaile eta operadore horiei kalte-ordainak ematea ere aurreikusten da». Mugikortasun militar horrek «ahalik eta azkarrena» izan behar duen adibide gisa aipatu du «Gasteiz eta Kiev arteko egungo 40 orduetatik 30 orduetara igarotzea» aurreikusten dela.
EUSKAL HERRIAN ERE IRABAZIAK «GERRAREN NEGOZIOAREKIN» - «Ahalik eta azkarren izan behar duen mobilizazio militarraren premia horretan hartzen dute garrantzi estrategikoa AHTren garapenak eta helburu militarretarako egokitzapenak», ondorioztatu du. «Egoera ilun honetan», AHT Geldituren arabera «hemendik aurrera Euskal Herrian 200 egoitza baino gehiago dituen heriotzaren industriak ez ezik, eraikuntza ‘zibileko’ enpresek ere irabaziak izango dituzte gerraren negozioarekin». Horregatik guztiagatik, NATOren aurkako manifestazioan parte hartzeko deia egin du plataformak. (naiz-baskultur)
(2026-03-06)
GASOLINA ETA DIESEL GORA
Gasolina sei zentimo garestitu da, eta diesela, 11 zentimo. Iazko martxoaz geroztiko garestien daude erregaiak Euskal Herriko gasolindegietan. Brent upela 83 dolarrean dago, duela astebete baino %17 gehiago. Ormuzko itsasartearen blokeoaren ondorioak nabaritzen hasi dira Euskal Herriko gasolindegietan ere. Atzo hala moduzko barealdi bat egon zen energien merkatuan, baina gaur berriro ere itzuli da aurreko egunetako joera: Brent upela 83 dolar inguruan kotizatzen da, atzo baino %2 inguru gehiago, eta duela astebete baino ia %17 garestiago. Urtebeteko preziorik altuena da. Aurreko egunetan gas likidotuak erakarri du merkatuen arreta: %15 inguru garestitu da gatazka hasi zenetik, baina azken egunetan egonkor mantendu da. Hilabete amaieran, fakturak kontsumitzaileen eskuetara iristean, jakin ahal izango da orain arteko igoeraren neurria. Gasolinaren eta gasolioaren kasuan, berriz, petrolio upelaren garestitzea Euskal Herriko zerbitzuguneetan ere nabari da. Atzo, gasolina 1,566 euroan zegoen batez beste, joan den larunbatean baino sei zentimo garestiago. Handiagoa izan da dieselaren igoera: 11 zentimo garestitu da, eta 1,582 euro balio du litroak.
Urte hasi zenetik astez aste garestitu dira erregaiak, AEBak Iranen operazio militar bat prestatzen ari ziren espekulazioek indarra hartzen zuten neurrian. Urtarriletik hona, gasolinak zortzi zentimo egin du gora, eta dieselak, berriz, 12,3 zentimo. Bi erregaiak oraindik iazko martxoan baino merkeago daude, baina inor gutxik jartzen du zalantzan ordu edo egun batzuk barru garestiago jarriko direla. 2022ko prezioak urrunago daude oraindik. Ukrainako gerra hasi eta gutxira, gasolina bi eurotik gora ordaintzen zen litroa Euskal Herrian. Orduan, ez zen berehala garestitu, zerbitzugune batzuek prezioei eustea erabaki baitzuten 1,80 euro inguruan, beren irabazi marjinaren parte bat xurgatuz. Ondoren etorri zen igoera orokortuago bat, zerbitzuguneetako biltegiak berriz bete behar izan zituztenean, kostu askoz ere handiagoa zela. Kostu txikiko gasolindegietan, beste bat izaten da jokabidea: prezioen gorabeherak maizago eta azkarrago islatzen dituzte, eta ohikoa izaten da egun berean aldaketak egitea ere.
HORNIDURA, BERMATUTA - Irango gerraren iraupenak baldintzatuko du aurrera begira zer gertatuko den. OCU kontsumitzaileen elkartearen arabera, oraingoz mugatua izan da haren eragina. Gasolindegietako prezio igoerak lotura estuagoa du AEBen eta Israelen erasoen aurretik izandako prezio gorakadarekin. OCUk uste du egun gutxi barru edo aste batzuk barru iritsiko dela bigarren olatua. Gogoratu du 2022an ere gertatu zela hori, Ukrainako gerra hasi eta hamar egunera. Oraingoan, uste du eragina pixkanakakoa izango dela: Brent upela 80 euroren bueltan egonkortzen bada, bi aste barru nabarituko dela gasolindegietan bigarren igoera, beste zortzi eta hamar zentimo artekoa.
Persiar golkoko azkeneko petrolio bidalketak gerra hasi aurretik egin ziren, Ormuzko itsasartea blokeatu baino lehen. Europako portuetara iristeko, hilabete behar izaten da, eta aurki iritsiko dira, bide erdian gelditu eta prezio hobea eskaini dien beste portu baterako bidea hartzen ez badute behintzat, bereziki Asiara. Momentuz, Europako biltegietan ez da alarmarik piztu. Euskal Herrian ere ez dago kezkarako motiborik. Bermatuta dago erregaien hornidura, bai erreserbei esker, bai jatorrien dibertsifikazioagatik. Persiar golkoko petrolioarekiko mendekotasuna txikia da —%5 eta %10 artekoa—, eta hornitzaile nagusiak AEBak eta Norvegia dira; bien artean, inportatutakoaren erdia inguru osatzen dute. Dena dela, munduan merkatu globalik baldin bada, petrolioarena da; ekoizle handi batek bere prezioak igotzen baditu, horrek erreakzio kate eragin ohi du gainerakoetan. (berria-baskultur)
(2026-03-04)
ETXEKO LANGILE EGOILIARRAK
Ez atsedenik, ez soldata duinik: Euskal Herriko Mugimendu Feministak urteak daramatza zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzen, baita enpresentzat zaintza negozio iturri bilakatu dela kritikatzen ere. Gaur arte, eta oraindik ere, emakumeen bizkar dago zaintza. Esparru horretan, prekarizatuen artean prekarizatuenak migratu duten emakumeak dira. Horri buruz zerbait badaki ELE Etxeko Langileen Bizkaiko Elkarteak: haien bulegoetan artatzen dituzten etxeko langileek agerian utzitako lan-baldintzen berri eman du, urtero bezala. 2025eko txosteneko datuek diote langile egoiliarren %68k kontratu idatzia eduki duela. Elkarteak azpimarratu du, ordea, idatzi horrek ia inoiz ez dituela jasotzen langileen lan-baldintzak lanaldiari eta soldatari dagokionez. Argazkian, etxeko langile egoiliarrak lan erregimen hori ezabatzea eskatzen, Bilbon. ELE Etxeko Langileen Bizkaiko Elkarteak Bilbon dauka egoitza. 1991z geroztik lege-aholkularitza zerbitzu doakoa eskaintzen du, langileei euren eskubideen berri emateko, baita berauek exijitzen laguntzeko ere. Argibide-eske horietan bildutako datuekin estatistikak ondu dituzte, eta 2007tik aurrerakoak elkartearen webgunean dauzkate jasota. Elkarteari urtez urteko datuak argigarri zaizkio, etxeko langileen lan-baldintzen eta eskubide urraketen berri ematen dutelako, eta datuak eskuan, jendaurrean salatzen dute langileon egoera.
EMAKUME ETA MIGRATZAILE, PROFILA EZ DA ALDATU - 2025ean, 524 langilek jo zuten aholkularitza zerbitzura eta haiek bizitako 671 egoera jaso zituzten txostenean. Langileak bi taldetan banatzen dituzte datuak lantzerakoan. Batetik, kanpoko langileak, eta bestetik, etxeko langile egoiliarrak. Lehen multzokoek etxe batean egiten dute lan, baina ez lo. Bigarren multzokoak, berriz, bizitoki dute lantokia. Etxeko Langileen Elkarteak azpimarra berezia jartzen du langile egoiliarren egoeretan, haien lan-baldintzak baitira okerrenak. Erreportaje honetan, langile egoiliarren datuak baino ez ditugu xehatuko. Iaz 258 langile egoiliarrek egin zituzten argibide-eskeak, zerbitzua baliatu zutenen %38,45 da hori. Langileon ezaugarri nagusiak ez dira aldatu joan direneko urteetan: ia denak emakumeak dira, migratu dutenak, eta etxeetan zaharrak, dibertsitate funtzionala dutenak eta gaixoak zaintzen dituzte. Laurdena pasatxo egoera irregular administratiboan zegoen 2025ean.
HAMARRETIK BATEK EZ DAUKA EGUNEKO ATSEDENIK - ELEk asteko gehienezko lanaldia 40 ordukoa izatea eskatzen du, "beste edozein lanen moduan har dezaten". 40 ordutik oso gora ibili dira elkartearen aholkularitza zerbitzura joan diren emakumeak. Egoiliarren %68k (ehunekoak borobildu egingo ditugu irakurketa erraztearren. Xehetasun osoz beheragoko infografian daude) 60 ordu baino gehiago egin ditu lan. 2024ko ehunekoa berbera izan zen. Egoera administratibo erregularrean edo irregularrean daudenen arteko aldeak nabariak dira datu horretan, gainerakoetan gertatuko den bezala: paperak dituztenen ehunekoa 65 da eta paperik ez daukatenena, berriz, 73.
Lanorduak erruz eta atsedenak urri. Legeak ez du ezartzen eguneko atseden zehatzik, hau da, etxetik atera eta aisiaz gozatzeko denbora tarterik. Hala, atsedena neurtu daiteke legez asteko lanaldi luzeena (60 ordu) zein den kontuan hartuta. Kalkulu horren arabera, Bizkaiko elkartera jo duten langile egoiliarren %14k ez du eduki egunero etxetik ateratzeko baimenik. %3k bi ordu baino gutxiago izan ditu, %60k bi ordu, eta ia laurdenak bi ordu baino gehiago. Asteko atsedenari dagokionez, legeak dio langile egoiliarrak gutxienez 36 odu jarraian atseden egiteko eskubidea duela. Laurdenak baino gehiagok ez dauka asteko batere atsedenik, hamarretik bat ez da iristen 24 ordu jarraian atseden hartzera, eta %18k 36 ordu baino gutxiago ditu segidan. %42k legeak agintzen dituen 36 orduak baino gehiago atseden hartzeko aukera dauka.
GAUETAN ERE LAN? - Datuak deigarriak dira. %46k gauez ere artatu behar du zaintzen duen pertsona. Ehuneko horretan sartu dituzte astean gutxienez bost gauetan, bakoitzean bi aldiz edo gehiagotan, zaindua artatzeko ohetik altxa behar duten langileak. Gehienak gauero altxatu ziren. Datu horietan ez dituzte sartu zainduaren hil hurreneko bi hilabeteak, zeinetan laguntza biderkatu egiten den. Gogoratu behar da langile horiek egunez ere zaintzen dutela pertsona bera. Beste langile batzuek lortzen dute gau osoz, zainduak eten gabe, lo egitea, baina horien artean %1 da zortzi orduko atsedenera iristen dena. Legeak dio lanaldien arteko atsedenak gutxienez hamabi ordukoa izan behar duela, nahiz eta langileak enplegatzailearekin adostu dezakeen hamar ordukoa izatea eta bi ordu horiek beste garai batean hartzea. Hala, gauez hamabi ordu baino gehiagoko atsedena %4k baino ez du; hamar-hamabi ordu artekoa %40k eta zortzi-hamar ordu artekoa %9k.
ERDIAK BAINO GEHIAGOK EZ DITU JAIEGUNAK EGIN - Langile egoiliarrek urtean hamalau jaiegun ordaindutako egiteko eskubidea daukate. Enplegatzailea eta langilea ados baldin badaude, jaiegunetan lan egin dezakete eta aparteko ordu moduan kobratu edo atseden-ordu horiek beste garai batean hartu. Jaiegunak %42k baino ez ditu egin. %32k, berriz, ez ditu gozatu egunok eta lan egindako orduak ez ditu aparteko ordu moduan kobratu. %24k bai, jaiegunetan lan egin du eta aparteko ordu gisa kobratu ditu. Opor ordainduak askoz langile gehiagok hartu ditu, %64k. %15ak ez du oporrik egin, baina aparteko lanordu gisa kobratu ditu, eta %21ak ez du oporrik hartu eta ez ditu aparteko ordu gisa kobratu. Legez, 30 opor egun egiteko eskubidea daukate.
%28K EZ DAUKA GIZARTE SEGURANTZARIK - Datua oso argigarria da: langile batek ere ez du jaso egindako lanaldien pareko soldatarik. Horrez gain, aintzat hartzen baldin badugu 40 orduko lanaldia (kontuan hartu gabe langileok askoz ordu gehiago egin dituztela), egoera erregularrean zeuden langileen %19 ez zen iritsi lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzera, eta egoera irregularrean zeudenen portzentajea %51 da. 2024an, 40 orduko lanaldian lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzera heldu ez zirenen datuak okerragoak izan ziren. Enplegatzaileak derrigortuta daude soldataren ordainketa agiriren bat ematera. Langileen %38k eskuan jaso du dirua, ordainketen inolako proba idatzirik gabe. Erdiari baino gehiagori bankuko kontu korrontean sartu diote dirua eta ia erdiak nomina jaso du. Soldataren inguruko informazio idatzia ez edukitzeak eragozpenak eragiten dizkie kredituak, bekak edo alokairu-kontratuak lortzeko. Horrez gain, lan harremanari buruzko oinarrizko informaziorik ez daukate, esate baterako, enplegatzailearen datuak. Gizarte Segurantza ia langile guztiek zeukaten, %96k, baina datu hori egoera erregularrean zeudenena da. Egoera irregularrean zeuden langileek ez zuten Gizarte Segurantzarik, alegia, %28k.
Emakumeen %68k kontratu idatzia eduki du. Elkarteak azpimarratu du, ordea, idatzi horrek ia inoiz ez dituela jasotzen langileen lan-baldintzak lanaldiari eta soldatari dagokionez. Etxe barrurako kontratuek sistematikoki ezartzen dute lanaldiak astean 40 ordukoak direla eta oso gutxitan jasotzen dituzte presentzia-orduak, alegia, ordu horietan langilea ez da ari lanean, baina enplegatzailearen esanetara dago. Kontratu horretan ez da agertzen lanaldia nola banatzen den egunerokoan eta gauari buruzko baldintzak nola adostu dituzten langileak eta enplegatzaileak. 2025eko datuak dira. Etxeko Langileen Elkartearen webgunean urtetako datuak daude, alderatu nahi dituenarentzat. ARGIAk Isabel Otxoa ELEko kideari galdetu dio bilakaeraz. Urterik urte estatistikak oso antzekoak direla dio, batez ere egoiliarren lanorduetan, gaueko arretan, eta gutxieneko soldatan erreparatuz gero.
ESPAINIAKO GOBERNUAREN ERREGULARIZAZIOAK NOLA ERAGINGO DIE? - Duela gutxi Espainiako Gobernuak 500.000 paperik gabeko pertsona erregularizatuko dituela iragarri du. Kopuru horretan etxeko langile asko izango dira. ARGIAk Isabel Otxoa Etxeko Langileen Elkarteko kideari galdetu dio ea etxeko langileek haien eskubideetan zein alde antzemango duten paperik gabe lan egitetik paperekin lan egitera pasatuta. Azpimarratu du, gaur egun, asko eta askok bidegabeko egoerak jasan behar izaten dituztela paperak lortzeko, lan-kontratu eskaintza aurkeztu beharrean zeudelako. Erregularizazioaren ondorioz, lan kontratua ez dute aurkeztu behar izango, eta horrek esan nahi du aukera izango dutela lan harremana mozteko. Ondorioak, onak bezala, txarrak ere izan daitezke, eta Otxoak horren adibide bat eman du: "Ikusiko dugu zer gertatzen den, atzo bertan etorri zen langile bat aholkularitza zerbitzura, esanez kaleratu egin zutela erregularizazioa eskatuko zuela esan zienean. Kontuan hartu behar da 40 orduko lanaldietan Gizarte Segurantzako kostua 400 euro dela. Gaur egun, familia askok erregularizatu gabeko langileak kontratatzen dituzte gastu hori ez izateko". (argia-baskultur)
(2026-03-03)
GERRAK IRAUNGO DU
Justifikazio faltsurik ez da behar: gerrak iraungo du eta ez dauka amaiera idatzita. Khamenei aiatola hilda, herria matxinatu eta gobernua botako zuela uste zuen Trumpek, oker. Iranek AEBren baseei eraso die Qatar, Bahrain, Kuwait, Saudi Arabia, Jordania, Zipre eta Arabiar Emirreri Batuetan, baita Israeli ere. Gerra Libano, Yemen eta Irakera zabaldu da. – Agian Donald Trumpek hori pentsatu du: Ali Khamenei aiatola hil, eta kito! Garaipena aldarrikatu eta erretiratu. Baina lokatzetik hanka ateratzea baino errazagoa da lokatzetan hanka sartzea, eta, Iranentzat hil ala bizikoa den heinean, badirudi gerrak luze joko duela eta gatazkaren amaiera ez dagoela idatzita. Baita Trumpen burugabekeriak neurririk ez duela ere.
Bi hipotesirekin jokatu du Trumpek: Baga, Khamenei hilda, xiismoaren “kutsadurarik” gabe, antzinako nazio persiarra berreskuratuko duela, eta hartara Reza Pahlavi putre oportunista, Persiako azken xah-ren oinordekoa, prestatuta eduki. Eta biga, AEB eta Israelen su-potentziaren aurrean Irango Guardia Iraultzailea errenditu egingo zela. Bada, ez bata, ez bestea. Irango sistema ez da kolapsatu. Bere erantzuna iragan udakoa baino askoz gogorragoa izan da, eta denboran eutsiz gero, desestabilizaziorako potentzial latza du. Ez dago garbi zenbateraino nahi zuen Trumpek gerra hau. Baina oso argi geratu da zein ahul eta dudatsua den, israeldarrek eta saudiarabiarrek gerrara joateko zein erraz manipulatu duten. Baita Txinak aspaldi salatzen duen “gerraren adikzioaren sindromea” noraino sartua den AEBn erraietaraino ere, nola herrialde bat gerraren menpeko den bere existentzian gerra lehentasun bihurtzen duenean.
KOSTUAK HANDITU – Erasoa ez da sorpresa izan. Nekez izan daiteke, bi hegazkin-ontzitako floten armategi itzela apuntatzen dauzkazunean. Diplomazia estalkia izan da, irandar defentsak ahultzeko amarrua. Inork ez du negoziazioen porrota iragarri. Eta ohar gisa balio beharko luke; ezin da AEBren bitartekaritzaz eta erreguez fidatu, Troiako Zaldi nagusia dira. Teheranek orain ez du su-etenik nahi, eta Trumpen negoziaziorako proposamena atzera bota du. Arrazoia argia da: AEBri eta Israeli gerra berri baterako berriz hornitzen eta mobilizatzen uztea litzateke, hilabete batzuen bueltan berriz erasotzeko atea zabaltzea. Su-etena onartzeko, orain artekoak baino kostu askoz ere handiagoak ordainarazi behar dizkiela uste du. Bestela, gerra berriz hasiko dutela, beren kalkuluaren arabera.
Ez zuten Irango programa nuklearra hondatu, baina orain zera hondatu dute, irandarrek diplomazian duten konfiantza. Kaleetan minez oihukatzen dute «non da gure bonba nuklearra!», “eraiki ezazue!” Eta beste kontu bat dago: katolikoentzat Aita Santua dena zen Khamenei aiatola xiitentzat. Munduko erlijio handienetako baten (250 milioi xiita baino gehiago) 86 urteko agintari gaixotua hiltzeagatik pozez zoratzea –Trumpek sare sozialetan egin bezala–, ez da negoziaziorako aurrekari zentzuzkoena. Netanyahuk eta Trumpek martiri egin dute Khamenei. Baina Israelgo lehen ministro ohi Naftali Bennettek adierazi bezala, “[Iranek] ordezkatze plan oso landua prestatuta zeukan, kolektiboki burua mozteko Israelek gauza zezakeen operazio bati aurre egiteko”. Israelen publikoki esaten denez, “Turkia da hurrengo Iran”, bere existentziarako hurrengo mehatxua. Baina Iran edo Turkia, ala alderantziz, mehatxu estrategiko bat ez da mehatxu existentziala; are gutxiago, Israel auzoko herrialdeei behin eta berriz erasotzen dien, nazioarteko agentzia nuklearraren esanetara makurtzen ez den eta 75 eta 400 arma nuklear artean dituen herrialdea izanik. Zergatik gezurra? Zergatik moral bikoitza? Zergatik hipokrisia?
GEZURRAREN FORMULA – Trump, 2025eko ekainean: “Irango hiru instalazio nuklearrak guztiz hondatuta geratu dira”. Steve Witkoff bere negoziatzailea, 2026ko otsailean: “Iranek astebete barru bonba nuklearrak ekoizteko materiala izango du”. Trump 2024ko hauteskunde gauean: “Ez ditut gerrak hasiko”. Pete Hegseth, Gerra Departamentuko burua, iazko abenduan: “Demokrazia eraikitzen, gerra mugagabeetan eta erregimen aldaketetan ez gara distraituko”. AEBn askok ez dituzte desberdinduko fikziozkoak irudituko zaizkien eta kronologikoki urrun dauden antzinako zibilizazioen ondorengo diren Iran eta Irak. Marvelekoa ez bada, antza, ez da marabillarik. Baina bestelako fikzio batek hartu du lekua: AEBk eta Israelek munduko gaizkilearen papera beren gain hartu eta urte baten buruan bigarren aldiz Irani eraso diote, erregimen aldaketa xede 2003an Iraki eraso zioten bezala. Ezberdintasuna da ez dutela Iranera soldadurik bidaliko. Gezurren neurria harrigarria eta ezin zuzenduzkoa da. Eta formula berak erabili dituzte: Iraken eta Iranen ahalmenak esajeratu, gerraren aldeko kontsentsua sendotzeko. Aire erasoek presidenteak hil ditzakete. Baina lurra zapaltzeke ezin da kolapso politiko bat lortu. Herrialde bati burua mozteak nekez lortzen du erregimen aldaketa bat. Eta, sarritan, gerrak gaiztotzen ditu, era deskontrolatuan, denboran oso luze. Eta oso latz. (naiz-baskultur)
(2026-03-02)
POLIZIAREN BASAKERIA ESTADIOAN
30 pertsona zauritu zituen Poliziak Sadarreko kargetan. Sadar Bizirikek manifestazio isil bat antolatu du martxoaren 7rako, eta Espainiako Polizia eta kargetan parte hartu zuten 'seguratak' estadiotik kanpora ditzatela eskatu du. – Otsailaren 21ean, Osasunako zaleen kontra izugarrizko bortizkeriaz kargatu zuten Espainiako Poliziak eta segurtasun-indarrek, eta astebete geroago, kargen balantzea egin du Sadar Bizirik plataformak: 30 zauritu izan ziren, eta haietako batzuek buruan jasan zituzten lesioak. Bat konorterik gabe utzi zuten. Iruñeko (Nafarroa) Gaztelu Plazan atzo arratsaldean egindako prentsaurrekoan, Sadar Bizirikek salatu zuen 5.000 pertsona inguru biltzen direla kargak egon ziren eremuan, eta "segada" bat izan zela. Hori gutxi balitz, estadioaren kanpoaldean jarraitu zuten karga polizialek, eta gomazko pilotak erabili zituzten agenteek jendearen kontra.
Agerraldian azpimarratu zuten aurreko asteburuan gertatutakoa ez dela kasu isolatu bat, eta Osasunako zaleek historikoki jasan dutela Poliziaren errepresioa. Horren erakusle, gogorarazi zuten azken hilabeteetan ere areagotu egin direla isunak eta Sadarrera sartzeko debekuak, txosten polizialetan oinarrituta. Larunbatean bertan, partidaren aurretik, ausazko miaketak egin zizkieten berriz ere zale ugariri, aldarriak zeramatzaten kamisetekin edo bufandekin tematuz. Estadio barruan jendearen aurka oldartzeko aitzakia honakoa izan zen, Sadar Bizirikek atzo nabarmendu zuenez: gazte batek plastikozko botila huts bat bota izana zelaira. Horiek horrela, gogor kritikatu zituzten Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan ordezkariak, Alicia Etxeberriak, telebistan egindako adierazpenak, esan baitzuen "egokia eta proportzionatua" izan zela operazio poliziala. Sadar Bizirikek, hala, Espainiako Polizia Sadarretik kanporatu dadila eskatu zuen, baita asteburuko kargetan parte hartu zuten seguratei sartzea galaraztea ere.
MOBILIZAZIO-DEIALDIA ETA LIGAREN ERABAKIA - Agerraldian mobilizazio-deialdi baten berri ere eman zuen plataformak: martxoaren 6an, 21:00etan zen jokatzekoa Osasuna-Mallorca partida, eta beraz, arratsalde horretan martxa isil bat egitera deitu zuen Sadar Bizirikek, aurreko asteburuko karga polizialak salatzeko. Behin deialdi hori argitaratu ostean, baina, erabaki baten berri eman zuen Ligak: partida atzeratu du, eta martxoaren 7an izango da azkenean, arratsaldeko 14:00etan. Horiek horrela, manifestazioaren hitzordua ere aldatu behar izan dute, eta martxoaren 7an egingo dute, 12:00etan Foruen Plazatik abiatuta. (argia-baskultur)
(2026-02-28)
“BASAJAUN” ETAKIDEAREN HERIOTZA IKERTUZ
Josu Zabala ‘Basajaun’ etakidearen heriotza nola gertatu zen ikertuko du Ilunpetik Argira ekimenak. Zabalaren gorpua 1997ko martxoaren 27an agertu zen hilik Debako Punta Mendatan, tiro batekin bularrean. Bertsio ofizialaren arabera bere buruaz beste egin zuen aurreko egunean. ETAren eta familiaren arabera, Espainiako segurtasun indarrek baitu zuten eta hil. Orain datu berri bat agertu da. - Josu Zabala Basajaun Egia Ilunpetik Argira herri ekimenak kasuari buruzko datu berri bat aurkeztu zuen ostegun honetan Bilbon, udaletxetik gertu dagoen La Tortilla tabernaren aurrean. Pako Aristi idazleak jakinarazi zuenez, Josu Zabala Bilbon zegoen hil baino lau egun lehenago, martxoren 23an, Iñaki Bilbao Gaubekarekin batera, biak ETAko militanteak ziren eta Ipar Euskal Herritik zetorren norbaitekin biltzekoak ziren taberna horren aurrean 12:00etan. 1997ko martxoaren 29an ETAren izenean hitz egin zuen pertsona batek adierazi zuen Zabala La Tortilla tabernarantz abiatu zela, eta bidean desagertu zela. Aristiren esanetan, beraz, Zabala tabernara abiatu zen eta Iñaki Bilbao inguruak zaintzen gelditu zen. Zabala, baina, ez zen kontaktuarengana iritsi. Zain egon ondoren, kontaktuak alde egin zuen eta Bilbaok ere bai, Zabala ez baitzen agertzen hitzordua jarritako lekura. Horregatik uste izan da Bilbaorekin banatu zenetik eta La Tortillara bidean baitu zutela Espainiako Segurtasun indarrek.
14:00AK ALDERA AREATZAN ZEGOEN - Datu berriaren arabera, ostera, lekuko batek Zabala ikusi zuen hitzordutik bi ordura Bilboko Areatza inguruan, “oinez urduri, bizi-bizi” . Kontua da egun horretan Bilbon Korrikaren amaierako jaialdia ospatzen zela, eta beraz, Areatza inguruak jendez mukuru zirela. Ez da arraroa norbaitek Zabala ezagutzea, bai bere ezaugarri fisikoengatik –1,95 neurtzen zuen eta argala zen–, bai Iruñean AEK-ko irakasle aritu zelako hainbat urtez, eta Iruñean eta Sakanan oso ezaguna zelako. Alegia, bera ezagutu zezakeen jende asko egon zitekeen egun horretan Bilboko erdigunean. Beraz, lekukotza berri hori dela eta, lehen hipotesia –La Tortilla tabernara bidean zihoala bahitu zutela– auzitan jarri zuten ostegun honetan Egia Ilunpetik Argira ekimenekoek. 14:00ak aldera Areatzaren inguruetan bazegoen, zer geratu zen ondoren? Hori jakin asmoz abiarazi dute ostera ere ikerketa eta egun hartan edo ondorengoetan Zabala ikusi zuen edonoren testigantzak bildu gura dituzte. Zabalak eta Bilbaok etxebizitza bat partekatzen zuten, baina horrez gain, bakoitzak bazuen beste etxebizitza bat, segurtasun neurriengatik batak bestearena ezagutzen ez zuena. Azkenekoz Areatzan ikusi eta lau egunera hilik agertu zen Debako mendi inguruetan. Zer gertatu zen tartean?
AUTOPSIA ETA BERTSIOAK - Zabalari egindako autopsiaren arabera, martxoaren 26ko gauerdian hil zen, eta Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak suizidioaren bertsioa azpimarratu zuen. ETAk eta familiak, ordea, bertsioa ukatu eta Espainiako segurtasun indarrek hil zutela adierazi zuten. Hainbat datu aipatu ziren horretarako, hala nola, gorpuaren ondoan agertutako pistolak ez zuela hatz-aztarnarik, pistola herdoilduta zegoela eta Zabalarena berria zela, bala ez agertzea, eta besteak beste, odol arrastorik edo ehun arrastorik ez izatea inguruetan. Egia Ilunpetik Argira ekimenaren izenean honako pertsonek egin zuten agerraldia Bilbon: Amaia Erdozia ekimeneko koordinatzailea, Pako Aristi idazle eta ikerlea, Amaia Zabala Basajaunen arreba, eta Ander Lizarralde, Gure Bazterrak elkarteko kidea. Norbaitek egun horietan zerbait ikusi bazuen, daturik txikiena bada ere, telefono eta helbide elektroniko hauen bidez jakinarazteko eskatu dute: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. eta 655836183
Aristi idazle eta kazetaria da eta literaturaren esparruan egindako lan ugariez gain, azken urteetan euskal gatazkaren bueltan hildako hainbat pertsonaren bi ikerketa liburu argitaratu ditu: bata Irunberri, 1990: Arroilaren negarra (Erein, 2023) eta bestea Iñaki bota daue. Kanpanzar, 1975. Gerra zikinaren hastapena. Lehenean Irunberriko (Nafarroa) arroilan Susana Arregi eta Jon Lizarralde etakideen heriotza ikertzen da; eta bigarrenean, Iñaki Etxabe arrasatearraren hilketa, indar parapolizialek gerra zikinaren testuinguruan 1975ean Arrasaten egindakoa (Txalaparta, 2025). (argia-baskultur)
(2026-02-27)
LANPOSTUAREN ALDEKO BORROKA
Tubos Reunidoseko langileek Bilbon egin dute berriz protesta haien egoera “ezkutatu ez dezaten” – Tubos Reunidoseko langileek elkarretaratze berria egin dute ostiral honetan Bilbon zuzendaritzak EEEa negoziatzeko bileren tokia aldatu duelako. Protesta isilarazi nahi dutela salatu dute eta kaleratzeen kontra egin dute berriz ere. Tubos Reunidoseko langileek Bilbon egin dute berriz elkarretaratzea ostiral honetan enpresak Bilbon duen egoitzaren aurrean EEEa negoziatzeko bilerak lekuz aldatzeko erabakiaren kontra eta «gure protestak isilduak ez izateko». “Segurtasuna” izan da enpresaren zuzendaritzak bilera hauen tokia aldatzeko erabili duen argudioa. Lehen bilerak Amurrion egin zituzten. Elkarretaratzea Bilboko Maximo Agirre kalean izan da. Bertan dagoen zortzi pisuetako eraikin batean du Tubos Reunidosek bulego bat.
Mobilizazio hau martxoaren 9rako enpresa batzordeak deitu dituenen artean kokatzen da. Egun horretan EEEa ezartzeko negoziazioaren azken bilera izango da. Enpresaren zuzendaritzak 301 langile kaleratu nahi ditu Amurrio eta Trapagarango faktorietatik, neurri hori egungo egoerari aurre egiteko “ezinbestekotzat” jotzen duelarik. Sindikatuek, aldiz, egoeraren ardura egindako gestio kaxkarrari egozten diote eta kaleratzerik ez dutela onartuko nabarmendu dute. LAB: “Ez dakigu non izango den hurrengo bilera”.
LABeko delegatu Oier Bidaurratzagak azaldu duenez, hurrengo bilera martxoaren 4an dute, “baina oraindik ez dakigu non”. “Negoziazio mahaiko kideok gaizkile bezala tratatu gintuzten, katxeatu nahi ziguten bilerara ez dakigu zer eraman genezakeelakoan. Gure egoneza jakinarazi genien eta katxeoekin jarraitzen bazuten bilerara ez ginela sartuko esan genien. Azkenean gure jarrera onartu zuten eta sartu ginen”, gaineratu du LABeko delegatuak. “Gauzak ez dira oso ongi ulertzen, ez daude argi”, adierazi du Bidaurratzagak zuzendaritzak aurkeztu duen bideragarritasun planari buruz galdetu diotenean. Izan ere, zuzendaritzak kaleratzeak ezinbestekoak jotzen ditu zorra murriztu eta finantziazio-bide berriak lortu ahal izateko.
Martxoaren 9ra arte mobilizazioekin jarraituko dutela gaineratu du Bidaurratzagak. “EEEa ez dugu sinatuko”, nabarmendu du. ESK sindikatuko ordezkari Gorka Abascalek, berriz, Bilboko gaurko elkarretaratzearen helburua “protestak isilaraziak ez izatea” dela azaldu du. Abascalek zuzendaritzak kaleratzeen kopurua ez duela negoziatu nahi salatu du. “Kaleratzeen prezioa baino ez dute eztabaidatu nahi”, gaineratu du, jarrera hau “zikintzat” joz. (naiz-baskultur)
(2026-02-25)
ERANTZUN ANTIFAXISTA GASTEIZEN
Datorren larunbatean, otsailaren 28an, Ongi Etorri Errefuxiatuak herri plataformak hamar urte beteko ditu. Hamarkada honetan migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen defentsan egindako aktibismoa gogora ekarriko dute. Larunbat honetan, hilaren 28an, urteurrena ospatuko du Ongi Etorri Errefuxiatuak herri plataformak. Hamarkada beteko dute migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen defentsan eta Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan inauguratuko den lokal berrian ekimena egingo dute larunbat goizean. Ongi Etorri Errefuxiatuak herri plataformak hondartzetan urtero antolatzen duen ekintza. (Marisol Ramirez | foku)
Urteurrenaren aurrerapen gisa zabaldu duten oharrean gogoratu dute 2016ko otsailean, Europako herritarrak mobilizatu egin zirela Siriako gerra zela-eta babes bila ihesi zihoazenen egoera salatzeko. Euskal jendarteak ere bat egin zuen hainbat lekutan deitutako manifestazioekin eta, deialdiaren ondoren, Ongi Etorri Errefuxiatuak herri-plataforma eratu zen. Plataforma horretan, gizarte- mugimenduetan, sindikatuetan, alderdi politikoetan eta kristau-erakundeetan esperientzia duten aktibistak daudela azpimarratu dute, ikuspegi internazionalistak, arrazismoaren aurkakoak, antimilitaristak, antikapitalistak, dekolonialak, feministak eta ekologistak dituztenak; azken batean, pertsona guztientzako giza eskubideen aldekoak.
Ordutik hona, ehunka dira Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak urte hauetan guztietan Euskal Herriko auzo, herri eta hirietan egin dituen ekintzak, besteak beste, harrera duinaren, erregularizazio administratiboaren eta errolda eskubidearen aldarrikapenaren inguruan. Arrazismo estrukturala, instituzionala eta poliziala eta behartutako desplazamenduen kausak salatu dituzte, era berean, gerrak, indarkeria matxista eta hegoalde globalaren espoliazioa lan egiteko ildo nagusiak bilakatu dituzte. Horregatik, hamargarren urteurrenarekin batera, herri plataformak topaketa bat deitu du 10 urteko erresistentzia ospatzeko eta jende eta erakunde gehiagorekin ekimenak bultzatzen jarraitzeko. Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan inauguratuko den lokal berrian izango da ospakizuna. (naiz-baskultur)
(2026-02-24)
ERANTZUN ANTIFAXISTA GASTEIZEN
Egiari bidea eman, eskuin muturrari ateak itxi. Urte luzez, 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen gainean isiltasuna eta kontsentsua izan dira arau Estatu espainolean. Eskuinak ez du aldarrikatu; ezkerrak ez du galdetu. Euskal Herrian, zorionez, memoria beste osagai batzuekin elikatu, eta kontrako norabidean eraiki da, besteak beste 1976ko martxoaren 3ko sarraskia dela medio –memoria demokratikorako leku izendatu zuen atzo Gobernu espainolak Gasteizko San Frantzisko eliza–. Baina bertsio ofizialak harrian zizelkatua zuen O23an egin zela adinez nagusi demokrazia espainola.
Kontsentsu hori txikituta dago Estatu espainolean, ordea, eta atzokoa bezalako egunek erakusten dute. Batetik, harro dabilen eskuin muturrak ekitaldi bat antolatu zuen EHUren Gasteizko campusean, noiz eta otsailaren 23an. Lotsa galduta dabiltza, probokazio bila. Unibertsitateak campusa ixtea erabaki zuen, eta horrek murriztu zituen, ziurrenik, iskanbilarako aukerak. Voxek bakardadean egin zuen bere sareak elikatzea beste helbururik ez zuen ekitaldia. Eskuin muturrari aurre egiteko estrategiak eztabaidatu daitezke, baina horrek ez du fokua desbideratu behar: bizikidetza apurtzera eta kolpista frankistei gorazarre egitera datozenentzako alfonbra gorriak sobran daude. Martxoaren 3ko sarraskia eta beste ukatzera datozenek –atzo Voxekoek 50. urteurreneko pankartak kendu zituzten– ez dute lekurik Euskal Herriko kaleetan.
Bestalde, kontsentsuaren amaieraren adierazle da Pedro Sanchez presidente espainolak iragarritako erabakia ere: O23ko estatu kolpearen artxiboak desklasifikatuko ei ditu. Albiste ona da, jakina, oportunismo puntu bat darion arren. Sanchezek Voxekin polarizatu beharra dauka, hurrengo hauteskunde zikloan biziraun nahi badu. Agertoki honek, edonola ere, aukera batzuk irekitzen ditu, desklasifikazio honek –ikusi behar noraino iristen den– argi uzten baitu borondate politikoa dela egiari bidea zabaltzeko baldintza bakarra. Behin hasita, Sanchez ez dadila ahaztu zain dauzkala oraindik Martxoaren 3ko dokumentuak, 1978ko sanferminetakoak, Zabalzaren kasukoak, GALenak, eta beste hainbeste. Eskuin muturraren aurka, memoria; eta memoria eraikitzeko, egia. (naiz-baskultur)
(2026-02-23)
ERANTZUN ANTIFAXISTA GASTEIZEN
Voxen ekitaldiari erantzun “antifaxista” eman diote ikasleek eta sindikatuek. Voxek EHUren Arabako campusean egin duen ekitaldian ez da istilurik egon. LAB, Steilas eta ELA sindikatuek elkarretaratzea egin dute Voxen ekitaldiarekiko erantzun gisa Andre Maria Zuria plazan eta IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak protesta egin du "faxismoak unibertsitatean tokirik ez duela" aldarrikatzeko. Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak berretsi du hartutako neurriak "egokiak" izan direla, ez dela istilurik izan eta eguneko jarduerak ez direla eten. Gehitu du "unibertsitatearen baloreen kontra doazen mezu totalitaristei jarritako osasun hesi modura ere" funtzionatu duela.
12:30ean Gasteizko campusean agerraldia egin du Voxek otsailaren 23an, Antonio Tejero guardia zibil eta militarrak egindako estatu kolpe saiakeraren 45. urteurrenean. EHUko Errektoretza Taldeak goizeko 8:00etatik aurrera campusa hutsik egotea eta jarduera telematikoa izan zedin agindua zuen. EHUko ikasle kontseiluaren babesa izan du erabakiak. Neurriarekiko kontrakotasuna adierazteko mobilizazioak deitu dituzte LAB, Steilas eta ELA sindikatuek eta IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak.
HARTUTAKO NEURRIAK "EGOKIAK ETA ERAGINKORRAK" IZAN DIRELA BERRETSI DU BENGOETXEA ERREKTOREAK - EHUko errektoreak, deialdien ondoren, adierazi du dozentzia bermatu dela eta ez dela intzidentziarik izan: "Hartutako neurriak egokiak eta eraginkorrak izan dira, eta ikusi dugun bezala, ez da inolako istilurik izan. Vox alderdiak campusa hutsik topatu du, ez ordea geldirik. Uste dugu, gainera, unibertsitatearen baloreen kontra doazen mezu totalitaristei jarritako osasun hesi modura ere funtzionatu duela”.
SINDIKATUEK KONTZENTRAZIOA EGIN DUTE FAXISMOA SALATZEKO - Andre Maria Zuriaren plaza izan da LAB, Steilas eta ELA sindikatuen topagune 11:00etan. “Eskuin muturrak sustatzen dituen diskurtso espainolista, supremazista, klasista, xenofobo, matxista eta euskarafoboei” aurre egiteko bildu dira, Naiz-ek jaso duenaren arabera. Faxismoaren aurrean, Euskal Herria antirrazista, feminista eta euskalduna! lelopean elkartu dira eta gizabanako ororen eskubideak eta aniztasuna aldarrikatu dituzte.
IAS-EK KONTRAMANIFESTAZIOA EGIN DU VOXEK DEITUTAKO EKIMENAREN AURREAN - 12:00etan batu dira IAS-eko kideak Gasteizko campusean Faxismoa borrokatu lelopean. EITB-ek azaldu duenez, 400 bat ikasle batu dira. Voxen ekitaldian 20 bat kide elkartu dira. Naiz-ek jaso duenaren arabera, bertaratu diren Voxeko kideek “probokazio” jarrera hartu dute: campuseko hainbat pankarta kendu dituzte, horien artean martxoaren 3ko hilketen omenezko manifestazioetara deitzen zutenak; argazkiak atera dituzte IASeko kideen aurrean; “viva España” oihukatuz ibili dira, eta kide batek parean zituen ikasleak iraindu ditu. Arazoak ekiditeko, Ertzaintzak eremua hesitu du goizeko lehen ordutik, bi ekitaldiak bereizteko helburuarekin. Brigada Mugikorreko dozena erdi furgoneta baino gehiago eraman dituzte lur azpiko kontrolak jartzeko, kazetari eta argazkilariak gerturatzea eragozteko, droneekin gunea kontrolatzeko, inguruko jendea identifikatzeko eta gatazka ekiditeko. (argia-baskultur)
(2026-02-22)
NEKAZARIEN IRAGARRITAKO HERIOTZAREN KRONIKA
Europa-Mercosur akordioa gauzatzeko arriskua mahai gainean den honetan, Europa berriz ere bidegurutzean da: tokiko elikadura sistemak indartzearen alde egin, edo elikagaiak mundu globalizatuko negozioetarako merkantzia gisa erabili. Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren sorrera eta ibilbidea errepasatu dugu, Unzalu Salterain EHNE Bizkaia sindikatuko koordinatzaileak eman zuen hitzaldian oinarrituta. Laborantzako egungo hainbat korapilo ulertzeko gakoak daude bertan. Azken urteetan tokiko elikadura sistemak indartzeko egitasmo ugari martxan jartzen ari dira han-hemen, baina guztiek egiten dute topo oztopo berarekin: “Tokikoaren eta modu iraunkorrean ekoitzitakoaren eskaera sortzen ari gara pixkanaka, baina ekoizpenean mugak ditugu, ez dago nahikoa ekoizpenik, eta horretan zerikusi handia dute araudiek, dirulaguntzek eta bultzatu diren politikek”. Hala adierazi zuen Gotzone Sestorain Etxalde baserritar mugimenduko kideak azaroan, LeitzEKO Kontsumo Taldeak Leitzan (Nafarroa) antolatutako mahaiinguruan. Orri hauetara ekarri dugu mahai-inguru horretan Unzalu Salterain EHNE Bizkaia sindikatuko koordinatzaileak Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) historiari buruz egindako errepasoa, egun lehen sektoreak bizi duen egoera ulertzeko gako garrantzitsuak ematen dituelakoan.
EB-MERCOSUR AKORDIOA, EDO "GURE AUTOAK ZUEN ELIKAGAIEN TRUK" – Argentinak, Brasilek, Uruguaik eta Paraguaik osatzen dute Mercosur, eta 1999tik ari da Europar Batasuna haiekin merkataritza librerako akordioa adostu nahian. “Eskala oso handiko eremuaz ari gara, akordioak eragingo liokeen biztanle kopuruari begiratuta, aspaldiko akordiorik zabalena litzateke”, dio Unzalu Salterain EHNE Bizkaia sindikatuko koordinatzaileak. Europako industriaren krisialdiaren baitan ulertu behar da akordioa, Salterainen ustez: “Europa bere industriarentzat aterabidea bilatzen ari da, batez ere automozioarentzat”. Eta, zer dute Mercosurreko herrialdeek Europari trukean eskaintzeko? Bada, elikagaiak. “Behi eta txahal haragia, oilaskoa eta zerria batez ere, baina baita arroza, garagarra eta zereala ere”.
Inflexio puntu baten aurrean gaudela dio Salterainek, Europako laborantzan sekulako inpaktua izango lukeelako akordioak. “Guk argi diogu elikadurak akordio hauetatik kanpo gelditu behar duela, elikadura ez dela merkantzia”. Azken urteetan Europar Batasunak Nekazaritza Politika Bateratuan planteatu dituen aldaketekin eta Baserritik Mahaira bezalako estrategiekin guztiz kontraesankorra dela gaineratu du, eta bi gauzak ez direla bateragarriak. “Azken 30 urteetako nekazaritza politika desegokia izan dela onartzen ari dira Europatik, aitortza hori badago, eta beste norabide baten aldeko mugimenduak ere bai. Berez EB-Mercosur akordio honek orain ez du zentzurik, baina kontuan hartu behar da lobbyek eta agroindustriak honetan guztian duten papera”. Eta, gaineratu du: “Europan ari da gertatzen, baina Euskal Herrian ere bai, eta hemengo gobernuetan jarri behar dugu fokua. Izan ere, automozioak hemen ere badu garrantziarik”. Europako Parlamentuak behin behinean akordioa geldiarazi badu ere, behin betiko baztertu dadila eskatzen ari dira nekazal mugimenduak eta sindikatuak.
JATORRIAN ETA PAPEREAN, ELIKADURA BURUJABETZAREN ALDE – 1962an sortu zen NPB, Europako lehenbiziko politika bateratua izan zena eta urteetan aurrekontu osoaren zatirik handiena hartzen zuena. 2024an 56.200 milioi euro bideratu ziren, Europar Batasuneko gastuaren %23,3. Unzalu Salterainek azpimarratu zuenez, NPBren hasierako helburuak ez zeuden gaur egun agroekologia mugimenduetatik aldarrikatzen den elikadura burujabetzatik hain urrun: “Europan behar den adina elikagai kopuru ekoiztea eta biztanleria guztiak kalitatezko elikagaiak modu eskuragarrian izatea, bi aldeentzat prezio egokietan. Horiek ziren hasierako helburuak”. Ezarritako helburuak lortzeko tresna finantzario nagusia izan behar luke NPBren dirulaguntza sistemak. Europako herrialdeen arteko oreka mantentzeko eta ekoizpenen kontzentrazioa ekiditeko, merkatuen kontrolerako zenbait mekanismo jarri zituzten martxan hasiera hartan. “Herrialde bakoitzak esleitua zuen ekoitzi zezakeen behi-esne kantitatea, haragia, ardoa, garagarra… eta hori berez ona eta beharrezkoa zen”, azaldu zuen Salterainek. Izan ere, herrialde bakoitzaren klimak, orografiak eta beste zenbait faktorek eragin zuzena dute bakoitzaren ekoizpen moduetan eta kantitateetan, eta nolabait, hori orekatzea bermatu nahi zuten.
PRAKTIKAN, INTENTSIFIKAZIOA BULTZATZEN - “Gaur egun, argi esan dezakegu hasierako helburuak ez direla inolaz bete, izan ere, bete izan balira beste errealitate batean izango ginateke: sektore askoz biziagoarekin, nekazari lanpostu gehiagorekin, tokiko elikadura sistemak indartsuago leudeke…”. Salterainek gaineratu zuenez, NPBk 60 urte dituen arren, bereziki azken 35 urteetako bilakaerak ekarri du gaurko egoera larria: ez da Euskal Herriko kontua soilik, Europan eta mundu osoan gertatzen ari da nekazarien eta tokiko elikadura sistemen galera. “Tokian bizi dugun arazo global baten aurrean gaude”. Baina, NPBren paperean denak ederra bazirudien, nola iritsi gara hona? 1990eko hamarkadaren hasieran kokatu du Salterainek desoreken hastapena, Espainiako Estatuan nekazaritzako errentarentzako zuzeneko dirulaguntza sistema abian jarri zenean. “Biztanleriak elikagaiak ‘merke’ eskuratu ahal izateko, elikagaiak prezio apalagoetan jartzea erabaki zen, eta nekazarien errenta falta konpentsatzeko dirulaguntza zuzenak abiatzea”. Horrek, nekazari eta abeltzainak ekoizpenetik nolabait "askatzea" ekarri zuen, elikagaien salmentatik harago dirua iristen hasi zelako (...) (argia-baskultur)
IRUDIAK:
(*) Prentsa aktuala
(LEHEN ARGITALPENA BASKULTUR.INFO 2026-02-22)
