(*) Euskaraberri (argia)
Turismoen argazkia

Udaberrian argitaratu du Argiak Turismoa. Desazkundera bidaia liburua, Donostiako Bizilagunekin taldeko Asier Basurtok idatzia. Liburua jendarteratzeko zer hobeto gaiaz tokian toki hitz egitea baino, turistifikazioaren gaia lantzen duten eragileekin solasean. Hala egin dugu, ordubeteko hizketaldi atseginak sortuta. Bilbon, Iruñean, Sopelan eta Gasteizen entzundakoak dira testura ekarritakoak. Erretratu bat da Euskal Herriko panoramarena, argazkien atzeko aldearena. Turismo bidaiaren atzeko argazkia.

Euskaraberri / Baskultur.info: Turismo bidaiaren atzeko argazkia: Bi pertsona Donostian, Kontxako badian, argazki bat egiten. (argazkia foku / Argia aldizkaria)

(2026-10-18)

IKASLE MATXINATUEN EREDUA

Lundi Matin aldizkarian Alessandro Stellak argitaratutako artikulu interesgarria oinarritzat hartuz, frantziar Estatua goitik behera astintzen ari den bigarren hezkuntzako ikasle gazteen matxinadaz idaztea erabaki dut, Euskal Herria zatitzen digun mugak informazio mailan ere ondorio nabarmena baitu. Izan ere, gehiago dakigu Hego Euskal Herrian Puerta del Soleko akanpadaz, frantziar Estatu osoa hankaz gora jarri duen ikasleen matxinadaz baino... Ipar Euskal Herriko ikasleak ere borroka horretan murgilduta dauden arren.

Ezusteko matxinada izan da, inork ez baitzuen espero horrelako indarra hartuko zuen ikasleen borrokaldia emango zenik frantziar Estatuan, horretarako arrazoiak falta ez ziren arren. Estatu espainolean bezala, han ere iritzi publiko osoa datozen hauteskundeetara begira jarri dute hedabideek, gai sozialak baztertuz. Espainiar Estatuan, Sanchezen ondoren zer? Eta frantziar Estatuan, Macronen ondoren zer? Horiek ziren galdera zentralak. Eta Madrilen etxebizitzaren inguruko borroka sozialak agenda politiko osoa astindu duen modu berean, frantziar Estatuan ikasleen mugimenduak dena hankaz gora jarri du. Parisko periferiako lizeo batzuetatik abiaturiko matxinada berehala zabaldu da frantziar Estatu osora.

Borrokaldi berri honetan ez dago erakunde nagusirik, ez dago alderdi edo sindikaturik, beren burua antolatzen duten bigarren hezkuntzako taldeak dira matxinadaren zama daramatenak. Ikas zentroetako sarrerak oztopatzen dituzte eta informazioa zein borrokaldia sare sozialen bidez zabaltzen dute haien inguruan. Ikasleen matxinada espontaneoa, ustekabekoa eta bat-batekoa izan da, 2018ko udazkenean Txaleko Horien mugimendua sortu zen bezalaxekoa. Matxinada honen bidez institutuko gazteek, lehenik eta behin, existitzen direla adierazi nahi izan dute, beraien gaurko eta etorkizuneko bizitzak airean daudela adieraziz. Bozkatzeko eskubiderik ez izan arren, adinez txikiak baitira, borrokatzeko eskubidea dutela erakutsi diete alderdi politiko guztiei, beraiekin kontatu behar dutela azpimarratuz, beren arazoak konpontzeko subjektuak direla.

Matxinadarako arrazoiak plazaratu dituzte, hala nola, klase gainkargatuak, ordezkatu gabeko irakasleak, eskola eraikin zaharkitu eta osasungaitzak... Etorkizun argirik ez duten gazte helduak direla azaldu dute eta horregatik borrokan daudela, inork ez baitie kasurik egin, haurrak bailiran. Salaketa horren atzean kritika sakonak daude. Funtsean, ustezko Estatu baten eskola-sistemaren salaketa osoa dago, berdintasun formal baten babesean, klase eta arraza pribilegioak eta diskriminazioak erreproduzitu eta mantendu besterik egiten ez dituen eskola eredua baita bizi dutena. Ikasleen matxinaden historian, berria dena zera da, 2026ko udazkeneko matxinada hau ez dutela klase sozial ertaineko ikasleek bideratzen, baizik eta auzo herrikoietako lizeoetako ikasleek. Horregatik, blokeoen irudiek erakusten dute, matxinatzen ari diren bigarren hezkuntzako ikasleen artean, asko eta asko azal beltz edo beltzaranak direla, hori bai, guztiak naziotasun frantsesekoak dira, baina arlo sozialean baztertutakoak.

Bigarren hezkuntzako ikasleek beren ikasketa baldintzengatik kexatzeko arrazoi onak izan zitzaketela onartu arren, gobernariek eta hedabide konplizeek matxinada «LFI eta ultraezkerrari» egotzi die, ikasle mugimenduen autonomia ezkutatu eta bide errepresiboa justifikatzeko asmoz. Bigarren hezkuntzako ikasle borrokalarien erreakzio saihetsezinaren aurrean, frantziar Estatuaren aginduz poliziak ikasleak borratu, gaseatu, lurrean zapaldu, eskuburdinez lotu, zauritu, mutilatu eta atxilotu ditu... Ikasleen borrokaren prestigioa zapuzteko Black-Block gisa jantzita infiltratutako polizia probokatzaileak erabili ditu frantziar Estatuak bazter guztietan, sua pizteko, bazterrak nahasteko, irudia zikintzeko...

Errepresioa basatia eta masiboa izan da: astebetean 5.000 atxiloketa izan dira, ehunka pertsona zauritu dira. Ikasle batek eskua galdu du, beste batek begia... Errepresio gupidagabe eta neurrigabea da. Baina 2026ko udazkeneko frantziar Estatuko bigarren hezkuntzako ikasleen matxinada ezin da eskolako espaziora mugatu. Alde guztietatik gainezka egiten du. Matxinatuen belaunaldi berri honek borroka zahar eta moderno askoren ondarea biltzen eta handitzen duela dirudi. Antikapitalismotik antiarrazakeriara, antisexismotik antiautoritarismora, mundu osoko zapalduekiko elkartasunaren printzipioak. Jende askearen mugimendu sozial gisa indartzen ari da.

Mugimendu hasi berri honek, badirudi bere aurreko mugimenduen aztarnak daramatzala, diskurtso, metodo eta praktikak inspiratuz eta berrituz. Herri auzoetako matxinaden arteko nahasketa bat da, batez ere Nahelen hilketaren eta Txaleko Horien matxinadaren artekoa. Kolore nahasketa ederra ere bai, aurpegi irribarretsuak, talde solidarioak. Gazte horiek erakusten ari dira, egunez egun, amore eman gabe, ausardia eta erabakitasuna poliziaren errepresioaren aurrean, beren borrokaren justiziaren uste sendoak bakarrik susta dezakeela. Eredugarria, zalantzarik gabe. Alessandre Stellak esaten duen moduan, borrokalari gazteek lezioa emango al diote zaharrei? Seguru baitez. Bide berriak irekiko dituzte botere ekonomiko, politiko, militar, mediatikoen erresuma pitzatuz. Ikasleak, irakasleak, azaleko teknikariak, langabeak, langile prekarioak, langile espezializatuak, artisauak, erretiratuak erakarriko dituzte? Denborak esango du. (Joseba Alvarez-baskultur)

(2026-10-17)

ITSASGIZONEN SARRASKIA ISLANDIAN

Duela 411 urte, 1615eko urriaren 17an, Islandian Martin Villafranca kapitaina eta bere 31 gizonak hil zituzten. XV. mendetik aurrera euskal baleazale eta islandiarren arteko harremana ona bazen ere, Danimarkako monarkiak ez zuen begi onez ikusten, bere merkataritza monopoliotik kanpo euskaldunek islandiarrei zuzenean ordaintzen baitzieten porturatzeko eta baleak ehizatzeko eskubideengatik. Iruzurgileak zirela esanez, errege daniarrak euskaldunak hiltzeko baimena eman zuen esplizituki.

Testuinguru horretan, ezbehar baten ondorioz bertan babes hartu behar izan zuten marinel euskaldunek, biziraun beharrez, ondoko herrixka batetik elikagaiak lapurtu zituzten. Herrixkako buruzagiak euskaldunak hiltzeko agindu zuen. Villafranca euren biziak salbatzeko negoziaketetan zela, herritar batek aizkoraz egin zion eraso. Igerian ihes egiten ahalegindu bazen ere, harrika hil zuten. Euskaldun guztiak hil, biluztu, tripak atera eta itsaslabarretik behera jaurti zituzten. 2015ean ezeztatu zuten Islandian euskaldunak hiltzea ahalbidetzen zuen legea. (Iturria: Haritz Rodriguez, Islandia: euskal baleazaleen lorratzean / ARGIA, 2015eko abenduak 22) (baskultur)

(2026-10-16)

ANTIFAXISTEK QUILESI AURRE EGIN DIOTE

Ikusmira handia zegoen 17:00etatik aurrera Iruñeko Yamaguchi plazan. 18:00etan hastekoa zen Vito Quiles ultraeskuindar espainiar gaztearen hitzaldia, baina ordu horretan han haren 50en bat jarraitzaile besterik ez ziren. 18:45 aldera iritsi da Quiles, bizkartzainez inguratuta, hamar minutu egin ditu plazan eta alde egin du furgoneta batean. Ordurako jada aspaldi hasiak ziren Espainiako Poliziaren eta plaza inguruetara hurbildu diren ehunka gazteen arteko liskarrak. Itxura guztien arabera, Espainiako Poliziak ez du alperrik hautatu plaza hori, gotorleku bat baita ia, sarrera guztiak nahiko ondo kontrolatzeko leku aproposa.

Quilesen deialdiari erantzunez bi bilkura egon dira Iruñeko Alde Zaharrean, bata Gazteluko plazan 17:30etan, gizarte eragile ugarik deituta, eta bestea San Frantzisko plazan, GKSk deituta. Ondoren, bi lekuetatik abiatu dira Yamaguchi plazara. Yamaguchi parkearen aldetik iritsi da manifestazio antifaxista plazara, bertara iristeko dagoen sarrera-irteera zabal bakarretik. Vito Quilesen eta faxismoaren aurkako oihuak ziren nagusi Poliziaren lerroaren aurrera iritsi direnean. Han izan dira kieto, aurrez aurre, etengabeko oihu eta noizbehinkako tiroen artean. Istilu handiagoak ordu laurden batera hasi dira eta Poliziak manifestariak parke inguruetatik sakabanatu ditu.

Parkekoa ez zen fronte bakarra eta San Alberto tanatorio aurreko biribilgunetik ere dozenaka lagun ari ziren protestan. Plazako sarreran gotortutako agenteengana harriak eta botilak erortzen ziren eta haiek gas negar eragileekin eta foam pilotekin erantzuten zuten, bai harriak jaurtitzen zituztenengana, bai inguruan ziren beste talde batzuetarantz ere. Azken hauetako talde bat zen Golem Zinemen aurrean zegoena, baina hortik ez da harririk atera. Talde horretan zegoen lekuko batek ARGIAri jakinarazi dionez, parean, plazako sarreretako batean zegoen Polizia talde batetik foam pilota bat jaurti du polizia batek eta gizon bati buruan eman dio. Seko erori ei da lurrera, odola zeriola: “Gure aldean ez zegoen inongo istilurik, eta gero ere, anbulantziaren zain, zauritua zaintzen ari ginela, beste bi pilota bota dituzte eta inguruko jendeari eman diote”

“NAFARROA INOIZ BAINO ESPAINIARRAGOA DA”

Quiles 18:45ean iritsi da plazara bizkartzainez inguratuta. “Nafarroa inoiz baino Espainolagoa da”, luzatu die laudorio artean hartu duten 50en bat jarraitzaileei. Plaza erdiko banku batera igo da eta handik egin du hitzaldi laburra. Dozenaka batzuk geunden inguruan, horietako asko informazioaren mundukoak, eta oihuak hasi arte, sarri, ez dakizu nor den nor inguruan, gaur egun gehienok, zale zein informatzaileok, sakelekoekin grabatzen ari gara eta.

Kementsu, baina kexu izan da Quiles: “Ez gaude nahiko genukeen beste, baina badakit egoera korapilatsua dela eta zuek hemen zaudete, terrorearen aurrean. Ez gara hemendik joango Iruñea berriz libre izan arte, izan ere, Iruñea eta Nafarroa espainiarrak dira”. Azaroaren 29an Espainia erdiak Pedro Sanchez Moncloatik botako duela, "eta bereziki gazte patriotek", zehaztu du: “Pedro Sanchez, puta-semea”, erantzun diote oihuka jarraitzaileek. Hitzaldi laburra egin du, batez ere PSOE eta ezkerraren aurka gogor eginda, eta bukaeran berriz jo du zaleak animatzera: “Badakit gaur hemen egotea zaila dela, baina ez etsi". "Gora Espainia!”, erantzun diote tinko jarraitzaileek. Jaitsi da bankutik eta geldo, presarik gabe, sartu da furgonetan, une oro bizkartzainez inguratuta. Hitzaldia eman duen tartean tiro hotsak etengabekoak ziren plaza inguruetan, karga han, karga hemen; eta Ipar Mendebaldeko haizeak bultzatuta, Poliziak manifestariak sakabanatzeko botatako gas negar eragilea behin baino gehiagotan itzuli da Yamaguchi plazara. Ke arteko egunetan bezala, begiak igurtzi ditugu kazetariok, ultraeskuindarrek, eta inguruko kuxkuxeroek. Quiles atera da furgonetan, kazetari honek alde egin du kronika idaztera, eta istiluak inguruko auzoetara zabaltzen hasi dira. (argia-baskultur)

(2026-10-14)

EUSKAL ESKOLAKO LIBURUAK DEBEKATUAK

Euskarazko eskola-liburuak debekatu zituen Primo de Rivera diktadoreak. Duela 101 urte, 1925eko urriaren 13an, Euskarazko eskola-liburuak debekatu zituen Primo de Rivera diktadoreak, baita gaztelania ez ziren beste hizkuntza guztietakoak ere.
Lehen Hezkuntzako ikuskatzaileek egindako bisitetan euskarazko edo “aberriaren batasunaren aurkako joerak” zituzten liburuak aurkitzen bazituzten, hauek erretiratzeko agindua izango zuten. Irakasleei, halakorik harrapatuz gero, espedientea zabaldu, soldata erdia kendu eta lanetik botako zituztela mehatxu egin zieten. Euskarak bizi zuen berpizkundea eten eta hizkuntza atzeraldi indartsuan sartu zen aro honetan. (Iturria: Joan Mari Torrealdai, Asedio al euskera. Más allá del libro negro (Txertoa). (argia-baskultur)

(2026-10-12)

ANTIFAXISMO BEHARREZKOA DA

Antifaxismo «benetan eraginkorrak» klase ikuspegia izan behar duela esan dute Elizondo-ko (Nafarroa) Gazte Topagune Sozialistan – GKSk eta IASk antolatutako topagunea martxan da, Elizondon. Bertzeak bertze, faxismoari aurre egiteko estrategiak izan dituzte hizpide gaur, eta zehaztu dute faxismoaren kontrako borroka ezin dela mugatu ideologia faxistak kritikatzera. «Militantzian eta kale mobilizazioan oinarritutako antifaxismo bat, herri eta auzoetan, lantokietan, ikastetxeetan, kalean antolatuta egongo dena». Hori da, Mugimendu Sozialistaren ustez, pentsaera faxista eta erreakzionarioei aurre egiteko bidea. Areago: haien erranetan, antifaxismo «benetan eraginkorra eta kontsekuentea» izan dadin ezinbertzekoa izanen da klase ikuspegia, «gai izango dena krisi kapitalistak sortzen dituen arazo ugarien atzean dauden klase interesak argi azaltzeko».

Gazte Topagune Sozialista egiten ari dira egunotan Elizondon (Nafarroa), eta eguneko solasaldietako bat baliatu dute faxismoaz eta hari aurre egiteko estrategiez mintzatzeko: Ildo komunista eta taktika antifaxista. Leire Romero antolakundeko kideak hartu du hitza lehenbiziko: xehe-xehe aztertu du faxismoak betetzen duen funtzio politikoa, eta Euskal Herrira ekarri. Faxismoaren bi ardatz nagusiak autoritarismoa eta erreakzioa direla erran du; ordea, «indar politiko burges guztiek» bultzatzen dituzte, eta faxismoak bizkortu egiten ditu. «Faxismoaren izateko arrazoia zera da: eraldaketa autoritarioa bizkortu eta ideologia erreakzionarioaren hedapen soziala azkartzea», findu du. Hala, Romeroren erranetan, faxismoa mugimendu politiko gisa «gorpuztu» egiten da, hiru forma bilduz: eskuin muturreko alderdiak, koadro antolakundeak edo eragile sozialak, eta eskuadrismoa.

Euskal Herrian —bereziki Hegoaldean—, baina, prozesu horren garapena baldintzatzen duten berezitasunak daudela aitortu du Romerok; hala nola, PP edo Vox alderdiek duten «sustraitze urria», krisiaren eragin sozial eta ekonomikoen intentsitate motelagoa eta Mugimendu Sozialistaren eta bertze ezkerreko eragileen presentziak alderdi faxisten «lurreratzea» murriztu izana. Berezitasun horiek direla medio, Euskal Herriko «faxistizazio» prozesuak bi bide izanen ditu, Romeroren arabera. «Batetik, alderdi batzuen gorakadan baino gehiago, diskurtso erreakzionarioen hedapenean oinarrituko da: arrazakeria, klasismoa, matxismoa eta espainolismoa». Hedapen hori sare sozialen bitartez eginen dutelakoan dago. Euskal nazionalismoaren «mutazio erreakzionarioa» da bigarren bidea: «EAJren faxistizazioaren aurrean aurkitu gaitezke, Euskal Herrian zabaltzen ari den zentzu komun erreakzionarioak bultzatuta. Eta baliteke alderdi politiko berriren bat ere agertzea, Aliança Catalanaren antzekoa».

GAZTE KOMUNISTAK «ERREFERENTE»

Egoera ikusita, mahai gainean eztabaida bat dagoela adierazi du Ibai Berezibar antolakundeko kideak: nola egin aurre faxismoari?. Haren irudiko, «klase izaerari» erreparatu behar zaio, bi aukera daudela eta: estatu autoritarioa edo estatu sozialista. «Antifaxismoaren lidergotza langile klasean eta militantzian oinarritu behar dugu; eraginkorra izan behar du, eta, horretarako, masa dimentsioa hartu behar du. Jende askorengana irits gaitezke», zehaztu du. Bide horretan Elizondon bildu diren gazte komunistek «erreferente» izan behar dutela nabarmendu du, horiek «klabe iraultzaileetan» politizatzeko gai izan behar dutela, «klase fronte defentsibo handi batetik». Izan ere, alderdi sozialdemokraten «taktika antifaxista» nagusia «osasun hesia» dela esplikatu du Paul Seijok, eta horrek «porrot» egin duela. «Diskurtsiboki faxismoaren kontra agertu daitezke, baina haien teknika antifaxista nagusia osasun hesia izan da: faxistak gobernutik kanpo uzteko aritmetika elektoralak egitea». Eta hori ez da faxismoaren hazkundea gelditzeko politika bat, Seijoren erranetan.

Euskal Herrian ere halakorik badagoela adierazi du, EH Bilduk «osasun hesiaren logika» erabiltzen duela iritzi baitio. «Euste horma gisa aurkezten ari den indarra bera autoritarismoaren garapenean parte hartzen ari da. Euskal Herriko ongizateari eta posizio ekonomikoari eusteko estrategia bat dute, eta horretarako EAJrekin fronte bateratu bat eratzeko apustua egin dute», adierazi du. Horrek, baina, Euskal Herriko erdiko klasearen eta klase burgesaren interesak herri osoaren interes gisa kokatzea erran nahi du, Seijok zehaztu duenez. Aitortu du sozialdemokraziak lagundu egin duela faxismoaren inguruko kontzientzia eta kezka soziala agenda politikoaren erdigunean kokatzen, baina erran du nabarmena dela sozialdemokraziak «bere gabeziak ezkutatzeko eta bere boto emaileak mobilizatzeko» erabiltzen duela faxismoa. Eta hor kokatu du aukera politikoa: «Hemen faxismoak hedapen mugatua izan badu, hori ez da izan sozialdemokraziaren osasun hesi batengatik, kalean antifaxismoak izan duen eta duen indarragatik baizik. Eta gure ardura da horren lekukoa hartzea. Gure ardura da dinamika politiko berri bat sortzea, iraganetik ikasita, baina esperientzia horiek gaurko baldintzetara egokituta eta hobetzen saiatuta».

Seijok erran duenez, bide horretan antolakunde integralak beharrezkoak izanen dira, eta sinetsita daude komunistak lehenbiziko urrats garrantzitsuak egiten hasi direla. «Besteak beste, Euskal Herrian, eta beste hainbat txokotan ere bai, mugimendu estraparlamentario nagusia izatea lortu dugu». Izan ere, uste dute Euskal Herrian badaudela baldintzak «klase antifaxismo» antikapitalista eta kaleko bat hegemoniko bihurtzeko. Eta borroka antifaxista hori bera izanen da proiektu sozialista zabaldu eta langile klasea antolatzeko aukera politikoa, Seijoren erranetan. «Horixe da klase antifaxismoaren zentzua: faxismoari aurre egitea, baina faxismoa posible egiten duen gizartearen alternatiba iraultzaile bat eratuz». (borreruak2-baskultur)

(2026-10-10)

GREBA EGUN HANDIA

Lizeoetako ikasleek eta sindikatuek “greba egun handia” iragarri dute urriaren 13rako. Ikasleen eta langileen intersindikalek deitu dute datorren astearterako. Frantzian bezala, Baionan deialdi bera egin dute eta mobilizazio bateratua izango da. Frantziako lehen ministroak iragarri du “urgentziazko plan” bat aurkeztuko dutela “datozen ordu edo egunetan”, irakasle eskasiaren gaiaren harira. Ikasleek eta sindikatuek bat egin dute urriaren 13rako “greba egun handia” deitzeko. Frantziako Hezkuntza Ministerioari egiten dioten eskakizun oinarrizkoa zera da: irakasle eskasiari erantzutea. Irail hondarrean ikas-baldintzen hobekuntzen eskaeratik abiatu zen mugimenduak, ordea, beste proportzio bat hartu du azken egunetan, eta hasierako aldarrikapenei beste hainbat batu zaizkie: askotariko murrizketak hezkuntzan, kulturan eta arlo sozialean, inbertsio masiboak armagintzan, eta Poliziaren bortizkeriaren inpunitatea, besteak beste. Ipar Euskal Herriari dagokionez, beste salaketa batzuk ere egin dituzte ikasleek. Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanbladak hainbat puntu nabarmendu ditu: irakasle postuak urtero arriskuan direla edota baxoa frantsesez pasa behar dutela, besteak beste. Ikasleen eskariak ase nahian, Sébastien Lecornu Frantziako lehen ministroak iragarri du Eddouard Geffray Hezkuntza ministroak “urgentziazko plan” bat aurkeztuko duela “datozen ordu edo egunetan”.

BARNE MINISTROAK EZ DU POLIZIAK BAIONAN KOLPATUTAKO GAZTEAREN BERRIRIK

Colette Capdevielle bosgarren hautesbarrutiko diputatuak hainbat galdera egin dizkio Asanblea Nazionalean Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroari. Batetik, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko 15 urteko ikasle batek euskaraz aritzeagatik Poliziak kolpatu izana salatu du polizia-etxean eta horren inguruan galdera egin dio ministroari. Hark erantzun du ez daukala “horren berririk” eta “arreta jarriko duela”. Bestetik, lizeo atarietan protestak egiteko eskubideaz prefeturei zein irizpide eman dizkien galdetu dio, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak debekatu egin baitzituen mobilizazioak, eta ondoren, Paueko Administrazio Auzitegiak bestelako ebazpena egin zuen, alegia, debekua “ez dela beharrezkoa ezta proportzionatua ere”. Barne ministroak erantzun dio itxita zeuden ikastetxe atarietan mobilizazioak saihestea zela helburua. Capdeviellek ikasleek “modu baketsuan manifestatzeko daukaten eskubidea defendatzea beharrezkoa” dela erantzun dio. Protestak hasi direnetik, Poliziak bortizkeria handiz esku hartu du bai Ipar Euskal Herrian bai Frantzian. Frantziako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 600dik gora lizeo osorik edo partzialki itxita daude eta 6.600 pertsona atxilotu ditu Poliziak, ehunka dira zaurituak. Amnesty International erakundeak, adibidez, salatu du erantzun "neurrigabea" ematen ari direla eta Polizia aparatuek adingabeen kontrako bortizkeria "ilegala" darabiltela. (argia-baskultur)

(2026-10-09)

HOTEL GEHIEGI

Hotelek inoiz baino turista gehiago hartu dituzte uztailean, eta inoiz baino garestiago. Eustatek emandako datuen arabera, iazko uztaileko datuekin alderatuta %7,7 handitu dira hoteletako sarrerak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Prezioek ere nabarmen egin dute goiti; eguneko batez bertzeko tarifa 162,4 eurokoa izan da, hau da, 2025eko uztailekoa baino %12,4 garestiagoa. Hoteletako okupazioa %82,1ekoa izan da. Atzerriko turismoak gero eta pisu handiagoa du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan turismoak hazten segitzen du, uztaileko hotelen datuek erakusten dutenez. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak ortzegunean zabaldutako datuen arabera, uztailean 422.935 sarrera izan dituzte hotelek, 2025eko hil berean baino %7,7 gehiago; eta 893.078 gaualdi egin dituzte denera, %6,7 gehiago. Okupazio maila ere inoiz ez bezalakoa izan da: %82,1 logelen arabera neurtuta, iazko uztailean baino 0,5 puntu gehiago. Batez bertzeko egonaldia, berriz, 2,1 egunekoa izan da, 2025eko uztailekoaren antzekoa –2,13 egunekoa izan zen. Bidaiarien jatorriari begira, uda honetan bereziki hazi da Espainiako Estatutik kanpoko bidaiarien kopurua. Haien taldetxoan, sarrerak %11,1 handitu dira, eta gaualdiak, berriz, %11,7. Turista horiek hoteletako sarrera eta egonaldi guztien erdia baino gehiago izan dira: %58,8 eta %59,9, hurrenez hurren.

Espainiatik kanpoko bidaiariak hoteletako sarrera eta egonaldi guztien erdia baino gehiago izan dira: %58,8 eta %59,9, hurrenez hurren. Lurraldeei erreparatuta, Bizkaiko hoteletan izan da igoerarik handiena: 198.894 turista egon dira uztailean, iaz baino %8,8 gehiago, eta 397.843 gau egin dituzte guztira,% 10,3 gehiago. Gipuzkoako hoteletan, sarrerak %7,1 hazi dira urtetik urtera (guztira 170.696), eta gaualdiak, berriz, %5,6 (guztira 386.654). Araban ere bilakaera positiboa izan da sarreretan, iazko hilabete berean baino %5,4 gehiago zenbatu dituzte, 53.345 guztira. Hala ere, gaualdiak %1,5 jaitsi dira. Hiriburuei dagokienez, bertzalde, sarreren kopurua iazko uztailekoa baino %4,8 handiagoa izan da Bilbon, eta %1,0 hazi da Gasteizen. Donostian, berriz, %1,9 jaitsi da. Dena dela, gaualdi kopuruak gora egin du, ia %3; hau da, turista gutxiago etorri dira baino gau gehiago pasatu dituzte.

DONOSTIAN GAUA, 285 EUROAN

Ostatu hartzeko aukeren artean garestienak dira hotelak, eta aurten are nabarmenagoa izan da hori. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelak kontuan hartuta, eguneko batez bertzeko tarifa 162,4 eurokoa izan da; hau da, iazko uztaileko datuekin alderatuta, %12,4 igo da prezioa. Lurraldeka aztertuta, Gipuzkoan 221,7 euro ordaindu da logela batean gaua pasatzeagatik; Bizkaian, 125,8 euro; eta Araban 102,6 euro. Aldea are handiagoa da hiriburuei dagokienez. Eustatek argitaratu berri dituen datuek baieztatzen dute Donostia dela gaua igarotzeko hiririk garestiena. Donostiako hotelen prezioa 285,1 eurokoa izan da batez bertze uztailean. Hau da, Gasteizen baino hiru aldiz garestiagoa, 92,4 eurokoa izan baita Arabako hiriburuan. Eta Bilbo baino nabarmen garestiagoa ere bai: Bizkaiko hiriburuan 140,5 euro pagatu da batez bertze gaua pasatzea.

Datuak eskuetan, desazkunde turistikoaren aldeko Donostiako Bizilagunekin plataformak berretsi du hiriko turismoak elitizazio prozesu argia bizi duela. Izan ere, salatzen dutenez, hainbat hedabidek egindako interpretazioa da turismoak "behera" egin duela Donostian azken urtean, turista kopuruak behera egite hutsagatik, baina Bizilagunekin plataformak dio gaualdi kopuruak gora egin duela, eta batez ere, gero eta garestiagoa bihurtzen ari dela. Azken hamarkadan, esaterako, Espainiako Estatutik kanpoko atzerritarren sarrerak %120 hazi dira, eta epe berean, hiru izar eta gehiagoko hoteletako hazkundea %90ekoa izan da. (argia-baskultur)

(2026-10-07)

AZAROAREN 11KO GREBA OROKORRA

ELA, LAB eta ESK batu egin dira azaroaren 11ko greba orokorrera. Espainiako Maizterren Sindikatuak proposatutako deialdira batu da euskal gehiengo sindikala. Lehenik UGT eta CCOO sindikatuek egin zuten bat Espainiako Estatuko deialdiarekin, eta asteazken arratsean iragarri dute gauza bera ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Azpimarratu dute greba Euskal Herritik jorratu behar dela. – ELA, LAB eta ESK sindikatuak prest agertu dira etxebizitzaren krisia dela-eta greba orokorra antolatzeko, eta bat egin dute Espainiako Estatuan azaroaren 11rako deitu den greba orokorrarekin, etxebizitzaren krisia salatzeko deialdiarekin.

"Etxebizitza lehen mailako kezka soziala da Euskal Herrian" azaldu du LABek, eta "errentismoaren eta espekulazioaren aurka" antolatzeko eta ekintza sindikalerako garaia dela iritzi du. Bere esanetan, eskuin muturrari ateak ixteko bidea "politika birbanatzaileak" egitea da, eta etxebizitza eskubidearen aldeko borroka hor kokatu du. ELAk, bere aldetik, azaldu du greba orokorra "Hego Euskal Herritik jorratzea" lehenetsiko duela, eta eragile sozialekin zein etxebizitza sindikatuekin harremanetan dela horretarako.

ETXEBIZITZA DEKRETUAK

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak berriz onartu ditu joan den astean Espainiako Kongresuak atzera botatako etxebizitzaren inguruko bi dekretuak. Pedro Sánchez presidenteak Gorteak desegin eta Espainian azaroaren 29rako hauteskundeak iragarri dituenez, orain Kongresuko Diputazio Iraunkorrak onartu behar ditu dekretuok, eta horretarako babesa izango luke –Juntsek ez duelako ordezkaririk batzorde horretan–; baina EAJk dekretuetako bati berriz ere ezezkoa emango diola esan du. (argia-baskultur)

(2026-10-05)

KOMUNITATEAREN %40 TERRORISTA DA

“Palestina defendatzea terrorismoa bada, nazioarteko komunitatearen %40 terrorista da”. Ekainean Espainiako Poliziak Samidoun eta Iranekin Bat plataformetako bi kide atxilotu zituen Getxon eta Bilbon: Libanoko erresistentziako Hezbollah taldeko kide izatea, Telegrameko kanal batean terrorismoa goratzea, hura finantzatzea eta jihadismoko entrenamendu militarra jasotzea leporatu zieten. Handik hiru egunera askatuta, epaiketaren zain daude Asier Herranz (Getxo, Bizkaia, 1994) eta Youssef Brahim (Tenerifeko Santa Cruz, Kanariar Uharteak, 1992). Hamabi eta hogei urteko kartzela zigorren itzala dute gainean.

EKAINAREN 16AN ATXILOTU ZINTUZTETEN, ETA ESPAINIAKO AUDIENTZIA NAZIONALERA ERAMAN. ZELAKOA IZAN ZEN ATXILOKETAN ETA EPAITEGIAN BIZI IZANDAKOA?

Youssef Brahim: Esnatu ginenerako, gure atxiloketaren albistea filtratua zuen El Confidencial egunkariak. Terrorismoaren apologiagatik eta Hezbollah-rekin harremanak izateagatik atxilotu gintuztela zioen; orduan, bagenekien gure bila etorriko zirela. Amarenean harrapatu ninduten. Handik, komisariara eraman ninduten, momentu baten ere ez zidaten esan zer leporatzen zidaten, bakarrik esan zidaten oso larria zela, eta Madrildik heldu zirela poliziak gure bila.

Asier Herranz: Bilbotik Madrilera eraman gintuzten, Audientzia Nazionalera. Han etengabe ari ziren guri galderak egiten, gu barregarri uzten, zirikatzen. Ekainaren 19an epailearen aurretik pasatu ginen eta gure bertsioa defendatu genuen: terrorismo bakarra Israelgo erakunde sionistak egiten duena dela, guk Gaza eta Gaza defendatzen dutenak defendatzen ditugula.

“ZERBAIT LARRIA” ZEN ZUEN DELITUA. EPAILEAREN AURRETIK PASATUTAKOAN, ZER LEPORATU ZIZUETEN?

Y. Brahim: Egoera erridikulua zen, termino pilo bat asmatu baitzituzten: Mundu Mailako Erresistentziarako Fronte Islamistako kide ginela esan ziguten lehenengo, Bilbon; Madrilen, aldiz, Hezbollahko kide ginela esan ziguten. Terrorismoa finantzatzea egozten digute, talde terrorista bateko kide izatea: Europan atentatuak koordinatzen ditugula ere bazioen autoak. Eta horregatik 32 urteko kartzela zigorra eskatzen digute: niri hogei eta Asierri hamabi. Sinesgaitza da: badaude gizonak beren bikotekidea hil dutenak, eta gure moduan daude, pasaporterik gabe eta hamabostean behin epaitegietan sinatzen.

TERRORISMOA GORATZEA DA AKUSAZIOETAKO BAT, FRONTFLICT TELEGRAMEKO KANALARI LOTUTA. ZER EGITEN ZENUTEN HAN?

Y. Brahim: Aspaldi sortu nuen kanal hori, ikusten bainuen Palestinari lotutako alde soziala landuta zegoela, baina Palestinan eta Libanon militarki gertatzen ari denaz ez zela hitz egiten. Banekien zer etorri zitekeen, horregatik, noizean behin mezu bat zabaldu izan dut bertan muturreko ideologiak eta terrorismoak baztertzen dituena; ez neure burua babesteko, baizik eta egia delako. Badirudi momentu batean alertak salto egin ziela, eta iritzi zioten jendea Libanora gerrara joateko konbentzitzen genbiltzala.

A. Herranz: Gainera, Frontflicten agertzen ziren bideoak hedabide askotan agertzen ziren, baita telebistan ere. Baina ez zaie gustatzen, eta orduan hasten da terrorismoa finantzatzearen txatxukeria hori. Eta hori arabofobia edo arrazismo gisa baino ezin daiteke ulertu, pertsona horiek finlandiarrak balira ez litzateke-eta ezer pasatuko.

FINANTZAZIOA DA BESTE HARI MUTUR BAT: TERRORISMOA FINANTZATZEA EGOZTEN DIZUETE.

Y. Brahim: Nik Frontflict kanaleko kamisetak saltzen nituen, eta handik ateratako dirua Libanoko Basket Beats Borders GKEari ematen nion, Shatila-ko errefuxiatu eremuan emakumeen saskibaloi talde bat bultzatzeko. Poliziak hori Hezbollahko egitura logistikoei dirua ematea zela ulertu du. 104 euro ziren, ordea. Zer finantzatu daiteke horrekin?

A. Herranz: Youssefek eta biok hamarkada bat daramagu palestinarren errefuxiatu kanpalekuetara bidaiatzen, ez bakarrik Libanon, Gazan ere bai; eta jakina, neronek ere eman diet dirua kaltetuta dauden pertsonei, bide zuzena hori dela iritzi diodalako.

IRANEKIN BAT PLATAFORMAKO KIDE ERE BAZARETE, ETA HORI ERE AGERTZEN DA AUTO JUDIZIALEAN.

A. Herranz: Urte erdi baino ez du plataformak, AEBek Irani eraso egin eta 163 pertsona –tartean Ali Khamenei eta bere familia– hil ondoren sortu genuen. Euskal Herriko zenbait pertsonak ahotsa altxatu behar genuela erabaki genuen, Palestina defendatzeko Iran ere defendatu behar baita: hura erortzen bada, Palestina hurrengo egunean eroriko da. Eta horregatik terroristak eta jihadistak garela diote, terrorismoa goraipatzen dugula. Jakina, beraiek definitzen dute zer den terrorismoa eta zer ez: baina Palestina defendatzea terrorismoa bada, nazioarteko komunitatearen %40 terrorista da. Sinesgaitza da, herriek autodefentsa eskubidea dute.

HAIN JUSTU, SALATU DUZUE ESPAINIAKO GOBERNUAREN JARRERA ANTISIONISTA ETA AURRERAKOIA "FATXADA" BAINO EZ DELA.

Y. Brahim: Hor dago Fergie Chambersen kasua ere [Palestinaren aldeko ekintzaile estatubatuarra, Hamas finantzatzea leporatuta atxilotu zuten uztailean, Elvissan (Herrialde Katalanak)]. Hemendik kanpoko lagunak konturatu dira Espainia ez dela dioten modukoa.

A. Herranz: Edota, duela aste batzuk, Huescan (Aragoi) 1.200 soldadu sionista egon ziren jaialdi batean, inpunitate osoz. Hagako auzitegian behar lukete gizateriaren aurkako krimenengatik. Baina ez, terroristak gu gara. Armen eta lehergailuen entrenamendua jasotzea ere leporatu digute: ikusi berri dugu Espainiako neonaziak Kievera joan direla entrenamendu militarra jasotzera, eta ez zaie ezer gertatu estatura itzultzean. Espainiako Gobernuak ez du erakunde sionistako enbaxadorea bota Madrildik, eta 2025ean erakunde sionistarekin armen komertzioa gehien areagotu duen estatua da Espainiakoa. Eta guri terrorismoa finantzatzea leporatzen digute, baina azpimarratu nahi dut Espainiako erregimenak Siriako Al-Qaedari 23 milioi euro eman dizkiola. Harritzekoa da.

“OLATU ERREAKZIONARIOAZ” OHARTARAZI DUTE ERAKUNDE ASKOK, ETA HORREN ADIBIDE GISA ULERTU DITUZTE FLOTILLAKOEN LOIUKO ISTILUAK EDOTA MUNDUKO KOPAKO ATXILOKETAK. ZUEN ATXILOKETA ERE TESTUINGURU HORRETAN ULERTZEN DUZUE?

Y. Brahim: Argi dago olatu erreakzionario hori egon badagoela, eta beldurra zabaltzen ari dela. Nik uste dut eredutzat erabili nahi gaituztela apologia zer den zehazteko. Ikusten ari naiz jendea beldur dela informazioa partekatzen jarraitzeko, babesa adierazteko, inork ez baitu nahi guri gertatutakoa gertatzerik; horrek beldurtzen nau. Baina, egia esan, uste dut apurtxo bat kostatuko zaiela, jendeak Internetera sarbidea du, gertatzen ari denaren informazioa jaso dezake.

A. Herranz: Horrela da, bai. Ikusi dugu zelan jazarri zaizkion jendeari oro har, ez bakarrik flotillakoei, baita nire ustez erakunde kriminala den CAFen aurka edota Espainiako txirrindularitzako Vueltan protesta egin zutenei. Hori ez da morala eta salatu beharra dago. Horregatik, ezer ilegalik egin ez dugun arren, beldurra zabaldu nahian dabiltza, aurrekari gisa geratzeko.

ZUEN ATXILOKETAREN BERRI PRENTSATIK JASO ZUEN JENDARTEAK, BAINA ORDUZ GEROZTIK OSO LEKU GUTXITAN IRAKURRI DAITEKE ZUEN INGURUAN. ZERGATIK USTE DUZUE DELA HORI?

Y. Brahim: Nik benetan uste dut ez dutela ezer gehiago esan konturatu direlako zer nolako hanka sartzea egin duten. Oso txarto jarri gaituzte telebistan, ez dut imajinatu ere egin nahi gure ama hori entzuten. Baina orain, kalean utzi gaituztela eta esandakoak ez hanka ez buru ez duela ikusita, uste dut lotsatuta daudela eta horregatik daudela isilik. Sare sozialetan oraindik badaude iruzkinak hau guztia muntaia izan dela diotenak: jendeak ez du sinetsi, badaki dena hanka sartze bat izan dela, dena gezurra.

A. Herranz: Eta euskal prentsari dagokionean, ez dut uste asmo txarrik egon denik, esango nuke ezjakintasuna dela gehiago: 2001eko irailaren 11z geroztik dena dago zaku berean, eta kontu bat eta bestea ez direnean bereizten, pedagogia asko egin behar dugu, oinarrizko gauzak azaldu. Egon dira ere bestelako titular batzuk, Vocento taldean esaterako, eta horiek bai, horiek salatuko ditugu.

PASAPORTERIK BARIK, ZUEN MILITANTZIA INTERNAZIONALISTA EZ EZIK, ZUEN HARREMAN PERTSONALAK ERE MUGATU DITUZTE, HANGO LAGUNEKIN EZIN BAITUZUE EGON; HORREZ GAIN, SARE SOZIALAK ERE MOZTU DIZKIZUETE, TELEGRAMEN, ADIBIDEZ, EZIN DUZUE KONTURIK IZAN. ZELAN DARAMAZUE HORI?

Y. Brahim: Libanon, Gazan ditudan lagunekin jada ez dut kontakturik, ez dut euren berririk. Noizean behin idazten didate Instagrametik esanez bi lagun desagertuta daudela, eta handik egun batzuetara idazten didate berriz esateko eraitsitako eraikinen artean aurkitu dituztela. Lagunen heriotzaren berri horrela jakitea gogorra da, hori da niretzat okerrena. Informazioa banatzen ezin jarraitzeak ere min egiten dit, telebistan prime time-n ikusten ditugulako umeen gorpu deseginak. Eta militantzia internazionalistari begira, nik pausu bat eman dut atzera, ez daukat-eta beste aukerarik. Hau ahalik eta bizkorren amaitzea nahi dut, nire egonkortasun emozionalaren hobebeharrez.

A. Herranz: Nik ere, azken bi hilabeteetan, Siriako bost ezagunen hilketaren berri izan dut. Gure militantziak beste era batera egingo du aurrera, estatutik ere ezin baitugu irten: Ipar Euskal Herrira ere ezin dugu joan, eta hor ikusten da, beste behin ere, Euskal Herriaren banaketa nazionala. Baina, tira, nik espero dut etorkizunean absoluzioa eskuratzen dugunean, berriz informatzen jarraitu ahal izatea.

ABSOLUZIOA AIPATU DUZUE. HORI ESPERO DUZUE PROZESUAZ?

Y. Brahim: Okerrena zain egon beharreko denbora da: ez dakigu datorren urtean, hamar barru edo gobernu aldaketa egon eta berehala izango den epaiketa. Baina, bitartean, burua hor. Nik badakit hau ondo aterako dela, akusazioek ez dutelako ez hanka ez buru. Ez dute ezer aurkitu leporatutakoa frogatzeko. Kontzientzia lasai daukagu.

A. Herranz: Youssefek gutun batean idatzi zuen moduan, behin izan ginen umea harro dago orain garen helduaz. Ez dago ezer ilegalik. Aurkitu diguten bakarra Fronte Polisarioaren, Bashar al-Assaden eta Leila Khaleden banderak dira. Itzuli diezazkidatela exijitzen dut. (argia-baskultur)

(2026-10-04)

MUGURUZA FM 40 TOUR DOKUMENTALA

‘Muguruza FM 40 Tour’ dokumentalaren trailerra ikusgai, Belodromora iritsi aurretik. ‘Muguruza FM 40 Tour’, Fermin Muguruzaren agur biraren dokumentala, Belodromoan estreinatuko da irailaren 24an. Zinemaldiak bere programaren parte egin du Ander Merino Etxebeste eta Muguruzaren dokumental musikala. Sarrerak astearte honetan jarriko dira salgai, goizeko 10.00etan. Oholtza gainean 40 urte betetzerakoan munduari bira eman zion Fermin Muguruzak. Ospakizuna 2024ko abenduaren 17an hasi zen Biarritzeko Atabal aretoan, Iñigo Muguruza anaiari egindako omenaldi kontzertuan. Festa Bilbon lehertuko zen ordea, bina emanaldi eskaini behar baitzituen Miribillan abenduaren 20 eta 21ean. Apirilean iragarri zituen eta sarrera guztiak agortu ostean, ekainaren 20an, Kortatuk lehen maketa argitaratu zenetik 40 urte betetzen ziren egunean bertan, mundu mailako bira iragarri zuen irundarrak. Hamaika urte ziren halakorik egiten ez zuela 2013ko ‘No More Tour’-etik.

2025eko urtarriletik hasita, ‘Muguruza FM 1984-2014’ birak Asia, Amerika eta Europako hamaika txoko zeharkatu zituen: Tokyo, militar eta poliziek setiatu eta etendako emanaldia Mexiko Hirian, Txileko Santiago, Erroma edota Berlin, besteak beste. Euskal Herrian ere une gogoangarriak bizi izan ziren ekainaren 14an Donostiako Anoeta Estadioan, Arberatze-Zilhekoan EHZ festibalean, Irungo Mosku auzoko jaietan edota birako azken kontzertuan, Iruñeko Nafarroa Arenan 2025eko urriaren 4an. Kortatu, Negu Gorriak eta Muguruzaren ondare musikalak mundua zeharkatuko zuen pasa den urtean eta orain pantaila handira iritsiko da. Non eta Anoetako Belodromoan. 3.500 ikusleren aurrean eta 400 metro karratuko mihisean eskainiko du Zinemaldiak ‘Muguruza FM 40 Tour’ dokumentala. 99 minutuko iraupenarekin, irailaren 24an antolatu du proiekzio erraldoia zinema jaialdiak. Ander Merino Etxebestek eta Fermin Muguruzak lau eskutara zuzendutako dokumentalak ‘Muguruza FM 1984-2014’ bira izan zen «musika, konpromisoa eta kultur erresistentziaren 40 urte ospatzen dituen bidaia kolektiboa» biltzen du.

Musika-dokumentala izaki, birako irudiez, edo «taupadez» gozatzeko aukera izango du ikusleak: «jendez gainezka dauden kontzertuak, errepidean egindako kilometroak, bidean izandako topaketak eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den energia partekatua, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetatik gaur egungo bere ibilbideraino». Ultraeskuinaren zentsura saiakerak eta tira-birak ere ageri dira, baita elkartasun keinuak eta eszenatokien «atzealde intimoena» ere. Fermin Muguruzaren ibilbide musikalaren ondareaz hausnartuko du piezak. «Dokumental honek bere abestiak borrokarako, nortasuna eraikitzeko eta komunitate ospakizunerako tresna bihurtu dituen sortzaile baten erretratu zinematografikoa osatzen du, ezinbesteko artista baten azken dantza handiarekin batera».

‘KARATEKA’ ETA ‘GO!AZEN 13’ ERE BELODROMOAN

Bestetik, Zinemaldiak aurrez iragarri bezala, Belodromoak beste zenbait emanaldi ere hartuko ditu edizio honetan. Batetik, Aritz Morenoren lan berria, ‘Karateka’. Filmak Andrea Ros, Patrick Criado, eta Ernesto Alterio ditu aktore-zerrendan eta Sandra Sánchezen istorioa kontatzen digu: konbentzio guztiak hautsi zituen emakume horrek, karateko urrezko domina lortu batzuen Joko Olinpikoetan, kata modalitatean, 39 urterekin. Morenok Zinemira-Kimuak sailean hartu zuen parte ‘Bucle’ (2011) eta ‘Cólera’ (2013) lanekin, ‘Ventajas de viajar en tren’ (2019) eta ‘Moscas’ (2023) film luzeak zuzentzeaz gain. Bestetik, ‘Go!azen’ telesailaren hamahirugarren denboraldiaren lehen atalaren emanaldia ere hartuko du Belodromoko auditoriumak –2.000 pertsonatarako edukiera du– eta ‘Kontzertua & Emanaldia’ ekimen tradizionala ere, Euskadiko Orkestrarekin eta SGAE fundazioarekin batera antolatua, hartuko du, baita amaierako galaren emankizuna eta Ikastetxeak Belodromoan ekimeneko goizeko emanaldiak ere. (naiz-baskultur)

(2026-10-03)

ETXEBIZITZAREN ARAZOAREN SOLUZIO AUTORITARIOA

Etxebizitzaren arazoaren aurrean eskuineko hedabideak zabaltzen ari diren mezua arriskutsua da: «Atzerritarrak gureak diren baliabideak berenganatzera datoz, bereziki etxebizitzak». Erabaki politikoek bideratu behar dute gaia, eta bi aukera daude: berdinzaletasunetik konpondu, edo autoritarismotik. Etxebizitzaren arazoa berdinzaletasunetik konpontzen ez bada, autoritarismotik izango da. Eta azken hilabeteotan badirudi soluzioa bigarren bidetik doala. Ideia arriskutsu bat ezarri nahi dutelako batzuek, tiro bakarraz bi txori akabatzeko: «Etxebizitzaren arazoa immigranteen errua da». Langabezia gutxiagoko testuinguru berrian, immigranteek jada ez dizkigute enpleguak kentzen, etxeak baizik. Batzuek zeharka esaten dute, beste batzuek zuzenean. Etxebizitzak pilatzen dituzten dirudunengan eta espekulatzaileengan arreta jar ez dezagun, gu baino txiroagoak direnengan jartzen da fokua. Gora apuntatu ordez, behealderantz nahasten dira bazterrak. Estrategia ondo funtzionatzen ari da, zoritxarrez. (Migranteen eskubideen aldeko mobilizazio bat, Gasteizen. / Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Hedabide batzuk azpijoko xenofobo eta aporofobo horren parte ezinbesteko dira. Vocentok ez du argitaratu “El Diario Vasco”-ren partzelaren birkalifikazioko 252 etxe berriekin zenbat diru irabazi duen, baina babes publikoko etxeak immigranteek pilatzen omen dituztela zabaltzeko ez du tintarik aurreztu, horretarako gezurra erabili behar izan badu ere. Abuztuaren 13an hurrengo lerroburu digitala ondu zuen: «EAEko alokairuko babes ofizialeko etxeen erdiek atzerriko maizterrak dituzte». Kontua ez da soilik “erdi” gisa definitzen duena egiazki %36 dela, baizik eta kopuru hori ez dela babes publikoko etxeetan dauden atzerritarrena: iturri moduan erabilitako azterlanean ez dator datu hori. Asmatua da. Datua alokairu osoan, librea barne, dauden atzerritarrena da. Altua, ezinbestean, ezin dutelako etxerik erosi: klase ertaineko etxejabe errentadunek alokatzen dizkiete pisuak, haien soldata erdiaren edo gehiagoren truke.

ETXEBIZITZAK PILATZEN DITUZTEN DIRUDUNENGAN ETA ESPEKULATZAILEEN-GAN ARRETA JAR EZ DEZAGUN, GU BAINO TXIROAGOAK DIRENENGAN JARTZEN DA FOKUA

Garrantzitsuena ez da egia, baizik eta helarazi nahi den mezua: «Atzerritarrak gureak diren baliabideak berenganatzera datoz, bereziki etxebizitzak». Etxe babestuen esleipenetako benetako datua, ordea, Etxebizitza Sailak eman zuen uztailaren 6an, Alderdi Popularraren, nola ez, galdera parlamentario bati erantzuteko: 2025ean esleitutako alokairu sozialeko ia 1.500 etxeen esleipendunetatik %84 NANarekin identifikatu ziren, eta soilik %16 AIZ edo pasaportearekin. Vocentok maltzurki zabaldutakoaren herena.

XENOFOBIA ETA KLASISMOA

Datuek, baina, ez dute asmo txarreko errelatoa hiltzen. Kontakizun xenofoboak giroa blaitzen duelako. Xenofobiaz harago doana klasismoa da. Eta klaseak existitzen ez zirelako klase borroka ez zegoela ziotenak orain klase ertainaren babesle ageri zaizkigu. Ekainaren 10eko elkarrizketa batean Pradales lehendakariak babes publikoko etxeek gazteentzat eta klase ertainekoentzat izan behar dutela agindu du. Maiatzaren 12an EAJ-PSEren Jaurlaritzak etxebizitza dekretu berri bat jarri du indarrean; eta, bertan, alokairu sozialeko etxe bat esleitzeko errolda minimoa EAEn urtebetetik hiru urtera igo du. Soluzio autoritarioaren adibide ona. Ondorio zehatzak dituena: martxoan esleitzen hasitako Hondarribiko Biteriko 42 etxe sozialetako bat alokatzeko urtebeteko errolda eskatu zen, baina ekainean esleitzen hasitako Bilboko Boluetako 100 etxeetarako jada hiru urte eskatu dira. Horrela, gure zergekin ordaindutako etxeak pilatzera ei datozen atzerritarrek zailago dute.

Abuztuan esleitzen hasi den Eltziegoko hamalau etxeren promoziorako bezala, non beste datu deigarri bat dagoen: 36 urtetik beherako gazteen kupoa %46,2koa da, inoizko altuena, eta etxebizitza eskubide subjektiboa aitortua dutenena, %7,7koa, inoizko baxuena. Urtean 46.000 euroko soldata duen gazte batek etxebizitza eskubide subjektiboa aitortua duen eta urtean soilik 9.000 euro kobratzen duen heldu batek baino sei aldiz aukera gehiago ditu etxe bat lortzeko. Hori gutxi balitz, Gasteizen 100 immigrante abandonatuta zeuden bi industria pabiloitatik kaleratzen zituzten bitartean, Donostiako kaleko afari solidarioak debekatzen ziren bitartean eta Melgosa sailburuak Ceutako «inbasioko» (ETBk erabilitako terminoa) immigranteak onartuko ez dituela artikulu baten izenburura eramaten zuen bitartean, Etxebizitza Sailak hurrengoa iragarri du: hemendik aurrera Etxebiden kupo berri bat sortuko da, %30ekoa, 20.000 eta 46.000 euro bitarteko soldata dutenentzat. Hortik beherakoak, eskatzaileen %70, hor konpon. Abuztuaren 6an Koldo Casla Nazio Batuetako etxebizitza errelatore donostiarrak gutuna bidali dio Espainiako Gobernuari, PP-VOXen «lehentasun nazionalak» etxebizitza politikan edukiko duen eraginaz ohartarazteko. Andaluzia, Aragoi, Gaztela eta Leon eta Extremadura dira kezka iturri. Susmoa: politika eskuinerantz lerratzen ari den soluzio autoritarioaren garaiotan EAE ez ote zaien batu(ko). (argia-baskultur)

(2026-10-02)

ETXEBIZITZA ESKUBIDEAK

Etxebizitza Eskubidearen aldeko Bilboko Kanpaldian daudenek salatu dute etxebizitzari buruzko dekretuak «ez direla nahikoak» eta, hala ere, ez direla onartu eskuinaren aurkakotasunagatik. Arratsaldean manifestazioak izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. - Milaka lagun atera dira kalera Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean ostiral honetan etxebizitza eskubidearen alde. Espekulazioarekin amaitzeko eta espekulatzaileak desjabetzeko exijitu dute, eta greba orokorraren alde agertu dira. Gainera, Espainiako Gobernuak aurkeztutako dekretuak, Kongresuan onartu ez direnak, «lotsa bikoitza» direla adierazi dute, «erabat eskasak» direlako, «herriaren aldarriaren isla» ez direlako eta «espekulatzaileen interesak blindatzen» dituztelako. (Iruñean arrtsaldean egindako manifestazioa. / FOKU)

Bilboko manifestazioan, Arriaga Antzokiko plazan dagoen etxebizitzaren aldeko kanpaldian, Carla Pisano Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako bozeramaileak, dekretuen aurkezpena bera gaitzetsi du. Bere ustez, «hitzontzikeria, titularrak eta apurrak» alde batera utzita, dekretuen edukiak «espekulatzaileen interesak eta diru-sarrerak blindatzea» dakar. Ildo horretan, salatu du «%100eko salbuespen fiskala» planteatzen zela «jabeentzat». «Ez dute ezer ordaintzen, eta langileok milaka euro ordaintzen ditugu». EAJri dagokionez, «ezezkoa besterik ez» zuela espero adierazi du. Pisanoren ustez, alderdi jeltzaleak «euskal burgesia» ordezkatzen du, «nagusiki higiezinen sektorean eta eraikuntzaren sektorean interesak dituena» eta, beraz, «bere interesen alde egingo du». Mobilizazioaren aurretik egindako adierazpenetan, etxebizitza eskubideak eskubide bermatua izan behar dela nabarmendu du, osasuna eta hezkuntza bezala. Eta ohartarazi du «helburu argiak dituen eta kalean dagoen langile klase antolatuak bakarrik lortuko dituela aurrerapausoak zentzu horretan».

Iruñean Oihana Idoate Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareko kideak adierazi duenez, «Diputatuen Kongresuan hartzen saiatu diren neurri guztiak ez dira nahikoak». «Etxebizitza erabil daitekeen merkantzia bat den bitartean, norbaitek etekina atera dezakeen bitartean, ez da inoiz eskubide bat izango", adierazi du. Zentzu horretan, espekulazioa debekatzeko eskatu du, eta borroka jarraituko duela iragarri du. «Esan nahi dugu gaur hemen ez dela borroka amaitzen, gaur egingo diren mobilizazioetako bat gehiago dela, hemen ez dela amaitzen, Diputatuen Kongresuan ez dela amaitzen, langile klasearen beharrak han daudela oraindik», esan du. Era beran, Etxebizitza Eskubidearen aldeko Bilboko Kanpaldian daudenek jakinarazi dute protestari eutsiko diotela, «goranzko borroka plan batekin», «greba orokor baterantz» aurrera egiteko, eta herritarrei kanpaldiarekin bat egiteko deia egin diete, etxebizitzari buruzko dekretuak Kongresuan ez onartzea «lotsagarria» dela salatu ostean.

Bilboko Arriaga plazako kanpaldiko kideek prentsaurreko batean egin dituzte adierazpen horiek. Joan den igandeaz geroztik kanpaldia egiten ari dira bertan, etxebizitzaren arazoari irtenbideak eskatzeko. Agerraldia Kongresuko osoko bilkurarekin batera egin dute. Kanpaldiko kideen arabera, dekretu horiek «ez dira nahikoak», Gobernuak «ez dielako aurre egin nahi jokoan dauden interes handiei». «Neurri hauek borrokari esker lortu ziren baina ez dira aurrera eramango, eskuin espainiar, katalan eta euskaldunari esker. Lotsagarria da!», gaineratu dute. Ez daudela «neurri kosmetiko eta behin-behinekoen» alde azaldu ostean, honako hauek aldarrikatu dituzte: etxegabetzeak geldiaraztea, funts putreak, bankuak eta edukitzaile eta errentari handiak desjabetzea, etxebizitzaren merkatuan esku hartzea negozioa izan ez dadin, eta «ehunka mila» etxebizitzako parke publiko baten alde borrokatzea, eskubidea bermatzeko. Hala ere, ohartarazi dute «borroka ez dela hemen amaitzen». Adierazi dutenez, etxebizitza izateko eskubidearen aldeko borrokak egunero egiten du aurrera, milaka eta milaka pertsona ari dira mobilizazioak bultzatzen eta horietan parte hartzen, eta kanpaldiak zabaltzen ari dira.

Bilboko Arriaga plazan gero eta pertsona gehiago daudela adierazi ostean, mugimenduak aurrera jarraitu behar duela nabarmendu dute, «etxebizitzaren negoziotik aberasten diren funts putreei, bankuei, higiezinen agentziei eta etxejabeei» aurre egiteko. «PSOE eta Sumarren Estatuko Gobernuaren eta EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzaren konplizitateari esker dirutza egin dute. Egoera honek bizitzak jokoan jartzen ditu, eta ez dugu gehiago onartuko», gaineratu dute. Horregatik, beharrezkotzat jo dute «goranzko borroka plan bat eraikitzea». Ildo horretan, Bilboko protestarekin bat egiteko deia egin diete herritarrei, mugimendua zabaltzeko. «Gazteei, familia langileei eta etxebizitza negozio bat izateaz nazkatuta zaudeten pertsona guztiei dei egiten dizuegu kanpaldiarekin bat egitera; parte hartzeko, eztabaidatzeko, antolatzeko eta borrokatzeko gunea da», adierazi dute. Azaldu dutenez, beharrezkoa da asteburu honetan «batera, modu masiboan» mobilizatzea eta «dena geldiaraziko duen greba orokor baterantz aurrera egitea». (naiz-baskultur)

(2026-10-02)

EUSKAL PILOTA SELEKZIOA

Euskal Pilota Selekzioa bere aurreneko Munduko Txapelketara begira aurkeztu da- Gasteizko Foruen Plazan 41 pilotari eta 9 hautatzaileak izan dira. Nazioarteko Federazioak Buenos Airesen eta Urugiaiko Colonia del Sacramenton hilaren 15etik 24ra bitartean antolatuko du XX. Euskal Pilotako Munduko Txapelketa, eta hau izango da Euskal Herria bere kabuz arituko den aurreneko aldia. Egun berezia izan da 2026ko urriaren 1eko hau; izan ere, Euskal Pilota Selekzioaren aurkezpena burutu baita Gasteizko Foruen Plazan, hilaren 15etik 24ra Buenos Airesen eta Uruguaiko Colonia del Sacramento hirietan egingo den Munduko Euskal Pilota Txapelketarantz abiatu aurretik. Hogeigarren ekitaldia du Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioak antolatzen duen Munduko Txapelketak, baina aurtengo honek zapore berezia izango du euskal herritarrentzat. Hain zuzen, Euskal Selekzioak aurrenekoz bere burua ordezkatuko baitu. (Euskal selekzioa, Gasteizko aurkezpen ofizialean. / Aritz LOIOLA | FOKU)

Orotara 41 pilotarik eta 9 hautatzailek hartuko dute parte berdin ezker hormako modalitateetan, trinketean zein frontball delako modalitatean. 13 modalitateko sailkatuta dago: 54 zein 36 metrotan metrotan zestaz ariko dira gizon nahiz emakumeak, 36 metrotan, eskuz, paleta larruz eta paleta motzarekin, parapilotan ere arituko dira frontoian eta trinketean. 30 metroko frontoian gomazko paletarekin jokatuko dute ere euskal pilotariek, emakume zein gizonek, eta frontball zein xarean ere lehiatuko dira Euskal Selekzioko kideak. Luze jo du, ordubete pasa iraun baitu aurkezpenak, izan ere, Euskal Selekzioak bere historiako aurreneko Munduko Txapelketa jokatu behar baitu, Euskal Pilota Munduko Txapelketa ospatu badira ere. Zentzu horretan arduradun instituzionalen presentzia eta hauen babesa oso sendoak izan dira Gasteizko ekitaldi honetan.

«Ardura, ilusioa, harrotasuna eta ilusioa», azpimarratu ditu Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak, iazko Nazioen Ligatik hona «beste urrats bat» eman dela azpimarratuz. «Duela urtebete Nazioen Ligan parte hartu genuen eta orain beste beste pauso bat ematen dugu gara. Horrek ardura sortzen digu, baina baita harrotasuna ere, noski. Espero dugu urrats hori sendoa izatea eta ona izatea», adierazi du Mitxelenak. «Ez zarete bakarrik joango», gaineratu du Ibone Bengoetxea, Lakuako lehenengo lehendakariordeak. Ez da politikari bakarra izan ekitaldi honetan, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea ere bertan izan baita. «Ez zoazte bakarrik, ez. Zuekin eramango dituzue zuen familiak, zuen klubak, zuen herrietako frontoiak, eta urtetan. euskal pilota eraiki, zaindu eta transmititu duten belaunaldi guztiak. Herri oso baten ilusioa eramango duzue zuekin. Hori erantzukizun handia da, baina baita herri oso baten harrotasuna ere», zehaztu du Ibone Bengoetxeak bere hitzaldian, Mitxelenari lehendakariak sinaturiko ikurrina bat emanez ondoren.

SELEKZIO INDARTSUA

Kirol arloari atxikita, Aitor Erauskin Euskal Selekzioko zuzendari Teknikoaren aburuz, «selekzio indartsua» izango du euskal ordezkaritzak Argentinan eta Uruguain. «Ikaragarri ondo prestatu dugu txapelketa, baina ezin dugu modalitate guztietan lehiatu. Lehiaketa orokorrerako ez dugu aukera asko izango, baina lehiatuko garen espezialitate guztietan aukerak izango ditugu», zehaztu du. Batzuetan beste zenbaitetan baino gehiago, baina oso ondo prestatu garelako, aukerak guztietan izango ditugulakoan nago eta ilusioz gainezka goaz Argentinara eta Uruguaira», aipatu du. Erauskin. «Lastima da eskuz ezingo dugula konpetitu, baina frontball modalitatean aukera izango dugu eta ea nola doa doakigun», esan du Olatz Arrizabalagak.

Esaterako, zestaz Euskal Selekzioak oso itxura bikaineko taldea darama: Xabi Barandika, Aritz Erkiaga edota Jai Alai Liga zirkuituko irabazle izan den Maia Goikoetxea ariko dira, besteak beste. «Liga irabazita beste indar batekin goaz Munduko Txapelketara. Momentu oso onean gaude guztiok ere eta ea hori nabarmentzerik dugun», azaldu du Goikoetxeak. Egia da, halaber, Espainiako eta Frantziako selekzioekin hainbat euskal pilotari ariko direla Munduko Txapelketa honetan, baina bederen, aurrenekoz Euskal Pilota Selekzioak bere burua ordezkatzerik izango du behingoan maila goreneko lehiaketan. (naiz-baskultur)

(2026-09-30)

INPERIOAREN ONIRITZIA

Venezuelako Bolibartar Errepublikako buruzagia eta munduko eskuin muturraren itsasargia irribarretsu agertu dira elkarren alboan. Delcy Rodríguezek eskerrak eman dizkio Trumpi “gure herrialdea espazio multilateraletan berriz egon dadin emandako babesagatik”. Errealitatea da Venezuelak urtarriletik daramala AEBen gidaritzapean. Bederatzi hilabeotan, Donald Trumpek gero eta argiago egin du Maduroren ordezkoaren alde, Venezuelako oposizioko lider Maria Corina Machado ultraeskuindarraren lotsa eta kalterako. Nobel saridun Corinaren arabera, Delcy Rodríguez “torturaren, jazarpenaren, ustelkeriaren eta narkotrafikoaren arkitektoa” da Venezuelan.

Prozesu honek argi erakusten du indarkeriaren bidez zer lor daitekeen. AEBek Venezuelarekin inposatu duten harreman neokolonialetik lortutako onurak azpimarratu ditu Trumpek hainbatetan. Abuztuaren 28an, “munduko petrolio-akordio handiena” iragarri zuen. Itun horrek lehentasunezko tratua ematen die AEBei Venezuelak erreserban dituen 65.000 milioi upelen salmentarako. Kopuru hori AEBen erreserba baino handiagoa da. Baina hori Venezuelako Gobernu berriaren erabaki “eztabaidagarrietako” bat baino ez da izan. Hugo Chávezen lege enblematikoenetako bat ere erreformatu zuen Rodríguezen gobernuak: Hidrokarburoen Lege Organikoa. Lege hori onartzeak Chávezen aurkako estatu-kolpea eragin zuen 2002ko apirilean. Era berean, Gazako genozidioaren erdian, Israelekin harremanak berreskuratu eta normalizatu dituztela iragarri zuen abuztuan Venezuelako Gobernuak.

Potentzia inperial batek beste herrialde bateko presidentea bahitu eta, egun gutxiren buruan, akordioak egin eta harreman adiskidetsuak ezartzen ditu presidenteordearekin, zeinak, teorian, eta publikoki esanda, bahitutako presidentearen mugimenduaren idealekin konprometituta jarraitzen duen. Nekez aurkituko dugu historia hurbilean Venezuelan gertatzen ari denaren antzeko zerbait. Izan ere, puzzle bitxi hau ulertzeko pieza asko falta dira oraindik. Besteak beste, Delcy Rodríguezen gobernuaren eta Trumpen administrazioaren arteko negoziazioei buruz ezer gutxi dakigulako. Hala ere, egoeraren izaera kafkiarrak ez luke ahanztarazi behar funtsezkoa dena: Washingtonen jardun neokoloniala salatu, Maduro eta Floresen askapena exijitu, Venezuelako herritarren aurkako zigor guztiak indargabetu eta Washingtonek konfiskatutako milaka milioi dolarren itzulketa eskatzea. (argia)

(2026-09-27)

EUSKAL HERRIA EUSKARAZ

«Euskarak bere lekua izan behar du Euskal Herrian, eta bere toki osoa espazio publikoan». Larresoroko bide baten euskarazko izendapenaren aurka egin zuen prefeturak eta Mintza Larresorok erabakiaren aurka egin du. Naiz Irratian bozeramailea den Robert Lamerensek «euskararen koofizialtasunaren alde egin behar dela» defendatu du irmoki. «Euskarak bere lekua izan behar du Euskal Herrian, eta bere toki osoa espazio publikoan». Pirinio Atlantikoetako Prefetura hizkuntza gatazkaren erdigunean kokatu da berriro ere; oraingoan, Larresoron. Bide baten euskarazko izendapenaren aurka egin zuen prefeturak eta Mintza Larresorok, oposizioko taldeak, erabakia gaitzetsi du eta Frantziako Estatua euskarari eremu publikoan duen presentziari trabak jartzen ari dela salatu du. Uztailaren 7an herriko kontseiluak Orgilaneko bidearen luzapena onartu zuen, bada, 'Impasse Orgilaneko bidea' izena hartu behar izan du. Robert Lamerens, Mintza Larresoroko bozeramailea izan da astearte honetan Naiz Irratian. (Larresoroko herri sarrerako seinalearen artxibo irudia. / Patxi Beltzaiz)

NONDIK DATOR POLEMIKA? ZERGATIK EGIN DU EUSKARAREN AURKA PREFETURAK? 2016tik Larrasaron gure bideak euskaraz izendatzen ditugu, gehienetan auzoko etxeen izenak hartuz. Hamar urtez dena ondo joan da, ez dugu arazorik izan. Uztailaren 7an herriko kontseiluak aho batez onartu zuen Orgilaneko bidea izena izatea. Baina, agorrilaren 5ean Prefeturak gutun bat bidali zigun, bertan erraten zuen delibero hori ez zela legala. Frantziako Konstituzioaren bigarren eta Toubon legearen hirugarren artikuluak direla eta, erabakia gibelera bota zuten. Gainera, erraten du berriro ikusi beharko liratekeela kale guztien izenak euskaraz egotetik, frantsesez ere egotera igaro beharko dutela.

ERABAKIA NORK HARTU DU? Ez dugu ziurtasun osorik Jean Marie Girierek edo Simon Fetetek hartu zuen erabakia. Uztailaren 12an Simon Fetet izendatua izan zen, eta agorrilaren 24an izan zuen jabetura ofizialki. Hala ere, uste dugu data hori baino lehenago ere auzi horiek lantzen ari zirela. Egia esan, hau ez da guretzat funtsezkoena, kontua da, politika hau bat datorrela bi profetek ikusteko molde bera dutelako. Momentu honetan beraz, biak dira kaltegarriak guretzat, euskararentzat.

MINTZA LARRESOROTIK ZER MEZU PLAZARATU NAHI DUZUE? Ez gaude frantsesaren kontra, baina euskarak bere lekua izan behar du Euskal Herrian, eta bere toki osoa espazio publikoan. Egun, ez da hala, eta ez dugu onartzen hamar urtez konfliktorik gabe martxan izan den zerbait bat batean baztertzea. Ez du funtsezko itzulpenik behar izenak, bidea bidea da; beraz guk hau defendatuko dugu, Larresoron eta Euskal Herri osoan.

USTE DUZUE PREFETURAREN AGINDUA, POLITIKOA DELA? Bai, arrunt politikoa da erabakia. 1982ko martxoaren 2a lege deszentralizatzaileak eskumena ematen zuen kaleen izendegiaren baitan erabakitzeko, eta horretan oinarrituta hartu zuen Larresorok 2016an hala egiteko erabakia. Lehen momentuan prefeturak ez zuen deus esan, eta hamar urteren ondoren heldu dira kontran, bat batean legez kanpokoa omen da nahiz eta legea ez den aldatu. Larresoro ez da bakarra egoera honetan, Senperen ere gauza bera pasatzen da eta Sara eta Baionako deliberoen kontrako keinuak behin eta berriz ikusten dira. Oraindik ere gehiago izango dira nik uste, ez da kasualitatea. Euskararen presentzia publikoa ukatzeko borondatea erakusten du. Horregatik gure ustez erantzunak koordinatuak izan behar dira, ez du herri bakoitzak bere bidetik joan behar, eta Euskal Herriko hiriguneen elkargoak beharko luke parte hartu euskararen aldeko mobilizazioetan.

TESTUINGURU HONETAN, EUSKAL KONFEDERAZIOAK AZAROAREN 21EAN BAIONAK DEITU DUEN MANIFESTAZIOARI BABESA AGERTU DIOZUE EZTA? Bai, behar da joan azaroaren 21ean deitutako manifestaziora. Euskararen koofizialtasunaren alde egin behar dugu, aitortza sinboliko hutsak ez diolako euskarari emango behar duen ziurtasuna. (irratia.naiz-baskultur)

(2026-09-26)

EAJREN NEKROPOLITIKA ARRAZISTA

Mijo Lizarzaburu, EHUko ikerlaria eta militante transfeminista / NAIZ Ceutako hiria arrazismo krudelenaren erakusleiho bihurtu da aurtengo udan, eta PSOE-Sumar Gobernuaren utzikeria ikusita, badirudi horrela jarraituko duela gutxienez Gabonak arte. Munduaren egituraketa kolonialaren desoreka estrukturalei eta Mohamed VI.aren politikei ihesi uztailaren 30ean heldu ziren 70.000 pertsona inguru Ipar Afrikako hirira, bidaian 140 pertsonak bizitza galdu… - Ceutako hiria arrazismo krudelenaren erakusleiho bihurtu da aurtengo udan, eta PSOE-Sumar Gobernuaren utzikeria ikusita, badirudi horrela jarraituko duela gutxienez Gabonak arte. Munduaren egituraketa kolonialaren desoreka estrukturalei eta Mohamed VI.aren politikei ihesi uztailaren 30ean heldu ziren 70.000 pertsona inguru Ipar Afrikako hirira, bidaian 140 pertsonak bizitza galdu zutelarik. Baina, bere mugen barruan giza eskubideak bermatzeko derrigortasuna duen Estatu espainolak, babesa eskaini beharrean, kale gorrian utzi zituen. Ondorioz, Ceuta mundu mailan egonkortzen dabilen ultraeskuinaren narratibak legitimatzeko eszenatoki perfektu bilakatu zen. Ohikoak izan dira prentsan “inbasio”, “segurtasun falta” edo “osasun larrialdi” terminoak, ez horrenbeste “giza eskubide”, “babesgabetasun instituzional” edo “laguntza humanitario”.

Krisi humanitario horren aurrean Estatuak eginbeharrekoa agerikoa da, hirian geratzen diren 10.000 pertsonak penintsulatik banatu eta Marokoren, Israelen eta Ameriketako Estatu Batuen estrategia geopolitikoaren erdigunean egotea suertatu zaion 80.000 biztanleko hiria bakean utzi. Faxismo espainiarrak argi esan du, baina, beraiek ez dutela inolako migratzailerik jasoko. Badakit horrek ez duela inor harritzen PP-VOXen politikak ikusita; aho zabalik utzi nauena, ordea, EAJ ere estrategia horretara batzea izan da. Horrela, Nerea Melgosaren (Ongizate, Gazteri eta Erronka Demografikorako sailburua) edo Txema Ezkerraren (Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzako arduraduna) hitz lotsagarriak entzun behar izan genituen abuztuan, beharrak bultzatutako migratzaile zaurgarriei Euskadiko ateak ixten, zinismo lotsagabez haien familiekin batu behar direla esaten. Ez dakit zergatik harritzen naizen ordea, Ceutako krisia baino egun batzuk lehenago, uztailaren 28an, Donostian, Jon Insausti alkateak kale egoeran dauden 300 gaztek zuten otordu bakarra kendu eta elkartasuna debekatu zuela ikusita. Aitzakia hau izan da: otordu bat egunean ez dela nahikoa gizarte inklusioa bermatzeko eta beharrezkoa dela bide administratibotik egituratzen den erantzuna ematea.

Arrazoia duzu Jon, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak egiten duen lana guztiz beharrezkoa izan arren, ez da nahikoa. Baina zuk ere badakizu zergatik egin behar duten: zuen ardura diren instituzioetatik ez zaretelako ari lan hori egiten. KASen antolatzen diren hiritarrek zuen lana izan beharko litzatekeenaren ardura hartu dute, Jon, eta, zuk, zure hiriko biztanle ere badiren gazte atzerritarren eskubideak bermatu beharrean, hutsune instituzional hori bete nahian zebilen sare solidarioa kriminalizatu duzu. Harro egongo zara, Jon. Ez dakit zergatik jartzen dugun beti Alice Weidel, AfDko kidea, homosexuala izanda ere politika arrazistak egin daitezkeen adibide gisa, zu hain gertu izanda. Egin lo lasai Jon, zure etxe erosoan, jakinda zure hiriko kaleetan 300 pertsona daudela lotan, egunean otordu bero bat bera ere jan ezinik zure politiken erruz.

EAJren egungo politikak deskribatzeko kontzepturik egokiena nekropolitika da. Terminoa Achille Mbembe pentsalariak erabili zuen lehen aldiz 2003an Michel Foucault pentsalariaren tanatopolitika terminoa osatzeko. Tanatopolitika Estatuak biztanleriaren zati bat inolako erantzukizunik gabe erailtzeko duen boterea da. Faxismoa tanatopolitikoa da; instituzioetan, Vox-eko diputatu Figaredoren aurpegia hartzen du, migratzaileak ehizatu behar direla esanez, eta, kaleetan, berriz, Donostian bertan egon den gazte baten aurkako aire-konprimatuko tiroketaren forma. Nekropolitikak, ordea, ez du zertan jendea zuzenean erail, nahikoa da hiltzen uztearekin, hau da, heriotzara, gaixotasunera, indarkeriara edo bizigarriak ez diren bizi-baldintzetara sistematikoki kondenatzearekin. Horregatik, bost egun geroago Jon Insausti hipokrita gertatutakoa gaitzestera ateratzeak ez du ezer aldatzen. Tiroketak faxismoaren aurpegirik gordinena dira; EAJren politikak, ordea, logika bera normaltasun instituzional bihurtuta. (argia-baskultur)

(2026-09-25)

ZE MUNDUTAN BIZI GARA?

“Pintaketak egitea delitu larria da eta Gazan hiltzea ez? Ze mundutan bizi gara?” Joan den astelehenean, hilaren 7an, epaitu dituzte Txuri Ollo eta Ivonne Chokarro Nafarroako Lurralde Auzitegian. Auzi berean dago, halaber, Mohamed al Massri gazatarra. Sei hilabeteko kartzela zigorra –urtebete eskatzen zieten– eta bi urteko aurrekari penalak ezarri dizkiete Iruñean Palestinaren alde eta Israelen aurka egindako pintaketa batzuengatik.(Txuri Ollo, irailaren 14an, epaiketaren egunean Iruñean. Santi Baquero © Xabier Letona Biteri)

GOAZEN GERTAERETARA. PINTAKETAK EGIN ZENITUZTEN IRUÑEAN, SAN SATURNINO ELIZAN, ETA FRANTZIAKO ATARIAN, PALESTINAREKIKO ELKARTASUNEZ. ZER ZIOTEN PINTAKETEK ETA ZERGATIK EGIN ZENITUZTEN? Leku gehiagotan ere egin genituen, San Frantzisko plazako komunetan, adibidez, baina beste bi horiengatik zigortu gaituzte. Une horretan urtebete generaman Palestinako genozidioarekin eta guk egoera hori salatu nahi genuen. Lan asko egin dugu instituzioetan eta beste hainbat lekutan exijitzeko nazioarteko auzitegiek Israelen aurka emandako genozidio ebazpena betetzeko. Erakundeek jo dezakete Israelen aurka zigorrak ezarriz, harekin harremanak moztuz edo, gutxienez, haren aurkako kautelazko neurriak hartuz, baina inork ez du horrelakorik egin. Hitzarekin ez digutenez kasurik egiten, pintaketa horiek egin genituen egoera hori salatzeko eta arreta erakartzeko.

PINTAKETAK NAHITA EGIN ZENITUZTEN BI GUNE BABESTU HORIETAN? Ez, eta esan dizut, beste batzuetan ere egin genituen. Ez ginen kontziente bi toki horiek ondare historiko eta kulturala zirenik. Gu paretetan ari ginen eta, gainera, bestela ere, San Saturninoko eliza pinturaz betea dago.

EPAIKETARA IRITSI AURRETIK JUSTIZIA ERRESTAURATIBOAN ARITU IZAN ZARETE URTEBETEZ. NOLA JOAN DA PROZESU HORI? Lau bilera egin genituen ANAME Nafarroako Bitartekaritza Elkarteko María Rovira abokatuarekin. Ez da auzitegi barruko organo bat, baina hor barruan dute bulegoa. Lehen bileran oso ongi hartu gintuen eta dena azaldu genion, biluztu ginen. Hurrengo bietan oso zorrotz etorri zen, zartailuarekin, bere asmoak inposatzeko asmoarekin, eta azkenean berriz goxo-goxo. Azkenean, sinatu behar izan genuen delitu larria egin genuela. Nik esan nion hori konfesatokia bezalakoa zela: aitortzen duzu, damutzen zara, ez duzula gehiago egingo diozu, penitentzia... Hamahiru puntuetatik birekin bakarrik nengoen ados, baina nazkatuak ginen prozesuarekin urte osoan bueltaka, eta sinatu nuen “por imperatibo legal” (legeak behartuta). Guk uste genuen horrekin bukatuko zela, baina ez, azkenean epaitegira joan behar izan dugu.

IRUÑEKO UDALAREKIN ETA GOTZAINDEGIAREKIN ERE IZAN ZARETE. Rovira abokatua ere egon zen haiekin eta gu ere bai, baina bakoitza bere aldetik. Horietako batek ere ez du gure aurkako salaketarik jarri. (… jarraitu irakurtzen ...) (argia-baskultur)

(2026-09-21)

KUKUTZA III GAZTETXEA

Kukutza III gaztetxea indarrez hustu zuen Ertzaintzak Bilbon, istilu handiak eraginez. Duela 15 , urte, 2011ko irailaren 20an, Ertzaintzak Kukutza III gaztetxea indarrez hustu zuen Bilboko Errekalde auzoan. Langile auzo batean kokatua, 1998tik auzokideekin elkarlanean hamaika jarduera egin zituen, Udalak ematen ez zituen zerbitzuak eskainiz. Gaztetxea defendatzeko antolatutako erresistentzia eta hustu osteko protestak oso handiak izan ziren, eta Ertzaintzak aurka indar handiz egin zuen. 55 lagun atxilotu, 63 auzipetu eta ehundik gora zauritu zituzten. Gainera, anbulategitik hainbat lesio-parte eraman zituztela ere salatu zuten. Iñaki Azkuna Bilboko alkate berrautatu berriaren Udal gobernua zegoen desalojoaren atzean, haren hiri ereduari kontrajartzen zitzaion proiektua baitzen Kukutzarena, 13 urteko ibilbidea zuen Euskal Herriko gaztetxe erreferenteenetako batena. Biharamunean eraikinaren eraiste lanak hasi ziren eta urte luzez hutsik geratu zen orubea. (argia-baskultur)

(2026-09-19)

BESTE ERASO EUSKARAFOBO BAT

Salatu du ELAk Bizkaiko gasolindegien mahaiko negoziazioetan. Sindikatuak salatu du CCOOk eta patronalak euskaraz negoziatzeari uko egin dietela, haiek itzulpen baliabideak jarri badituzte ere. CCOOk adierazi du patronalak soilik baztertu duela euskaraz negoziatzeko aukera, eta ELA ez negoziatzeko aitzakien bila ari dela. – ELA sindikatuak uztailean adierazi zuen kurtso hasierako lan hitzarmenen negoziazioetan euskara hutsean ariko zela, eta erabaki horrek geroztik hiru gatazka eragin ditu: irailaren 3an eginiko Bizkaiko metalgintza arloko lan ituna berritzeko bileran, LHK Lan Harremanen Kontseiluak ez zuen itzulpen zerbitzurik bermatu eta FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak uko egin zion sindikatuak eskainitako itzulpen zerbitzua erabiltzeari; astebete geroago, esku hartze sozialeko mahaiaren bileran ere LHKk ez zuen itzulpen zerbitzurik eskaini, eta hala behar zutenek ELAk bermatutakoa erabili zuten. Azkenik, asteartean lurralde bereko gasolindegien ituna berritzeko mahaian patronalak eta CCOOk uko egin diote bileran jarraitzeari. Aurreko bi aldietan bezala, LHKren ordez ELA izan da itzulpen zerbitzua bermatu duen eragilea, "parte hartzaile guztien hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko". Patronalak eta CCOOk, ordea, uko egin diote bilera egiteari mahaiko parte hartzaile batzuk euskaraz mintzatuz gero.

ERASO EUSKARAFOBOA

Gainera, ELAk salatu du "eraso euskarafoboa" pairatu dutela, haien itzulpen zerbitzua ez erabiltzeko CCOOren argudioak honako hauek izan baitira –gaztelaniaz adierazita–: "Gobernuz kanpoko erakunde baten moduan jokatu behar duzue? Ez da inongo eskubiderik bortxatzen ari". Patronalak eta CCOOk gaztelaniaz soilik negoziatzea inposatu nahi izan dutela salatu du ELAk, haiek, "norberen ahalen eta nahien arabera", negoziatzaile guztiek euskaraz eta gaztelaniaz egiteko aukera eskaini duten bitartean: "Erakunde publikoen egitekoa da herritarren hizkuntza eskubideak babestea".

CCOOren ADIERAZPENAK

Gazteleraz idatzitako ohar batean, azkar heldu da CCOOren erantzuna: "CCOO ez dago lan hitzarmenak euskaraz negoziatzearen aurka; are gehiago, sindikatuak esan du negoziazio mahaietan itzulpen zerbitzua jartzea komenigarria dela". Bilera ez egitearen errua patronalarena izan dela adierazi dute, hura izan baita ELAk eskainitako itzulpen zerbitzua erabiltzeari uko egin diona. Horrez gain, CCOOk ELAri leporatu dio negoziazioekin ez jarraitzeko "aitzakiak bilatzen eta gatazkak pizten" ari dela. (argia-baskultur)

(2026-09-17)

AZKEN EPAI EUSKARAFOBOA

EAJri eta EH Bilduri ohartarazpena ote, azken epai euskarafoboa? EAEko Auzitegi Nagusiak sektore publikoan euskararen erabilera arautzeko dekretua baliogabetu izanari buruz, EH Bilduk adierazi du Eusko Jaurlaritza garatzen ari den dekretu berriaren gaineko “ohartarazpena” dela epaia. ELAk “oso larritzat” jo du ebazpena eta LABek Eusko Jaurlaritzari "euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berri bat egiteko prozesua abian jartzeko” eskatu dio. Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aurkako oldarraldi judizialak “koska bat gora” egin duela salatu du. Vox alderdi ultraeskuindarraren helegite bat aintzakotzat hartuta ezeztatu dute dekretua, txosten ekonomikoa "eskasa" delakoan. Epaia ez da irmoa eta Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa jar daiteke. Euskalgintzaren Kontseiluak “oso larritzat” jo du erabakia, “lehen aldia” delako epaitegi batek euskararen erabileraren gaineko “arau oso bat” baliogabetzen duena. Erabakiak “aurrekaririk gabeko dimentsioa” duela uste du, sektore publiko osoko hizkuntza-politikari eragiten diolako, 140.000 langileri “eta, ondorioz, herritar guztien hizkuntza-eskubideei”. Kontseiluaren arabera, atzerapauso bakoitzaren aurrean “posizioak defendatzetik harago, garaia da euskararen normalizazioan jauzi berri bat egiteko baldintza sozialak, politikoak eta juridikoak eraikitzeko”. (argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak adierazi du epaiak “ez duela zalantzan jartzen Administrazioan euskara normalizatzeko helburua”, alegia, baliogabetzea dekretuaren “prestaketa-prozedurarekin” lotutako gaietan oinarritzen dela, “bereziki memoria ekonomikoan”. Epaileak forma kontuei erreparatu badie ere, epaiak dekretua bere osotasunean baliogabetu du. Bengoetxeak gogorarazi du Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko dekretua eguneratzen ari direla eta epai honen oinarri juridikoak aztertuko dituztela datorren dekretuan txertatzeko eta "segurtasun juridiko handiagoa emateko". Sailburuak ez du argitu Jaurlaritzak epaiari helegitea jarriko dion ala ez. 30 eguneko epea dago horretarako.

EH Bilduko legebiltzarkide eta Hizkuntza Normalizaziorako idazkari Josu Aztiriak ARGIAri adierazi dionez, epailearen erabaki honek “berresten du estatus juridiko berri bat behar duela” euskarak eta euskararen “arkitektura legala eraitsi” nahi dutela. Aztiriak azpimarratu du, oraingoan epailea forma kontuetan sartu dela eta ez edukian, alegia, ez du ebatzi hainbat artikulu Konstituzioaren kontrakoak direnik, beste hainbat epaitan egin izan duten bezala. Hala ere, argi dauka epaileek edozein aitzakia darabiltela eta erabiliko dutela dekretua baliogabetzeko: “Intentzionalitate bat dago epailearen aldetik”. Eusko Jaurlaritza 2024koa ordezkatuko duen dekretu berria garatzen ari da eta EH Bildurekin batera lan-bide partekatu bat abiatua du EAJk. Etorriko den dekretu moldatuari erreferentzia eginez, Aztiriak esan du epaia “ohartarazpena” izan dela, eta hurrengo dekretuaren garapenean eragingo duela: “Lortu behar dugu ez eragitea, baina dena den, errekurritu egingo dute”. Horregatik, PPren eta Voxen erasoei erantzuteko "ausardiaz, arduraz eta herri ikuspegiaz” jokatzea eskatu du. Aztiriak adierazi duenez, urtebeteren bueltan dekretu berria gauzatuko litzateke.

ELA ETA LAB HASERRE

ELA sindikatuak "oso larritzat" jo du EAEko Justizia Auzitegiaren erabakia eta oldarraldi judizialaren adibide bat gehiagotzat hartu du: “Horrelako prozesu eta ebazpenen atzean euskararen normalizazioa oztopatu nahi duten sektore judizial, politiko eta sindikal batzuen bultzada euskarafoboa dago". Sindikatuak adierazi du epai osoa sakon aztertuko duela, balorazio juridiko zehatz bat eman aurretik. LABek ohar bidez azaldu duenez, "auzitegiek euskararen erabilera normalizatzeko eta hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri guztien aurkako eraso sistematikoarekin jarraitzen dute". Epaia euskara "desofizializatzeko prozesuan beste urrats bat dela esan du. Eusko Jaurlaritzari auzitegietatik datozen mehatxuei aurre egiteko eskatu dio eta "euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berri bat egiteko prozesua” abian jartzeko. (… jarraitu irakurtzen ...) (argia-baskultur)

(2026-09-16)

ETXEGABEENTZAKO ATERPEA

Etxegabeentzako aterpea zabalduko dute Katakrak liburu dendaren eraikinean. Etxerik ez dutenentzako lo-lekuaz gain, Mugen Kontrako Agentzia eta ikasketa zentro bat ere hartuko ditu, besteak beste, Iruñeko Alde Zaharrean dagoen eraikinak. Dirua biltzeko kanpaina abiatu dute. Fraktal proiektua aurkeztu du Katakrakek. Kale Nagusiaren 54. zenbakiko lehen solairuan eta patioan, etxerik ez dutenentzako aterpea irekiko dute. Zehazki, 24 ohe, lau bainugela eta sukaldea atonduko dituzte. Dagoeneko etxerik ez dutenei eta migratzaileei izapide, errenta eta alokairuekin laguntzen dien Negu Gorriak kolektiboak kudeatuko du aterpea, neguko hilabeteetan.

Aterpea irekita ez dagoen hilabeteetan, berriz, Mugen Kontrako Europako Agentzia instalatuko da bertan. ARGIAn kontatu genuenez, Europako hainbat elkartek sorturiko "desobedientzia sarea" da agentzia hori, migrazio politiken "joera arrazista eta bortitzei" aurre egiteko asmoz. Ikasketa zentroa ere hartuko du guneak eta lehenengo ikastaroaren izenburua aurreratu dute dagoeneko: Itsasoak ez du hiltzen: errepresioa eta elkartasuna Europa hegoaldeko mugan. Katakrakek duen kultur aretoaren osagarri, bigarren areto bati egingo diote lekua, “kontrakulturarako, aktibismo sozialerako eta asaldura politikorako”. Eta Ziklobulegoa ere jarriko dute martxan, bizikletarekin lotura duten ekintzak aurrera eramateko. Proiektuak bide egiteko, aipaturiko eraikinean obretan dira uneotan eta azpiegitura guztia finantzatu ahal izateko dirua biltzeko kanpaina abiatu dute. www.fraktal.net webgunean egin daiteke ekarpen ekonomikoa. (argia-baskultur)

(2026-09-13)

KOLPISTAK DONOSTIARA SARTU DIRA

90 urte tropa kolpistak Donostiara sartu eta hiria bereganatu zutenetik, bi hilabeteko erresistentzia antifaxistarekin bukatuz. «Eguraldi ona», Donostia frankisten menpean erori zenean, izenburuarekin argitaratuko Beñat Parra-ren artikulua / Hirutxuloko Hitza 90 urte beteko dira etzi, hilaren 13an, 1936ko gerran Espainiako tropa kolpistak Donostiara sartu eta hiria bereganatu zutenetik, bi hilabeteko erresistentzia antifaxistarekin bukatuz. Garaiko prentsak ere bere papera jokatu zuen duela 90 urte. Uztailaren 18an 1936ko gerra hasi zenetik 90.

90 urte beteko dira etzi, hilaren 13an, 1936ko gerran Espainiako tropa kolpistak Donostiara sartu eta hiria bereganatu zutenetik, bi hilabeteko erresistentzia antifaxistarekin bukatuz. Garaiko prentsak ere bere papera jokatu zuen duela 90 urte. Uztailaren 18an 1936ko gerra hasi zenetik 90 urte bete ziren moduan, 90 urte beteko dira etzi, irailaren 13an, Espainiako tropa faxistek Donostia hartu zutenetik. Gerrak Espainiako Estatuan 1939ra arte iraun bazuen ere, Donostia 1936ko irailean sartu zen 40 bat urtez luzatuko zen Francisco Francoren diktaduran. Aurreko bi hilabeteak, ordea, gogoratzeko eta nabarmentzeko modukoak dira, Donostiako herri antolatuak Espainiako armada kolpistari aurre egin baitzion, baita irabazi eta hiriaren kontrola bereganatu ere.

Uztailaren 21ean atera ziren militarrak Loiolako kuarteletatik, Donostia hartzeko asmoz. Hiriko hainbat eraikin esanguratsu hartu zituzten, baina herria antolatuta zegoen dagoeneko, nagusiki, CNT sindikatu anarkistaren gidaritzapean. Horrela, Amaran, militarren zutabeetako bati aurre egin zieten, baita kuarteletara erretirarazi ere. Kuartelen setioa abiatu zuten orduan antifaxista donostiarrek, eta, uztailaren 28an, militarrek amore eman zuten. Manuel Chiapuso militante anarkista historikoak Los anarquistas y la guerra en Euskadi. La Comuna de San Sebastián liburuan (Txertoa, 1977) Donostiako Komuna gisa definitu zuen esperientzia iraultzailea hasi zen orduan; hiria langile klasearen esku gelditu zen. Esperientzia hura, ordea, irailaren 13an bukatu zen, etziko egunez duela 90 urte, frankistek hiria hartzearekin batera.

IRUN ERORITA, DONOSTIA ERORI ZEN

Kuarteletako armak bereganatuta, indar antifaxistek Donostiatik antolatu zuten Gipuzkoako defentsa. Nagusiki, Irun ingurukoa, muga kontrolpean izateak zuen garrantziagatik. Kolpistek, ordea, Nafarroatik heldutako erreketeen laguntza funtsezkoarekin, gero eta eremu gehiago bereganatu zituzten uztailean eta abuztuan zehar. Horrela, iraileko lehenengo egunetan erori zen Irun, eta faxisten hurrengo helburua argia zen: Donostia. Irundik eta Hernanitik abiatu ziren militarrak Donostiarantz. Muga eta herri asko galduta, hiria defendatzea ezinezkoa zen, eta, beraz, indar antifaxistek hiriaren ebakuazioa abiatu zuten. Irailaren 13an tropa kolpistak hirian sartu zirenerako, 40.000 bat donostiar —orduko biztanleriaren erdia— ihes egindakoak ziren, Ipar Euskal Herrira eta Bizkaira, nagusiki. Frankistek errepresio bortitza abiatu zuten orduan, ehunka pertsona fusilatuz, jazarriz eta umiliatuz, baita hiria arpilatuz ere. ‘El Diario Vasco’ egunkariak 1936ko irailaren 14an argitaratutako azala, faxismoaren garaipena ospatuz. Koldo Mitxelena Kulturuneko hemeroteka

«EGURALDI ONA»

Asko idatzi da 1936ko uztailaren 18tik irailaren 13ra Donostian gertatutako horren guztiaren inguruan, baina ez horrenbeste garaiko prentsarekin lotutako pasarte deigarri baten inguruan. Hain zuzen ere, Donostiaren kontrola eskuratu eta berehala, honakoa izan zen indar iraultzaileen lehenengo neurrietako bat: El Diario Vasco egunkaria ixtea eta haren inprenta konfiskatzea. Josetxo Otegi Arrugaeta historialari donostiarrak berriki 7K astekarian azaldu duenez, uztailaren 24an hartu zuten neurri hori; hau da, kuartelak errenditu aurretik. Arrazoia argia zen: altxamendu faxistaren konplize izatea leporatu zioten. Izan ere, Otegik eta beste autore askok ziurtatzen dutenez —besteak beste, Javier Minak ere jaso zuen El Ateneo Guipuzcoano. Una historia cultural de San Sebastián entre 1870 y 2005 lanean—, honakoa argitaratu zuen egunkari horrek bere azalean, 1936ko uztailaren 18an: «Hoy hará buen tiempo» (gaur eguraldi ona egingo du). Horrela, «altxamendurako seinalea ematen zien aginduaren zain zeudenei», Otegiren hitzetan. Azal hori, gainera, ez dago hemeroteka digitaletan eskuragarri.

El Diario Vasco-ri konfiskatutako errotatiba baliatuta, errepublikanoak Frente Popular egunkaria argitaratzen hasi ziren 1936ko uztailean; egunero kaleratu zuten, irailaren 13ra arte. Egun hartatik aurrera, hiria kolpisten mendean egonda, El Diario Vasco-k bere jarduna berreskuratu zuen. Hain zuzen ere, uztailaren 18koa ez bezala, irailaren 14ko azala eta ale osoa eskuragarri dago Koldo Mitxelena Kulturuneko hemeroteka digitalean. Honakoa dio, goialdeko eskuineko izkinan: «Como decíamos ayer… buen tiempo» (atzo esaten genuen moduan… eguraldi ona), aipaturiko uztaileko aleari erreferentzia eginez. Azaleko albiste nagusiko titularra ere nabarmentzeko modukoa da; erreportaje honetako argazkian irakur dezakezue. Egun funtzionamenduan jarraitzen duen garaiko egunkari bakarra da El Diario Vasco. Ez alferrik, Gipuzkoako prentsaren dekano gisa definitzen du bere burua. (borreruak2-baskultur)

(2026-09-11)

PINTADA FAXISTAK ETA XENOFOBOAK

Pintada faxistak eta xenofoboak egin dituzte Lekunberrin, Leitzan eta Iruñean. Lekunberriko Ontzazulo eta Mendillorriko (Iruñea) Ezpondapea elkarteetan eta Leitzako Torrea Herriko Tabernan agertu dira pintadak. Azken honek adierazi du faxismoaren gorakadari "matxinada antifaxistarekin" erantzungo diotela, eta elkarretaratzera deitu du larunbatean 13etan. "Iruditzen zaigu mundu mailako joerak, nazioarteko tentsioak eta globalizazioak eragindako olatu ideologikoak gure herri eta auzo txikietara beste lekuetara bezala iristen. Errealitatea guztiz kontrakoa da", adierazi du Leitzako (Nafarroa) Torrea Herriko Tabernak ohar baten bidez. Besteak beste, hau España da, islam ez, puta ETA leloekin eta ikur faxistekin bete dituzte Torreako, Mendillorriko (Iruñea) auzoko Ezpondapea Elkarteko eta Lekunberriko (Nafarroa) Ontzazulo Elkarteko paretak.

Oharraren esanetan, lelo eta ikur horiek "ultraeskuinari hamarkadatan baimendu zaizkion mantra ideologikoaren esloganak" dira. Bestalde, azpimarratu dute Torrea "Euskal Herri xehearen eta bere identitatearen zapalkuntza eta asimilazioari" aurre egiteko sortu zuela Ezker Abertzaleak 90. hamarkadan. Egungo Leitza eraikitzeko "ezinbesteko espazio eta agente" izan dela gehitu dute, eta argi esan dute edozein erasoren aurrean "zutik eta tinko" segituko dutela: "Lehen lerroan egon behar denean, lehen lerroan egonez". Elkarretaratzea deitu dute larunbat honetan 13:00etan, eta dei egin die Leitzaldeko herritar eta eragile orori: "Torrerari eta ordezkatzen duen guztiari babesa emateko eta faxistei aurrean izango gaituztela adierazteko". (argia-baskultur)

(2026-09-11)

LURZAINDIAK DONAZIOA DOMINTXAINEN

Domintxainen, bederatzi hektareako lursaila, Lurzaindiarentzat; eta etxea, Col-entzat. Kristiane eta Jean Pierre Etxaluz eta Alfonso Etxegaraik Domintxaineko ondasun batzuk eman dizkiete lursailetaz eta etxebizitzetaz arduratzen diren egitura horiei. Bizitokia berritzean sei etxebizitza sozial eskuragarri ezartzea aurreikusten dute; lehentasunez, hor lan eginen duten laborarientzat. – Kristiane eta Jean Pierre Etxaluz anaia-arrebek eta Alfonso Etxegarai Kristianen senarrak etxe zahar bat eta bederatzi hektareako lur eremua eta etxea eman diete Lurzaindia eta Col etxebizitza egiturari. «Konbikzioz» eginiko hautua da, «lurrak laborantzan iraunarazteko» eta «etxea berritzeko» proiektua zabaltzeko aukera ematen baitu. Lurzaindiak donazioaren garrantzia balioan jarri du: «Lurrak eskuratzea izugarri zaila den eta espekulazio-presio handia duen lurralde batean, laborantzako lurrak behin betiko merkatutik ateratzeak laborantzan instalatzeko garatzeko eta transmititzeko aukera ahalbidetzen du». (Etxaluz-Etxegarai familiaren etxea, zaharberritzeko zain dena. / Nahia Garat)

Gauzak horrela, lur horietako batzuek jadanik bertan denaren eskuetan segituko dute. Izan ere, Pantxo dago lanean bertan; eta Lurzaindiaren eskuetara iragatean, alokairuan jarraituko du hor. «Emaitzak ez du, beraz, gune honetan jadanik presente den laborantza aktibitatea dudan ematen. Alderantziz, bere iraupena segurtatzeko aukera ematen du». Gainerako lurrek ere atzeman dute nork landuko dituen: Florencek alokatuko du; 2021az geroztik hor inguruko lurretan dabil, «nagusiki Lurzaindiarenak diren lurretan». Florencek kalamuarekin eta sendabelarrarekin lan egiten du, kosmetiko biologikoak ekoizteko. Horrez gain, ekilorea eta garia ere ereiten ditu, eta Nouste Ekilili kooperatibarentzako olioa ekoizten du. Dena den, lan batzuk egin beharko dituzte, «laborantza aktibitatea eta, etorkizunean, lur horien transmisioa errazteko: lursailetara sartzeko bidea jadanik handitua izan da, laborantzarako eraikin baten sortzea azterketan da...».

ETXEAN, AHALEZ, LABORARIAK

Col arduratuko da egoera kaxkarrean dagoen etxearen eraberritzeaz. Behin obrak bukatuta, sei bizitoki sozial sortzea aurreikusten du –bi gelako bi, hiruko hiru eta lauko bat–, baita «biztanleen artean partekatutako espazioak eta laborantza jarduerarako gune bat» ere. Era berean, esperimentazio bati bide emateko aukera ere izanen da: etxebizitzak, lehentasunez, inguruko lurretan instalaturiko laborariei utzi nahi dizkie. Laborantza lurrak eta bizitegia aldi berean kudeatzearen abantaila nabarmendu du Lurzaindiak: «Etxebizitza edo eraikuntza egokitua eskuratzea baldintza garrantzitsua izan daiteke laborantzan lan egiten duten pertsonak instalatzeko edo mantentzeko. Kasu honetan, lursailetatik hurbil etxebizitza bat egoteak ere laguntzen ahalko du, etorkizunean, gaur egun landuak edo erabiliak diren lursailen eskualdaketa errazten». Laborantza egituraren ustetan, dohaintza horrek «ondarea beste molde batean kontsideratzen ahal dela erakusten du». Erabaki horrek ondasun pribatu bat merkatutik atera duela eskertu du, «behin betiko»; eta familiak laborantzaren, lurraldearen eta «biharko laborarien» zerbitzura ezarri duela azpimarratu du. (kazeta-baskultur)

(2026-09-08)

TORTURAREN BIKTIMA HIL DA

Iker Aristu iruindarra hil da; torturaren biktima gisa aitortu zuen nafar Gobernuak. Iker Aristu iruindarra zendu da igande honetan. Polizia espainarrak atxilotu zuen 2008an eta inkomunikatuta eduki zuten egunetan jasandako torturak salatu zituen Donibaneko bizilagunak. Nafarroako Gobernuak indarkeria politikoaren biktima gisa aitortu zuen. Iker Aristu Donibane auzoko bizilaguna hil zen igande honetan, 38 urte zituela. 2008an Polizia espainolak atxilotu zuen kale borrokaren aurkako operazio batean, gaur egun Barne ministro espainola den Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaile ohiaren aginduz. Inkomunikazio aldian tortura gogorrak jasan zituela salatu ondoren espetxeratu egin zuten, eta hilabete batzuk eman zituen kartzelan. Zazpi urte geroago, Aristu eta beste bederatzi lagun epaitu zituzten Segi erakundeko kide izatea leporatuta. Auzian hainbatek berretsi zituzten inkomunikazio garaian jasandako tratu txarren salaketak. Azkenean, Auzitegi Nazional espainolak hamar gazteak absolbitu zituen. Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko indarkeriaren biktima gisa aitortu zuen Aristu 2024ko ekainean, beste 18 lagunekin batera. (Iker Aristu 2010. urtean, NUPen antolatutako mahai-inguru batean. / Iñigo URIZ | FOKU)

‘GAU ILUNAK’ ANTZEZLANA

Aske geratu zenetik, Aristuk aitortu zuen behin eta berriz jasan zituela beldur eta antsietate uneak tortura dela eta. Azken urteetan, bizipen horiek ‘Gau Ilunak’ antzezlan laburrean plazaratu zituen, Escenika kultur ekoiztetxearekin batera, buruko osasunaren inguruko tabua hausteko helburuz. «Artea oso modu egokia da horrelako gertaera gordinak ezagutzera emateko», esan zuen Euskalerria Irratian emandako elkarrizketa batean. Antzezlanaren estreinaldira gonbidatu zituen bere ama eta aita, eta hunkigarria bezain sendagarria izan zela kontatu zuen Aristuk: «Iraganean bizitako momentu zailak gogoratu genituen, baina oso sendagarria izan zen. Antzerkiaren magia izango da!». Mendizale eta kirolaria zen, eta lanbide askotan aritua –tabernari, lorezain, garbiketetan eta gizarte lanean–, eta etengabe ikastea gustuko zuela azpimarratzen zuen Escenikan idatzitako aurkezpen testuan.

NAFARROAKO TORTURATUEN SAREA

Nafarroako Torturatuen Sareak doluminak helarazi dizkie Ikerren lagun eta senideei: «Torturaz ari garenean, egin zigutenaz ari garenean, ez gara ari iraganeko etapa bati buruz, orainari buruz ari gara. Nafarroan, duela bi urte hasi ginen basakeria horren biktima gisa lehen aitortza ofizialak jasotzen. Dozenaka torturatu daude utzi gaituztenak, ezin izan dutenak aitortza hori jaso ezta eskatu ere, errealitate hori sistematikoki isildu eta ezkutatu egin baita hamarkadetan zehar. Eta 5.000 kasu baino gehiago gara Euskal Herri osoan. Nafarroako Torturatuen Saretik lortu genuen argitara ateratzea hemen gertatutakoa, egin zigutena eta jasaten jarraitzen duguna. Eta hori zuk, Iker, oso ondo zenekien». «Egin ziguten hura erantzuleak zituen eta ditu. Gure torturatzaileek hor darraite. Askotan aurpegirik gabe, soilik ahots bat, usain bat, begirada bat, espresio bat. Eta beste batzuetan izen-abizenekin, inolako lotsarik gabe komunikabideetan agertzen edo kalean gurekin gurutzatzen. Horregatik, haiei ere lerro batzuk eskaini nahi dizkiegu, egin zigutena gogorarazteko: egin zenigutena frogatzea lortu genuen bezala, egunen batean munduak jakingo du nortzuk zareten. Egia, justizia eta erreparazioa», gaineratu du. (naiz-baskultur)

(2026-09-05)

GURUTZE FRANKISTA BAT GUTXIAGO

Ernai Gazte Antolakundeak erreketeen omenez Isuskitza mendian 1940an jarritako gurutze frankista bota du. Gazte antolakundeak «faxismoak Euskal Herrian tokirik ez duela» aldarrikatu du eta irailaren 13an Donostian deitutako manifestazioan partze hartzeko deia luzatu du. Isuskitza mendian 1936ean Eusko Gudarostearen kontrako batailan hildako errekete eta soldadu frankisten omenez 1940an jarritako gurutze frankista eraitsi du Ernaik bart gauean. – Gazte antolakundeak ohar baten bitartez adierazi duenez, ekintza «faxismoaren gorakadaren testuinguruan» egin dute, eta haren bidez «ikur frankistek eta faxismoak Euskal Herrian tokirik ez duela» aldarrikatu nahi izan dute.

1936an, frankisten estatu-kolpe saiakeraren ondoren, hainbat gudu izan ziren Arabako eremu horretan, eta Isuskitza mendikoa izan zen garrantzitsuenetako bat. Izan ere, eusko gudariek garaipen esanguratsu bat lortu zuten bertan, geroago posizioa galdu arren. Lau urte geroago, 1940an, Arabako Foru Aldundiko agintari frankistek bere erorien omenezko monumentua eraiki zuten, Landako kontzejutik (Arratzua-Ubarrundia udalerrian) mendi tontorreraino zihoan gurutze-bide batekin. Hurrengo hamarkadetan omenaldiak izan ziren bertan. 86 urte ondoren Ernaik monumentu horren gurutze nagusia bota egin du, eta horrelako ikur frankistak kentzeko eskaera luzatu diete Euskal Herriko Udalei eta Aldundiei. Era berean, gazte antolakundeak, «faxisten ikurren kontra» eta «inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren alde borrokan» jarraituko duela nabarmendu du. Bide horretan, irailaren 13an Donostian 'Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez' lelopean egingo duten mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du. (naiz-baskultur)

(2026-09-03)

MORLANSEKO HILKETAK NOBELA BATEAN

Morlanseko hilketak oinarri hartuta ez fikziozko literatura ondu du Xabier Mendigurenek. Egiazko hilketak ardatz hartu eta ez fikziozko nobela idatzi du Xabier Mendigurenek. Gertukoen iturrietatik edan du protagonisten soslaiak sortzeko, lekuko izan zirenek buruan iltzatuta dituzten oroitzapenak ere aletu dizkie egileari eta bere gogoeta pertsonalekin osatu du liburua egileak. Donostia, 1991ko abuztuaren 17a. Aste Nagusiko larunbat goizean, Guardia Zibilak inguratu egin du Morlans auzoko Tolaretxe etxea, eta tiroka ekin dio bertan ezkutaturik dauden aktibista armatuen kontra. Tanketa eta metraileta, era guztietako armak batetik. Hiru lagun, Iñaki Ormaetxea, Patxi Itziar eta Jokin Leunda, pistola bana eskuetan, bestetik. Eta, hala ere, ordutan luzatuko da tiroketa... (Xabier Mendiguren, ostegun honetan, Donostian. / Jon Urbe / foku)

Egiazko gertakariak hartu ditu abiapuntutzat egileak. Lekukoen testigantzak, garaiko kronikak, bataren eta bestearen oroitzapenak, alde eta aldi desberdinak lotzen dituzten gogoetak ditu oinarri Xabier Mendigurenen (Beasain, 1964) ‘Morlans’ ez fikziozko nobelak. Itzea Urkizu editorea ondoan zuela aurkeztu du nobela ondu berria. Pixkanaka erretirorako bidea hartuko du Mendigurenek Elkarren eta Urkizuk hartuko dio lekukoa. Erabakiaren berri eman eta aurkezpenak egiteko baliatu du argitaletxeak ekitaldia. «Duela hiru urte kaleratutako ‘Oso latza izan da’ liburuaren uberan sortua da hau», adierazi du. «Joxe Arregiren heriotza eta haren gorpuaren argazkiaren istorioa, orduko giroa eta protagonisten bizitza kontatu nituen orduko hartan. Ordurako hasita nengoen liburu berri honetarako oharrak hartzen eta elkarrizketak egiten. 2024ko maiatzerako bukatuta neukan, eta orain arte ez dut kaleratu, izan ere tartean beste liburu bat atera nuen», gogoratu du.

Eleberrien paralelismoetan arakatuz, ondorengo hauek dituzte biek ala biek komunean: egiazko gertakariak landu ditut, gure historia hurbila, euskal gatazka agertzen da eta fikziorik ez egiteko hautua, baina bai literatura egiteko erabakia. «Nobelista eta ipuingilea naiz eta literatura ariketa moduan sortu dut, memoria historikoa eta transmisioa ardatz hartuta», azaldu du beasaindarrak. Zergatik ez fikzioa? «Intuizioz hartu ditut erabakiak eta oso garbi neukan ez fikziozko liburua egin nahi nuela. Benetako gertakariei diedan errespetua egon liteke atzean. Ez. nintzen hasiko asmatzen zer zeukan bakoitzak buruan, zer esan zioten elkarri... Nobelistak hori egiten du baina ez nuen egin nahi. Aurreko liburuan ere hala jokatu nuen», azaldu du.

HAMAR URTE

1981eko otsaileko gertakariak kontatu zituen orduan, 1991ko abuztuan gertatutakoak orain. «Hamar urteko aldea dago liburu batetik bestera. Beste garai eta giro bat zen bai gizartean, bai gatazka bizi izan zen moduan eta protagonisten jarreratan», nabarmendu du. Ehun orritan zehar, nahiko laburra da, «pasarte txiki askoren bidez erritmo bizia» ematen saiatu da Mendiguren. Hiru protagonistei eta hainbat lekukori jarri die fokua kontakizunean. Dozena bat elkarrizketa egin dizkie egun hura bizi zuten pertsonei. Denboran atzera egin du aurkezpenean. «Goizean goizetik Poliziak inguratuta zeukan Tolaretxe han bizi zirelako hiru ETAko aktibista. Haiek harrapatzera ala hiltzera joan ziren, behar bada. Lau ordu eta erdiko tiroketa izan zen. Batek pentsa lezake oso armatuta egongo zirela. Alde batean sofistikazio handiko armak zituzten, gas eta negar eragileak, zarata sortzen zutenak... etxe osoa zuloz beteta geratu zen. Barruan pistola bana eta pare bat kargadore, dosifikatuz joango zirenak. Orain gutxi han izan naiz eta bizilagun batek kontatu zidan Poliziak oso erraza zeukala haiek ateratzea, ez baitzuten ihesbiderik ate bakarra egonda. Komandoarekin bizi zen emakumea bai, atera zen, bere burua entregatzeko esan zioten poliziek», esan du. «Morlans esanda jende askori datorkio gogora gertaera hura. Liburu honek ez du asmaketarik, kontatutakoan ez dago deskubrimendu handirik. Zer dauka liburua izateko merezi duena? Batetik gertaerekin batera tartekatzen diren gogoetak eta bertan hil zirenen profilak edo biografia laburrak eskaini ditut. Hor bai, pasarte hunkigarriak, barregarriak... daude. Bakoitzaren senide eta lagunekin egon nintzen, hainbat istorio kontatu zizkidaten. Horrek egitura ematen dio liburuari», kontatu du.

HASIERAKO BIDETIK ALDENDU

Aitorpen bat ere egin du ekitaldian. Ez du hasierako asmoa bete, «idatzi ahal izan dudan liburua da», esan du. «Ez nuen horrela idatzi nahi, ‘Oso latza izan da’ liburuan protagonista hila zen eta gertatutako bizitza kontatu behar nuen. Hemen egun hartan beste atxiloketa asko egon ziren Donostian, komandoarekin lotutako pertsonak, gazteak. Haiekin hitzegitea zen asmoa, biziak eta hildakoak agertzea. Elkarrizketak egiten ari nintzela batek esan zidan ‘abokatuak esan digu ez agertzeko inongo liburutan Covite eta inputazio berriak asmatzen ari dira. Askotan gero ezerezean geratzen da baina beldurra eta mehatxua hor geratzen da’. Aldatu egin nuen hasierako asmoa. Biziak ez badira hildakoak izango dira protagonista, pentsatu nuen. Idatzi ahal izan dudan liburua da eta oso pozik nago egindakoaz. Atxilotutako pertsona haiek 20 urtetik gora egon ziren kartzelan eta teorian Estatuarekin zuten zorra ordaindu dute baina ezpata zorrotza gainera etortzeko beldurrez bizi dira. Ez omenaldirik, ez elkarrizketarik... hau bada aipatu beharrekoa», adierazi du aurkezpenean.

«Orain gutxi Futboleko Mundu Txapelketa izan da. Finalaren egunean, ihesi, zinemara joan nintzen Cristoper Nolanen ‘La odisea’ ikustera. Ulisesen ibiliak eta etxera itzultzeak kontatzen ditu. Bukaerak atentzioa eman zidan. Ez da liburuko amaiera baina filmean sartu dute. Ulises Ithakara itzultzen da, etsaiak garbitu, erresuma berreskuratu, emaztearekin elkartu, eta esaten du itsasontzia hartu eta mendebalderako bidea hartuko duela hildako lagunak agurtzera. Hildakoak ohoratzea ideologia guztietak kanpo dago eta Morlansekoekin ezin da plakarik jarri edo agur eta ohore ekitaldirik egin», esanez amaitu du aurkezpena. (naiz-baskultur)

(2026-08-31)

MOBILIZAZIO ANTIFAXISTAK

Mobilizazio antifaxistak egingo dituzte etzi Hego Euskal Herrian, salatzeko ultraeskuina migratzaileak deshumanizatzen ari dela. Elkarretaratze faxistak egingo dituzte asteazkenean Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Ceutakoa "inbasioa" izan zela argudiatuta. Horri erantzunez, hainbat kolektibok mobilizatzeko deia egin dute hiru hiriburuetan, eta Iruñean. Ohartarazi dute eskuin muturra egoera baliatzen ari dela diskurtso faxista zabaltzeko, eta "ezinbestekoa" dela hori geldiaraztea. Lehenik migratzaileen aurkako mezu arrazistak zabaldu zituzten sareetan; gero, hondartzako kanpalekuak erre zizkieten; eta, orain, mobilizazio faxistak antolatu dituzte. Ceutako (Espainia) egoeraren harira, bolo-bolo ari da zabaltzen eskuin muturra. Hain justu, asteazkenean, irailaren 2an, mobilizatzera dei egin du ultraeskuinak, eta Hego Euskal Herriko zenbait hiriburutan ere egingo dituzte elkarretaratzeak; Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte, Bizkaiko Voxek, Gasteizko PPk eta Donostiako Lo que no te cuentan de Donosti kanalak deituta.

Horren aurrean, Euskal Herriko hainbat kolektibok eta mugimenduk mobilizazio antifaxistak antolatu dituzte Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, arrazakeriaren eta faxismoaren aurka, Ez nahastu etsaiz lelopean. 20:00etan izango dira elkarretaratzeak, hiriburuetako udaletxeen parean. Gedar kazetak jaso du albistea. Kolektiboek salatu dute begirada "miseria sortzen" duenarengan jarri behar dela, eta ez "miseria pairatzen" duenarengan, hau da, fokua migratzaileak deshumanizatzen ari direnengan jarri behar dela. Era berean, ohartarazi dute eskuin muturra eta faxistak egoera baliatzen ari direla migratzaileen aurkako mezu arrazistak zabaltzeko, eta "beharrezkoa" dela hori geldiaraztea. (argia-baskultur)

(2026-08-30)

SALBA DEZAGUN EUSKARA?

Euskararen egoera larria omen da. 1979an, Autonomia Estatutuaren bidez, euskararen koofizialtasuna ezarri zenetik datuek adierazten dutena, dirudienez, ez da oso baikorra bere garapenari dagokionez. Noski, datuak ez dira inongo jainkoren hitzak, gizakion asmakuntza baizik. Eta gizakiok egiten duguna, arlo politikoari dagokionez, bereziki, ez da datuen erabilera garbia eta objektiboa. Euskararen egoera larria omen da. 1979an, Autonomia Estatutuaren bidez, euskararen koofizialtasuna ezarri zenetik datuek adierazten dutena, dirudienez, ez da oso baikorra bere garapenari dagokionez. Noski, datuak ez dira inongo jainkoren hitzak, gizakion asmakuntza baizik. Eta gizakiok egiten duguna, arlo politikoari dagokionez, bereziki, ez da datuen erabilera garbia eta objektiboa; aldrebes, askotan, gure interesak defendatzeko, datuekin jolasten gara halako moduz: gure aldekoak direnak azpimarratzen ditugu eta gure interesen kontrakoak direnak isilarazten ditugu. Eta printzipio honek balio du hala hizkuntzei dagokienez nola hauteskunde proiekzioei dagokienez, besteak beste. (Julen Goñi, filosofiako katedraduna / berria)

Gauzak horrela, euskarari buruzko datuak interes politikotik zein mundu afektibotik urrun aztertu behar ditugu, baldin eta zein den benetako egoera ezagutu nahi badugu. Eustaten datuak hauek dira: 1986an, elebidunak (elebidun pasiboak barne) %39,41 ziren; 2021ean, %57,82. Lehen hizkuntzari dagokionez, 1986an, euskara edo euskara eta gaztelania lehen hizkuntza zutenak % 24,29 ziren, eta 2021ean, berriz, %24,20. Datu horiek zera erakusten dute: 35 urtean euskaraz hitz egiteko gai direnen kopurua %18,41 igo dela, baina hizkuntza lehentasunari dagokionez, ehunekoak berdin mantentzen direla. Lehen datuei erreparatzen badiegu, euskara aurrera doala eta pozik egoteko modukoak direla esan daiteke. Bigarren datuek, berriz, kontrakoa esaten digute. Zeri eman lehentasuna euskararen egoera zein den epaitzeko?

Hizkuntzek bizirik diraute eguneroko komunikaziorako erabiltzen badira. Bai, dudarik gabe, haietaz irakurtzea eta bere gramatika, historia eta literatura ezagutzea ere lagungarria da, baina latinaren gramatika, historia eta literatura ezagunak dira, eta hizkuntza hila da. Jakintsuek diotenez, bi astean behin hizkuntza bat desagertzen da, asko dokumenturik utzi ez dutelako; beste asko, ordea, hiztunik geratu ez delako. Gaur egun, hizkuntza asko desagertzeko arriskuan daude: ba al da euskara haietako bat? Hizkuntzak, oro har, desagertzen dira arrazoi hauengatik:
• Arestian esan dudan bezala, hizkuntzak desagertzen dira erabiltzen zituzten herriak desagertzen direlako edo desagerrarazten dituztelako.
• Presio soziopolitikoa eta ekonomikoa: hizkuntza nagusiek (ingelesa, espainiera, frantsesa, eta abar) enplegu, hezkuntza eta gizarte-mugikortasun aukera handiagoak eskaintzen dituztelako.
• Hizkuntza politikak: gobernuek hezkuntzan, administrazioan eta komunikabideetan hizkuntza ofizial bat inposatzen dutelako.
• Migrazioa eta urbanizazioa: hirietara joatean, komunitate indigenek hizkuntza nagusia hartzen dutelako.
• Globalizazioa: komunikabideek eta nazioarteko merkataritzak hiztun gehiago dituzten hizkuntzak bultzatzen dituztelako.
• Belaunaldien arteko transmisioaren galera: gurasoek beren ama hizkuntza seme-alabei hitz egiteari uzten diotelako, askotan, diskriminaziotik babesteko argudiopean.
• Hizkuntza mantentzeko eta garatzeko erabili diren baliabideak ez direlako egokiak izan.
Arrazoi hauek guztiak, azkena izan ezik, baziren Euskadik eskumenak lortu zituenean; hortaz, ezin da esan gure gobernariek ez zituztela ezagutzen. Ondorioz, zazpigarren puntuan aipatzen denari erreparatu behar diogu hartutako neurriak zuzenak izan diren edo ez jakiteko. Dirudienez, ez da nahikoa izan koofizialtasuna lortzea, hezkuntzan ezarri diren ereduak, hezkuntza publikoan ia bakarrik euskaraz ikasteko aukera egotea, administrazio publikoko lanpostuak lortzeko euskarari ematen zaion garrantzia, komunikabide batzuk euskaraz izatea, kultura eta enpresa arloetan eman eta ematen diren diru laguntzak… Azken batean, ikastetxeetan euskaraz eta euskara ikastea, lanpostuak lortzeko jendeak euskara ikastea eta komunikabide batzuk euskaraz egotea ez da nahikoa izan euskararen egoera hobetzeko gaztelaniarekiko.

Ikastetxeetan euskaraz eta euskara ikastea, lanpostuak lortzeko jendeak euskara ikastea eta komunikabide batzuk euskaraz egotea ez da nahikoa izan euskararen egoera hobetzeko gaztelaniarekiko

Jakin badakit hizkuntza arloan aditu asko dagoela, baina, barka iezadazue nire ausardiagatik, jakitunak ez garenok ere zerbait lagungarria esateko gai izan gaitezkeelakoan nago. Hauek dira nire burutazioak:
• Oso zaila da nahitaezkoa dena maitatzea.
• Utilitarismoa agian egokia da printzipio moral bezala, baina ez hizkuntzak salbatzeko. Zenbait lanpostutarako (hezkuntzarenak eta hiritarrei arreta emateko direnak izan ezik) euskararen ezagutza saritzeak ez du balio izan lanetik kanpo, eta gehienetan ezta lanetan ere, gaztelaniaren aldean euskararen erabilera hobetzeko.
• Umeek euskara ikasten badute ere ezin dute erabili euskara ez dakiten gurasoekin eta beste senide askorekin, eta arlo hau oso gaizki tratatua izan da. Helduek komunikazio euskara ikas zezaten doakoa eta lanorduetatik liberatua izan behar zuen, pertsona askok ezin baitute ordaindu, eta, gehienetan, lanordutegitik kanpo egin behar baitute.
• HABE, AEK (neurri txikiagoan) eta euskararen irakaskuntzan diharduten gainerako erakundeak, eguneroko komunikazioa ahalbidetzen duen euskara irakasten den leku bat izan ordez, tituluak lortzeko akademia bihurtu dira, nahiz eta tituluak lortzeko azterketen estatistikek diotena ez den batere positiboa.
• Euskalki anitzen existentzia eta mantentzeko askoren borondatea ez da lagungarria. Kristorenak egin euskara ikasteko eta, askotan, ia ez duzu fitsik ulertzen euskara batua erabiltzen ez den herrietan. Agian, beste arloetan izaten den eskualdeen arteko lehiakortasuna euskararen eremura eraman da eta inork ez du amore eman nahi, gure hizkuntzaren garapenerako oso kaltegarria delarik.
• Euskara ikastea zaila da, eta munduko beste tokietatik datozenek zailagoa dute, gehienak euskararekin zerikusirik duten testuinguruetatik kanpo bizi baitira.

Etorkinen kopurua handituz doa eta euskara, oro har, berdin mantentzen da komunikazio arloan. Ba al dute gure arduradun politikoek pentsatu zer den giza erlazioei dagokienez irla batean bizitzea eta hizkuntza ezezagun bat ikasi behar izatea? Beltz edo txinatar batzuk aterata euskaraz hitz egiten, islatzen al da haien benetako errealitatea euskararekiko? Gabezia hauek guztiak, eta ziur aski egongo diren beste batzuk ere, izan beharko lukete euskara berpizteko programa baten ardatzak. Bestela, zoritxarrez, beste 50 urte igaro ondoren, egoera antzekoa izan daiteke. (borreruak2-baskultur)

(2026-08-29)

HANDALA, PALESTINARREN SINBOLO

Palestinarren sinbolo Handala pertsonaiaren sortzailea hil zuen Israelek Londresen. Duela 39 urte, 1987ko abuztuaren 29an, Palestinarrentzat sinbolo bat den Handala pertsonaiaren sortzaile Naji al-Ali marrazkilaria hil zuten erbestean, Londresen. Tiro bat jasota, hilabete koman egon zen. Hilketa sekula argitu ez bazuten ere, susmagarri nagusiak halako operazio ugari egin izan dituen Mossadeko agenteak ziren. Israeldar zein arabiar agintariekin kritiko, gatazka palestinarraren inguruko zinta satiriko gordinak egiteagatik zen ezaguna Naji al-Ali.

Bere pertsonaia Handala zen, egunkari batean egunero argitaratzen zuen tiran agertzen zen eta Israelen okupazioaren lekuko izan zen: aurpegia ezagutzen ez zitzaion haur errefuxiatu palestinarra zen, beti bizkarrez. Israelek hamarkadak daramatza palestinarren elite politiko, sozial eta kulturala atentatu selektiboen bidez hiltzen, izan Palestinan edo atzerrian. Helburua, askapen mugimendua gidaritzarik gabe utziz etengabe ahultzea. (argia-baskultur)

(2026-08-28)

EUSKARAZ EGIN NAHI

Batxilergoa euskaraz egin nahi izatea "ergelkeria" zela esan zuen Espainiako presidenteak. Duela 50 urte, 1976ko abuztuaren 28an, Batxilergoa euskaraz egin nahi izatea "ergelkeria" zela esan zuen Espainiako presidenteak. Paris-Match aldizkarirako egindako elkarrizketan, Espainiako presidente izendatu berri Adolfo Suarezek. Batxilergoa euskaraz ikasi ahal izango ote zen galdera bera ergela zela erantzun zion kazetariari. Gero, gehitu zuen: “Lehenik, aurki iezazkidazu kimika nuklearra euskaraz irakasteko gai diren irakasleak; izan gaitezen serioak”. Bilboko Unibertsitate Autonomoko fisika irakasle Joserra Etxebarriak honela erantzun zion publikoki presidenteari: “Posible da eta bi gauza baino ez dira behar horretarako: pertsona batek euskaraz jakitea eta fisika nuklearra jakitea”. / Iturria: Ignazio Aiestaran Uriz, Paris Match, 1976: Suárez, Falangea eta euskara (Komunzki, ARGIAren atariko bloga, 2014ko martxoak 24). (argia-baskultur)

(2026-08-27)

GERNIKAKO GAZTETXEA

Huste agindua geldiarazi dute gazteek, baina “kaleratzeko arriskuan” jarraitzen dute. Gaztetxearen lekuan liburutegi publikoa egiteko asmoa du udalak, eta gaurko gaztetxea husteko agindua zien gazteei, obrak egingo dituen enpresa bertaratzekoa baitzen. Egurre Gazte Asanbladak deituta, hamarnaka gaztek kaleratzea eten dute, eta udaletxean eserialdia egin dute udala negoziatzeko prest agertu den arte. Bilera egin dute, eta asanbladak jakinarazi duenez, obrek bere horretan jarraitzen dute. Hamarnaka pertsona bilduta daude Gernikako Gaztetxearen inguruan. Gaur zen bertaratzekoa Gernikako Udalak kontratatutako obra enpresa, gaztetxearen lekuan liburutegi publikoa egiteko; horretarako, udalak gaztetxea husteko agindu zuen orain aste batzuk. Gaztetxearen alde bildutakoek presioa egin eta azkenean udalak jakinarazi du enpresa ez dela agertuko "egoera lasaitu arte". Egurre Gazte Asanbladak salatu du ez dutela jaso azken orduko aldaketaren berri, eta udaletxerantz abiatu dira konponbidea eskatzeko. Udalak negoziazio mahaia ukatu die eta gazteek aldarrikatu dute udaletxearen barruan mantenduko direla "elkarrizketak hasi arte". Denbora batean ostean udalak negoziazio mahaia ireki du eta gazteek udaletxea utzi dute.

Asanbladak joan den abuztuaren 7an salatu zuen udalak gaztetxea husteko agindu ziela. Hasiera batean udalak ez zien alternatibarik eman, baina gero herriko beste lokal bat eskaini zien, baina baldintza batekin: hilaren 24rako orain arteko gaztetxetik kanpo egotea. Asanbladak "xantaiatzat" hartu zuen. "Lokal hori ez da udalaren jabetzakoa oraingoz, funts putre baten jabetza pribatukoa baizik, eta ez dugu aukerarik izan ere ikusteko. Zertara dator, hiru aste itxaron eta berme guztiekin eraikin aldaketa egin beharrean, orain presaz egitea?", salatu zuten gazteek. Kaleratze aginduaren aurrean, asanbladak manifestazioa egin zuen abuztuaren 15ean, Gernikako jaietako Andra Mari egunean. Gazte bat Gernika margolanean zintzilikatu zen eta identifikatu egin zuten. Mobilizazio jendetsua izan zen arren, eta Euskal Herriko gaztetxe ugarik elkartasuna helarazi eta udalaren agindua gaitzetsi arren, husteko agindua bere horretan mantendu dute azken unera arte, gaur goizaldean obrak abiatzekoak zen enpresa ez dela agertuko jakin den arte.

Egurre Gazte Asanbladak Busturialdeko Hitzari esandakoaren arabera, liburutegiaren proiektuak hogei urte daramatza mahai gainean, baina azken hilabeteetan azkartu egin da prozesua; hain justu, gaztetxeak urtebete darama jardunean. Gazteek behin baino gehiagotan aldarrikatu dute Gernikak gaztetxe bat behar duela eta haren alde borrokatzen jarraituko dutela: "Ate bat zabalik eduki arte, ez dugu beste bat zarratuko". (argia-baskultur)

(2026-08-27)

TXOMIN OLHAGARAYREN OMENEZ

Iparretarrak (IK) erakunde armatuko kide izan zen Txomin Olhagarayren omenez Itsasu-n (Lapurdi) eginiko margo-irudia auzitegietara eraman du Simon Fetet Pirinio Atlantikoko Departamenduko prefeta berriak. Astelehenean hartu zuen kargua Simon Fetetek, eta honako hau da bere lehen ekimena Euskal Herrian, beraz. ‘Mediabask’ek asteazken honetan argitaratu duenez, auzitegietara eraman du aurreko igandean Itsasun inauguratu zen horma-irudia. Bertan Txomin Olhagaray herriko gaztea gogoratzen dute. Eskuetan zeraman lehergailuak eztanda egin zitzaion 1980ean IKeko kideari, eta horren ondorioz hil zen.

IK erakundeak sei kide galdu zituen bere jardueran zehar, kidegoaren % 10-12a aldera, kopuru handia beraz; Iñaki Egaña historialariak artikulu honetan nabarmendu zuen. Itsasuko besten testinguruan aurkeztu zen horma-irudi hau, ikusgarria. Artalde bat, dantzariak, hegan dabilen arranoa eta Txomin Olhagaray gaztea ageri dira bertan, mezu honekin batera: ‘Lur huntan landatu dugu hitza, herri libre baten promesa’. Sanoki aretoaren eraikinean margotua dago, herriko Pilota plazan. Prefetaren bulegoak kaleratutako oharrak dioenez, aurkezpenean IK erakundeko kide izandako pertsonak egon ziren eta «asmo hiltzaile nabariak zituen atentatu-saiakera» baten egileari omenaldia egiten zaio. Olhagaray orduko Baionako prefetaordearen familiaren autoan lehergailua jartzen ari zela ekarri nahi izan du gogora Fetetek aipamen honekin, itxuraz. Salaketa jartzearekin batera, dei zuzena egin dio prefetak Itsasuko alkateari, «margo-irudi hori ezabatzeko, eraikin publikoek behar duten neutraltasuna betez». Mediabask Mizel HIribarrenekin harremanetan jarri da eta mezu hori ez duela jaso argitu du auzapezak.

BESTE MEMORIA LEKU BAT

Dirudienez, Goooxoan elkartearen ekimena izan da margo-irudia, Herriko Etxeak onetsitako toki batean kokatua. Igandeko aurkezpen ekitaldian ez zuen inork hitzik hartu udalaren aldetik, ez alkateak ezta zinegotziek ere. Itsasuko Herriko Etxearen web orrian memoria lekuen zerrendaren barruan aipatua dago lan hau, beste askorekin batera: bi mundu gerretan hildakoen omenezko oroitarria, 1963ko Itsasuko Ageriarena. Sanokin margotutakoak Euskal Herriaren alde bizia galdu zuen herriko gazte bat gogoratzen duela aipatzen da. Oroimen adierazpen guzti horien arteko lotura egiten du, justizia eta askatasunaren alde hil diren itsasuar guztiek omena merezi dutela nabarmenduz eta herriak mendez mende jazotako sufrimendua bertan dela aipatuz. (borreruak2-baskultur)

(2026-08-24)

LUBERRI KANPOAN

Luberrik salatu du bertze behin Bilboko Konpartsetatik kanpo utzi dutela, eta sinadura bilketa abiatu du. Konpartsak adierazi du “sistematikoki” ukatu dietela Bilboko Aste Nagusian “normaltasunez” parte hartzeko eskubidea. Luberriko kideek nabarmendu dute hiriko ehunka gazte “jaietatik kanpo” utziko dituztela. Hortaz, bertze konpartsa batzuekin batera, egitarau propioa antolatu dute jaietarako. Luberri konpartsak salatu du laugarren urtez jarraian ezin izanen duela Bilboko Aste Nagusian “normaltasunez” parte hartu. 2023an egin zuten Bilboko Konpartsen Federazioan parte hartzeko lehen eskaria, baina orain arte federazioak ez die utzi txosna propioa edukitzen. Hortaz, “zentzugabetzat” jotzen duen egoera horri irtenbidea “behingoz” aurkitzea eskatu du asteartean, Bilboko Arriaga plazan.

Halaber, ekintza berriak iragarri ditu Luberrik Bilboko Konpartsetan sartzea eskatzeko. Bertzeak bertze, sinadura bilketa abiatu dute, herritarren artean babesa biltzeko. Webgunearen bidez sinatzeko aukera izateaz gain, konpartsako kideek iragarri dute Aste Nagusiko jai eremuan hainbat gune jarriko dituztela.
Luberriko kideen arabera, Bilboko Konpartsetako kide izateko “irizpide guztiak” betetzen ditu konpartsak, eta parte hartzeko aukera “sistematikoki” ukatzeak jai “ireki, plural eta parte hartzaileez” hitz egitea zailtzen du. Izan ere, Luberriren erranetan, erabaki horrek kolokan jartzen du Bilboko Konpartsen jatorrizko izaera. Mugimendu Sozialistarekin duten harremanarekin lotutako “beto politikoei” egozten die egoera Luberrik, eta ohartarazi du “Bilboko ehunka gazte konprometitu jaietatik kanpo” geratuko direla.

450 ARTISTAREN BABESA

Luberrik nabarmendu du “gero eta babes handiagoa” duela, eta hainbat konpartsek elkartasuna adierazi diotela. Horrez gain, gogorarazi du ekainaren hasieran 450 kulturgilek baino gehiagok Luberriren parte hartzearen aldeko agiri bat sinatu zutela; hala nola, Eñaut Elorrietak, Pantxoa eta Peiok, Uxue Alberdik, Evaristok, Joseba Sarrionandiak, Toti Martinez de Lezeak, Itziar Ituñok eta Fermin Muguruzak. Era berean, Bada Garaia, artistok denontzako jaien alde lelopean jaialdi bat egin zuten Bilboko Kafe Antzokian, eta Luberriren egoera salatzeaz gain, gaitzetsi zuten Gasteizko jaietan GKS Gazte Koordinakunde Sozialista eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista txosnetatik kanpo utzi izana. Bi hilabete geroago, ordea, egoerak bere horretan jarraitzen duela azpimarratu du Luberrik. Aste Nagusian eginen dituzten bertzelako egitasmoen berri ere eman dute Luberriko kideek agerraldian. Iganderako, Bada Garaia eguna antolatu dute, Luberrik Bilboko jaietan “bere espazioa izan behar duela” aldarrikatzeko. Arratsaldean Sembrando Kaos, 48280 eta Kalipotxo taldeen kontzertuak egonen dira, eta gauean DJ Salda Dago igoko da oholtzara. Abuztuaren 28an, berriz, Luberri Eguna ospatuko dute Askapeña konpartsan, eta herri bazkaria eta hainbat kontzertu antolatu dituzte egun horretarako. (argia-baskultur)

(2026-08-22)

TURISMOAREN AURTENGO HIRU GAIAK

Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako udalerri batek gutxienez 750 lo-leku baldin baditu turismora bideratuta, edo 5.000 biztanle baldin baditu eta intentsitate turistiko jakin bat badu, gau bakoitzeko kantitate gehigarri bat ordainarazi ahalko dio udalak turistari. Horixe da tasa turistikoa, datorren urtean aplikatuko dena. Bildutako dirua turismo zerbitzuak hobetzera bideratuko dela esaten da. Munduan herrialde ugarik egiten dute. Tasa turistikoaren aplikaziora mugatu dute eztabaida EAEko erakundeek. Soluziotzat aurkeztu da ia-ia, turismoaren auzian ez baita erakundeen aldetik besterik aipatu. Turismoak dagoeneko eragin dituen eta oraindik ere eragingo dituen kalte ekonomiko eta sozialei buruz ez da analisirik egin, ezta ingurumenean sortutako arazoei buruz ere. Ez da aurreikusten, adibidez, tasa turistikoren dirua kalte horien konponketara bideratzea. Tasak ez ditu, gainera, turistak uxatuko. Bizilagunekin taldeak salatu duenez, Donostian, adibidez, gau bat igarotzeak gutxienez 120 euro balio baditu, inork ez dio bidaiari uko egingo euro bat, bi edo hiru euro gehiago pagatzeagatik.

2030EKO FUTBOL MUNDIALA

Bilbok eta Donostiak “hautagaitza bateratua” aurkeztu dute egoitza bakar izateko. Ez dirudi eskaintza FIFAren gustukoa izango denik. Datozen hilabeteetan jakingo da. Lotsaizun nazionala zatekeen hemengo erakundeek FIFAren berezko baldintza guztiak onartzea. Besteak beste, FIFAk “zerga salbuespena” nahi du, hau da, gastu guztiak ogasunari ordaintzetik salbuetsita egotea; eta hiriaren kontrol erabatekoa izatea, ikusle aldetik “konpetentzia” egin ahal dioten ekintza guztiak ezeztatzeko gaitasuna izatea. Horrez aparte, milioika eurotako inbertsioa eskatzen du, aireportuen ordutegiak moldatu eta azpiegitura handiak kasik horretara mugatzea, estadioen barnealdeak eta kanpoaldeak futbolari bideratzea, hiriko mugikortasuna aldatzea, Poliziaren segurtasuna biderkatzea...

AZPIEGITUREN HANDITZEA

Urte honen amaieran zabalduko da Donostiako metroa, Kontxaren badiaraino iritsiko dena. Horri AHT-a batuko balitzaio, madrildarra hiru ordutan legoke Santa Klara irlari begira. Baina hori ez da hain erruz gertatuko, adibidez Algortako (Bizkaia) portuan dagoeneko gertatzen den bezala. Ehundik gora gurutzontzi jasoko ditu uda honetan; urtez urte gehiago, eta turista gehiago dakartzatenak. Kolpean herrira 7.000 turista jaisteak eragiten duen kaosa benetan handia dela salatzen dute bizilagunek. Bada, handiagoa izango da, portua handitzeko asmotan baitira, gero eta gurutzontzi gehiago jasotzeko. Nabarmen handituko dena, epe motzean, Loiuko (Bizkaia) aireportua izango da. Espainiako AENAk du aireportuen eskumena (%51ean enpresa publikoa da, eta gainontzekoa pribatua), eta badirudi penintsularen iparraldeko erreferentziazko aireportu gisa daukala Loiukoa. Ia-ia bikoiztu egingo da. Datozen bost urteetan, sei pasagune izatetik 11ra pasatuko da, eta urtean zazpi milioi bidaiari jasotzetik hamahiru milioi izatera. Gai horretan dezente gehiago sakondu du Daniel Pardok elkarrizketa honetan. (argia-baskultur)

(2026-08-22)

ISTILU LARRIAK 1906AN

Istilu larriak izan ziren Bilbon meatzarien greban eta lau hildako izan ziren Setaresen. – Duela 120 urte, 1906ko abuztuaren 22an, istilu larriak izan ziren Bilbon meatzarien greban. Agintariek setio egoera ezarri zuten. Sozialistek deitutako greba izan zen, lanaldiaren murrizketa eta aparteko orduen ordainketa eskatzeko. Greban lau hildako izan ziren Setaresen eta bi zauritu larri Ortuellan. Durangon trenbidea dinamitatu zuten. Grebaren planteamendua desegokia zela eta lortzen ari ziren emaitzak eskasak zirela iritzita, deitzaileek lanera itzultzeko gomendioa eman zutenean amaitu zen protesta. Iturria: Ricardo Miralles, La Gran Huelga Minera de 1890. En los Orígenes del Movimiento Obrero en el País Vasco (Historia contemporánea,1990). (argia)

(2026-08-21)

TURISTA SIONISTAK IRUÑEAN

Turista sionistek mehatxuak egin zizkieten Palestinaren aldeko manifestariei Iruñean. Asteartean, Iruñeko Udaletxe plazan BDZ kolektiboak antolatutako Palestinaren aldeko mobilizazioan zeuden manifestariek bi turista sionisten mehatxuak eta irainak jaso zituzten. Istiluen aurkako polizia bertan bazen ere, ez zuten esku hartu, eta Udaltzaingoa izan zen sionistengana hurbildu zena. Mundu osoan zehar turista sionisten probokazioak areagotu dira, eta sare sozioaletan bideo zein argazki askoren bitartez ikusi ditzakegu gertatutakoak. Israelgo herritarrak ikusi dira Palestinaren aldeko manifestariei aurre egiten, edota banderak ateratze, baita ekintzaile internazionalistak erasotzen ere. Azken probokazioa Iruñean ikusi zen eta sare sozialetan zabaldu dute. ‘Ahotsa’ hedabide digitalak ere eman du horren berri.

Pasa den asteartean, Iruñeako Udaletxe Plazan, Gazako herriaren aurkako eraso indiskriminatuak eta genozidioa hasi zirenetik BDZ kolektiboak Nafarroako hiriburuan egiten duen asteroko mobilizazioa egin zuten. Bada, terraza batean zeuden bi turista sionistek manifestariak iraindu, aurre egin eta hiltzeko mehatxuak egin zizkieten. Palestinako herriari elkartasuna adierazteko pankartaren atzean bildutakoei tiro egin eta esku-granadak jaurtitzen zituztela simulatzera ere iritsi ziren sionistak sareetan zabaldutako bideoetan ikusi daitekeen moduan. Honen aurrean, kontzentrazioaren parte ziren kideak haien protestarekin jarraitu zuten, eta presentzia poliziala bazegoen ere, istiluen aurkakoek ez zuten esku hartu. Udaltzaingoa izan zen sionistengana hurbildu zena, jarrera bertan behera utz zezaten.(naiz-baskultur)

(2026-08-17)

EUROPAKO BATASUNAK MIGRAZIO POLITIKAK

Espainiako Gobernuak eskatuta, EBk ezohiko bilera egin du Ceutako (Espainia) migratzaileen krisiaren harira. Bileran 27 herrialde kideak ados agertu dira mugetako kontrolak "indartzearekin" eta migrazioak kontrolatzeko "neurriak" hartzearekin. Ceutan (Espainia) 72.000 migratzaileek Marokoren eta Espainiaren arteko muga gurutzatu ostean, EBko zenbait herrialdek kezka agertu dute, EBko migrazio politikak jomugan jarrita, eta nazioarteko eskuin muturraren migratzaileen aurkako diskurtsoa elikatu du. Bada, EBko Barne ministroek ezohiko batzarra egin dute eta kide guztiek aho batez esan dute Europako Batasuneko "mugak gogortu behar" direla: Frontex Europako mugetako Polizia Ceutara eramatea proposatu du eta itzulerak indartuko ditu, besteak beste.

Ekainean EBren Migrazio eta Asilo Ituna ezarri zuten indarrean, zeinak, besteak beste, migratzaileak jatorrizkoa ez den beste herrialde batera kanporatzea ahalbidetzen duen. Hilabeteren ostean, EBko 27 Barne ministroek aho batez onartu dute EBko mugak "indartu" behar direla. Hari horretatik, EB prest agertu da Ceutan Frontex Europako mugen kontrolerako agentziaren presentzia "areagotzeko". Nabarmentzekoa da hainbatetan salatua izan dela agentziaren "bortizkeria". Adierazi dute "kanporaketak indartuko" dituztela eta "kanpoko herrialdeekiko mugak gogortuko" dituztela. Era berean, iritzi diote jatorrizko herrialdeekiko "elkartasunean" sakondu behar dela. Gaineratu dute "aurretiazko alerta sistemak" ezarriko dituztela eta are gehiago kontrolatu "sare sozialetan partekatzen dena". Hain justu, migratzaileetako askok esan dute sare sozialetan ikusitako informazio faltsuak bultzatuta zeharkatu zutela muga.

KONTROL "TXIKIAGOAK"

Mugak indartzearekin lotuta, azken egunetan Frantziak biderkatu egin du Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan eta Biriatuko (Lapurdi) mugan kokatutako polizia kopurua; 400 izatera iritsi dira. "Prebentziozko" neurriak direla esan du Pirinio Atlantikoetako suprefet Samuel Gesretek. Aitzitik, Irungo Harrera Sareak ARGIAri ziurtatu dio jada ez daudela aurreko egunetako jendarmeen kontrolak, nahiz eta "kontrol txikiak" egoten jarraitzen duten. "Azken egunetan kontrolak indartu direla sumatu dugu, baina gaur jada jaitsi dira. Kontrolak egoten jarraitzen dute, baina beti bezala, magrebiar edo arabiar itxura duena atzera bidaltzen dute", esan du Harrera Sareako kide Yon Arangurenek. Gertatutakoa zeresan handia ematen ari bada ere, Arangurenek adierazi du ez dutela "eraginik sumatu" haienean, eta aurreikusi du hala izaten jarraituko duela: "Ceutatik hona [Irunera] etortzeko bidea luzea da, itsasontzitik egin behar dute". Ordea, nabarmendu du Irunen "beti" dagoela mugimendua: "Egunero daude muga gurutzatzen saiatzen diren migratzaileak".

BALDINTZA TXARRETAN JARRAITZEN DUTE

Espainiako presidente Pedro Sánchezek eskatuta egin dute bilera, krisiaren lehen egunetan EBko 22 kidek Espainiako Gobernuaren migrazio politikak kritikatu ostean. Bileran, baina, "elkartasuna" helarazi diote Pedro Sánchezen gobernuari eta baloratu dute gobernuaren kudeaketa "azkarra eta eraginkorra" izan dela. Hortaz, "amaitutzat" eman dute krisia. Tokiko GKEk, aldiz, salatu dute Ceutan jarraitzen duten migratzaileek apenas dutela jatekorik eta edatekorik. Datuen arabera, 2.000 migratzailek jarraitzen dute hirian, asko errepideetan eta hondartzan, asilo esperoan. (argia-baskultur)

(2026-08-12)

HIPOKRISIA ETA APOROFOBIA

Inbutuaren legea espazio publikoan: hipokrisia politiko-instituzionala eta aporofobia. Dirudienez, Donostiako alkateak elkartasun komunitarioan aurkitu du bere etsai publiko berria. «Segurtasuna» bermatzeko eta kalean ordena gordetzeko aitzakiarekin, alkateak kalean ozta-ozta eta nekez bizi direnei zuzendutako afari solidarioak debekatzea erabaki du. Kontakizun ofiziala zaharra bezain aurrez ikus daitekeena da: janari plater bat zuzenean lotzea delinkuentziarekin, lapurretekin, istiluekin eta espazio publikoaren ustezko degradazioarekin, auzoa haserrearazi egiten duena, antza. Zigor diskurtso horri koartada teknikoa gehitu zaio orain: janariaren banaketa «osasun-arazo» gisa aurkeztea, elikagaien higiene edo trazabilitate faltan oinarrituta.

Maniobra politikoan benetan adierazgarria dena ez da udal txostenek diotena bakarrik, ezkutatzen eta aipatzen ez dutena baizik. Debekua dekretatzeko, alkateak Udaltzaingoaren, espazio publikoaren eta osasun publikoaren irizpenak erabili ditu. Udalaren beraren Gizarte Ongizate Sailak egindako txosten baten arrastorik ez, lerro bakar bat ere ez. Ikaragarria bezain sintomatikoa da: muturreko gizarte bazterkerian dauden pertsonei buruzko erabakia hartzeko, poliziari eta osasun ikuskatzaileei kontsulta egiten zaie, baina gizarteratze eta esku hartze teknikariak isilarazten dira. Hala ere, nahikoa da edozein arratsaldetan Parte Zaharrean paseatzea konturatzeko espazio publikoa ez dela hondatzen ezer ez daukanari janaria banatzeagatik. Erakundeen hipokrisiak eta arauen aplikazio selektiboak hondatzen dute. Lotsagarria da ikustea agintariek nolako sestra bikoitzarekin neurtzen duten gizalegea hirian. Herritarren enpatiari zorroztasun polizial eta administratiboaz jazartzen zaio, baina udalak beste aldera begiratzen du turisten eta ostalarien etengabeko arau hausteen aurrean:

(*) Turisten ilara amaigabeak, artatuak izateko zain, asko bide publikoan, lurrean kontsumitzen ari direla, denon espazioa okupatzeagatik kontrolik eta zigorrik gabe, gure kaleak de facto terraza erraldoi bihurtuz. (*) Ostalaritzaren aldeko tratua: entzungor gaueko zarataren gehiegikerien aurrean, kalean zaborrak neurriz kanpo pilatzearen aurrean, ordutegiak ez betetzearen aurrean, fatxadetan elementuak baimenik gabe jartzearen eta bide publikoaren pribatizazio oldarkorraren aurrean. (*) Bulegoetako irregulartasunak: nahita tiraderan zehapen espedienteak atxikitzen dituzten zinegotziak, sektore instituzional eta sozioekonomiko boteretsu jakin batzuei jarritako isunak ez sinatzeko. (*) Permisibitate susmagarria: barne txosten ofizialak, CVAIPen eta Arartekoaren ebazpenak bazter utzita; irregulartasun horiei buruzko bidezko auzo salaketek paperontzian amaitzen dute, edo denboran atzeratuta.

Legez kanpokoa zer den, arau-hauste administratiboa zer den edo udal-ordenantza bat ez errespetatzea zer den bereizten duen kontzeptu ildo fina aitzakia burokratiko hutsa bihurtu da. Ke gortina egoki bat, neurri horren atzean benetan dagoena ezkutatzeko diseinatua: klasismoa, elkartasunik eza eta aporofobia nabarmena. Udal araua modu asimetrikoan erabiltzen denean —gogorra eta zigortzailea babesgabearen aurka, adeitsua eta itsua irabazi ekonomiko pribatuarekin—, arauek eta ustezko legezkotasunak bizikidetza tresna izateari uzten diote, eta segregazio tresna bihurtzen dira. Etxerik gabeko jendearen elikadura administrazio hutsegite edo osasun arrisku gisa tratatzeak ez du bazterketa konpontzen; pobrezia ikusezin bihurtzen du soilik, hiriaren postal turistikoa deserosoa gerta ez dadin. Elkartasun hipokrita. Lesbosen edo Adarraren puntan, bai. Gure kaleetan, ez. Donostiak ez du kalean afaltzen dutenek eragindako segurtasun falta edo osasungarritasunaren arazorik; duintasun politikoko arazoa du, agintariek ogitarteko solidarioari jazartzea aukeratzen baitute, eta boteretsuaren arau-haustea babestea. (Xabier Arberas / BERRIA) (baskultur)

(2026-08-07)

ELKANO: INDARKERIA KOLONIALA

“Elkanori Ez” ekimenak elkarretaratzea egin du asteartean Getarian (Gipuzkoa), antzerkiaren "izaera espainiarra, arrazista eta kolonialista" salatzeko. Elkanoren lehorreratzearen berrinterpretazioa baino hiru egun lehenago egingo dute, ekimenaren hitzetan, "espektakulua" baino lehen. Elkanoren lehorreratzearen "izaera arrazista eta kolonialista" salatzeko, Elkanori Ez ekimenak elkarretaratzea egin du asteartean, abuztuaren 4an, Getariako (Gipuzkoa) Malkorbe hondartzan, 20:00etan, Elkanori ez, kolonialismoa salatu dezagun lelopean.

Lau urtean behin Getarian Elkanoren Lehorreratzea antzezten dute. Herri antzerkia da, 1522an Juan Sebastian Elkano San Lucar de Barrameda-ra (Cadiz, Espainia) iritsi zenekoari buruz, "lehen munduko bira" egin eta gero. Hain zuzen, ostiralean egingo dute, abuztuaren 7an. Ordea, ekimenak sareetan zabaldutako idatziaren arabera, "sarraski kolonial eta esklabista" omentzeko antzerkia da. Ekimenak salatu du antzerkia "espainiar nazionalismoaren" ikur gisa erabiltzen dela: "[Elkano] Gaztelako Koroaren espedizio kolonial baten parte izateaz gain, armadaren eta erregearen aldeko figura esanguratsuenetakoa izan zen. Eta oraindik ere izaten jarraitzen du". Azken urteetan, Elkano "humanista, euskaldun, itsasgizon noble eta berdinzale" gisa ezagutarazi bada ere, Elkanori Ez ekimenaren ustez, itsasgizonak "Espainiako monarkiaren, armadaren eta nazioaren" sinbolo izaten jarraitzen du.

KOLONIALISMOA ESPEKTAKULU

Ekimenak nabarmendu du historiako gertakariaren berrinterpretazioak iruditeria koloniala eta estereotipo arrazistak indartzen dituela, espedizio europearraren kontakizunean oinarritzen den horretan. "Herrialde ez europearrak homogeneoak eta estereotipatuak bezala irudikatzen dira, arrazializazioa eragiten duten ezaugarriak erabilita, adibidez, blacface eginez edo herrialde desberdinetako elementu kulturalak testuingurutik kanpo erabiliz", azaldu du. Horrek guztiak ondorioa du: "Beste behin, Europa historiako subjektu gisa kokatzea, eta kolonizatutako herrialdeak deshumanizatzea eta objektu bihurtzea". Antzerkiaren beraren funtsa salatzearekin batera, ekimenak azpimarratu du azken urteetan ekitaldiak "bultzada handia" jaso duela, turismoarekin lotutako interesak medio. Eta hortaz, antzerkiak, ondorio historikoen eta egungo jarraipenaz hausnartzeko balio beharrean, iragan koloniala "espektakulu" bihurtzen duela. (argia-baskultur)

(2026-08-05)

TEKNIKARIEN GREBA GASTEIZEN

Teknikariok: «Aldez aurretik jakin nahi dugu noiz eta zer ordutan lan egingo dugun». Ander Tejerina Teknikariok sindikatuko ordezkaria izan dugu NAIZ Irratian, ikuskizunen sektoreko teknikariek abiatu dituzten lanuzteez hitz egiteko. Lan hitzarmenaren negoziazioa berriz martxan jartzea eta ordutegiak aldez aurretik ezagutzeko aukera izatea eskatu dute. Ikuskizunen sektoreko teknikariek greba eguna izan dute Gasteizen, Teknikariok sindikatuak deituta. Behin-behinekotasuna, atsedenik gabeko lanaldi luzeak, jaiegunetako eta gaueko plusik eza eta kontziliaziorako zailtasunak salatu dituzte. Ander Tejerina sindikatuko ordezkariak azaldu ditu mobilizazioaren arrazoiak NAIZ Irratian. (Ander Tejerina, Teknikariok sindikatuko ordezkaria. / Endika Portillo | Foku)

Tejerinaren esanetan, teknikarien jarduna «nahiko lan prekarioa» da, neurri batean sektorearen beraren ezaugarrien ondorioz. Lana data eta garai jakin batzuetan pilatzen dela azaldu du, bereziki udan eta jaietan, eta zuzeneko ikuskizunetan gauetan lan egitea ohikoa dela. «Ordutegiak oso gogorrak dira, eta kontziliazioa egiteko aukera oso urria da», nabarmendu du. Lehen piketea Gasteizko Felix Petite antzokiaren aurrean egin dute. Sindikatuko kideak azaldu du sektorea oso atomizatuta dagoela, enpresa txiki ugariz osatuta. Horrek langileen arteko harremanak eta antolakuntza zailtzen dituela esan du: «Elkarren arteko lotura oso txikia da, bai enpresen artean, bai langileen artean; horregatik, asko kostatu zaigu honaino iristea». Gasteizko jaien hasieraren biharamuna aukeratu dute lehen greba egunerako. Abuztuaren 14an eta 26an beste bi lanuzte egingo dituzte, Donostiako eta Bilboko jaiekin bat eginez. Teknikariek jai eta kultur ekitaldietan duten garrantzia ikusarazi nahi dute horrela.

LAN HITZARMENAREN NEGOZIAZIOA, ETENDA

Grebaren arrazoi nagusia lan hitzarmen kolektiboaren negoziazioa etenda egotea dela azaldu du Tejerinak. «Hitzarmen kolektibo batek gure baldintzak arautuko lituzke, baina sektore osoan ere eragingo luke», adierazi du. Teknikariak kultura eta jaien sektoreko atal bat baino ez direla gogorarazi du, prekaritatea beste esparru batzuetan ere zabaldua baitago. «Ez da soilik teknikarien arazoa; artistengan eta sektoreko beste langileengan ere badago prekaritatea», esan du. Dena den, beraiek enpresak presionatzen eta antolatzen ari direla nabarmendu du, lan baldintzak arautuko dituen hitzarmena lortzeko. Bi urte eta erdi daramatzate patronalarekin negoziatzen. Zenbait arlotan akordioak lortu dituzte, besteak beste hitzarmenaren aplikazio eremuan eta lan kategorietan. Desadostasun nagusia, ordea, kontziliazioarekin lotutako gaietan dago: lan egutegietan, txandetan eta ordutegietan. Maiatzaren 15ean egindako grebaz geroztik patronalarekin izan duten komunikazioa «oso eskasa» izan dela ere esan du.

ERAKUNDE PUBLIKOEN ETA TXOSNEN ARTEKO ALDEA

Tejerinak erakunde publikoen eta txosnaguneen jarreren arteko aldea nabarmendu du. Haren esanetan, Gasteizko Udalak enpresei ohartarazi die emanaldiak egiten ez badituzte zigorrak jaso ditzaketela. Txosnek, aldiz, elkartasuna adierazi eta eguneko emanaldi guztiak bertan behera utzi dituzte. Artistek ere grebarekiko elkartasuna adieraz dezaketela esan du, emanaldiak bertan behera utzita edo oholtza gainean mezuak zabalduz. «Artistak figura publikoak dira, eta emanaldi bat bertan behera uzten dutenean izugarri eskertzen diegu, guretzat oso garrantzitsua delako», azaldu du.

«HAUSNARTU ZERGATIK EZ DAGOEN KONTZERTURIK»

Herritarrei ere mezua helarazi die Teknikariok sindikatuak. «Gaur gustuko duten musikaria ikusi ezin badute, hausnartu dezatela zergatik ez dagoen kontzerturik», eskatu du Tejerinak. Ikuskizunen atzean dauden langileen baldintzetan pentsatzeko deia egin du: «Jendeak minutu bat hartzea gustatuko litzaiguke, eta galdetzea ea langile hauek hain gaizki ote dauden, ea benetan arrazoiak dituzten greba egiteko». Azken finean, teknikariek ikuskizunari zerbitzua ematen diotela azaldu du, baina azken hartzailea publikoa dela. Horregatik, grebak herritarren artean hausnarketa eragitea espero dute.

SEKTORE OSOAN ERAGINA IZAN DEZAKEEN AKORDIOA

Patronalak argudiatzen du sektoreak ezin duela teknikariek eskatzen duten aurreikuspenarekin funtzionatu. Izan ere, langileek ordutegiak aldez aurretik ezagutzeko, enpresek bezeroen informazioa lehenago jaso beharko lukete; eta bezero horiek, askotan, erakunde publikoak edo sustatzaileak dira. «Hau kate bat da», azaldu du Tejerinak. Hitzarmenak ez luke soilik langileen eta enpresen arteko harremana aldatuko, baizik eta sektore osoaren funtzionamendua. Greba deialdiak teknikarien egoera ikusarazteko balioko duela espero dute. «Uste dut jendearengana heltzea lortuko dugula, bai komunikabideen bidez, bai emanaldiak bertan behera geratzearen bidez», amaitu du Tejerinak. (naiz-baskultur)

(2026-08-02)

IKUSKIZUNEN SEKTOREKO GREBA

Ikuskizunen sektoreko langileek deitutako greba dela eta, bertan behera utzi dituzte Gasteizko jaietan (abuztuaren 5ean), Donostian (hilaren 14an) eta Bilbon (26an) txosnetan antolatutako kontzertuak, antolatzaileek Europa Press agentziari jakinarazi diotenez. Aipatu sektoreko langileek –Teknikariok, ESK, LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuen babesarekin– greba-egun berriak iragarri zituzten uztailaren 21ean, hiru hiriburuetako jaiegunekin bat eginez (abuztuaren 5ean Gasteizen, abuztuaren 14an Donostian eta abuztuaren 26an Bilbon); horren bidez, sektorean egun bizi duen prekarietatea salatu, enpresaburuek lehen hitzarmen kolektiboa blokeatu izana gaitzetsi eta lan-baldintza duinak exijitu nahi dituzte. (Greba deialdi berriaren aurkezpena, Arriagan. / Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Greba-egunak Bilboko Arriaga plazan egindako ekitaldi publiko batean iragarri ziren; bertan, aisialdi-sektoreko langileekin batera, Gasteizko Txosna Batzordeko, Donostiako Piratetako eta Bilboko Konpartsetako ordezkariak izan ziren. Talde horiek publikoki adierazi zuten langileen aldarrikapenekiko babesa, «sektoreko arazoen eta baldintza prekarioen berri zuzena» baitute, «enpresaburuek ukatu egiten badituzte ere». Hiru hirietako txosna batzordeetako ordezlakariek grebaren deitzaileei baieztatu diete, haien eskariekin bat eginez, bertan behera utziko dituztela Arabako hiriburuko La Blanca jaietan hilaren 5erako, Donostiako Aste Nagusian hilaren 14korako eta Bilboko Aste Nagusian hilaren 26korako aurreikusitako kontzertuak. (naiz-baskultur)

(2026-08-01)

TURISMOAREN AURTENGO HIRU GAIAK

Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako udalerri batek gutxienez 750 lo-leku baldin baditu turismora bideratuta, edo 5.000 biztanle baldin baditu eta intentsitate turistiko jakin bat badu, gau bakoitzeko kantitate gehigarri bat ordainarazi ahalko dio udalak turistari. Horixe da tasa turistikoa, datorren urtean aplikatuko dena. Bildutako dirua turismo zerbitzuak hobetzera bideratuko dela esaten da. Munduan herrialde ugarik egiten dute. (2020an egindako erreportaje bateko irudia.  Tasa turistikoaren aplikaziora mugatu dute eztabaida EAEko erakundeek. Soluziotzat aurkeztu da ia-ia, turismoaren auzian ez baita erakundeen aldetik besterik aipatu. Turismoak dagoeneko eragin dituen eta oraindik ere eragingo dituen kalte ekonomiko eta sozialei buruz ez da analisirik egin, ezta ingurumenean sortutako arazoei buruz ere. Ez da aurreikusten, adibidez, tasa turistikoren dirua kalte horien konponketara bideratzea. Tasak ez ditu, gainera, turistak uxatuko. Bizilagunekin taldeak salatu duenez, Donostian, adibidez, gau bat igarotzeak gutxienez 120 euro balio baditu, inork ez dio bidaiari uko egingo euro bat, bi edo hiru euro gehiago pagatzeagatik. (Dos Por Dos / ARGIA CC BY SA)

2030EKO FUTBOL MUNDIALA

Bilbok eta Donostiak “hautagaitza bateratua” aurkeztu dute egoitza bakar izateko. Ez dirudi eskaintza FIFAren gustukoa izango denik. Datozen hilabeteetan jakingo da. Lotsaizun nazionala zatekeen hemengo erakundeek FIFAren berezko baldintza guztiak onartzea. Besteak beste, FIFAk “zerga salbuespena” nahi du, hau da, gastu guztiak ogasunari ordaintzetik salbuetsita egotea; eta hiriaren kontrol erabatekoa izatea, ikusle aldetik “konpetentzia” egin ahal dioten ekintza guztiak ezeztatzeko gaitasuna izatea. Horrez aparte, milioika eurotako inbertsioa eskatzen du, aireportuen ordutegiak moldatu eta azpiegitura handiak kasik horretara mugatzea, estadioen barnealdeak eta kanpoaldeak futbolari bideratzea, hiriko mugikortasuna aldatzea, Poliziaren segurtasuna biderkatzea...

AZPIEGITUREN HANDITZEA

Urte honen amaieran zabalduko da Donostiako metroa, Kontxaren badiaraino iritsiko dena. Horri AHT-a batuko balitzaio, madrildarra hiru ordutan legoke Santa Klara irlari begira. Baina hori ez da hain erruz gertatuko, adibidez Algortako (Bizkaia) portuan dagoeneko gertatzen den bezala. Ehundik gora gurutzontzi jasoko ditu uda honetan; urtez urte gehiago, eta turista gehiago dakartzatenak. Kolpean herrira 7.000 turista jaisteak eragiten duen kaosa benetan handia dela salatzen dute bizilagunek. Bada, handiagoa izango da, portua handitzeko asmotan baitira, gero eta gurutzontzi gehiago jasotzeko. Nabarmen handituko dena, epe motzean, Loiuko (Bizkaia) aireportua izango da. Espainiako AENAk du aireportuen eskumena (%51ean enpresa publikoa da, eta gainontzekoa pribatua), eta badirudi penintsularen iparraldeko erreferentziazko aireportu gisa daukala Loiukoa. Ia-ia bikoiztu egingo da. Datozen bost urteetan, sei pasagune izatetik 11ra pasatuko da, eta urtean zazpi milioi bidaiari jasotzetik hamahiru milioi izatera. Gai horretan dezente gehiago sakondu du Daniel Pardok elkarrizketa honetan. (argia-baskultur)

(2026-07-29)

ZUBIETAKO MAKROKARTZELA

Akats teknikoek ezohiko tenperatura altuak eta oinarrizko produktuak erosteko txartelek edo telefonoek ez funtzionatzea eragin dute. Ekainean inauguratu zuten presondegi berria. Ekainaren 17an Martuteneko espetxe zaharreko preso gehienak Zubietako makropresondegi berrira lekualdatu zituztenetik. Lehenago, proiektuak hainbat hutsune zituela salatu zuten hainbat gizarte-eragilek. Bada, hainbat irregulartasun atera dira argitara jada, eta urraketa horiek zuzenean eragin diete presoen oinarrizko eskubideei.

Alde batetik, ezohiko tenperatura altuak pairatu dituzte kartzelan. Izan ere, iragan asteko muturreko beroaldiaren erdian, aire egokituko sistemak huts egin zuen, eta dutxetatik ez zen ur freskorik ateratzen. Hala, preso dauden pertsonek salatu dute azala kiskali egin zaiela. Gainera, beroaldian zehar, dutxa ugarik ez zuten funtzionatzen. Horri guztiari garbiketa-zerbitzuaren egoera gehitu zaio, jakinarazi baitute Gizarteratze Zentroan ez dituela inork garbitzen azpiegiturak. Bestalde, kartzela osoan zehar hainbat akats informatiko izan dira, eta pabiloi arteko telefonoek, adibidez, ez dute egoki funtzionatzen. Zubietako makropresondegi berria moduluka banatuta dago, eta kartzelariek telefonoak erabili beharko lituzkete haien artean komunikatzeko. Beste akats baten ondorioz, presoek ezin izan dituzte oinarrizko produktuak erosi kartzelan, erosketak egiteko txartel elektroniko batzuk banatu baitizkiete; baina, orain artean, horiek ez dute funtzionatu. Makropresondegia lehenbailehen ireki ahal izateko, "behar gabe prozedurak azkartu eta inprobisatu" dituztela salatu dute kartzelazainen izenean hitz egin duten sindikatuek.

45,5 MILIOI EURO

Makropresondegi berria eraikitzeko 45,5 milioi euro bideratu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Azken hilabeteotan, Maria Jesus San Jose (PSE-EE) Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak eta Denis Itxaso (PSE-EE) Etxebizitza Sailburuak Zubietako egitasmoa "euskal espetxe ereduaren" ikur dela adierazi dute, eta eredu hori "gizarteratzean" nahiz "bizikidetzan" oinarritzen dela. Bada, ireki eta lehen bi asteotako gertakariek agerian utzi dute eredu horrek barne hartzen duela presoen oinarrizko eskubideen urraketa. (argia-baskultur)
https://www.argia.eus/albistea/zubietako-makrokartzela-berriko-presoen-eskubideak-nabarmen-urratu-dituzte-dagoeneko

IRUDIAK:

(*) Prentsa aktuala

(LEHEN ARGITALPENA BASKULTUR.INFO 2026-07-29)

Für den Betrieb unserer Webseite benutzen wir Cookies. Wenn Sie unsere Dienstleistungen in Anspruch nehmen, akzeptieren Sie unseren Einsatz von Cookies. Mehr Information